ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

0.1. ELGOIBARREN KOKAPENA ETA MUGAK

 

Gipuzkoako probintziaren ipar-mendebalean kokatzen da Elgoibar, Deba ibarreko Debabarrena eskualdean, itsasotik 13 kilometrora.

Mendi malkartsuz inguratuta dago, eta ondoko herri hauekin egiten du muga: Iparraldean, Mendaro eta Debarekin; Ekialdean (Azkarate gaina tarteko dela), Azkoitiarekin; Hegoaldean, Eibar eta Soraluzerekin; eta Mendebaldean (Urkaregiko gaina tarteko dela), Etxebarri eta Markinarekin. Beraz, (dialektologikoki deigarria izan daitekeelako diot) argi ikus dezakegu Eibarrekin eta Mendarorekin duena baino muga orografiko handiagoa duela Azkoitiarekin eta Markinarekin. Hizkeran ere igarriko dugu, igarriko dugunez, Eibarko eta Mendaroko hizkerekiko aldea askoz txikiagoa dela Etxebarri eta Azkoitiko hizkerekin duena baino. Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Deba ibar berean daude, Deba ibaiaren igarobidean, eta Azkoitia eta Etxebarri, berriz, beste ibar banatan, mendate bana bitarte dutela. Egoera orografiko horrek ere, neurri batean behintzat, azalduko digu Deba ibarreko herriekin beste ibarretakoekin baino harreman komertzial sendoagoak izatea Elgoibarrek: hizkuntza-kontuetan ere ekarriko ditu horrek bere ondorioak.

Auzo hauek osatzen dute Elgoibar1:

—Altzola

—Sallobente-Ermuaran

—Aiastia (San Migel)

—Idotorbe (San Pedro)

—Azkue (San Roke)

—Urruzuno

—Arriaga

Biztanleriari dagokionez, 10.615 biztanle ditu Elgoibarrek, azken erroldaren arabera, eta Eibarrekin batera, Gipuzkoako hiri-bilgunerik handienetakoa osatzen du. Udalerriaren hazkundea neurriz kanpokoa izan da, batez ere 1950. urtetik aurrera, herriak eta eskualdeak izan zuten industria-garapenarekin etorkin-kopuru handia etorri baitzen Elgoibarrera. Datu horrek ere nabarmen baldintzatuko ditu euskararen ezagutza- eta erabilera-datuak.

1980. urtetik gaur egunera, biztanleriak pixkanaka-pixkanaka behera egin du. Jaitsierarik deigarriena 1983an gertatu zen, Mendaroko Garagartza auzoa Elgoibartik banandu zenean (Mendaro herri bihurtu zen urte hartan): 1.100 biztanle inguru galdu zituen orduan Elgoibarrek.

Antzinako garaietara bagoaz, Elgoibarko herria sortu aurretik, bazen jendeztaturiko lurralde bat, «Marquina de Suso y de Yuso» deitzen zena. Lurralde hori Elgoibarko, Soraluzeko eta Eibarko lurretan zegoen. Lehenengo biak, Elgoibar eta Soraluze, Marquina de Yuso zelako lurraldean zeuden, eta Eibar, Marquina de Suso izenekoan.

Pixkanaka-pixkanaka banatuz joan ziren, eta bakoitzak bere mugak ezarri zituen. Horrela hasi ziren herriak sortzen. Lurralde haietan bizi zirenek lapurretak eta harrapaketak jasan behar izaten zituzten, eta horregatik, beren buruak hobeto babesteko, Alfonso XI.a Gaztelako erregeari eskabide bat egin zioten «Campo de Elgoibar» izeneko lurretan herria sortu eta harresiz inguratzeko. Erregeak baimena eman, eta «Villa Mayor de Marquina» hiribildua sortu zen, 1346 urtean. Hango bizimodua arautu ahal izateko, Logroñoko forua eman zion «Villa Mayor de Marquina» zelakoari.

 



elgoibarko udala