ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

2.3. KASU MARKAK ETA HAIEN ERABILERA AIPAGARRI BATZUK:
HIZTUNEN JARDUNEKO ADIBIDEAK

 

Sailean aztertuko ditut kasu-markak: lehenbizi, bakoitzak hartzen dituen formak jasoko ditut, eta gero kasu-marka batzuen erabilera aipagarri batzuk jasoko ditut.

2.3.1. ABSOLUTIBOA (nor/zein)

Hauek dira absolutiboko deklinabide-atzizkiak mugatu singularren, pluralean eta mugagabean, hurrenez hurren:

SING.PL.MUGAG.
ABSOLUTIBOA-A-AK

2.3.2. PARTITIBOA (zerik)

Mugagabeko erabilera bakarrik du partitiboak, jakina den bezala:

SING.PL.MUGAG.
PARTITIBOA-------(R)IK

Partitiboaren forma berezi bat: hortarikua.

—Linterniakin jun, hauraxe beti ikusten. Eta urria edo billau zebela han lehenago. Oin dala urte asko urria ero, zeoze horta(r)ikua.

—Udakua. Bedarra ero garua, ero horta(r))iko gauzia zauanian, ba ezin ziñan jun danak lagata ohera.

—Eske, gaiñera, ganaua toki askotan limusiña, ero hortariko tipo hori ipiñi debe, blonda edo holakua. Danian, basarri guztietan, ipiñi dabe hori.

2.3.3. ERGATIBOA (nork/zeinek)

SING.PL.MUGAG.
ERGATIBOA-AK-AK-(E)K

Ergatibo pluralean -AK atzizkia erabiltzen da; -EK atzizkia euskara batuan alfabetatu direnek bakarrik darabilte. Hau da, beraz, herriko tradizioko jardunean pluralean erabiltzen dena:

—Auzoko gízonak egin dabe kamiño berri hori.

Lehen ere aipatu dut -AK singularra eta -AK plurala bereizteko moduetako bat azentuera dugu:

—Aldameneko gizónak egindako etxe berrixa (singularra)

—Aldameneko gízonak egindako etxe berrixa (plurala)

Beste bereizketa-modu batzuk baditugu, hala nola hizkuntzaz kanpoko ingurunea (guk dugun inguruaren ezagutza) eta sintaktikoa (aditzaren jokoa, adibidez):

—Aldameneko gizónak egin dau etxe berrixa (singularra)

—Aldameneko gízonak egin dabe etxe berrixa (plurala)

2.3.4. DATIBOA (nori/zeri)

Hauek dira datiboaren atzizkiak mugatu singularren, pluralean eta mugagabean, hurrenez hurren:

SING.PL.MUGAG.
DATIBOA-ARI-ERI-(R)I

—Bueno, lanari lagata dago, eta haura igual zaharragua da.

2.3.5. GENITIBOA (noren/zeren)

SING.PL.MUGAG.
GENITIBOA-AN-EN-(E)N

Genitiboaren singularreko forma -AN da:

—Atzo ezagutu gendun [gizonan etxia] harako haura dok.

Genitiboan oinarritzen diren kasu-markak eta postposizioak ere, bistan denez, -AN atzizki hori izango dute oinarri:

NORENTZAT: Gizonantzat ekarri debe oparixa.

NORENGANA: Gizonangana juan gara.

NOREN GAINEAN: Gizonan gaiñian jardun debe.

NOREN ALDEAN: Gizonan aldian emakumia argixagua dok.

-RENA (-RENEKUA, -RENIAN...)

Etxeak, dendak, tailerrak edo tabernak izendatzeko asko erabiltzen da atzizki hau. Deitura edo familia batekin lotua egoten da normalean:

—Gure aitxak, tallartxua ero zaukan da, hamen ez zauan, bueno, bazauan ferreterixia, baiña, Eibarko Unzetanekua ere bazan, oiñ oindiokan zerian dagoz, hor San Antoliñen.

—Arananeko taillarra.

—Canalestarrak, oindiok hamen Elgoibarren badago bat ero, hau... Barrutianian ezkutautakua, hori... Ramon Canales eta horren illoba bat ero beste ero, hamen bizi dira.

—Eta gero, handikan, ba, ni sartu nitzan, ate batetik erten, eta beste batian sartu. Alkortanian.

2.3.6. SOZIATIBOA (norekin/zerekin)

SING.PL.MUGAG.
SOZIATIBOA-AKIN-EKIN-(E)KIN

-KIN forma bakarrik erabiltzen da gaur egun Elgoibarren, eta ez da erabiltzen oso hurbil (Eibarren) ezagutzen duten -GAZ forma.

Hona herritarren jardunetik jasotako adibide batzuk:

—Kriston amistadia jaukagu harekin.

—Eta atzetikan bat, ño! Zaintzen moruan edo, eztakizu? «Honek gurekin bilddurra jaukek» edo… pentsatzen.

—Ni akordatzen naiz ogixakiñ. Harek eztakitt zerekiñ eginda zaozen.

Konparazioak egiteko ere erabiltzen da:

—Lehengo euskeria dagok oinguakin zihero diperentia.

2.3.7. DESTINATIBOA (norentzat/-tzako)

SING.PL.MUGAG.
DESTINATIBOA-ANTZAT /
-ANTZAKO
-ENTZAT /
-ENTZAKO
-(E)NTZAT /
-(E)NTZAKO

-TZAT / -TZAKO bikotea erabiltzen dira, era nahiko bereizgabean erabili ere (hiztun berak biak erabil ditzake, esaldi berean ere). Hegoalderago, Deba ibar gehienean (Eibarren, Ermuan, Soraluzen eta Bergaran, adibidez) erabiltzen den -DAKO ez da erabiltzen Elgoibarren.

Hona adibide batzuk:

—Ba, nahikua guretzako.

—Hauraxe zuan hola pixkat jazten zana, eta haretxen gaztetako erropia jabik horrek, neretzako.

—Gero, astelen goizian kalera jun nitzan ganauantzat pentsua ekartzera.

—Eta harek zakan han (...) hola animalixa mordo bat, beste pare bat behi, eurentzat esnia, ortua, berduria eurentzako izeteko, eta dana holako palazio edar bat zakan.

—Gimnasia danentzat da ona, e!

2.3.8. MOTIBATIBOA (zergatik)

Hauek dira motibatiboko deklinabide-atzizkiak mugatu singularren, pluralean eta mugagabean, hurrenez hurren:

SING.PL.MUGAG.
MOTIBATIBOA-AGAITTIK-ENGAITTIK-(E)NGAITTIK

2.3.9. INSTRUMENTALA (zerez/zertaz)

SING.PL.MUGAG.
INSTRUMENTALA-------(E)Z

Izenekin, forma fosilduetan, ihartuetan bakarrik erabiltzen da instrumentala Elgoibarko herri-hizkeran, Hego Euskal Herriko beste hainbat hizkeratan bezalatsu:

nekez

ahuspez

garaiz

egunez

gabaz

oiñez

kamiñoz

harrezkero

...

Postposizio batzuek hala eskatuta ere erabiltzen da kasu-marka hau:

goguaz kontra

jendez gaiñezka

gaztez beteta

...

Aditzari ere lotzen zaio:

Izatez, Markiñarra naiz, baiña Elgoibarrera ezkondu nitzan.

Entrenauaz hobetzen da jokua.

Ez da erabiltzen, beraz, mugatuko formetan, ez singularrean, ez pluralean. Egitura hauek ez ditu erabiltzen euskara batuan alfabetatu gabe dagoen hiztunak:

—*Etxiaz jardun dogu.

—*Lagunez akordau nitzuan oiñ hurrenguan.

Horregatik ez ditugu bete tauletan kasu-marka honi dagozkion gelaxkak. Horien ordez, beste kasu-marka eta postposizio batzuk erabiltzen dira:

Inesiboa: arratsaldian, gabian, trenian.

Postposizioren bat: -ren gaiñian: Mikelen gaiñian jardun juagu.

Soziatiboa: Mikelekin akordau naiz.

Motibatiboa: zuengaittik ari giñan.

...

2.3.10. PROLATIBOA (zertzat)

SING.PL.MUGAG.
PROLATIBOA-------TZAT

 

Laguntzat eduki, tontotzat jo eta era horretakoak dira prolatiboaren erabilerak. Ez da onargarria adiera horretan azken urteetan entzuten den hau:

—*Lagun bezela euki dot urtietan.

Hona prolatiboaren adibide bat:

—Andria noiz ezagutu zendun? —Handikan denporara, bastante denporara izango zan, ze normalizauta zauan, «dentro de lo que cabe». Behintzat gerria ya amaittutzat ero hamen bueltetan.

2.3.11. INESIBOA (non)

Hauek dira inesiboaren atzizkiak mugatu singularren, pluralean eta mugagabean, hurrenez hurren:

SING.PL.MUGAG.
INESIBOA-(I)AN-ETAN-(E)TAN

2.3.12. LEKU-GENITIBOA (nongo)

SING.PL.MUGAG.
LEKU-GENITIBOA-(E)KO-ETAKO-(E)TAKO

NONGO BERRI IZAN / ZEREN BERRI IZAN

-KO BERRI: lekua eta denbora adiera duten izenekin: nongo berri eta noizko berri, beraz:

Mendaroko berri banakixan nik.

Orduko berri ondo emango dizu Patxik.

—Nik banakixan basarriko berri, eta ze eitten zan, dana.

-REN BERRI: pertsonez eta gauzez ari garenean erabiltzen da: noren (zeinen) berri eta zeren berri, beraz:

Zure berri Mirenek eman zidan estraiñekoz.

—Nik al dakit, ba, politika kontuen berri?

—«Bai, bai», esan nion, «badakitt nik horren berri».

NORAKO BIDEA / NONGO BIDEA

—(...) Amorobietarako bide batera. Eta gero handikan ya Bilbora belaxe juan giñan.

San Pedroko bidian gertau jakun istripua.

Ez da egokia era honetako sintagmak -ra kasu-marka hutsean jartzea: adibidez, ez dira oso egokiak Elgoibarren urtero antolatzen den kirol lehiaketa baten izena:

—(??) Pilarika egunian izaten dok San Pedrora igoeria.

Egokiagoa litzateke -KO kasu-marka erabiliz:

—San Pedroko igoera (?San Pedrorako igoera)

HARAKO ... HAURA / HORRAKO ... / HANDIKO ...

—Haura, hasi Azkaraten, eta Ekaitzen handiko baztarreraiñokua pikotxekin eta atxurrekiñ ebagitta dago haura.

—Ikusi dok ha(r)ako mutill haura?

—Ezkondu nitzanian? Tabernan! Lelengo tabernan ez. Lelengo bizi nitzan han, horrako bigarren pisuan lelengo.

—Da, hi! Lenengo prantsesa banderia egoten zuan handiko zubixan, eta hemendikaldian española egoten zuan.

—Saldia, edo zeoze ematen ziogun, eta han, handiko gaiñian egote(n) ziran, mendi-punta gaiñian.

2.3.13. ABLATIBOA (NONDIK)

SING.PL.MUGAG.
ABLATIBOA-(E)TIK-ETATIK-(E)TATIK

Hona ablatiboa erabiltzen den egitura aipagarri batzuk:

NONDIK DIFERENTE

—Zuek uste (d)ozue inguruko herrixetan, Eibarren, Azkoittixan diferente eitxen dabela berba?

—Zela, hemendik? Baai!

—Bai. Ju(n) hari Markiñara eo, Markiña Etxeberrira ero, Bizkaira, ze diferentzia dauan Elgoibartik hara, mugan dagok eta!

NONDIK JAKIN

Handik jakitzen da nun ibilli giñan (agendatik, alegia).

NONDIK PENTSATU

Pentsa (eg)ik hortik ze miserixa zaguan.

NONDIK ATERA KONTUAK

Etara kontuak hortik zenbateraiño sartuta zauren gaitzizenak.

OINGOTIK

Oingotik asmauko dozue nola egiñ! (= oraingo honetan)

ABLATIBOA + (KO) + ALDIAN: HEMENDIKALDIAN

—Eta, hi, Lenengo prantsesa banderia egoten zuan handiko zubixan, eta hemendikaldian española egoten zuan.

—Baiña jun bihar izaten dot, hamendik gora jun, gero, autopista barrena, jun handikaldera, gero autopista gaiñekaldetitxik buelta, kilometro bat dakat.

—«Orduan, lelengo ein tzebena hemendikaldia da», esan nion, «eta gero beste aldia eingo zeben».

—Hori etxe haundixa, hortikaldeko hori? Bi bizitza ziran hor.

-RIK ABLATIBO ZAHARRA

Ablatiboaren forma hau erabiltzen da oraindik gure artean, baina zenbait esapide eginetan, ihartutan bakarrik: -rik behin, X-rik X ...

—Beherakuakin jauan, eta bi ordurik behin jaikitzen zuan kumunera.

Kalerik kale ibilli giñan kantuan, dirua batzen.

—Karruakin ibiltzen zan hori? —Bai, herririk herri ibiltzen zan, astian-astian eitxen zaban rekorridua.

Egitura hori bezala, honako hau ere erabiltzen da adiera bertsuan:

—Gau guztia Santa Eskian ibilli, etxetik etxera, eta gero, bixa(ra)mon goizian, lanera zuzenian, lorik batere ein be.

2.3.14. ADLATIBOA (nora)

SING.PL.MUGAG.
ADLATIBOA-(E)RA-ETARA-(E)TARA

NORA EZKONDU:

—Markiñakua naiz izatez, baiña Elgoibarrera ezkondu nitzan.

NORA EGIN:

Altzolara egitten dau Bigoin basarrixak.

2.3.15. HURBILTZE-ADLATIBOA (norantz)

SING.PL.MUGAG.
HURBILTZE-ADLATIBOA-(E)RUTZ-ETARUTZ-(E)TARUTZ

Hurbiltze-adlatiboan, -rutz atzizkiaren erabilera ez da erabatekoa, zenbait kasutan bakarrik erabiltzen da, adberbio gisakoekin batez ere: gorutz, honutz, harutz eta abar. Izen arruntekin ez da atzizki emankorregia, egia esateko.

—Nik dakidana dok, astuak haruzkuan neka-neka eindda juten zirala. Eta honutzian, jolasian.

—…, Belaustegi tta horrek, Etxeberri aldeko hizketia nahaste(n) juek pixkat. Baiña San Migeletik honuzkuak eta, ez.

—Ezkondu eta harrezkero hementxe, harutz eta honutz.

—Badakik mugatik harutz eta mugatik honutz ze alde dauan?

Horrekin batera (edo horren ordez), -Ø ALDERA postposizioa erabiltzen da gehiago; emankorragoa da izenekin erabiltzeko:

Etxe aldera abantau biharko gaittuk, eztok?

—Eta alarmia zan, eta «badatozela, badatozela», eta jendia hasi zan ihesika Lekeittio aldera.

Bilbo aldera edo ein genduan «biaje de nobios».

2.3.16. MUGA-ADLATIBOA (noraino)

Hauek dira muga-adlatiboko deklinabide-atzizkiak mugatu singularren, pluralean eta mugagabean, hurrenez hurren:

SING.PL.MUGAG.
MUGA-ADLATIBOA-(E)RAIÑO-ETARAIÑO-(E)TARAIÑO

2.3.17. BIZIDUNEN PARADIGMAK (norengana, norengandik…)

Bizidunei dagozkien leku-denborazko kasuak ez dira gehiegi erabiltzen gure artean. Koadroak bete ditut, baina esan behar da paradigma hauetan murrizketak gertatu direla, higadura handia gertatu dela haien erabileran. Izan ere, beste kasu-marka batzuek betetzen dituzte sarritan hauek utzi dituzten hutsuneak:

—Soziatiboa: nerekin konfiantza haundixa dauka.

—Genitiboa: medikuarenera, amanera ( amarenera).

—Postposizioak: -ren partetik.

—...

Esan behar da, gainera, forma horiek erabiltzen direnean ere, fonetikoki oso desgastatuta erabiltzen direla: bokal arteko -g- ez da ia ahoskatzen, eta, horren ondorioz, elkarren ondoan gertatzen diren bi bokalek askotan bat egiten dute, bokal luzea batzuetan.

Hona adibide batzuk:

—Mutil danak asko haréna juten giñuazen.

Medikuana juan nitzan.

Guregandikan gauza gitxi ikesiko dezu. Kalian bai.

Pluralean, erabilera are eta murritzagoa dute bizidunei dagozkien formek:

Neskatara Elosura juten giñuazen.

Lagunetara nixe.

 



elgoibarko udala