ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

3.3. ADITZAREN EZAUGARRI OROKOR BATZUK

 

¬ Bilakabide fonologikoak: aditzen paradigmetan, beste kategorietako hitzetan gertatzen diren bilakabide fonologikoak gertatzen dira, esan beharrik ez badago ere. Esan zidan esan zian; etorri gera etorri gea; etorri jako etorri(j)ako; deixodan deixoran, eta abar. 3.1. azpiatalean, taulen ondoreneko oharretan, erakusten ditut bilakabide horietako batzuk.

¬ NOR-NORI-NORK paradigmako erroa *-I- da, eta ez EUTSI: Erdialdeko erroa erabiltzen da (DIO, DIOT...), eta ez mendebalderago erabiltzen dena, EUTSI. Eibarren bertan, detsa, detsat modukoak erabiltzen dira; Soraluzen, dotxa, dotxat; Bergaran, dotsa, dotsat...

¬ NOR-NORK saileko aditzetan -O- eta -E- erabiltzen da: DOT, DOGU, DOZU ia gehienean, baina Elgoibarko auzo ekialdekoenean, Altzolan, DET, DEGU eta DEZU erabiltzen da. Hor dago, beraz, bi formen arteko banaketa-lerroa.

¬ AHALERAN, SUBJUNTIBOAN eta AGINTERAN, EGIN erroa erabiltzen da: NEIKE ( NEGIKE), DEIDAN ( DEGIDAN).

¬ NOR-NORI sailean, bereizgarria da hasierako J-: JATA, JAKU, JATZU. Mutrikun eta Deban, adibidez, Z- hasiera dute adizki horiek.

¬ Eibarren hasi eta mendebalderantz, normala da lehenaldiko hirugarren pertsonetan Ø marka agertzea adizkiaren hasieran. Elgoibarren inoiz ez da erabiltzen marka hori, baizik Z-; aditz-pare hauetatik bigarrena, alegia: EGUAN / ZAGUAN, EBAN / ZABAN ...

¬ Aditzaren jokoko pluralgile nagusia -Z da. Beste batzuk ere erabiltzen dira, baina gutxiago: -IT- eta -TZA (zabiltza...). Bitasuna agertzen da batzuetan, pluralgile bat baino gehiago erabili delako: DITTUGU / DOGUZ ...

¬ Pluralgileen erredundantzia: beste batzuetan, ordea, bitasuna izan beharrean, forma berean pluralgile bat baino gehiago erabiltzen da. Nahiko arruntak dira era horretako adizkiak: forma erredundanteak dira, esan beharrik ez dago. Hona adibide batzuk:

—(...) eta gero jaitxi Aulestiara, eta, han abioiak zabiltzazen orduan, bonbardeatzen Gernika, arratsalde haretan.

—Lagunak ere etorri zittuazen bixitara.

—Gero, Markiñan gaudezela, gau haretan bertan, alarma faltso bat sortu zan.

—Berandu etorri diraz.

—Ez, hau zan merkantia. Baiña belerua zan, eta ipiñi ziuezen, eztakitt Afrikatikan edo nundikan ekarri zittuezen holako hau baiño haundixagua.

—Egunero juaten giñazen Plazentziara bi-hiru aldiz bai.

—Soldau edo, gudari edo zaudezenak astuekin etortze(n) ziran Markiñara, guk zakagun almazenera.

¬ Pluralgilea falta duten formak: berez pluralgilea behar luketen formak nahiko sarri agertzen dira pluralgile gabe: txanpon batzuk jausi jatak lurrera; Oin dala astebete jausi egin jakuen txanpon batzuk…

¬ Bigarren eta hirugarren pertsona pluralekoen marka -E da, eta ez -TE. Beraz, DITTUE erabiltzen da, eta ez DITTUZTE. DAKIXE, eta ez DAKITTE.

¬ JUAN eta ERUAN aditzetan, ez dago -I-rik Elgoibarren: Eibarren GOIAZ eta DAROIAT esaten da; Elgoibarren, berriz, GUAZ eta DARUAT.

¬ ALOKUTIBOAN, bereizgarria da J- agertzea: JAUAT, NAJAUAN, NAJIEK Horrelakoetan, Deban eta Mutrikun Z- erabiltzen da.

¬ NOR-NORK sailean, lehenaldian, guk, zuk eta zuek pertsonen markak lekuz aldatzeko joera dago. Hasieran jarri beharrean, amaieran jartzen dira, seguru aski analogiaren eraginez: GENKIGUN, ZAUKAZUN, ZAKIZUN, ZERABIZUN ...

¬ Aditz faktitiboak edo eragileak ERAGIN aditzaren bidez osatzen dira: Liburua erosi eragin digu irakasliak. Aurretik aditzaren partizipioa hartzen du beti, eta ez aditzoina: erosi eragin, hartu eragin ...

¬ Aditz perifrastikoetarako eta errazetarako joera: deigarriak iruditzen zaizkit, aditzaren datuak biltzerakoan berri-emaileek ematen dituzten ingurumariak. Badirudi adizkiak errazteko joera bat badagoela. Adibidez, etorri jatazen esan beharrean, neregana etorri ziran esango dizute zenbait berri-emailek; ziharduan-en ordez, jardun juan, nahiz eta baliokideak ez izan; guk ekarri haugu-ren ordez, gurekin etorriko haiz, eta abar.

¬ PARADIGMEN ARTEKO NAHASTEAK: aditz-paradigmen nahasketa gertatzen da zenbait kasutan; eta dira hiztun txarren adibideak, nahiko sarri gertatzen den fenomeno bat baizik. Batez ere kaleko hiztunen desbideratzeak direla esango nuke.

—NOR NOR-NORK

—Pedro, etorri deixela nerekin, jungo gera ta. (Etorri deilla zen espero izatekoa).

—Abioiak, ba, juten dittuk, pilotua kantsau ezteixan, hankak libre dittuela, ez automobillian balitz bezela. (kantsau ezta(d)iñ zen espero izatekoa).

—NOR-NORK NOR-NORI-NORK

—Eta bestela bialtzen zixen zapata zikiñekin formauta igual, eta garbitzera atzera kuartelera bialtze(n) zixen.

—Unzeta, ferreterixia sortu zaban gizona hantxe dendan egoten zan, eta hara bialtzen zi(d)an aittak, tallarrerako ero zeozer, piezaren bat ero, bihar zanian.

—Gero, Lekeittiotikan poliki-poliki desegindu giñan. Neri ere beste leku baterako ero bialdu zien, eta, en fin, ...

—Egon nitzan etxe baten, gaua pasau naban, eztakitx zeiñek eruan zidan hara.

—Ez zeben billatzen iñor, itxuria, eta nerekin akordau ziran, neri ikusten zien noizik behiñetan automobillakin ibiltzen nitzana.

¬ TRATAMENDUEI BURUZ OHAR BATZUK: Gaur egun Elgoibarren bizirik dauden tratamenduak bi dira: neutroa eta hikakoa. Azken honetan sartzen dira adizki alokutiboak.

Berorika tratamenduari dagokionez, erabat indargalduta dagoela esan behar. Garai batean bai, abadearengana zuzentzeko erabiltzen zen batez ere, baina, esan bezala, ia ez da erabiltzen gaur egun.

Adizki alokutiboen edo hikakoaren erabilera, gramatikari dagokionez, Elgoibarren ez da zehazki betetzen Euskaltzaindiaren gramatikak aipatzen duena:

1. Oro har, betetzen da lehenbiziko ezaugarria: alegia, perpaus nagusietako adizkietan erabiltzen dira aditzaren forma alokutiboak. Salbuespen moduko bat badugu, ordea.

Berez, jatorriz, menderakuntzari ez dagokion perpaus mota batean, Euskaltzaindiak nolabaiteko mendekotzat jotzen duen batean, aurkitu ditzakegu forma alokutiboak: ETA enklitikoa duten kausazko perpausetan:

—Jun hari Markiñara edo, Markiña Etxeberrira edo, Bizkaira, ze diferentzia dauan Elgoibartik hara, mugan dagok eta!

Bestela, alokutiboaren erabilerari dagokionez, beraz, ez dago Euskaltzaindiaren lehenbiziko debekuaren urratzerik.

Non eta, betiere, ez garen ari adizki alokutiboa menderatzen ez duen hiztun baten jardunaz. Jardun horretan, batez ere gazteen kasuan gertatzen da hori, arauaren desbideratze batzuk entzun daitezke;

—*Nik esaten juatenian juango gaittuk.

—*Esan dixat etorriko dittukela.

Normala da hori gertatzea, edozein kasutan ere, alokutiboko formen transmisioa ez baita behar bezalakoa izan familia askotan, batez ere kalean. Gazte batzuk ahalegintzen dira alokutibozko aditz-formak erabiltzen, baina batzuetan huts egiten dute.

2. Bigarren debekuari dagokionez, ohartu gaitezke ez dela erabat Euskaltzaindiak dioena betetzen: alegia, galderetan ere erabiltzen dira adizki alokutiboak, Euskaltzaindiak dioenaren kontra. Hona horren erakusgarri batzuk:

—Bueno, zetatik hasi biha(r) juagu? Ze modutan hasi biha(r) juagu?

—Bueno, martxan dagok hau ala ez?

—Baiña honek esan dittugun honek, hartu jaittuk?

—Eta hau, konbersazio hau, entzun jok?

—Gero nere izena ta azalduko dittuk hemen?

—Zeiñ ete dagok hor?

—Hala esan zaban, eztok?

3. Hirugarren debeku bat ere badago, harridurazko esaldiena; halakoetan ez omen dira adizki alokutiboak erabiltzen, Euskaltzaindiaren ustez; gurean, ordea, aurkitu ditugu kasu batzuk:

—Aurten ondo ibilliko nok lasterketa horretan.—Etxakixat, ba!

—Hi, hau eztok edozeiñ, gero, e!

Ikusi dugu gramatikaren aldetik Euskaltzaindiak aipatzen dituen debekuak betetzen diren ala ez. Orain ikus dezagun nork erabiltzen dituen aditz-forma hauek eta zein ingurunetan.

Euskal Herri osokoak diruditen ezaugarri orokor batzuk betetzen dira Elgoibarren ere; alegia, seme-alabek ez diete hika egiten gurasoei, ezezagunei ere ez zaie hika egiten, ez nagusiari, apaizari eta medikuari ere. Gazteek zaharrei ez diete hika egiten. Nork bere buruari hika egiten dio normalean. Haur jaio berriari ez, baina 2-3 urtetik gorakoei bai.

Adinari, sexuari eta inguruneari dagokienez, bereizi beharra dago. Baserri giroan, adibidez, osasun ona dauka hitanoak bai adinekoen bai gazteen artean ere, salbu neska gazteen artean. Kalean, berriz, ez du osasun onik, eta 50-60 urtetik gorakoek bakarrik egiten dute arazorik gabe hika. Hortik beherako hiztunengana ez da, oro har, era naturalean transmititu aditz hauen ezagutza, eta ahalegin handiak egin behar izaten ditu hiztun gazteagoak forma hauek berreskuratzeko.

Familia batetik bestera, berriz, alda daiteke egoera. Familia batzuetan semeei bakarrik egin ohi zaie hika, eta ez alabei. Beste batzuetan, berriz, bi sexuetakoei, bigarren kasu hau lehena baino gutxiagotan gertatzen den arren, batez ere kalean.

¬ -TZEA NAHI IZAN: Elgoibarko eta inguruko herrietako ezaugarri bat da NAHI IZAN aditzaren osagarria, aditz-partizipioaz gain, aditz-izena ere izan daitekeela. Arruntak dira ondorengo hauek bezalako adibideak.

—(...) eta, gasolinerua handikan urruti za(g)uan, nik gasolinia nundik hartuko zaban nahi naban jakitzia.

—Honetan, ya komandantiak ere bere obligaziuak zittuan, eta Bilbora juatia nahi zaban, eta holaxe ba, illunduta, abantau giñan hortikan, Aulestiatikan Bilbora, Gernikatikan pasauaz.

—Gero etorri jatzun bateron bat balnearixotik zu kontratatzera aber nahi zendun juatia.

—Eta, etxetikan ikusi naban bat automobilla eruatia nahi zabala, orduan erretza zan automobilla eruatia, zergatik eze...

 



elgoibarko udala