ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5.3. ONOMATOPEIAK

 

Bai umeen hizkuntzan, bai nagusienean, asko erabiltzen dira ahozko jardunean onomatopeiak edo soinu jakin batzuen islatzeak; oso sarri erabiltzen dituzte Elgoibarko adinekoek, barra-barra. Honako hauek erakusgarri batzuk baino ez dira:

 

Barra-barra: Asko, ugari, sarri (berba egin, esan...).

Blastateko: Matrailekoaren onomatopeia.

Blisti-blasta: 1. Matraillekoa eman 2. Uretan ibili. Plisti-plasta ere bai.

Bolo-bolo (ibilli): Konturen bat denen ahotan ibili. Bolo-bolo jabik herrixan kontu hori.

Bor-bor-bor: 'motorraren zarata'. Eta zuan motorizadia, lenengo etorri zuan motorrian, bor-bor-bor! Baita likidoren batek irakitearen hotsa ere.

Burrundaria: Motorrek egiten duten zaraten onomatopeia.

Da: 'kolpea'. Atzaparrak hola ipiņi, eta regliakin: da!; Eta haura hola ezkiņan zauanian, da!

Daka-daka: Ez hemendik bakarrik, baitta hortikan ere, Madarixa aldetik eta Urruzuno baillia, San Lorentzo bailletik eta, oiņez danak hamen goizaldian daka-daka-daka… Eta etorri ere bai.

Dak-dak: Armia desmontau, eta izenak eman. Zein zetarako zan esplikau bihar. Piezak danak zihero dak-dak soltau, drik-drak soltau.

Danba, danbatekua: Zerbait indartsu jotzerakoan ateratzen den zarataren onomatopeia (danba-danba).

Danga, dangatekua: 'kolpea'. Okerra eitten zabanari, danga arek!

Dar-dar: Hotzak edo beldurrak eragindako ikararen onomatopeia. Gorputza dar-dar batian nakan.

Daunbi, daunba: 'kolpea'. Mina-zulo haundi bat dagok. Han egoten giņuazen. Eta daunbi ta daunba ta daunba! Goizian jun eta sartu han egun guztia. Han egoten zuan umiekin, ama egoten zuan gurekin.

Di-da: 1. Zerbait gogor jotzearen onomatopeia. Di-da jo juan burutik behera. 2. 'Azkar, berehala'. Oiņ ez, oiņ kotxia hartu, eta di-da juaten da jentia, baiņa diperentia, oso diperentia gelditzen da, bai.

Dilin-dalan: Kanpai-hotsen onomatopeia. Tilin-talan ere bai.

Dinbi-(ta)-danba: 'kolpea'. Kalamuan geratu zittuan, eta sei hillabetian hortxe, dinbi ta danba, baztar guztiak garbitzen.

Et, et, et: 'Ezezkoa'. —Hurrenguan ardo-botillia ekarriko dizut. —Et, et, et … Alperrago jarriko nok orduan da.

Eup, eupadia: Agurtzeko era, eta agurra adierazteko era onomatopeikoa.

Glu-glu: Zerbait edaterakoan egiten den zarataren onomatopeia.

Irrist egin, irristadia: Labainkadaren onomatopeia.

Klik-klik: Ilea mozterakoan egiten den zarata.

Korrosk, korroskadia: Barruko haizeek sortutako zarataren onomatopeia.

Krak, krakadia: Zerbait haustean ateratzen den zarataren onomatopeia.

Kri-kri: Kilkerraren kantua.

Kukurruku: Oilarraren kantuaren onomatopeia.

Kurrin-kurrin: Txerriak egiten duen zarataren onomatopeia.

Mara-mara: Edurra mara-mara ari jok!

Parrast, parrastadia: Likidoek isurtzean egiten duten zarataren onomatopeia. Ur parrastadia; txixa parrastadia bota jok.

Plaust, plaost: Zerbait lehertzean ateratako zarata. Eta pistoliakin zulua eiņ, eta tirua, plaost! Ta holako bat, eta harri mordua ahorrau.

Puf: Aspertzearen edota nekearen zarata. Baita Buf ere.

Purra-purra: Oiloei deitzeko erabiltzen den onomatopeia.

Purrustadia: Haserre antzean botatako errietaren onomatopeia. Furrustadia ere bai.

Ra, ra-ra: Zerbait ebaki, arrastaka eraman, berehala nonbaitera iritsi... Kotxian, ra! Etortzen dira. / Ra-ra: Baiņa askotan soldauan kastigua, illia zeruan moztu. Sartu hamen aurrian makiņia, eta kokotian behera, ra-ra-ra! / Eta gero berriz garixa ebagi, garixa jo. Jotia badakik zer dan? Makiņiakin ra-ra-ra, eta garixa kendu lastuari.

Ras-ras-ras: Kunetan bedar haundixa egoten zuan, eta Urkittik erundako bota kaxkarrak edo zeozekin, badakik zela jungo giņan gu horra. Eta amak hartzen giņuazen da, hartu hola, eta han, bedarretan, ras-ras-ras garbitzen jauazen hankak.

Ri-ra: Zerbait azkar eta kementsu egitea. Ri-ra ein juagu dana, hasi eta amaittu egun batian.

Tak: Kolpe baten onomatopeia.

Taka, takatekoa, takadia: 'kolpea'. (...) bestela, bialtzen zixen zapata zikiņekiņ pormauta igual, eta garbitzera atzera kuartelera bialtze(n) zixen. Eta igual takatekoren bat gaiņera, matraillekoren bat iguel. / Takada batian egin dittu 15 tanto Olaizolak.

Taka-taka (tapa-tapa ere bai): Eta haura hasten dok ba, bere gauzak esaten segi, eta segi, eta segi… Gauza asko enteniu, baiņa tartian taka-taka hitz batzuk, iņor egon ezkero.

Tan-tan: Kanpai hotsaren onomatopeia.

Tarra-tarra: Baiņa gu mendialdian eta hementxe, tarra-tarra-tarra… Goizetik etxeko lanak eiņ, eta a(rra)tsaldian Ģa paseoģ.

Tiki-taka: Haur. Oinez ibili. Taka-taka eta Tipi-tapa ere bai.

Tilin-tilin: 'kanpai hotsa'. Eta pixkat illuntzen hasten zanian, maixua tilin-tilin, tilin-tilin, kanpaia. Eta aide danak etxera.

Totx-totx: Ganaduari (behorrei, adibidez) deitzeko erabiltzen den onomatopeia.

Ttirri-ttarra: Larogeta hamar urtekin, badabil gure Inazio, ttirri-ttarra.

Triki-triki-triki: Errezena jorria zan. Atxurrakin triki-triki-triki.

Ttak: Tanta batek edo batzuk egiten duten zarataren onomatopeia. Ur apurtxo bat botatze(n) jauat bakar-bakarrikan. Hola eiņ, eta ttak!

Ttiki-ttaka: Amakin juten giņuazen bost lagun ero. Koxkorrak danak ttiki-ttaka, ttiki-ttaka, txarrikumak aman onduan bezelaxe juten giņuazen.

Tto-tto-tto: Euren artian beti erderaz. Euskeria ahiztu! Eskoletan laga ez, eta gero kalera jun, eta tto-tto-tto! Dana erderaz. Etxian ere erderaz.

Txin-txin: 1. Diruaren hotsa. 2. Zerbait ospatzerakoan basoak elkar joz ateratzen den zarata.

Txipli-txapla: Uretan jolasean ateratzen den zarataren onomatopeia.

Txirrin: Tinbrea.

Txist: Norbaiti deitzeko erabiltzen den zarataren onomatopeia. Norbaiti isiltzeko agintzeko ere erabiltzen da.

Txorrost, txorrostadia: Ur edo edari apurtxo bat edalontzi batean edo botatzen denean ateratzen den zarataren onomatopeia. Hi, bota (eg)ixok kafiari patxar txorrostada bat.

Txost: Zerbait nonbait sartzean ateratzen den zarataren onomatopeia; adibidez, kanika bat txolotean, edota pelota ezker-pareta eta lurra elkartzen diren lerroan. Txost eginda amaittu juan partidua.

Txurrut (edo txurrust): 'edanaren onomatopeia'. Txurrustian gastatzen jaittuen diruak, eta akabo. Txurrutian ere bai.

Xurrut: Txurrut-en aldaera.

Zapla, zapladia, zaplatekua: Kolpe bat edo matraileko bat ematean ateratzen den zarataren onomatopeia.

Zart: Zerbait hautsi, pitzatu edo eteten denean ateratzen duen zarata.

Zartadia: Zart edo zarta onomatopeietatik datorren izena. Paretak zartadia daka (zartauta dago). Norbaitek burua bere batean ez duenean ere erabiltzen da: Horrek jakak zartadia, horrek, buruan!

Zazta-zazta: 'Zaztada baten onomatopeia'. Idixa ipintzen debe lotuta, Kristo bezela, atzian harri galanta, ezin badau ere zazta-zazta-zazta, eragiņ hantxe, akuluakin; idixana da oso gogorra.

Zirt-(edo)-zart: 'etsi-etsian erabaki'. Zirt edo zart egiņ bihar juagu.

Zurrumurrua: Ahopekako berbetaren onomatopeia.

Zurrut: Edanaren onomatopeia, Txurrut-en aldaera palatalizatu gabea.

 



elgoibarko udala