ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5.7. BAIEZKO BALIOA DUTEN UKAPENAK

 

Egitura paradogiko bat da aztertuko dugun hau: paradogikoa diot, zeren gauza bat adierazteko kontrakoa esaten baitugu. Ukapenak dira, baina baiezko esanahia dute. Ez dira, hortaz, literalki intrepretatu behar, baizik, hain zuzen, hitzez hitz esaten denaren kontrako zentzuan.

—Txarrikerixia eta ustelkerixia nagusi dok gaur egunian. Eztok giro baztarretan!

Ez ibilli, gero, zintzo, e! (Gurasoek seme-alabei)

Ez etorri goiz etxera, gero, e! (Gurasoek seme-alabei)

—Esan diot gehixago halako latarik ez emateko. —Ez alperrik!

Esaten zaigunaren aurrean harridura adierazteko-edo erabiltzen da batzuetan:

—Telebisioko berbetia eta entenditzen dozue? —Entendiuko eztogu, ba!

—Ikasi, zeoze ikasten zenduen bestela? —Baaai! Ikesiko ez genduan, ba? Ikesi bai.

—Esaten dot ferixetan da, jendia ezagutuko dozula. —Ezagutuko eztogu, ba! Ezagutu? Bai.

—Haura San Bartolomietan kalian bai, ezta? —Bai, jakiña. Ibilli, ibilliko da. —Ferixara ta. —Horixe, ibilliko ezta, ba?

—Ibilli ziñan eskolan? —Ibilliko enitzuan, ba!

Esaten dugun zerbait enfatizatzeko ere bai:

—Eta nungua nitzan eztitt, ba, preguntau, artaburu honek!

—Eta gero pasau zan gerria hori, eta jun tziran. Eta amaittu zan gero. Gero, ezkondu eta gero, ez zian, ba, kartia eiñ!

—Hartu zauan, eta dunba! Eztau, ba, bota kalian zihar Patxin eskaparatera! Automobill bat tokau balitz, akabo! Akabo!

Zerbait konfirmatu, berretsi nahi dugunean ere, ezezko forman egin ohi dugu galdera:

—Donostiako Semana ... ee… Haundixa etxako esaten Aste Nagusixari?

—Pilarika eguna, «doce de octubre» eztok, ba, izaten?

Oso ohikoa da, halakoen barruan, eztok berrespen-eskatzailea:

—Etorriko haiz gurekin mendira, eztok?

Zentzu ironikoaren kontuak dira baiezko balioa duten ukapen horiek. Zentzu ironikoan esaten dena ez da literalki interpretatu behar. Orain arte deskribatu ditugun horien kontrakoa ere gerta daiteke, beraz, zentzu ironikoz hitz egiten dugunean: alegia, zerbait baiezko forman esatea, baina benetan kontrakoa adierazi nahi izatea. Adibidez, ondorengo perpausean gurasoek nahi dutena da esaten dutenaren kontrakoa egin dezan semeak:

—Banixe kalera!

—Bai, ibilli hadi oiñ ere firin-faran!

Esan beharrik ez dago zentzu ironikoren erabilera honetan mezuari ematen diogun tonuak zer esan handia duela mezu horren intrepretazio egokian.

 



elgoibarko udala