ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

ATARIKOA

Esku artean duzun lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz aurrera ateratako proiektu baten ondorioa da.

Gurasoen eta aiton-amonen euskara urte gutxian aldatzen eta ahultzen ari zela ikusita, gure ahozko tradizioko euskara berreskuratzeko eta indartzeko ahalegina egin behar zela iruditu zitzaigun; horretarako, ezinbestekoa begitandu zitzaigun lehendabiziko pausoa tradizio hura jasotzea zela, bai eta, horren ondoren, tradizioa ahalik eta sakonkien aztertzea ere. Adineko jendearengana jo behar genuen galtzen ari zitzaizkigun hitzen, egituren eta esamoldeen bila, baserriko nahiz kaleko elgoibartar edadetuengana.

Halaxe ekin genion 1999 urtearen bukaeran datuak biltzeari. Minidisc grabagailuak eta mikrofonoak hartu, eta gogoz hasi zitzaizkigun lanean Ibon Arriola, Irune Iriondo eta Ainhoa Lodoso, bailararik bailara, baserririk baserri, etxerik etxe. Elgoibarko edadetu euskaldunen jarduna grabatu eta transkribatzeko lan neketsua hartu zuten hiru laguntzaileok, nire gidaritzapean. Gero etorri zen nire eginkizuna: haiek bildutako informazio guztia lantzea: hura bateratu, txukundu, sailkatu, ordenatu eta, azkenik, ahalik eta era ulergarrienean aurkeztu.

Hemengo material hau da prozesu horren guztiaren ondorioa.

Nolanahi ere, lehendabiziko pauso bat da. Izan ere, oraindik pauso askotxo gelditzen dira Elgoibarko euskararen ezagutza eta kalitatea, oro har, guk nahi genukeena izatera iristeko. Emateke dauden pauso horietako batzuk lan honi berari dagozkio: gai batzuk nahi adina sakondu gabe geratu dira; honen ondoren etorriko diren ikerketa-lanen abiapuntua dira, beraz. Hiztegian eta esamoldeetan batez ere badago, badagoenez, zer osatua. Ondorengo urteetan gure herriko hizkerari helduko dioten lan gehiago etorriko direla espero dut. Bien bitartean, orain aurkezten dudanarekin konformatu behar.

Beste urrats batzuk ere egin behar direla aipatu dut goian. Izan ere, ezertan ez litzateke geratuko material hau, jaso eta egonean utziko bagenu, apal batean, hautsa hartzen. Ez da izan hori nire asmoa lana egiten ari nintzen bitartean. Aurrera jarraitu badut, jarraitu dut uste dudalako badugula zer egina kaleetan darabilgun hizkera kalitatean eta naturaltasunean hobetzeko; alegia, material honek erabilera praktikoa izatea nahi nukeela. Horregatik nioen eman behar ditugula beste urrats batzuk: batez ere hemen dagoen edukia gizarteratzeari begira. Irakasleek eta pedagogoek lagundu beharko dute hemen aurkezten den materiala egokitzen, eskolaratzen eta gazteen esku jartzen.

Badakit batek baino gehiagok inozotzat har nazakeela; badakit esan diezadakeela gauzek beren norabidea dutela, eta behin puntu batera ezkero, ez dagoela atzera bueltarik hizkuntzaren bilakaeran. Agian arrazoi dute: agian ez dago zer eginik. Nik ez dut hala uste, ordea, eta horregatik egin nahi izan dut ahalegina. Jakitun naiz (ez naiz hain inozoa) gauza batzuk galdutzat eman behar ditugula gaur egunean; hori badakit. Baina jauzi handia dago hortik dena galduta dagoela pentsatzera.

Euskalkia aldarrikatzearena inozo erromantiko batzuen kontua dela uste izango du agian inork; badakit hala dela (nahiz eta, zorionez, oso gutxi eta gero eta gutxiago diren hala pentsatzen dutenak). Ni «deitura» horren bigarren partearekin identifika naiteke, gehiago edo gutxiago, baina ez lehenarekin. Benetan pentsatzen dut mesedegarria dela lekuan lekuko hizkerak jasotzea, deskribatzea eta, hala eskatzen duten lekuetan, irakastea. Izan ere, urteetan, hobeto esanda, mendeetan, belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho erabili dugun euskararen tradizioaren katea urte gutxi batzuetan eteten ari zaigula iruditzen zait, eta, horren ondorioz, gazte asko herriko hizkeraren erreferentziarik eta oinarririk gabe geratzen ari direla. Eta erreferentzia eta oinarri horiek eman behar dizkiegu, babes hori eman behar diegu, eskubide hori izateaz gain, hala eskatzen digutelako.

Hor dago, bestalde, euskara batua/euskalkiak auzia. Inork gutxik eztabaidatuko du gaur egun bakoitzak bere erabilera-esparruak behar dituela (beste kontu bat da bataren eta bestearen mugak jartzerakoan iritzi desberdinak izatea). Gaindituak ditugu, nik uste, euskalkiak euskara batuari itzala egiten diolako uste kaltegarriak: «Bakoitzak beria, Jangoikuaren legia», dio gure esaera zaharrak.

Esango nuke euskara batua/euskalkia binomio horretan gaur egungo gazte elgoibartarra lehendabiziko partean (euskara batuan) ondo jantzia dagoela, oinarri sendoak dituela; baina binomioaren bigarren hankak herren egiten diola iruditzen zait; askori bai behintzat. Ez gara hasiko orain herren horren arrazoiak aztertzen, ez da eta horretarako tokia ez eta unea ere, baina bai arazoa nolabait konpontzen; eta hor, hain zuzen, herren hori sendatzen hasteko ahaleginean, kokatzen dut nik lan hau: oinarriak, tresnak eskaintzen hasteko ahaleginean, elgoibartar gaztea, etorkizunean, bi hankekin pauso irmoak, zuzenak, naturalak emateko gai izan dadin; eskolan, kalean eta etxean euskara egokia erabiltzeko gai izan dadin.

Lan honetan ez dut gazteen euskara ikertu; egin beharreko lana da, zalantzarik gabe. Haien euskararen eta zaharrenaren artean konparazio sistematikoak egitea ere eginkizun dago. Hemen jaso eta aztertu nahi izan dudana da adineko hiztun nire ustez ereduzkoek darabilten euskara. Horien euskara da arloka-arloka aztertu dudana: fonologia, izenaren eta aditzaren morfologia, sintaxia, esamoldeak eta hiztegia. Arlo horiekin batera, berri-emaile izan ditudan elgoibartarren kontakizun batzuk ekarri ditut liburura, arlo teorikoan aipatzen direnen erakusgarri praktiko moduan.

Lehenik eta behin, Elgoibarko Izarrari eta Elgoibarko Udalari eman nahi dizkiet eskerrak, eman didaten laguntzagatik. Udalari, datu-bilketa aurrera eramateko eta lana argitaratzeko emandako diru-laguntzagatik; bai eta lagungarria izan zaidan bibliografia eskuratzen eta argitalpenari dagozkionetan lagundu didaten Euskara saileko langileei ere. Elgoibarko Izarrakoei, proiektua abian jartzen eta lanean aurrera egiten laguntzeagatik; baita, haiek bakarrik dakite, nirekin izan duten pazientziagatik ere: eskerrak, beraz, batez ere Iñasio Garmendiari, Abel Irizarri eta Imanol Larrañaga «Txino»ri.

Nola ahaztuko ditut lan honen hasieran izan nituen laguntzaileak! Elkarrizketak grabatzen eta testuak transkribatzen lagundu zidatenak! Ibon Arriola, Irune Iriondo eta Ainhoa Lodoso: haien parte-hartzea garrantzitsua gabe proiektuak ez luke ez oinarririk, ez eta aurrerabiderik ere. Ustez, lan honen parte eskertxarrekoenean eta itzalekoenean izan nituen laguntzaile; baina niretzat behintzat gauzak ez dira horrela: bihotzez estimatzen diet egin duten lana, eta ez da itzalekoa izan, ageri-agerian izan dut eta (ordenagailuaren birtualtasunean izan bada ere), egunero-egunero, haiek egindako lana. Esker bereziak, beraz, hemendik hiruroi.

Datu-biltzaileek ere, ordea, ez lukete lanik berri-emailerik gabe. Onak eta jarrera ezin hobekoak izan ditugu proiektu honetan. Batzuk, zoritxarrez, joan zaizkigu mundu honetatik. Denei, dauden lekuan daudela, bihotzez eman nahi dizkiet eskerrak, euren etxe eta baserrietako ateak hain eskuzabalki irekitzeagatik eta eskatu zaien guztia emateko prest agertzeagatik. Honako hauek dira elkarrizketatu ditugun berri-emaileak:

Pastora Ansola (Otso Txiki baserria)

Teodora Arakistain † (Antxola baserria)

Joxepa Aranberri † (kalea)

Bittor Arrieta (kalea)

Juanito Arrieta † (kalea)

Ventura Arrieta (Olazarra baserria)

Jabier Arriola Zulaika (kalea)

Agustina Arrizabalaga (kalea)

Pedro Artetxe † (Andikao baserria)

Pedro Barrutia (kalea)

Antonio Berasaluze Joxe Mari Betelu (kalea)

Balentin Egaña (Bigoin baserria)

Inazio Egaña (Bigoin baserria)

Luis Etxaniz † (Munaundi baserria)

Joxe Gurrutxaga (Garagartza baserria)

Katalina Iriondo (Altzola)

Pako Isasti (Altzola)

Jone Landa (Altzola)

Bizente Lariz (Altzola)

Pedro Lariz (Altzola)

Floren Leiaristi (kalea)

Juliana Lete † (Ipintza baserria)

Joxe Lizarralde † (Agarre baserria)

Imanol Mendikute (kalea)

Eulali Mugerza † (Palazio baserria)

Agapita Soraiz † (kalea)

Margari Soraluze † (kalea)

Dionisio Txurruka (Talaixa baserria)

Manolo Unzilla (kalea)

Iñaxi Zendoia † (Andikao baserria)

Berri-emaileekiko hartu-emana erraztu ziguten auzoetako alkate hauei ere nire esker onak adierazi nahi dizkiet:

Pello Rubio (Sallobente)

Agustin Irusta (San Migel)

Jabier Arrizabalaga (San Migel)

Patxi Elustondo (San Roke)

Migel Juaristi (Arriaga)

Jon Loiola (San Pedro)

Ramon Larrañaga (Urruzuno)

Arlo akademikoan (datuak eta iritziak ematen, zalantzak argitzen) lagundu didatenak ere gogoan ditut. Bihotzez estimatzen dut zuen laguntza, Andres Alberdi, Pello Arrieta eta ardura berezia erakutsi duen Koldo Zuazo.

Pare bat ikastaro ere eman ditut Elgoibarren, gure hizkera hizpide hartuta; ikastaro haiek, ordea, ez ziren izan irakasteko bakarrik: nik neuk ikastarora etorri zirenetatik ikasteko eta datuak jasotzeko ere erabili nituen. Eta bai ondo aprobetxatu ere! Ikastarokideei ere, beraz, nire esker ona.

Argazkiak lortzen lagundu didate berri-emaileen familietakoek eta Barren aldizkariko lagunek; esker mila haiei, eta batez ere Asier Orbeari, egin duen lan hobe ezinagatik.

Dani adiskideari ere nire esker ona, bakoitzak ahal duen bezala laguntzen baitu.

Barkatu diezadatela aipatu ez ditudanek, izango dira-eta merezi izan arren aipatzea ahaztu zaizkidanak. Hori gertatzen da izenak zehatz-mehatz ematen hasten zarenean. Nahiago izan dut, hala ere, arrisku hori hartu.

Gogoan ditut, eta bihotzean, Elgoibarren euskararen alde lan egin dutenak: euskara belaunaldiz belaunaldi transmititu duten familiak; Elgoibarko Ikastola sortu zutenak; Elgoibarko Izarra abian jarri zutenak eta elkarte horretan euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin dutenak; Elgoibarko eskolak eta euskaltegiak; eta Elgoibarko Udaleko Euskara Batzordea eta Euskara Zerbitzua, Elgoibarko Izarrarekin batera, euskara biziberritzeko ahaleginetan dabiltzanak. Horien guztien ahaleginak gabe alfer-alferrik ibiliko nintzateke ni euskararen corpusa aztertzen, orduan bai izango litzateke-eta nire lana apalategi batean gordeta eduki beharra.

Azkenik, nahiz lehenak izan, etxekoak. Ascen, Irene eta Ibon. Haiei eskaini beharreko ordu eta energia asko lan honi eskaini dizkiot, haiei zegokiena janez. Haiek dira, neurri handi batean, proiektu honetan galtzaileak. Horren ordainetan, jakizue, hirurok, zeuei eskaintzen dizuedala lan hau, aurrerantzean zerbaitetarako balio badu, etorkizunean atarramentu onen bat ateratzen bada liburu honetatik, Elgoibarko euskaldun jendeak niri bakarrik eskertu beharrean zuei ere eskertu diezazuen, zuek ere bazarete-eta, eskubide osoz izan ere, lan honen jabe.

Jesus Mari Makazaga

Elgoibarren, 2007ko urtarrilean

 

 

LIBURUAN ERABILI DIREN LABURDURAK

 

Euskaltzaindiak bere gramatika- eta hiztegi-lanetan erabiltzen dituen laburdurak erabili ditut, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak gramatika-bilduman eta Hiztegi Batuan.

 

ad.: Aditza

adb.: Adberbioa

adlag.: Adizlaguna

arrunk.: Arrunkeria

euf.: Eufemismoa

fig.: Figuratua

g.er.: Gutxi erabilia

g.g.er.: Gaur gutxi erabilia

grad.: Graduatzailea

haur.: Haur hizkera

ik.: Ikus

interj.: Interjekzioa

IS: Izen-sintagma

iz.: Izena

izlag.: Izenlaguna

izord.: Izenordaina

junt.: Juntagailua

lgart.: Lagunartekoa

lok.: Lokailua

onomat.: Onomatopeia

pei.: Peioratiboa

postpos.: Postposizioa

zah.: Zaharkitua

zenbtz.: Zenbatzailea

 

Erreferentziako zenbait lanen eta autoreren laburdurak ere erabili ditugu lanean zehar; honako hauek dira:

EI: Erizkizundi Irukoitza (Euskaltzaindia)

EAEL: Euskalerriko Atlas Etnolinguistikoa

EGLUEuskal Gramatika: Lehen Urratsak (Euskaltzaindia)

Y:  Pedro de Yrizar

Z: Koldo Zuazo

 

Oharra: Liburuaren amaieran, oinarrizko hiztegi terminologiko bat aurkituko du irakurleak: hizkuntzalaritza-kontuetan aditua ez den irakurleari lagungarri gertatuko zaiolakoan osatu dut hiztegitxoa.

 



elgoibarko udala