Urteetan zehar, Debarroko Badihardugu Elkarteak, Ahotsak.eus proiektuaren bitartez, milaka grabazio jaso ditu Euskal Herri osoan zehar, euskarazko ahozko ondarea bildu eta digitalizatzeko asmotan. Proiektu horren baitan, Elgoibarko ahozko ondareak ere izan du lekua.
Horiek horrela, Udalak, Badihardugu elkartearekin batera, 2007 urtean jarri zuen proiektu hau abian, herriko nagusienen ahotik, gure ahozko ondarea jasotzeko helburuarekin. Horrela bada, guztira, 86 herritarren lekukotasuna jaso da, eta 1.506 pasarte inguru jarri dira sarean. Horretaz gain, elkarrizketa horietatik, 273 pasarte transkribatu dira, eta 130 audio eta 772 bideo sareratu dira, ondare hori herritar guztien esku jarri nahirik. Horri guztiorri esker, nahi dutenek, gure herriko historiari, ohiturei, tradizioei, antzinako lanbideei, bizimoduari eta abarri buruzko informazioa izango dute www.ahotsak.eus/elgoibar helbidean.
Horretarako, Elgoibarko adineko hainbat pertsonari elkarrizketak egin zaizkie propio; eta horretaz gain, beste hainbat proiektutarako egin ziren elkarrizketak baliatu dira: esaterako, “Elgoibarko berbetia”, “Elgoibartarren esanetan”, “Elgoibar 1936”, “Elgoibarko Makina Erremintaren Historiazaleak”...
Bestalde, Elgoibarko aditz-taulak ere argitaratu ditu Badiharduguk.
|