Euskararen egoera erabat okertu zen gerra aurretik gerra ostera Elgoibarren. Garai hartako debekuek eta zapalkuntzek euskarari bidea zeharo oztopatu arren, zenbait herritarrek euskarari eusteko zirrikituak bilatu zituzten. Ibilbide horretan asko izan dira euskararen alde lanean jardun dutenak, arlo ezberdinetan: hezkuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, komunikabideetan, musika alorrean, antzerkigintzan...
Elgoibarko Udalak, Badihardugu Euskara Elkarteak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko euskalgintzaren gerraosteko memoria jaso eta zabaltzeko asmoz abiatutako proiektuaren baitan egin zen bideo hau. 1950etik 1990era bitartean euskara eta euskal kultura bultzatzen jardun zutenen testigantzak jaso eta ezagutaraztea izan zen asmoa: herriko euskararen historia soziala ezagutzera ematea.
1950-1990 urteetako Elgoibarko euskalgintzaren berri eman eta orduko eragileei gure esker ona azaltzeko ekimena. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatuta.
Ekitaldia 2023ko abenduaren 1ean izan zen Elgoibarko Herriko Antzokian. Bi atal izan zituen: Euskararen Historia Soziala Elgoibarren bideoa aurkeztu zen ekitaldiaren hasieran, eta gero, garai hartako euskalgintzako eragileak banan-banan igo ziren Herriko Antzokiko oholtzara herritarren esker ona jasotzeko.
Arnasa emanez gure izate
eta gure hizkuntzari,
segida eman behar genion
gerra aurreko lanari.
“Ahal zen moduan izkin eginez
legezko debekuari,
atera ginen eta eskerrak
elizaren babesari”.
Andre eta gizon, heldu eta gazte,
herritar asko batera,
gau eskolaren bultzadarekin
egin genuen aurrera.
“Gure hizkuntza landuz hitz egin
eta alfabetatzera,
ume denboran izan genuen
hutsunea betetzera”.
Nabarmena zen gure euskara
zurtz eta larri zegola,
bide berriak irekitzeko
gidari zen ikastola.
“Ildo beretik gero herriko
institutu eta eskola,
lorpen handiak izan direnik
ezin ukatu inola”.
Gaur iritsi da gure esker ona
adierazteko txanda,
denak aipatu nahi izan arren
ezin da, egia esanda.
“ikaskintzako lan ederraz gain
txistu, kantu, dantza, banda;
denon arteko kalejira hau
gauza ederra izan da”.
Xafla baten utzi zigunak
Irulegin bostekua,
oharkabean dantzatu zuen
lehenengo aurreskua.
“Gure herriak merezi duen
mezu zorionekua,
haren promesa bete dezagun
elkarri emanez eskua”.
Zenbat ahalegin, itxaropena
zabalduz herri guztira!
Gure hizkuntzak jadetsi zezan
iraupenezko distira.
“Jarrai dezagun elkarlanean,
beti aurrera begira,
gaur ereindako haziak bihar
fruituak izango dira”.
Egin zenutelako gara!
Imajinatu horma batean pendulu-erloju bi alboz albo kulunkan: tik-tak-tik-tak... Apurka- apurka, gradualki, ordulari biek sinkronizatzera egingo dute. Hala gertatzen da: kulunka ari diren edozein bi gauza, fisikoki elkarrengandik gertu baldin badaude, pixkanaka harmonizatu egiten dira, eta zehazki aldi berean oszilatzen dute. Fisikariek arrasteko sinkronizazioa deitzen diote. Azalpena sinplea da: gauzak alferrak dira, eta energia kostu txikiagoa eskatzen du bestearekin elkarlanean aritzeak, kontrapausoan aritzeak baino.
Bizidun guztiak gara oszilatzaileak, kulunkariak, erritmikoak. Bibratu egiten dugu. Izan amebak, behiak edo gizakiak, taupakariak gara, konpasean hartzen dugu arnasa, tempoa markatzen dugu. Irudikatu orain elkarren aldamenean oinez doazen bi gizaki, elkarren ondoan lo dauden bi pertsona, aurrez aurre berbetan ari diren bi hiztun. Sinkronizatzera joko dute.
Baina euskaldunok asinkronia bizi dugu goizetik gauera. Gure erritmoak oztopoz, trabaz, etenez josita daude. Euskaldun gisa ez da erraza giroarekin, inguruarekin, besteekin bat egitea. Pentsa egun bakar batean zenbat alditan eteten, egokitzen, isiltzen, aldatzen duzun zure hizketaren musika. Zenbat alditan zapaltzen dizuten oina. Zenbat alditan mututzen zaren besteari oina zanpatzeko beldurrez. Gure erritmoek ahalegina eskatzen dute, esfortzua, geure moduko taupakariak identifikatzea, bilatzea eta sortzea, elkarrekin dantzan egin ahal izateko. Erritmo kolektibo bat. Horixe behar du edozein giza taldek funtzionatzeko. Eta erritmo kolektiboek, boterearenak ez direnean, borondatea eskatzen dute, borondate handia.
Hizkuntza aldi berean baita intimoa eta soziala, haragiarena airearena bezain. Errekak daroa ur tanta, korronteak garabiltza, haizea nora, hostoa hara. Baina ez debalde. Hitz erauziak, hitz etenak gorputzean zauriak uzten ditu. Mintzoa ebatsi zaien pertsonak eta komunitateak gaixotu egiten dira. Inoiz jaio ez diren haurrek bezala egiten dute min; ez, noizbait jaio eta garaia baino lehen hildako umeek bezala egiten dute min ebaki, kamustu, errotik ateratako hizkuntzek, baita mintzo galduak inoiz ikasi ez dituzten ondorengoen belaunaldietan ere. Esan gabekoen posibilitate guztiak airean gelditzen dira. Mamuak dira, euskaraz inoiz gorpuztuko ez diren errealitateen mamuak.
Nola gaituen hitzaren minak gaixotzen, hala gaitu hitzaren pozak sendatzen. Sinkronizatutako hiztunek batasun-sentipena bizi ohi dute. Hizkuntzak lotu egiten baikaitu, zentzurik onenean. Elkarrengana lotzen gaitu. Eta askatasuna eskuinaren aldarri bilakatu denetik, zeri lotzen gatzaizkion pentsatzea iraultzailea iruditzen zait. Askatasuna norberaren erritmo indibidualari eustea bada, besteen taupada eta kulunkei ezentzun egitea bada askatasuna, orduan, nik ez dut aske izan nahi. Hizkuntza elkarrekin gertatzen da. Beharrezkoa zaigu elkarrekin hitz egitea, une eta toki berean, fisikoki elkarren aldamenean. Bestearen ahotsa sentitzea, bestearen beroa aditzea. Badakigu. Gure gorputzak badaki. Bideo-deiek ez dituzte gure komunikazio-beharrak asetzen. Telelanak gaixotu egiten gaitu luzera. Elkarrekin ez gaudenean gure organismoek krak egiten dute. Ugaztunak gara, ur amniotikotik gatoz, elkarren beroa behar dugu, eta bero hori hizkuntza baten bibrazioaren gainean egiten da txiki-txikitatik.
Horregatik, iraganari begirakoa izan den saio honen ostean, etorkizunari begiratzea nahi nuke. Iraganean funtzionatu duten gauza guztiak, gaur omendu eta eskertzen dugun guztia kolektiboa izan da: musika-, dantza- eta antzerki-taldeak, irratiak, elkarteak, asanbladak. Bakartzera, aldentzera, isolatzera tira egiten duten garaiotan euskara hoztu egiten da. Euskara hoztu egiten da hiztunok hozten bagara. Iraultza guztiak bi buruk eta hiru atabalarik egiten dituztela esan ohi da, baina baita zera ere!, benetako iraultzak espanturik gabe gertatzen dira, bakarlari birtuosoak baino, elkarrekin jotzeko kapaz diren musikariak behar ditugu, orkestra bat, edo are hobeto, txaranga bat. Txaranga bat badakiena hitzaren poza zabaltzen, ulertzen duena aho berak ezin dituela aldi berean jo tronpeta eta tronboia, baina norbere partiturak ez duela fitsik balio aldamenekoaren pultsuari, erritmoari, arnasari entzun ezean. Sor dezagun konpainia eta traba egingo digun txaranga bat. Bai, traba ere bai. Trabarik ez dagoen tokian ez delako posible bizitza, elkarri enbarazurik egin gabe hilak bakarrik daudelako Olason. Desafinatu dezagun elkarrekin, hobeto afinatzeko modu bakarra da. Zer da, ba, bizitza harritzea, egokitzea, deserosotasunetik haztea ez bada? Ez dago musikarik asinkroniarik gabe.
Gauzak gerta daitezen, gauzak gertatzeko tokiak eta momentuak behar dira. Elkarrekin eta elkarrentzat egoteko lekuak behar ditugu, formalak eta informalak. Ez dago hizkuntzarik igurtzirik gabe, elkarrentzako denborarik gabe. Horregatik, gaixotzera garamatzan mundu honetan, sor ditzagun gorputzez gorputz, euskaratik eta euskaraz jendearen beroa eskainiko duten guneak, hasi umetatik eta hil arte. Badakit ez naizela ezer berririk esaten ari. Baina nire proposamena sinplea da: hitzaren poza, denboraren hatsa eta jendearen beroa. Egin ditzagun gauzak elkarrekin eta euskaraz. Jar ditzagun penduluak martxan. Poza-hatsa-beroa, poza-hatsa- beroa, poza-hatsa-beroa... halako erritmo bat nahi nuke etorkizunerako.