ARGIA! Au bai benetan euskotarra! Ez dago izparringi, ez aldizkingi, asterokorik onek ainbat eusko-lan egin duanik. Eusko izatearen mamia dala esango nuke ARGIA: eta ¿zergatik? Guztia euskeraz, guztia erriarentzat, erriaren biotza ber-bera bere izkuntzan, bere mintzaeran idatzia dalako. Jarrai, jarrai aurrera sendo ARGIA Aberriaren oñarririk gogorrena.
«Endoya»-k artu du lana! Asmaketak gora ta bera, or dabilkigu astero. Baña galdera bat berari ¿noren «patentea» dezu gure izen edo izen-ordeko; euskal idazleen izenak asmaketa orretan jartzeko? Egin dezun ezkero egiña egin eta guk azketsi-barkatu bearko. Eta jarrai «Endoya» batzun buruauste orrekin; guk parrea egiten degu; asmatu ere asko «Xapi», «Kaiku», «Mirentxu» ta «konpañiak» zuzenduko zaitzu. Agur, «Endoya».
Igaro degun astean gogoiñarkunak Luistarrak izan ditugu. Eta benetan talde aundia. ¡Zer gaztedia egunero itzaldietan! Berregunda geiago egunero gabeko itzaldietan izan gera: goizean beti gutxitxuago. Lasarte'ko Brijida Lekaime etxean jaupari (kapillau) dan Abaunz'tar On Antonio izlari jatorrak zuzendu dizkigu gogojardun auek. Egi egiak, eta mardulak bai ederki azaldu dizkigula. Ta guztia euskera garbi ederrean. Gogujardun oen bukaera igandean izan da Jaun-artze eder batekin. Abaunz apaizak itza zuzendu ta, bata bestean ondoren berreun da irurogei ta geiago luistar Mai donera zuzendu ziran. Bitartean abeslari taldetxoak abesti berri ederrak zuzendu giñuzan korutik, ¡Zeiñ ederra talde ura! Ondoren azken agurtxo bat eta eskerrak emanaz Abaunz apaiza gugandik aldendu zan; Eskerrak guri? Eskerrak beriak aiñ ederki eratu ta berotu gaitulako. Eta anai-luistarrak, jarrai daigula zuzen bide ortan, gure zuzendari Jaka'tar apaizaren esanak ontzat emanaz, urte barrengo ibilleretan. Eta gogo jardun oek eratu dizkigulako esker bereenak.
IXAKA
_____
Emen gera.— «Mirentxu» ta «Aixerixa» dirala meriyo emengo idazle edo izperkariak batzarra egin degu, astero ARGIA'ra idazteko ta neri «lumero uno» irten dit: orregatik nere gain aste ontako lana.
Batzarrian «Aixerixa»-ren ollarra jan degu «Mirentxu»-k ederki maniatuta: serbitzari «Maitxo» idazle alperra izandu da, «Xapi» berriz, dorremifasolasido, ta beti ere bere txistuari fi, fi, juaz, «Aixerixa»-k berea duala ta bi iztarrak eta isatsa jan ditu ¡obe genun ekarri ez balu! eskerrak «Mirentxu»ren tripakiai.
«Txiki Alai»-ri.— Eun milla urtean zoriontsu izatea opa dizu zure bizi modu berri ortan «Aberri» mutill zar onek.
Errigalotxo bat bialiko dizugu J. l. bada ori baño geiago merezi dezu idazle jator orrek.
Antzezkizuna.— Datorren igandean emengo antzezlariak antzeztuko dute «Aitona ta Billoba» Garitaonandia zanaren lan ederra. Elgoibartarren artean oso zaletasun aundia sortu da euskel antzezkizunetarako. Jarraitu ba.
Pelota txapelketa.— Erki edo distrito onetako Batzokiak daukaten txapelketan, Soraluze eta Elgoibar geratu dira azken partidurako. Jokatu azken partidu oyek anai bezela ta geyen danak eraman dezala.
Erretira.— Lotsagarria da uri onetan gertatzen dana, bada emen ez dago, ez agintaririk, ez errespetorik, ez ezer; egia esatea mingarria izango da, baño gertatzen diran gauzakin ezin genezake ixillik egon. Akeitetxe eta ardandegi batzuk goizeko bear ez diran ordurarte zabalik egoten dira. Zeñen aginduz? Agintarien aginduz itxura danez, bada iñork ez du jaramonik egiten da. Baserritarrak astoa lotu ez dutela ta, or ibilliko dira Verdun artu bear balute bezela legea zaintzen ta zigortzen, baño gau guzian zarata ta izkanbillan ibiltzea ¡ori ez da ezer!
Mixioak.— Emengo Luistarrak eralduta, aste guzian makiñabat egi mardul ta egokiak azaldu dizkigu Abaunz apaiz argi ta langilleak, ta bere lan ederrak, ale eder ta bikañak eman ditu; bada igandean Jaunartze orokorrean 350 gazte inguru bagiñan ¡zer edertasuna!
Elgoibar'ko gaztedi eder au zaitzen alegindu gaitezen guziok, batez ere ortarako daudenak.
Nere zorion beroenak Abaunz eta Jaka apaiz langilliei.
Gazteiz'era.— Gar bizia dago emengo abertzalien artian Gazteiz'en egingo dan Aberri-egunera juateko; beren izen abizenak eman gabe daudenari lenbailen Euzko Batzokian eman ditzatela eskatzen zaiote.
«Anastaxio»ri.— Egia aldek gure kopradixatik irtetzeko abillela? baña eure lekuan beste bat ipiñi gabe ezai gero irten bestela akabo dek gure bazkuna ta.
ABERRI