ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

II. Egun arrunt bat

 

      Mende hasieran, Elgoibarko familietan erabat zehaztuta zegoen bertako kide bakoitzak zein zeregin bete behar zuen. Baserri auzoetan ohikoena zen etxeko gizona goizeko seiak aldera jaikitzea, baserriko lanak egiten hasteko. Bazkaria eguerdiko hamabiak inguruan izaten zen. Bazkal ostean, derrigorrezkoa zen siesta egitea. Eta ondoren, berriz ere lanera.

      Igandea edo jai eguna noiz iritsiko zain egoten zen jendea. Jai eguna izan arren, baserritarrak betiko orduan jaikitzen ziren. Kortako lanak egin eta arropak aldatu ondoren, auzoko ermitara joaten ziren, mezatara. Meza ostean, gizon koadrilak batzen ziren, lagunartean, hamarretakoa egiteko. Tertulia egiten zuten, astean zehar auzoan zer gertatu zen elkarri kontatzeko. Bazkaldu ondoren, egunero bezala, siesta egiten zuten, ohikoa baino luzeagoa. Siestatik jaikitakoan, berriro ere, osteratxo bat egiten zuten kortara eta ortura. Hala ere, beti izaten zuten astia auzokoekin hitz egiteko.

      Kalean eta baserrian lan egiten zuten gizonak, oro har, goizeko sei eta erdietan jaikitzen ziren. Askok eta askok kortako lanak egiten zituzten gosaldu aurretik, eta ondoren, lantokira joaten ziren.

      Ahal zutenak baserrira itzultzen ziren bazkaltzera, eta itzultzeko denborarik ez zutenek lantegian bertan edo gertuko baserriren batean bazkaltzen zuten. Lan aldia, gutxi gora behera, 10 ordukoa izaten zen. Eguneroko lana bukatu eta gero, etxera itzultzen ziren, orduan ere egoten baitzen zer egina bertan. Lanak amaitu ostean, afaria; eta bederatziak edo hamarrak aldera, ohera.

 

Abereak behar-beharrezkoak ziren
etxeko lanak egiteko

Umetan, udan goizago jaikitzen giñan beti, neguan bildurra edo ganauekin ibiltzeko... astegunetan igual zazpiretarako jaikiko giñan. Gero, ganaua kanpora etara-ta egin da, amak gosarixa preparatzen zaban, gosaldu ta gero aittak esaten zabana egittera kanpora. Guk bazkaltzen gendun hamabixak-hamabitt’erdietarako.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Bestalde, kalean bizi ziren elgoibartarrek herriko lantegietan egiten zuten lan. Baserritarrekin gertatzen zen bezalaxe, eguneroko bizimodua ez zen batere samurra pertsona haientzat. XX. mendearen hasieran, lan aldia 10 eta 12 ordukoa izaten zen. Gainera, lan baldintzak, askotan, gogorrak izan ohi ziren.

      San Pedroko lantegi zaharra izan zen, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran, Elgoibarko ekonomiaren eragilerik garrantzitsuenetakoa. «Fábrica Siderúrgica de San Pedro» delakoan, elgoibartar askok egin zuen lan, 1936an, Gerra Zibila zela eta, behin betiko itxi zuten arte.

 

Ni San Pedron, lelengo enpaketatzen egon nitzan. Gero poliki-poliki makiñetan sartu giñan. Azkenian makiñetan lanian ibilli nitzan. 14 urtian ibilli nintzan San Pedroko fabrikan. Gero aitta gaixotu zan, da basarrixan lan asko zauala, ta hementxe geldittu nitzan lanian. Ez nitzan bueltau taillarretara. San Pedron hasi giñanian 11 ordu egitten nittuan lan, goizeko seiretarik arratsaldeko seiretara, eguerdixan ordubete geldittu bazkaltzeko, ta jarraittu. Oporrik ez zauan orduan. Gero nik lagatzerakuan bai, konsegittu zan 9 orduko lana, oporrak eta dana konsegittu ziran azkenerako. Baiña hasieran ezer ez. Astian sei egun lan egin bihar. San Bartolome, San Bartolome Txiki, Gabon eguna ta Natibittate eguna bakarrik jai. Basarriko lana astuna da, baiña han beste izerdirik sekula ez dot bota.

Markos Arregi Iriondo

 

      Emakumeen zeregina, etxeari lotuta zegoen, nahita ez. Haien lana zen etxeko zeregin guztiak egitea, eta seme-alaben heziketaz arduratzea. Gehienetan, ortuko lanak ere emakumeak egin behar izaten zituen.

 

Pakita Ansola, Mauxitxa baserrikoa, eta Maria Ansola,
Gorriaga baserrikoa, azoka plazan. 1948 urtea.

Etxeko gauza guztixak amak egitten zittuan: sukaldian, ganbaran... Etxekoandria ama zan. Kalera juten zan astian pare bat bider edo... igual azokara bakarrikan. Astua hartu ta ortuko produktuak, arrautzak eta... saltzera. Gero, orduan etxerako gauza asko bihar ziran, eta igual kafia, azukria, olixua... danak bihar izaten ziran, ta gauza horrek ekarri. Astuakin juten zan ama, bera bakarrik.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Baserriko andrea gizonarekin batera hasten zen lanean. Bientzako gosaria prestatzen zuen (askotan gizonak lehenengo gosaltzen zuen, eta ondoren, andreak). Gosaldu eta gero, etxea garbitzen eta bazkaria prestatzen hasten zen. Bazkal ostean, sukaldea jaso, eta astirik izanez gero, siesta egiten zuen. Siestak 30-60 minutu iraun ohi zuen. Siestatik jaiki eta gero, emakumeak berriro ekiten zien baserriko lanei, eta afaria prestatzen hasten zen. Ohikoa zen emakumea senarra baino beranduago oheratzea, haien lana ez zen eta bukatzen, sukaldea txukun-txukun utzi arte.

 

Sotera Zubiaurre eta bere ama, Sotera Garitaonaindia,
Usetxe baserriko askan. 1929 urtea.

      Horretaz gain, familia bakoitzaren egoera ekonomikoak baldintzatu egiten zuen Elgoibarko neska gazteen etorkizuna. Herriko neska askok, oraindik ere nerabe zirela, gurasoen etxea utzi behar izan zuen, dirudunagoen etxeetara, medikuak edo tailerren jabeak esaterako, zerbitzatzera joateko. Etxeko lanak egiten zituzten: garbitu, lisatu, janariak prestatu... Aldi berean, etxeko jabeen seme-alabak ere zaindu behar izaten zituzten. Horren guztiaren truke janaria, ostatua eta diru-sari txiki bat jasotzen zuten. Bizimodu hura benetan gogorra zen, ez baitzuten ia astirik izaten euren gauzak egiteko. Haietako askok egun bat bakarrik izaten zuten jai bi astetik behin.

 

17 urtekin erten naban estraiñekoz nere basarrittik zerbitzera. Olasarte basarrixan izan nitzan. Nere ahizpa hantxe zaguan, baiña Movillasen fabrikan kolokau zan eta basarrixa laga zaban. Eta lagatzerakuan ni jun nitzan zerbitzera hara, beste bat topau arte. 18 hilabete egin nittuan han. Beste bat topau zabenian Aitz-Bizkar basarrira bueltau nitzan. Gero Eibarren zerbitzen egon nitzan gerra denporan. Orbea alkate zanaren etxian egon nitzan, eta 14 duro hilleko irabazten naban. Aberatsak ziran eta fabrika haundixa zauken, Beistegi Hermanos fabrikaren aldamenian. Oso jai egun gutxi izaten nittuan nik orduan, eta kaleko neskeri esaten niuen nik ere nahi nabala kalian ibilli, baiña ezin naban. Eibarren egonda, gerria hasi zan, eta Orbeatarrak bildurrez ibilli ziran, alkate karlista zan señoritua-eta. Aitz Bizkar basarrira bueltau nitzan berriro.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

Sigma bezalako lantegiak oso esanguratsuak izan ziren
gure herriko emakumeak lan munduan sar zitezen.

      Ezkondu eta gero, emakume gazte elgoibartarrek, amarenak ziren zereginak egiten zituzten euren etxe berrian: umeak hezi, eta etxeko lanak egin.

      Hala ere, emakume guztiek ez zuten bizimodu hura aukeratzen. Industria Elgoibarrera iristearekin batera, emakumeak lan munduan sartzen hasi ziren, eta ondorioz, asko izan ziren Elgoibarko enpresetan lanean jardun zuten emakumeak. «Estarta y Ecenarro» enpresak paper esanguratsua izan zuen, emakume elgoibartarrak kontratatzerako orduan. Behin Gerra Zibila bukatu ondoren, Martin Arrillagaren eta Juan Irustaren eraikinetan zituen lantegiak Olasoko pabilioietara eraman zituen enpresak. 1946 urtetik aurrera, SIGMA markako josteko makinak egiteari ekin zioten bertan. Hamarkada askotan, merkatuaren egoera ona izan zen josteko makinaren sektorearentzat. Horrela bada, emakume elgoibartar asko aritu izan zen eskulanean, enpresa hartako proba-mahaietan eta muntaketa-kateetan.

 

Sigman emakume askok egitten zaban lan, makiñak probatzen, montajian edo lan txikixak egitten, torlojuak lotu eta askatu, adibidez. Igual, gizonezkuak baiño azkarraguak izango ziran eskuekin.

Juan Lariz Garate

 

      Kapitulu hau bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, Elgoibarren, mende hasieran, oso ohikoa zela aiton-amonaren bat etxean, familiarekin batera, bizitzea. Sasoian zeuden bitartean, baserriko edo etxeko lanetan laguntzen zuten. Gainera, abestiak, ipuinak eta antzinako sineskizun herrikoiak irakasten zizkieten ilobei. Garai hartan, nagusiekiko errespetua zen gizarteko balorerik preziatuenetarikoa, eta haien esanak beti aintzakotzat hartzen zituzten.

 

Lehen nagusixentzat zaguan errespetua askoz handixagua zan gaur baiño. Aittak esaten bazaban zeozer, egiñ egiñ bihar. Ni ez naiz akordatzen amak sekula jo ninduanik, baiña aurpegi serixua jartzen baldin bazaban... errespeto handixa zauan.

Juliana Irizar Goiburu

 

Frankoren diktadurapean, agintari ugari etorri zen
gure herriko enpresak ikustera. Bisita horien helburua zen
erreminta-makina industriak zer nolako garapena zuen ikustea.

 



elgoibarko udala