ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

XII. Erlijioa

 

      Zalantzarik gabe, gure gizartean aldaketarik handiena izan duen arloa erlijioari dagokiona izan da; izan ere, izugarri aldatu da herritarrek erlijioarekiko zuten ikuspuntua.

      Elgoibarren, inguruko herri guztietan gertatu den bezalaxe, erlijioak, poliki-poliki, galdu egin du zuen eragina. Egunetik egunera, gero eta jende gutxiagok sumatzen du erlijioaren baloreen eragina eguneroko bizimoduan. Hala eta guztiz ere, hori ez da beti hala izan. Duela 70 edo 80 urte, eliza Katolikoaren postulatuek erabat baldintzatzen zuten gure herritarren jokabidea. Elgoibartar gehienek normaltasun osoz onartzen zuten egoera hori, nahiz eta guztiek ez zuten sinismen haiekin bat egiten. Auzotarren zeresanak garrantzia handia zuen, eta elizara ez joatea nahikoa izan zitekeen denon ahotan ibiltzeko. Argi dago inork ez zuela egoera hura gogoko, eta guztiak saiatzen zirela egoera hartatik ihes egiten. Gainera, kontua okerragoa ere izan zitekeen, elizako «obligazioak» betetzen ez zituztenak «fitxatuta» egoten zirelako.

 

Erlijiuarekin zerikusirik ez bazenduan, igual ez zizuen lanik ematen. Gero, eliziak gauza bat egitten zaban, baiña neretzat ez zaguan ondo. «Txartela» ematen zizuen, jaunartu zenduala jakitzeko. «Txartel» bat ematen zaben urtero, Pazko aldera. Elizara jun bihar zan, eta jaunartu zenduala jartzen zaban «txartela» eman. «Txartelik» eman ezian, «fitxau» egitten ziñuezen.

Eugenio Diego Aranburu

 

Pilarreko kolejixuan gabizenian, igande goizetan eta arratsaldietan «bizperak» errezau bihar ziran. Mezetara jun bihar zan, bestela, notia kentzen zeben. «Bizperak« deitzen giñon igande arratsaldietako meziari. Arratsaldeko ordu bixetan edo hiruretan izaten zan.

José Gurrutxaga Ondartza

 

      Erlijioak are indar handiagoa zeukan inguruko herrietan, hala Azkoitian, nola Azpeitian. Egia esan, Loiolako santutegiak eragin ikaragarria zuen, eta gure herrian ere nabaritu ahal izan zen haren eragina.

 

Mezetara igandero juten giñan. San Pedroko fabrikan gabian lana egin, eta zuzenian, goizian, Maalara, mezia entzutera. Goizeko seiretan, zortziretan eta hamaiketan izaten zan mezia. Garai haretan mezia sagraua izaten zan.

Markos Arregi Iriondo

 

      Edonola ere, gure aiton-amonen sasoian «ezinbestekoa» zen igandetan eta gainontzeko jaiegunetan elizkizunetara joatea.

 

Igandero juten giñan mezetara. Gure familixia oso elizakua zan. Nere ama umezurtz geldittu zan, eta abade familixa batek hartu zaban. Gurian, mahaixan jarrittakuan, beti errezatzen zan.

Nikasi Andonegi Sustaeta

 

      Zentzu horretan, esan behar da Elgoibarko erdialdean bizi ziren herritarrak San Bartolome parrokiara edo Maalako elizara joaten zirela meza entzutera.

 

Mezetara jeneralian parrokixara juten giñan, domekero eta zeozer berezixa zaguanian. Mezak seiretan, zortziretan, hamarretan eeta hamaiketan izaten ziran. Hamaiketakua zan Meza Nagusixa. Gu askotan seiretakora juten giñan, gero basarrixan lan egin bihar izaten zan eta.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

San Antolin baseliza auzotarren
biltokirik garrantzitsuena izan zen.
1972an bota egin zuten, autobidea egiteko.

      Baserritar gehienak, bestalde, auzoko baselizan egiten ziren elizkizunetara joan ohi ziren.

 

Txiki-txikittatik mezetara juten ikasi genduan, ohittura hori hartu genduan eta orduan mezetara ez jutia zan pekatua. Gure etxian, gaiñera, mezetara juaten ez bagiñan... bueno! San Lorentzoko ermittara juten giñan mezia entzutera. Parrokixara gitxi, hillaren lehenengo barixakuetan. Gazte denporan Don Satur Campos zan San Lorentzoko apaiza. Ondarrutarra zan. Eta tartamutua zan pixkat eta Ebanjelixua edo esplikatzen hasten zanian, ezin izaten zaban pronuntziau ondo, eta lotsatu, gaiñera. Lehen, abadiak mezia aurrera begira ematen zaban; oiñ arpegixari begira ematen dabe, baiña lehen ez.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Bakoitzak, bere beharren arabera, gehien komeni zitzaion meza entzuten zuen. Gustu guztietarako aukerak zeuden. Izan ere igandeetan, goiz guztian zehar, meza bat baino gehiago izaten baitzen.

 

Domekero parrokixara juten nitzan mezetara, goizeko bederatziretan. Orduan mezia egoten zan sei t’erdixetan, zazpi t’erdixetan, zortzi t’erdixetan eta bederatziretan. Gero, hamar t’erdixetan, Meza Nagusixa. Hori domeketan. Lan-egunetan sei t’erdixetan, eta bederatziretan ere bai. Astian, sei t’erdixetakora juten nitzan. Urteko ixa egun danetan juten nitzan mezetara

Teresa Aginaga Madariaga

 

      Sasoi hartan zegoen apaiz eta elizgizonen kopuruak ere ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin.

 

Mezetara juten nitzan beti gazte denporan, sekula faltau gabe. Goizeko seiretako mezetara juten nitzan ni igandero. Orduan abade mordua izaten ziran Elgoibarren, sei bat edo bai behintzat. Don Jose Antonio, Don Severiano, Don Saturnino eta Don Julian gogoratzen dittut. Danak ezagutzen nittuan nik.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Elizak ondo beteta zituen bere lanpostuak; horrela bada, Altzolakoa moduko elizek ere izaten zuten parrokoa.

 

Mezetara derrigorrez jun bihar orduan. Altzolara juten giñan igandero. Bi meza zagozen. Astian bat, zortziretan edo, baiña jaixan bi: bat zazpiretan eta bestia hamarretan. Parrokua zaguan han, eta egunero zaguan mezia. Nik ezagutu naban Don Markos parrokua, bere monagillua izan nitzan ni umetan. Pertsona ona zan, terkua pixkat bai baiña....

Juan Lariz Garate

 

Aita Agirre, Don Antonio Arrillaga alkatearekin
eta sasoi hartako beste agintari batzuekin batera,
bere jaioterrira egin zuen bisitaldi batean.

      Pentsa dezakegun bezala, erlijioarekiko zaletasun handiegirik ez zuen jendea ere bazegoen. Hala ere, sasoi hartako gizartea zer nolakoa zen ikusita, hoberena zen pentsamolde hori ezkutuan eduki eta gainontzeko herritarrek bezala jokatzea, hau da, elizkizunetan parte hartzea.

 

D. Fr. FRANTZISKO AGIRRE (1863 - 1941)

      Frantzisko Agirrek, Aita Agirre izenaz ezagunagoa izan zenak, Dominikoen sotana zuria jaso zuen Toledon dagoen Ocaña herriko Santo Domingo komentuan, 1879ko Irailaren 13an. Elizgizon ikasketak egin zituen eta baita emaitza ezinobeekin bukatu ere. 1887ko Apirilean presbiteratua lortu zuen. Handik hilabete gutxira, Txinako Fukien probintziara iritsi zen. Bertan izugarrizko apostolatua egin zuen. Asian zehar, kristautasuna zabaltzeko lan garrantzitsua egin zuen, besteak beste, apaiz nahiz abadeak bideratuz, misioak zuzenduz eta eskolak sortuz.

 

Ni ez nitzan sekula mezetara jun, bigarren andriarekin ezkondu nitzan arte. Haura pozik eukitzeko jun egin bihar. 1954 edo 1956 urtian hasi nitzan mezetara juten. Baiña jauna hartzera ez, andriari laguntzera. Sekula ez dot erlijiuan sinistu. Gure aittak esaten zaban: elizia komertzio bat da, eta abadiak komertziantiak, kanpai joka hasten diranian, urreratzen dira ignorantiak! Beste hau ere bai: elizako atian ikatzarekin dago idatzitta: Hemen Jangoikuarentzat eskatzen da, baiña ez jako Jesukristori ere ematen! Gure aittak esaten zaban tximinixarik gabeko taillarra zala.

Eugenio Diego Aranburu

 

Baserri auzoetako biztanle guzti-guztiak
auzoko baselizan egiten zen elizkizunera
joaten ziren igandero. Aiastia (San Migel), 1945 urtea.

      Horretaz gain, elizgizonekin izandako harremanen ondorioz, desengainuak izan, eta elizan eta erlijio katolikoan jarrita zuen konfiantza galdu zutenak ere badira.

 

Elgoibarrera etorri nitzanian igandero juten nitzan mezetara. Baiña gero, ume txikixak nittuanian, jai egunetan ezin nitzan jun mezetara goizeko zortzirak baiño lehenago. Ez nakan pertsona bat umiak zaintzen lagatzeko. Orduan konfesatzera juten nitzan, eta behiñ Don Severianori (oso «seberua» zan apaiz haura) esan nion igandietan ezin nitzala jun mezetara, baiña zapatuetan baietz, ahal nabala. Eta esan zidan zapatukuak ez zabala balixo, ehizera juten ziranentzako bakarrik balixo zabala. Eta hola, Don Severiano apaizarekin izandako esperientzixa pasau eta gero, erlijiuak zentzu haundixa galdu zaban neretzat.

Felisa Bergaretxe Ardanza

 

      Bestalde, jaiei eskainitako atalean adierazi dugunaren arabera, estimazio handia izaten zuten herritarren artean erlijio kutsuko jai egunek, San Bartolome, San Anton edo Hirutasun Santuaren egunek, esaterako. Antzeko zerbait gertatzen zen Gabonetan edo Aste Santuan. Guztiak, fededunak nahiz fedegabeak, egun horiek noiz iritsiko zain egoten ziren; egun haietan atseden hartzeko aukera izaten baitzuten.

 

Gabonetan txarrixa hiltzen zan. Pozgarrixak izaten ziran egun harek, familixia alkartzen giñan. Poz haundixa egoten zan gurian. Txarrixa hildako jeneruak izaten ziran gurian bazkarixetan.

Sotera Zubiaurre Garitaonaindia

 

      Oro har, Gabonak egun aproposak izaten ziren familiako kide guztiak mahaiaren inguruan biltzeko. Ondo jan eta sabela bete ondoren, bazkalondoaz edo afalondoaz gozatzeko aukera izaten zuten. Batzuek, berriketan jarduteko aprobetxatzen zuten une hura, beste batzuek ordea, kartetan edo mahai jokoren batean aritzeko. Ondoren, lotara joaten ziren.

 

Urkiri basarrixan senide danak juntatzen giñan, ezkondu ziranak ere bai, andra edo gizonekin. Txarrixa hil berri egoten zan, ardi bat ere bai; eta hantxe jan eta edan eginda, su galanta egiñ, gero jokuan egin kartetan-edo, eta gero aspertzen giñanian... tira ba, ohera!.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Gure aiton-amonek ez zeukaten goizaldeko ordu biak edo hirurak arte geratzeko ohiturarik. Hala ere, beti izan dira salbuespenak, batez ere, kanpotik gure herrira bizi izatera etorri zirenen artean. Halaber, estatuko hainbat tokitatik Elgoibarrera etorri zen jendeak sorterriko ohiturak mantentzen jarraitu zuen.

 

Gure etxia jendez betetzen zan Gabon gabian eta hurrengo gabian ere bai. Han danak egitten zaben dantzan, nik izan ezik; nik diskuak eta musikia jarri bihar nittuan eta.

José Manuel Acosta Calvo

 

      Aste Santuari dagokionean, gutxi izaten ziren egun horietarako antolatzen ziren prozesioak galtzeko prest egoten zirenak. XX. mendearen hasieran, parrokiatik ateratzen ziren prozesio haiek eta Maalaraino iristen ziren. Han, buelta erdi eman eta parrokiara bueltatzen ziren berriz ere, Errosario kaletik barrena. Dena dela, hamarkada batzuk geroago, Ostegun Santu egunean, Ostiral Santuan eta Pazko Igandean egiten ziren prozesioen ibilbidea mozteko erabakia hartu zuten.

 

Aste Santuko prozesiora hamaika bider jundakuak gera gu! Hanka-hutsik Santua eruaten! Hamar bat bider eruan dot Santua. Parrokixatik urten eta Errosarixo kaletik bueltan. Eta batzuetan Maalaraiño ere bai. Gero ipiñi zeben zirkuito hau: parrokixatik urten, San Bartolome kaletik jun, Errosarixora pasau, eta elizaraiño berriro. Jende asko juten zan, eta asko luzatzen zan. Bi pertsona jartzen ziran alde baten, eta beste bi bestian Santua eruateko. Eta jende askok eruan nahi baldin bazaban, hiru eta hiru. Ordu erdi bat izaten zan. Kantzioren bat kantau egitten zan, eta Santua sartu berriro. Barixako Santuan egitten zan: Hil da Jesús! Abesti horrek fama haundixa zakan, eta hori egoten zanian, elizia bete egitten zan. Eguenian, barixakuan eta igandian egitten zan prozesiua. Igandian «procesión del encuentro» egitten zan, inportantiena.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Esan genezake, prozesio haiek, urtero gure herrian egiten ziren ekitaldirik garrantzitsuenetarikoak zirela. Elgoibartar ugari (batez ere, baserri auzoetakoak) hurbiltzen ziren Foruen plazara prozesioak hasi baino ordu batzuk lehenago. Horren guztiaren helburua zen hain gogokoa zuten ekitaldi hura ikusteko toki ona hartzea.

 

Aste Santuan oiñ baiño gehixago egoten zan, anbiente politxa. Prozesiua ikustera jende asko juten zan. Eta batzuek, ordu batzuk lehenago agertzen ziran tokixa hartzera, bestela, igual ezin ikusi.

Pedro Joxe Artetxe Egia

 

      Elgoibartarrek dirua ordaindu ohi zuten santua eramateko. Bakoitzak ahal zuena ematen zuen, eta azkenik, enkantean diru gehien eskaintzen zuenak izaten zuen santua eramateko «ohorea». Askok eta askok, promesaren bat betetzearren eramaten zuten santua.

 

Jesukristo kurutzian eruaten zabenak promesia eukitzen zaben, eta ez dakitt zenbat diru pagatzen zaben. Eruaten zabanak norberak pagau bihar izaten zaban.

Sotera Zubiaurre Garitaonaindia

 

      Joan den mendearen hasieran, prozesioan santua eramaten zutenei ogi pixka bat eta baso bat ardo ematen zizkieten ordain gisa. Hori bai, ibilbidea egin ondoren. Noiz edo noiz, parrokoa saiatu zen tradizio hori kentzen. Neurri hori hartzeko arrazoi gisa, esan zuen gutxitu egin behar zirela Elizaren gastuak. Baina elgoibartarren aurkakotasunari aurre egin ezinik, albo batera utzi behar izan zituen bere asmoak.

 

Gure aitta zanak eruaten zaban kajia. Orduan ogixa eta ardaua ematen ziuen kajia kalietan eruaten zabeneri. Baiña gero parroko bat egon zan, eta gasto asko zirala eta, hori kendu nahi izan zaban. Eta bera bi kriadarekin bizi zan. Eta gure aittak esan zion: ogixa ere ez dogu egingo, beti egon da eta horixe ez dozu konsegiuko! Analfabetua zan aitta, baiña hizketan ondo moldatzen zan.

      Teodosia Iriondo Garate

 

      Era batera edo bestera, Aste Santuak estimazio berezia izaten zuen gure herritarren artean, eta gaur egun ez duen indarra ere bazuen ospakizun hark. Egun pare bat jai izatearen kontua ez zen hilero gertatzen; eta horregatik, elgoibartarrek ondo aprobetxatzen zituzten jai egun haiek. Bakoitza bere erara, mundu guztia baliatzen zen egunerokotasunari ihes egiteko aukera hartaz.

 

Aste Santuan errespetu haundixa egoten zan. Prozesiua egoten zan herriko kalietan. Eta pixkat nagusittu giñanian, prozesio ostian, Kakatzara etorri, sagardaua edan eta antxoia jan. Eta hantxe zan sagardotegixa, sagardaua saltzen zeben han. Holako baso koxkorra, bost zentimuan, txakur txikixan. Eta han egun horretan erreko ziran ez dakitt zenbat kilo antxoa. Antxoak erre eta bat egoten zan barrikan basuak betetzen, eman eta eman eta eman, txakur txikixan. Aizpitartenekua zan sagardotegixa.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Gorpuzti edo bestaberri egunean eta auzoetako jaiegunetan egiten ziren prozesioek ere harrera ona izaten zuten gure aiton-amonen artean.

 

Prozesiuak luziak izaten ziran, jende guztixak bueltia ematen zaban herrixan. Eta gero, Korpus egunian ere egitten zan. Egun haretan iñoiz jun izan gera mendira mieluak ekartzera. Bota egin bihar ziran kalian.

Unzueta Iriondo ahizpak

 

Idotorbeko (San Pedro) auzotarrek, urtero,
prozesioa egiten dute santuaren ohoretan.
Prozesio hau San Pedro egunean ospatzen da.

      Umeren bat bataiatzen zutenean ere ospakizunak egiten zituzten gure nagusiek. Gehienetan, familiak etxean biltzen ziren bazkari berezitxoren bat egiteko. Horrek ez du inolako zerikusirik gaur egungo ospakizunekin. Sasoi hartan aita eta ama besoetakoak, aiton-amonak eta seniderik hurbilenak bakarrik joaten ziren bataio-bazkarira.

      Jaunartzeak ere desberdinak izaten ziren. Egun hartan, gehienetan, ospakizun xume bat egiten zen. Etxean bazkaltzen zuten; eta egun hartako bazkaria, egunerokoarekin konparatuta, berezi samarra izaten zen. Hala eta guztiz ere, sasoi hartako neska-mutikoek egun hura iristeko ilusio handia izaten zuten.

 

Komunixua parrokixan egin naban. Orduan danak egitten zaben. Zortziretan egitten zan komunixua. Larogei bat neska-mutill alkartu giñan komunixua egitteko. Bazkari berezi bat egin genduan egun haretan. Gaur egun baiño estimauagua zan egun haura. Oillo bat hiltzen bazan ere, pozik.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Egia esan, jaunartze egunean apenas egiten zen gauza berezirik, baina «Elgoibartarren Esanetan» izeneko programan elkarrizketatutako ia pertsona guztiek oso gogoan dute nola bizi izan zuten egun hura.

 

Jaunartzia mojen ospittalian egin genduan, eta ostian, armozua, txokolatia, haura izan zan estraordinarixua guretzat. Bestela, etxian ez zan ezer berezirik egitten. Nahikua zan amak soiñekua eta bestelakuak preparatziarekin. Lehen ez ziran egitten oingo banketiak. Bazkarixa korriente. Guk, lau mutillek ta lau neskak egin genduan, hamaika urterekin.

Sotera Zubiaurre Garitaonaindia

 

Lehenengo Jaunartzearen eguna
oso berezia izaten zen gure aiton-amonentzat.

      Eta haien oroimenetik hainbat gauza desagertu badira ere, beste hainbat gauza ondo gogoan dituzte. Egia esan, inori ere ez zaio ahaztu jaunartze egunean zer nolako jantziak eraman zituzten.

 

Nere komunixua sentzillo samarra izan zan. Zuriz jantzitta jun nintzan, habittua jantzi gabe, hori gerokua da eta. Parrokixan egin naban. Guztira, hirurogei bat neska-mutill izango giñan. Egun haretan etxian bazkari berezixa egin genduan. Beti zaguan zeozer etxian jateko, eta konejo bat edo jan genduan.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Jaunartze egunean janzten zuten arropa zela eta, bazen ondokoen mesfidantza eta esamesak jasan behar izan zituenik ere.

 

Nere komunixuan mariñel jantzitta jun nitzan. Akordatzen naiz kordoi zurixa eruan biharrian gorrixa eruan nabala, azulari ondo etortzen zitzakolako. Eta nik neure artian: «Esango die zeozer!». Nere aitta naukan goguan, sozialistia zan eta. Eta, hara, baten batek esan zidan «Aizu, zelan ipiñi dozu kolore gorrixa? Eta nik erantzun nion azularekin ondo geratzen zala. Baiña horrek amorrua eman zidan. 11 edo 12 urterekin egin naban komunixua. Alde batian mutillak gauden, eta bestian, neskak. Baiña ez genduan ospatu.

José Gurrutxaga Ondartza

 

      Egia esanda, jaunartze eguna ondo finkatuta geratu da gure nagusien oroimenean. Are gehiago, batzuentzat haien bizitzako une berezienetariko bat izan zen hura.

 

Ondo akordatzen naiz nere komunixuarekin. Elgoibarren egin naban, kalian. Hamaika urterekin egin naban. Igual 200 neska-mutill izango giñan, herri guztikuak. Goguan dakat nola jun giñan: traje berri-berrixa jantzitta. Eta egun haretan Elgoibarren konfirmaziua tokau zan. Eta obispua etorri zan. Eta berak eman zigun komunixua guri. Eta ondiokan ere esaten die Elgoibarren: Joxe, akordatzen haiz nola eman zixan obispuak? Nola ez naiz akordauko, ba! Obispuak ematia beti izan da harro egoteko motibua.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Aurreko mendearen lehenengo urteetan, ezkontzetan egiten ziren ospakizunak eta gaur egun egiten direnak oso desberdinak ziren. Oso arrunta zen gure herriko bikoteak goizeko 6:00etan edo 6:30ean ezkontzea.

 

Elgoibarren ezkondu nitzan, goizeko seiretan, parrokixan daguan kapilla batian. Ezkondu eta gero, Donostiara jun giñan eztei-bidaira. Egunian bertan jun eta etorri egin genduan. Kuñatiarekin eta jun giñan, laurok. Trenian jun, eta trenian etorri. Illunduta zaguanian aillegau giñan Aldapa basarrira. Guk ez zakigun Donostia ixa nun zaguan ere, eta horretxegaittik ez genduan Donostiarekin asko disfrutau. Traje beltza eruan naban, eta nere gizonak traje marroia, bere amak egindakua. Neria, nik neuk egin naban. Banketia gabian egin genduan Aldapa basarrixan. Ganbaran izan zan, eta 47 lagun bildu giñan. Ordurako asko zan. Manuel Agirre «Gelatxo» ibilli zan soiñua jotzen eta ahizta zaharrena, Frantziska, panderuarekin. Nik ez naban panderua jo, ezta dantzan egiñ ere, lotsia ematen zidan eta.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Ezkondu ostean, jendeak zoriondu egiten zituen ezkon berriak. Ondoren, herriko tabernaren batera joaten ziren bazkaltzera, gertuko senideekin eta lagunekin batera. Aitzitik, ezkontza ospakizunak baserrietan egiten baldin baziren, haiek hiru edo lau egun iraun zezaketen. Kasu horietan, ohikoena zen, bikoteari oparitutako generoarekin, janean eta edanean bapo ibiltzea.

 

31 urterekin ezkondu nitzan Elgoibarko parrokixan, Gloria Maiztegirekin. Goizeko sei t’erdixetan ezkondu giñan, gero armozau, eta Bilbora jun giñan. Armozau genduan Kondenian, gaur egun plazako arkupiak dagozen tokixan zaguan tabernia.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Ondoren, ezkonberriak hainbeste desio zuten eztei-bidaia egitera joaten ziren. Inguruko hiribururen batera joaten ziren, batez ere, Donstiara edo Bilbora. Oso gutxitan egiten zituzten astebete irauten zuten bidaiak.

 

Ezkontza-bidaia Bilbora egin genduan. Asko zan Bilbo orduan. Asteazkenetikan igande illuntzera arte egon giñan. Iglesias taxistiarekin jun giñan estazioraiño; trena hartu ta Bilbora. Pentsio batera jun giñan, eta oso ondo pasau genduan. Nik oso ondo ezagutzen naban Bilbo, soldadutzan pare bat urte eman nittuan nik han eta.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Edonola ere, eztei-bidaiaren nondik norakoak eta iraupena familia bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoak izaten ziren.

 

Ezkon-bidaia Panplonara egin genduan, trenez. San Fermiñak ziran, eta eziñ egon han. Zarata haundixa zaguan, eta ezin genduanez lorik egiñ, Madridera jun giñan hurrengo egunian edo bi egun geruago. Zortzi egun eman genduzen han, eta handik Bartzelonara jun giñan, beste astebete pasatzeko. Eta Kanariasera juteko asmua ere bagenduan, baiña bero haundixa pasatzen ari giñan, eta nere gizonari esan nion Elgoibarrera bueltatzeko. Ordurako biaje haundixa izan zan guria, gitxik egitten zeben hori.

Sotera Zubiaurre Garitaonaindia

 

      Bitxikeria gisa, esan daiteke, soldadutza egiten ari zirela edo Gerrate Zibilean zebiltzala, gure aitonek ezagutu zituzten tokiak ezkon bidaia egiteko ohiko toki bihurtu zirela.

 

Ezkon bidaia Zaragozara egin genduan. Dirua gastau artian egon giñan, 12 edo 15 egun. Pentsio batera jun giñan beste bikote batekin. Andriaren anaixa ezkondu zan, eta eurekin batera jun giñan. Ondo ezagutzen naban nik Zaragoza. Denpora askuan egon nitzan han soldadu, hiru bat urtian edo. Donostiatik jun giñan autobusian.

Juan Lariz Garate

 

Eulogio Estarta enpresari elgoibartarraren
hileta-elizkizuna herrian gogoratzen den
jendetsuenetarikoa izan zen. 1955 urtea.

      Senideren bat hiltzen zenean ere gure herriko familiak mahaiaren bueltan biltzen ziren. Oturuntza horri «entierroko bazkarixa» deitzen zioten. Bazkari hartan jende asko batzen zenez, tabernaren batera joaten ziren. Aurrekoaz gain, beste oturuntza bat ere egiten zuten, etxekoren bat hiltzen zenean. Bertan, «entierroko bazkarira» joan zen antzeko jende kopurua elkartzen zen. Hileta egin eta bederatzi egunetara egiten zen. «Honra janak» deitzen zitzaion, eta dagoeneko, janari eta edanari dagokion kapituluan aipatu dugu oturuntza horri.

 

Orduan usatzen zan baten bat hiltzen zanian, elizan mezia egoten zan egunero, bederatzi egunez, eta haura amaitzen zanian banketia egitten zan kalian, taberna batian. Hori gero kendu egin zaben, eta pake edarra, gaiñera. Lehen nahiko arazo, eta gaiñetikan gastu asko izaten zan.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Dirudienez, heriotza baten ostean egiten ziren bazkariak bertako, eta batez ere, baserri auzoetako ohituren parte ziren.

 

Baten bat hiltzen zanian basarrittarrak bazkarixa egitten zeben entierrora juten zan jendiantzako, honretan. Kaleko jendiak ez zaban egitten, entierrua egin, eta akabo holako gastorik gabe.

Teodosia Iriondo Garate

 

      Beste alde batetik, Elgoibarkoa bezain gizarte tradizional batean oso ohikoak izaten ziren sinismen paganoak. Oro har, gurasoak izaten ziren sorginei eta mitoei buruzko istorioak eta ipuinak euren seme-alabei kontatzen zizkietenak. Horretaz gain, aiton-amonek ere zeregin garrantzitsua izaten zuten tankera horretako gauzak irakasterako orduan.

 

Jendiak esaten zaban kanpora juten ziranian hanka hotsak entzuten zittuela, hanka zaratia entzuten zebela. Nere amak, Agustinak, nere aita Domingorekin kaletik bueltan zatorrenian hanka hotsak ere entzuten zittuala esaten zaban. Eta aittak kasorik ez egitteko esaten zion, txakurren bat pasauko zala ondotikan eta. Nik ez dakitt gizurrak ala egixak ziran, baiña nere gurasuak ez zeben gizurrik esaten.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Gure aiton-amonen garaian sinesmen pagano askori buruz hitz egiten zuten. Hala ere, kontakizun haietako gehienak haurrek baino ez zituzten aintzat hartzen.

 

Gauza horrek lehen asko entzuten ziran. Gure aitta oso zalia zan holakuak kontatzen. Neguan geundenian ba... gaba luzia, eta afaldu eta gero errosarixua errezau ixilikan. Eta gero, su onduan, aitta egoten zan sorgiñen kontuak esaten, ama iñoiz ere bai, baiña gehixenetan aitta. Gu haretxeri entzuten, aho zabalik. Txikixak giñanian sinisten genduan. Gero, ez.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Zoritxarrez, frankismoaren garaian, utzi egin zitzaion, gure herriko etxeetan, tankera hartako sinismenak transmititzeari.

 

Sorginkerixak esan bai, eta entzuten ziran. Horrek danak pistoliak desaparezittu zittuan.

Markos Arregi Iriondo

 

      Ezin, bada, erlijioari eskainitako kapitulu honi amaiera eman Santa Klarako klausura komentu zaharra aipatu gabe. Han bizi ziren mojen bizimodua misterio handia zen sasoi hartako elgoibartarrentzat; izan ere, klausurako kongregazio baten parte zirenez, ez zuten komentuaren esparrutik irteterik.

 

Baten bat bisittia egittera juten baldin bazan, presuak bezela zan, erreja tartian. Handik hitz egin. Eta han, testiguekin bezela, beste monja batzuen bistan; eta holan.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Santa Klara komentu zaharreko mojek
klausura-botoa egiten zuten, eta ez ziren handik irteten.

      Edonola ere, herritarrek oso begi onez ikusten zituzten mojek betetzen zituzten zereginak. Mojek bazuten pertsona bat herriko dendetan erosketak egin eta elgoibartarren lan eskaerak jasotzeko.

 

Santa Klarako konbentu zaharrian «Sindi» esaten ziuen bat zaguan, eta harek egitten zittuan kaleko errekau guztixak. Baiña zuk monjekin berba egin bihar baldin bazenduan, ikusi gabe egin bihar, rejillak zaukazen aparato batetik egin bihar berba, ikusi gabe. San Lorentzo baillarakua zaguan hor, Zuluetakua, Rosario. Erropia errepasau egitten zeben han, eta halako errepasuak egitten guk ez zakigun, eta hara eruaten genduan. Rejillak zittuan bentanilla haretan haretxekin berba egin. «Sindi» harekin egitten genduan berba.

Maria Epelde Arriola

 



elgoibarko udala