ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

III. Eskola

 

      Aita Agirre plazako eskola zaharrak izan ziren, gure herrian, umeek jasotzen zuten eskola heziketaren erreferentzi ardatz. Hala ere, Elgoibarren bazen eskola gehiago. Izan ere, joan den mendearen hasieran, gure herriko auzo askotan eskola propioa eduki zuten: SallobenteErmuaranen, Idotorben (San Pedro), Aiastian (San Migel), eta Altzolan esaterako. Horietaz gain, gogoan izan behar dugu Don Erasmoren eskola, eta Maalako komentuaren ondoan zegoen mojen eskola.

 

Aita Agirreko eskola zaharra. XX. mendearen hasieran.

      Gaur egun, eskola haurrak hezteko eta gizarteratzeko zutaberik oinarrizkoena baldin bada ere, kontuan izan behar dugu sasoi hartan familia bakoitzaren egoeraren arabera, garrantzia handiagoa edo txikiagoa ematen zitzaiola eskolari. Horrela bada, ekonomikoki hobeto zeuden eta kultur maila handiagoa zuten familiek txiki-txikitatik bidaltzen zituzten haurrak eskolara. Eguneroko ogia atera behar zuten etxeetan, berriz, eskola bigarren mailakoa zen. Elgoibarren, XX. mendearen hasieran, haur elgoibartar askok ez zuen irakurtzen ikasi, ezta idazten ere. Baziren beste lehentasun batzuk etxean, eta eskulana, beti, ongi etorria izaten zen.

 

Ni ez nitzan jun eskolara. Bakarrikan andra zahar batena jun nitzan eta han ikasi naban dotriņia. Besterikan nik ezer ez dakitt. San Lorentzon bazaguan eskolia… gizon txiki bat egon zan maixu, kanpotik etorrittakua eta eskolako ganbaran egoten ziran danak, neska koxkorrak eta mutil koxkorrak, danak alkarrekin.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

IBINAGAKO PEDRO

      Jaiotzez ermuarra. 1560an lehenengo udal eskola ireki zen Elgoibarren, eta bera izan zen eskola hartako lehenengo maisua.

 

Maalako eskola zaharra. Dagoeneko, desagertuta dago.

Hamar urtekin jun nitzan lehenengo aldiz eskolara, hamaika urte arte. Gero esnia kalera eruaten genduanez, bide batez, kalian hasi nitzan Don Erasmoren eskolan. Baiņa komulgau nitzanian, kanpora. Don Erasmo zan maixua, eta gaur egun Armueta karnizerixia daguan tokixan zaguan eskolia. Lelengo San Lorentzoko eskolan egon nitzan eta gero kalian. Ume mordua juntatzen giņan orduantxe eskolan, 50etik gora bai. Maixua Txanbolinen aittita zan, Silivestro Ansola. Dotriņia, letzia, idaztia... ikasten gendun hantxe. Kontuak eta itxen nik ez naban ikasi. Baserrixan beti egoten zan lana animalixekin, eta etxeko gaztiena nitzanez, holako txutxerixak nik egitten nittuan. Beste prioridade batzuk zauden orduan.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Hala ere, herriko neska-mutilik gehienak, haien haurtzaroko urte batzuetan behinik behin, eskolara joan ziren: batzuek, ozta-ozta, oinarrizko eragiketa matematikoak ikasteko (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) lain, edo besterik gabe, irakurtzen eta idazten ikasteko lain. Hala ere, gutxi batzuek, lehen ikasketak burutu ondoren, ikasten jarraitzeko aukera izan zuten. Hori bai, eskolara joan ziren guztiek erlijio katolikoaren jarraibide oinarrizkoak ikasi zituzten.

 

Nik eskola publikuetan ikasi naban Aita Agirre plazan. 14 urtera arte. Publiketan urte birekin hasi nitzan, lehenengo parbuluetan eta gero, 6 urterekin, gora. Behian, edifizio berdiņian, parbuluak zaguazen. Gero, 14 urterekin, Eibarrera jun nitzan kontabilidadia ikastera. Ordubete egitten gendun egunian, jun ta etorri egitten gendun. Urtebete edo egongo nitzan Eibarren ikasten. Akademia baten ikasten naban. Trenian juten giņan. Orduan Eibarrerako biajia 45 zentimo izaten zan: jun eta etorri.

Rosa Unzueta Iriondo

 

Eskola publikuetara jun nitzan Aita Agirre plazan. 7 bat urterekin hasiko nitzan ikasten. Lehen parbulotan ere egon nitzan hantxe bertan. Saturnino Ciaran izan zan irakaslia; horrek bai merezi zabala omenaldixa! Eskolia, ipurdixa garbittu umieri... danetarik egitten zaban harek. Gero, Pilar ikastetxia ipiņi zabenian, hara pasau giņan. Orduan duro bat pagau bihar izaten zan. 15 urtera arte egon nitzan Pilarren. Danetarik ikasi gendun hantxe, baiņa dotriņia zan printzipala. Oso ondo erakutsi ziguen dotriņia hantxe.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

Umeak, opariak eskuetan hartuta,
Altzolako eskolaren atarian.

      Gure herriko eskoletan, irakaskuntzan jardun zuten ia maisu-maistra guztiak kanpotarrak ziren. Gehienetan, Euskal Herriko hainbat herritatik etortzen ziren. Hala ere, bakarren batzuk espainiar estatuko beste erkidego batzuetatik etorri ziren: Gaztela-Leon, Kantabria edo Asturias, esaterako. Zer esanik ez, gerra ostean, irakaskuntzan erabiltzen zen hizkuntza bakarra gaztelania zen.

 

Aita Agirreko eskoletan Doņa Basilia, Doņa María, Doņa Adelaida eta Doņa Priscila izan ziran ezagutu nittuan maestra batzuk. Danak kanpokuak ziran, eta erderaz egitten gendun dana. Euskeraz maestriak ere ez zakixan.

MĒ Josefa Unzueta Iriondo

 

      Garai hartako eskola dinamikak ez zeukan zer ikusirik gaur egungoarekin. Nahiz eta eskola ordutegia gaur egungoaren antzekoa izan, abuztuan eta Gabonetako nahiz Aste Santuko egun garrantzitsuetan bakarrik izaten zituzten oporrak.

 

Gelan dagoen Diktadura garaiko ikasle talde baten ohiko irudia.

Oporrak izaten ziran agostuan edo, baiņa ez oin modukuak, hiru hillabetekuak eta holakorik, ez. Hillabete bat edo izango zan. Aste Santuan ere egun bat bakarrik. Ez oingo moduan, hamabost egun.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Eskola Publikoetako ikasleak Gernikako Arbola
ikustera joan zireneko txangoa. 1933ko uztailaren 15a.

      Eskolako irteerak eta txangoak ere bestelakoak izaten ziren. Noiz edo noiz, auzoetako eskola umeek irteeraren bat egiten zuten euren maisu-maistrekin batera. Gehienetan, ondoko mendiren batera joaten ziren.

      Ikasturte bukaerako txangoa noiz egingo zain egoten ziren Pilar ikastetxeko, eskola publikoetako, eta noizean behin, Altzolako eskoletako umeak. Txango haietan inoiz ez ziren oso urrutira joaten. Ondarroako hondartzara joan zirenekoa, Gernikako arbola, edo Getariako Juan Sebastian Elkanoren irudia ikusi zituztenekoak maitasun bereziz gogoratzen dituzte garai hartako ikasleek.

 

Altzolako eskoletan egonda eskursioren bat ere egin gendun. Ni gogoratzen naiz, eta istorixa politta daukat gaiņera. Maistriak esan zigun Getarixara jun bihar genduala Elkano ikustera. Etxera etorri, esan naban, eta amak esan zidan ez naukala juterik, erroparik ez naukalako. Orduan amamak zakazen seme-alabak Argentinan, eta harek noizian behiņ pakete bat bidaltzen zeben barkuan erropaz beteta, eta erropa horrek guk ibiltzen genduzen. Eta amamak erropia ekarri, probau eta haretxek jantzitta jun nintzan ni Elkano ikustera. Oso pozik gogoratzen det nik egun hori. Ni ez nitzan gauza askotan fijau baiņa hara jutiakin nahikua zan, eta Elkanoren estatua nola ikusi naban oso ondo gogoratzen naiz.

Markos Arregi Iriondo

 

EZENARRO, BERNARDO. (1873 - 1956)

      Irakaslea. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademian amaitu zituen ikasketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Elgoibarrera bueltatzean, Marrazketa Akademiaren ardura hartu zuen. 1916an Arte eta Lanbide Eskola sortu zuen Elgoibarren. Bertako zuzendari izan zen 78 urterekin jubilatu zen arte. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. 1969an herriko kale bati bere izena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Gaur egun, Lanbide Heziketa Institutuak bere izena darama.

 

      Baina ez dago arrosarik arantzarik gabe. Arrazoirik gabe eskolara ez joatea, eskola garaian lagunen artean euskaraz egitea edo biraoak esatea, nahikoa arrazoi izaten ziren zigorra jasotzeko. Batzuetan, ikasleak buru makur uzten zituzten zigor haien ondorioz.

 

Santa Klarako eskolaren inaugurazioa.

Eskoletan zigorrak izaten ziran. El Pilarreko eskolan esaten ziguen igual 40 aldiz idazteko egindako faltia: Ģno debo faltar a claseģ, Ģtengo que estar en silencio en claseģ... baiņa ez ziguen jotzen.
Horretarako zaguan Don Erasmo, bera bai zala Ģcampeķn de campeonesģ! Harek bai jotzen zittuala ikasliak! Ni ez nitzan ibilli harekin, baiņa entzuten zan. Entzunda dakat baten bati esan ziola egitteko 10 aldiz, lurrian etzanda, kurutze bat mingaiņakin.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

Ikasle talde bat, irakaslearen ondoan.

 



elgoibarko udala