ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

XI. Janzkera eta irudi pertsonala

 

      Denok dakigu gaur egungo gizartean nerabe eta gazte asko direla, komunikabideek eraginda, janzterako orduan, miresten dituzten pertsonaia publikoak (aktoreak, kirolariak, abeslariak...) erreferentzia puntu gisa hartzen dituztenak.

      Aitzitik, gure aiton-amonen sasoian inori ez zitzaion bururatzen, arropa erostean, norbaiten janzkera imitatzea. Ondo gogoan izaten zituzten etxeko estuasun ekonomikoak, eta beti ere, konforme egoten ziren eskueran izaten zuten arroparekin. Horrek ez du zerikusirik gaur egungo egoerarekin.

 

Tergalezko soiñeko batzuk ibiltzen genduzen. Jaiko erropak hobiak izaten ziran. Basarrixan erropa bat ibiltzen gendun lanerako eta gero, kalerako, kanbixauta. Elgoibarren kalian erosten gendun erropia. Engrazianeko dendan, akordatzen naiz. Gaur Madalenan daguan botikaren onduan zaguan. Oiñetakuak, abarkak ibiltzen genduzen. Orduan erropa danak antzerakuak izaten zian.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Joan den mendearen lehenengo hamarkadetan, oro har, gure herritarrek arropa bat izaten zuten «astegunetarako», eta beste bat, «igande eta jai egunetarako». Are gehiago, sasoi hartan ez zegoen arropa berezirik ez mendira joateko, ezta kirola egiteko ere. Ez zegoen zeukatena baino arropa gehiago erosteko aukerarik, eta hura erabili behar gauza guztietarako. Egoera hura, ordea, desberdina zen baliabide ekonomiko hobeak zituzten familietan. Baina, zer esanik ez, familia haiek gutxiengoa ziren Elgoibar bezalako herri langile batean.

 

Gazte denporan bata batekin eta alpargatekin ateratzen giñan kalera eta domeketan beste erropa batekin. Igandeko erropak berrixenak eta polittenak izaten ziran. Erropak eta dana lan egitxen naban ugezaben dendan erosten gendun orduan.

Teodosia Iriondo Garate

 

      Antzeko zerbait gertatzen zen garai hartan erabiltzen zituzten oinetakoei dagokienean. Abarkak eta abarketak ezinbestekoak ziren gure aiton-amonen janzkeran. Elkarrizketatu guztiek zapata pareren bat bazutela adierazten duten arren, une berezietan bakarrik erabiltzen zituztela diote.

 

Zapatak gitxitan usatzen ziran, ixa beti abarketak eruaten genitxun. Horrek ensegida apurtzen ziran, bihatzetan zulatu egitxen ziran. Eta gero berrixak bihar.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Norbere buruaren garbiketari dagokionez, gogorarazi behar dugu sasoi hartan, herriko ia baserri gehienetan ez zegoela dutxarik. Egoera hartan, baserriko sukaldean garbitzen ziren atalka, bestela, sukaldean berotutako ura botatzen zuten barreinu batera garbitu ahal izateko. Hori zen ohikoena. Hala ere, eguraldi ona iristen zenean, baserri auzoetako elgoibartarrak askan garbitzen ziren. Etxetik hurbil erreka edo errekastoren bat egonez gero, bertan ere garbitzen ziren.

 

Dutxarik ez zaguan etxian: atarixan egoten zan aska haundi bat eta hantxe ibiltzen giñan danak sartuta... eta horixe zan gure dutxia. Ura bazaguan etxian ere, baiña hara juaten giñan. Hotza egitxen zabanian, ez giñan han sartzen. Neguan, koziñan berotzen gendun ura, eta harekin arreglatzen giñan.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

      Gure aiton-amonek garbitzeko erabiltzen zuten xaboia baserrian bertan egindakoa izaten zen. Horretarako, koipea egosten zuten. Baina xaboia ez zen Elgoibarko familiek gehien erabiltzen zuten produktua. Izan ere, sasoi hartan, elgoibartarrak, beste leku batzuetatik etorritako pertsonak bezalaxe, astean behin bakarrik dutxatzen ziren. Egia esan, sasoi hartako baldintzak ez ziren egokienak, gaur egun, hain atsegina eta erosoa den dutxarekiko zaletasuna pizteko. Baina garai hartan, gauzak arras desberdinak ziren, eta gure aiton-amonak, gehienetan, igande goizetan dutxatzen ziren. Lehendabizi, baserriko lanak egiten zituzten, eta ondoren, dutxatu egiten ziren. Izan ere, nahitaezkoa izaten zen mezatara joan aurretik, dutxatu eta arropa aldatzea. Hala ere, batzuk igandea iritsi baino lehen dutxatzen ziren. Sasoi hartan, lan-jarduna larunbat arratsaldera arte luzatzen zen. Eta bat baino gehiago lana bukatzerako lur jota gelditzen zenez, Deba ibaian bainatzen zen lanetik irten bezain laster. Hori bai, hura gazteen kontua izaten zen.

 

Sallobente-Ermuaran auzoko Mokoroa baserriaren
atarian ateratako irudia, 1925 urte inguruan.
Ezkerretik eskuinera: Migel Arozena, Josefa Etxaniz,
Libereta Aranbarri eta Juan Egia.

Dutxarik orduan ez zaguan, baiña nik kontauko dizut nere lehenengo dutxia nun hartu naban. Uda baten nere amaren ahizpa bat Argentinatik etorri zan hona. Lehen izaten zan... erropia garbitzeko egosi egitxen zan eta egosteko lixibia erabiltzen zeben. Eta gure etxian zaguan harrizko zulo bat eta han ipintzen zan gaiñian barrika txiki bat erropaz beteta, sare baten barruan, eta hari ura, erramua, sutako hautsa... bota eta erropia han egosi eta gero, errekan edo askan aklaratzen zan. Gero egoten zan leun, leun, leuna erropia. Eta nik nere lehenengo dutxia zulo haretan hartu naban. Eta tiak baldiakin ura bota eta holaxe hartu naban. Zapatu gabetan, aste osua lanian egon eta gero, mutill kuadrillia errekan baiñatzen giñan garbitzeko.

Markos Arregi Iriondo

 

      Gure aiton-amonek euren burua zaintzeko zituzten ohiturekin jarraituz, ilearen zainketari erreparatuko diogu. Ia elkarrizketatu guztiek adierazi diguten bezala, ama izaten zen estreinakoz umeei ilea mozten ziena. Asmoa ilea apaintzea izan arren, ez zuten beti horretan asmatzen. Jarduera hura ohikoa izaten zen haurtzaroan eta nerabezaroko lehenengo urteetan. Baina behin gaztarora iritsiz gero, ile-apaintzailearengana joaten hasten ziren. Hori, batez ere, gizonezkoen artean gertatzen zen.

 

Illea moztu, txiki-txikittan amak egitten zigun etxian. Gero pixka bat nagusitzen giñanian pelukerixara juaten giñan. Agapitorena juaten giñan. Ez dakitt, errial bi edo eskatzen zigun; ez nago oso seguru.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Aiastia (San Migel) auzoan hartutako irudia,
1935 urtean.

      Gaur egungo egoerarekin zerikusi handirik ez badu ere, sasoi haietan ere egoten ziren modak. Horrela bada, ile luzea izaten zen gizonezkoek emakumeengan gehien estimatzen zutena. Horregatik, emakumeek nahikoa izaten zuten, noizean behin, ilearen puntak eta bekokiko ilea moztearekin. Hala ere, bazegoen ile motza eramatea nahiago zuenik. Ia beti, emakumea bera edo hurbileko senideren bat izaten ziren ilea konpontzen aritzen zirenak.

 

Pelukerixak bazauden, baiña gu ez giñan juaten. Neri amak mozten zidan illia, hilbeheran. Nere anaixeri pelukerixetan mozten ziuen illia. Pelukero bat akordatzen naiz, Agapito. Gaur egun, Osoro zapaterixia daguan onduan zaguan, San Frantzisko kalian.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Halaber, garai hartan, emakumeek makilatzeko aukera ere izaten zuten. Baina ohitura hura ez zegoen ondo ikusita, eta oso gutxi ziren makilatzen zirenak.

 

Makillajerik ez naban hartzen. Egon, bazaguan, baiña neri arpegixa erretzen zitzatan.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Gaur egun eta sasoi hartan, oso ohitura desberdinak zeuden eguzkia hartzearen inguruan. Gure aurrekoek ez zuten, gaur egun bezala, eguzkia hartzeko ohiturarik. Haientzat gerizpea zen eguzkiak zuen gauzarik hoberena. Gainera, azal zuria zen modan zegoena.

 

Gurutze Gorriaren aldeko diru-bilketa batean
parte hartu zuten gazteak. Gutxi gorabehera 1920 urtea.

Ezpaiñak pinttau... lokatziakin, bai. Baten bat ezpaiñak pinttauta ikusten banaban, «Kotxino!» esaten gendun... Eguzkixa hartu... lanera juaten giñanian, bai. Dana beltz-beltz eginda egoten giñan orduan.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 



elgoibarko udala