ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren eta proiektuak www.elgoibartarrenesanetan.eus webgunea ere badu. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

VIII. Jaiak

 

      Joan zen mendean jai ugari ospatzen ziren Elgoibarren: herriko patroien, San Bartolomeren eta San Antonen, omenezkoak, esaterako. Horretaz gain, auzoetako jaiak, eta hainbat egun seinalatutan, Trinitate, San Blas, Santa Ageda egunetan edo elizako beste zenbait jai egunetan egiten zirenak ere oso entzutetsuak izaten ziren.

      Baina jai horien guztien artetik «Sanbartolomiak» ziren garrantzitsuenak. Izan ere, industrian ziharduten elgoibartarrek egun horiek iritsi arte itxaron behar izaten zuten hainbeste desiratzen zituzten udako oporrak hartzeko. Opor haiek apenas irauten zuten astebete edo bi, baina inor ez zegoen herriko jairik estimatuenak galtzeko prest.

 

1942 urtian Sigman hasi nitzan lanian. Sasoi haretan, domeketan bakarrik izaten gendun jai. Eta guztira, zazpi edo hamar jai egun urtian. Opor harek abuztuan izaten ziran, San Bartolome jaixetan. Haura zan ilusiua, haura! Oporren bezperan kanpai-jotzia izaten zan, eta diruaren sobria eskuetan bero-bero zeguala, ba... San Bartolome bezperan hartzen genduzen oporrak, eta iraillaren bostian bueltatzen giñan lanera. Ordaindu egitten ziguezen oporretako egunak.

Teresa Aginaga Madariaga

 

Gure herriko jaietan betidanik egin izan dira
dantzarien eta dultzaineroen ekitaldiak.

      Joan zen mendearen lehenengo erdialdean, gure herriko jai nagusiek hiru egun irauten zuten: San Bartolome eguna, San Bartolome txiki eguna eta hurrengo eguna. Gure aiton-amonen «Sanbartolomiak» gureak baino askoz laburragoak ziren arren, asko dira antzinako eta gaur egungo jai egitarauetan errepikatzen diren ekitaldiak: besteak beste, sokamuturra, su artifizialak, Udal Musika Bandaren kontzertua, meza nagusia, esku pilota partidak, txistularien kalejira edo dultzaineroen ekitaldia.

      Aipatzekoa da, Gerra Zibila bukatu ondoren, militarren musika bandek garrantzia handia hartu zutela «San Bartolomietako» jai egitarauan.

 

Elgoibarko jai onenak San Bartolomiak ziran. Fama asko zauken. Hasieran 3 edo 4 egun izaten ziran, baiña gero astebetera luzau ziran. San Bartolomietan kanpaiak izaten ziran sokamuturra hasi baiño lehen; gero, San Bartolome egunian Bandaren kontziertua izaten zan, eta mezia. Jeneralian, banda militarra etortzen zan orduan, Burgosekua. «De categoria» zan. Profesionalak ziran. Egun guztia instrumentueri begira. Oso giro ona egoten zan txikiteuan. Gaiñera, nola lehen jendiak kantau egitten zaban asko... oingo gaztiek ez debe kantatzen. Sokamuturra ere egoten zan, eta enbolauak Plaza Txikixan. Gabian musikia zaguan. Eta tiobibuak, norixia eta hori.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

San Bartolome egunian Meza Nagusixa egoten zan lehenengo, eta gero pelota partiduak, luziaguak! Eta partidua amaitzerakuan musikia egoten zan. Baiña ez zan amaitzen sekula. Bi edo hiru partidu ipintzen zittuen eta! Ni partidua ikustera juan naiz, urte askuan. Sokamuturra ere egoten zan goizian. Gu juaten giñan, han zezena eta gu beste puntan. Txiki eguna ez zan gaur modukua. Orduan arratsaldia zan politxa. Lehen gaztiak eta ez ziran juten bazkaltzera, nagusixak bai. Oso giro edarra egoten zan. Kuadrillan beti zaguan xalauren bat eta hantxe monigotiak egitten... Ene! Ze ondo pasatzen gendun! Monje, Eduardo, Santi... harekin danekin barre asko egitten gendun.

Mª Josefa Unzueta Iriondo

 

      San Bartolomeren ohoretan ospatzen ziren jaietan, Txiki Eguna zen elgoibartarrek gogokoen zutena. Egun hura zen, eta gaur egun ere hala da, gazte elgoibartarren egun handia.

 

San Bartolome eguneko prozesioa. 1946 urtea.

      Gehienetan, dultzaineroen dianarekin ekiten zitzaion egunari (urte askotan Lizarrako dultzaineroak etorri izan ziren gure herrira). Diana bukatu ondoren, sokamuturra izaten zen. Sokamuturraren ostean, aldiz, atseden hartu eta mahatsa jateko ohitura zegoen. Arratsaldean, berriz, bazen ekitaldi bat utziezinezkoa zena: Aita Agirre plazako zezen enbolatuak.

 

Txiki eguna zan San Bartolome jaixetatik gehixen gustatzen zitzatana. Gizonak eta emakumiak bakoitza bere aldetik ibiltzen ziran. Gizonezkuak tabernaren batian bazkaltzen zeben, eta gabian, alkartu egitten giñan. Lehen, emakumiok ez gendun bazkaririk egitten, etxian bazkaltzen gendun, eta gero, arratsaldian ertetzen gendun lagunekin. Kalejiran ere ez ziran gizon eta emakumiak alkarrekin juaten. Txiki eguna oso gogoko nauan. Zezena amaittu ostian, koadrillak mahatsa erosten zeben, San Frantzisko itturrixan jarri eta bertan jateko. Egixa esan, koadrilla batzuetan mahats aliak botatzen ziuezen alkarri, baiña ez zan gaur egun bezalakua. Oiñ, ura, ardaua, arrautzak eta iriña.

Teresa Aginaga Madariaga

 

      Etxeko animalien patroi den San Antonio abadearen eguna, hau da, San Anton eguna ere ospatzen zuten elgoibartarrek. Neurri txikiagoan bada ere, gaur egun ere ospatzen da egun hori. Izan ere, urtarrilaren 17a gure herriko bigarren patroiaren eguna zen. 1665 urtetik hona, egun hori berezia izan da gure herritarren jai egutegian. Dena dela, gure aiton-amonek ez dute egun hura bereziki gogoratzen. Egun hartan ez zen aparteko gauzarik egoten. Inoiz, sokamuturraren edo feriaren bat egon izan zen, baina elgoibartar gehienentzat «egun hura ia-ia gainontzekoak bezalakoa izaten zen». Meza Nagusia eta Udal Musika Bandaren kontzertua izan dira aspalditik egun horretako ekitaldirik garrantzitsuenak. Bestalde, badirudi, elgoibartarrek, joan den mendearen hasieran, San Anton eguna ospatzeari utzi ziotela.

 

Udal agintarien desfilea, banda militar bat atzetik dutela.
1958 urteko San Bartolome eguna.

      Koldo Lizarralde etnografoak «Festa herrikoiak Elgoibarren» izeneko liburuan dioenaren arabera, «badirudi, zenbait urtetan ez zela ospatu, 1914ko alkateak, San Anton eguna zetorrela eta, udalbatzak berak erabakitako ekintza erlijioso eta profanoak berriz ere hastea proposatu zuen eta».

      Gure herriko jai ospakizunekin jarraituz, aipatzekoa da Trinitate eguna. Hura hirugarren jaiegunik garrantzitsuena zen elgoibartarrentzat. Egun hartan izugarrizko feria antolatzen zen, eta jende asko hurbiltzen zen bertara. Halaber, gure herriko baserritarrak ez ziren egun hura galtzeko prest egoten; izan ere, baserri giroa egun hartako protagonista izaten zen.

 

Trinidade eguna erromerixia izaten zan jaixa baino gehixago. Azkoitti, Deba, Eibar eta beste herrixetatik etortzen zan jende asko egun horretan. Ferixak ziran lehen Trinidadiak. Lehen Errosarixo kalia zan «la calle de la feria». Madarixak eta saltzen egoten ziran Plazan. Eta Plaza Txikixan erromerixia egitten zan.

Mª Rosa Unzueta Iriondo

 

      Ildo horretatik, ezin aipatu gabe utzi auzoetako jaiak. Sallobente-Ermuaran, Azkue (San Roke), Idotorbe (San Pedro), Aiastia (San Migel), Altzola, Arriaga eta Urruzuno auzoek, den-denek, zituzten euren jaiak, eta salbuespenik gabe, guztiek izaten zuten harrera ona, auzotarrek, antolatzen ziren ekitaldi guztietan parte hartzen baitzuten.

 

Garate baserriko Rosa Maria, Maria Angeles
eta Maria Luisa Mugerza ahizpak, Iñaxio Alonso eta
Joxe Mari Mugerza, Foruen plazan, ganadu feria batean lortutako sariekin.

Altzolako jaixak San Juanetan ospatzen ziran lehen, ointxe moduan. San Juan eguna eta San Juan Txiki eguna izaten ziran orduan jai. Jende asko egoten zan orduan Altzolan, dana lepo beteta. Erromerixia egitten zan, eta Mendaro, Altzola eta Elgoibarko jende asko etortzen zan. Oin Elgoibarkuak eta Mendarokuak... danak Eibarrera, baiña lehen ez, lehen Altzolara. Demasa zan. Dana beteta. Dantzia egoten zan, pelota partiduak, sokamuturra ere Txiki egunian. Bi zezen ateratzen zittuezen.

Juan Lariz Garate

 

      Gainera, jaizaleenek herri inguruan antolatzen ziren erromerietara joateko aukera izaten zuten. Maltzagan, Madarixan, Sallobente-Ermuaranen, Idotorben (San Pedro), Aiastian (San Migel), «Kamiñerokuako» frontoian edo Arraten antolatzen ziren erromeriak izaten ziren gure aiton-amonentzat estimatuenak.

 

Hamazazpi bat urte arte auzuan ibiltzen giñan neskak eta mutillak. Gero erromerixia zaguanian, edozein tokittara. San Pedrora eta juaten giñan, baiña asko ez. Gehixen bat San Lorentzo, Kurutzeta eta Madarixako erromerixetara juaten giñan.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Erromeria horien guztien artetik aipagarrienak honakoak ziren: igandero ErmuaranSallobente auzoko frontoian egiten zirenak. Sodupetarrak, «Gelatxo» gaitzizenaz ezagunak, izan ziren urte askotan dantzaldi haiek alaitu zituztenak.

 

San Lorentzo auzua oso animaua zan orduan, erromerixa haundixak egitten ziran udako eta neguko domeka guztietan. Frontoian izaten ziran, eta jende asko batzen zan. Gelatxok soiñua jotzen zauan, eta merixendatzen ere jende asko egoten zan. Eta familixakuak giñanez, koiñatari eta amari laguntzen giñon tabernan.

Juliana Irizar Goiburu

 

      Auzoko tabernaren jabeak antolatzen zituen erromeria haiek. Nahikoa zen soinujole bat kontratatzea, gazteak, astero-astero, dantza egitera joan zitezen. Bitxikeria gisa, esan dezakegu dantzarako sarrera 10 zentimo kostatzen zela. Hala ere, mutilek bakarrik ordaintzen zuten, neskek sarrera libre izaten zuten eta.

 

Hemen, Elgoibarren, egitxen zan domekero erromerixia; illunabarrian edo, illuntzixan...
Eta Maltzagan ere bai jaiero. Gero, Plazan ere egoten zan, unian-unian, baiña han ez zan jaiero. Musikia eta... egoten zan, eta hantxe, korrua egitxen edo... jendia beti aurrera eta atzera, eta aguazilla zauan bat gogorra, Eugenio zakan izena, eta harek jasotzen zabanian bastoia, jaso ta dio! Laster egitxen zaban korrua! Jende asko egoten zan orduan, kanpotik etorritxakuak ere.

Pedro Joxe Artetxe Egia

 

      Sallobente-Ermuaran auzoko Armaitxa Behekoa baserrian jaio, eta Urruzunoko Aldapa baserrian bizi da, ezkondu zenetik, Juliana Zubizarreta elgoibartarra. Juliana da duela hamarkada batzuetako erromeriak hobekien ezagutzen dituena. Izan ere, bera ibili izan zen, Katalotza lagun zuela, panderoarekin sasoi hartako erromeria ugarietako giroa alaitzen.

 

Beti gustau izan jata trikitixa, eta hamasei urterekin hasi nitzan erromerixetara juaten panderuakin... Lehenengoz, Kurutzeta basarrixan jo naban Katalotzakin. Ordutik, Elgoibar eta inguruetako erromerixa askotan ibilli naiz, baiña panderua jotziagaittik ez naban ezer kobratzen. Soiñujoliak, berriz, bai. Leku batzuk aittatziarren, Madarixa, Sallobente, Loiola edo Arrate bezelako erromerixetan ibilli izan naiz panderuakin. Entzundakuakin ikasi dot dakitxen apurra, eta batere entsaiau gabe juaten nitzan jotzera Katalotzakin. Alkar oso ondo ezagutzen gendun, eta ez zauan entsaiau beharrik... Oingo erromerixak diferentiak dira. Lehen bi edo hiru ordutan egoten zan soiñujolia eta illuntzen hasten zanian, jaixa amaittu egitten zan. Oin, berriz, illuntzen danian hasten dira erromerixak.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Aiastia (San Migel) auzoan ere, astero, izaten zen erromeria. Bertan, Sallobente-Ermuaran auzoan bezalaxe, baserritar asko biltzen ziren. Baserritarrek, dantza egiteko parada ez ezik, Mendarako gozo preziatuak dastatzeko aukera ere izaten zuten erromeria haietan, Mendaroko bizkotxo eta erroskilagilea igandero joaten zen-eta bertara.

      Auzoko bi tabernetako jabeek kontratatzen zituzten erromerietarako musikagileak. Auzo honetan ere mutilek bakarrik ordaindu behar izaten zuten sarrera. Hala ere, bazen bitxikeria bat: dantzan egiten ez zuten mutilek ez zuten sarrerarik ordaintzen. Zer esanik ez: neskek ere ez.

      Arestian aipatu dugun legez, Idotorbeko (San Pedro) auzotarrek ere bazuten erromeria propioa. Erromeria hura abuztuko bigarren igandean egiten zuten, «Urkiola» baserritik gertu zegoen «Santumotz» izeneko paraje batean.

      Laburbilduz, argi geratu da jaiak eta erromeriak leku aproposak zirela jendea ezagutu eta beste sexuko pertsonekin harremanetan hasteko. Hala ere kontuan izan, sasoi hartako moral zorrotzaren ondorioz, mugak ondo ezarrita zeudela.

      Gaur egun xelebrea iruditzen bazaigu ere, ez zen gauza bera Madarixako edo Maltzagako erromeriara joatea. Azkoitia edo Azpeitia moduko herrietan morala hain zen zorrotza, non bertako neska-mutilek ezin izaten zuten helduta dantza egin herri haietan antolatutako erromerietan. Horrela bada, oso ohikoa zen Azkoitiko eta Azpeitiko gazte koadrilak gure herriko auzo-erromerietara etortzea, batez ere, Sallobente-Ermuaran auzokora. Eta hori aipagarria da, sasoi hartan, alde batetik bestera oinez joan behar zutela kontuan izaten badugu. Eta garai hartan, errepiderik ez zegoenez, bide eta bidezidorretatik joan behar izaten zuten mendian barrena.

 

San Isidro egunian Madarixan egoten zan erromerixia. Hiru eguneko jaixak izaten ziran. Orduan, Azkoittixan eta Azpeittixan ez zeben lagatzen agarraua dantzatzen; abadiak ez zaben lagatzen. Eta errespetatzen ez bazaben, egoten ziran Guardia Zibillak, parejia, eta ikusten bazaben agarraua dantzatzen soiñua geldittu egitten zeben. Azkoittixan «el dulce meneo» esaten zaben emakumiak heldutakuari. Horregaittik Azkoittiarrak eta San Lorentzoko erromerixara etortzen ziran, agarrauan dantza eitteko. Akabo bestela!.

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Gure herriko kale nagusiak jendez betetzen ziren
Musika Bandaren ekitaldiak ikusteko.

      «Kamiñerokuako» frontoian egiten ziren erromeriak ere herritarren gogokoak izaten ziren. Baina, batez ere Gerra ostean, bertan Goardia Zibil asko egoten zela-eta, jendeak joateari utzi zion.

 

Kamiñerokuan egitxen ziran erromeriiak famosuak ziran. Uda aldian egitxen ziran. Hasieran herriko jendia juaten zan, baiña gero Guardia Zibill asko sartzen hasi ziran. Eta nola euskeraz egitxen zan dana, Guardia Zibillak beti gaiñian. Lotsagarrixa zan. Nerekin sekula ez dira sartu, baiña....

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Auzoetan ez ezik, herriko kale guztietan ere egiten ziren jaiak. Haien guztien artetik, Errosario kalekoak ziren estimatuenak, eta auzokideen partaidetza handiena izaten zutenak. Jai haiek antolatzen zituen batzordeak gogor egiten zuen lan, jaietan ezer falta ez zedin. Horregatik, jai egitarauan denen gustuko ekitaldiak egoten ziren: sokamuturrak, pilota partidak, kalejirak, Meza Nagusia, musika banden ekitaldiak, dianak, erraldoi eta buruhandien kalejirak. Urteren batean, 1919an esaterako, «Errosario» kaleko biztanleek jaien etorrera aprobetxatu zuten, euren kalea «estatu independiente» aldarrikatzeko. Hori bai, sasoi hartan alkate zen Antonio Arrillagak baimena eman zien hartarako. Koldo Lizarraldek «Festa herrikoiak Elgoibarren» izeneko liburuan dioen bezala, «pertsonaia umoristenak eta ezagunenak aukeratu ziren; lehendakaria, bokalak, Kaleko Erregina, BMren (Berorren Maiestatea), Gobernadore Militarra, Gobernadore Zibila, zinegotziak, agoazilak, Erreginaren Goardia, zaldun taldea eta Ohoreko Damak».

      Jai haien inguruan pasadizo ugari gertatzen ziren, eta guztiek bizi-bizirik diraute gure aiton-amonen oroimenean.

 

Errosarixokuak eta San Bartolome kalekuak kontrarixuak ziran. Behiñ, Errosarixoko jaixetan neskazahar bi San Bartolome kale aldera juan ziran kotxian, eta «atentaua» euki zeben. Ez dakitt zer ipiñi ziuen, baiña zeozerekin zaratia atera zeben, eta bat oso nerbiosa jarri zan. Solterak ziran, baiña alegriak. Eta, Aizpirinetikan edo, atera ziuen kopa haundi bat lasaitzeko Plaza erdixan, anisa edo, eta trago baten edan zeben. Itxuria, gustatzen zitzakuen ederki-eta. Gu San Frantzisko kalekuak giñan, eta San Bartolome eta Errosarixo kaleko jaixetara juaten giñan. Zezena ere egoten zan, eta jai politxak izaten ziran Errosarixo kalekuak. San Frantzisko kaleko jaixetan ez zaguan ezer, danbolina-edo pasatzen zan, eta listo.

Teodosia Iriondo Garate

 

Musika Bandaren zuzendaria, Julio Pérez Cortés,
kalejira baten buru. 1943 urteko Inauteriak.

Errosarixo kaleko jaixetako onena zezena izaten zan. Jende asko ibiltzen zan Errosarixo kaleko jaixetan. Baiña guk ez gendun nahi zezenik, zergaittikan lehen atiak zabalik egoten ziran. Eta bi bider etorri zan gure etxera, lehenengo pisuraiño zezena. Eta gero buelta eman, eta pareta guztiak kakaztuta, eta garbitzen ibilli bihar.

Mª Josefa Unzueta Iriondo

 

      Eta jaien atala bukatzeko, ezin Inauteriak aipatu gabe utzi. Joan den mendearen hasieran, Inauteriak martitzenean bakarrik ospatzen ziren.

      Herrian antolatzen ziren jai handi guztietan gertatzen zen bezala, Inauterietako ekitaldirik garrantzitsuena sokamuturra izaten zen. Hala ere, gure nagusietariko batzuek euren nortasuna mozorroaren azpian ezkutatuta ere gozatzen zuten. Duela ehun urte, oso gutxi ziren festa horretan buru-belarri parte hartzen zuten herritarrak; baina mozorroa janztea erabakitzen zutenek, irudimenari esker, kolore biziz margotzen zituzten herriko kaleak, eta horrela, egun bakar batez izan arren, egunerokotasunari ihes egiten zioten, fantasiazko mundu batean murgiltzeko.

 

Elgoibarko Karnabalak asko gustatzen zitzatazen. Gogoratzen naiz urte baten koko jantzi nitzala ni, alemanak bezala. Oso jai sinpatikuak ziran Karnabalak.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Inauterietako beste ekitaldi garrantzitsu bat Udaletxeko Pleno Aretoan egiten zen dantzaldia zen. Bertara joateko baldintza bakarra antzinako trajea janztea zen. Asko ziren, urtero, dantzaldi hartara joaten ziren elgoibartarrak (gehienak kaletarrak). Hala eta guztiz ere, Gerra Zibilaren etorrerarekin (1936 urtea), ekitaldi hau bertan behera geratu zen. Martitzen Inauteri egunean ere dantzaldia izaten zen azoka plazan. Diktadurak dantzaldi hori ere indarrik gabe utzi zuen.

 



elgoibarko udala