ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

Aurkezpena

 

      2003 urteko San Bartolome jaietan eta gure herriko Kultur Etxean, «Elgoibartarren Esanetan» proiektuaren ondorioak aurkeztu zituztenean zer sentitu nuen esatea zaila egiten zait. Proiektuan parte hartu zuten adineko pertsona asko bertaratu ziren ekitaldira, eta benetan hunkigarria eta aberasgarria izan zen. Egia esan, oso harro sentitu nintzen haien gaztaroko bizipenak entzutean, une hartan ulertu ahal izan bainuen —bizimodu gogorra eduki arren— lanarekiko, familiarekiko nahiz herriarekiko maitasuna euren bizitzen ardatz bihurtu zuten aiton-amonen oinordeko ginela.

      Kontuan izan beharko genuke, gure aiton-amonei zor diegula garen guztia. Gai izan dira dagoeneko barneratuta ditugun hizkuntza, kultura eta ohiturak guri transmititzeko. Orain, liburuan jasotzen den legez, guri dagokigu haien ereduari jarraipena ematea, gure ondarea landu eta errespetatzea, elgoibartar belaunaldi berriek euren sustraiak, gure sustraiak, zeintzuk diren jakin ahal izan dezaten.

      Azkenik, ezin aurkezpen honi bukaera eman, elgoibartar guztiak liburu hori irakurtzera animatu gabe. Liburu honek, duela 70 edo 80 urteko garaira garamatza. Zalantzarik gabe, sasoi hartan jarri zituzten gure aiton-amonek gaur egun guztiok ezagutzen dugun herriaren oinarriak.

 

Alkatea:

Mª Victoria Aguirregomezcorta

 

 

Sarrera

 

      Lan honen bidez, ezagutzera eman nahi ditugu, «Elgoibartarren Esanetan» izeneko programaren barruan, herriko aiton-amonei egindako elkarrizketen ondoriorik garrantzitsuenak.

      Esan beharra dago, liburu hau Elgoibarko Udalak bultzatutako dokumentazio eta ikerketa lan baten ondorioa dela. Lan honen helburua elgoibartarrei (batez ere belaunaldi gazteenei), XX. mendearen hasieratik erdi aldera arte, Elgoibar nolakoa zen ezagutaraztea, eta herriari buruzko ikuspegi orokorra ematea izan da. Ez dugu, bada, xehetasun xumeetan galdu nahi izan. Aitzitik, Elgoibarko herriaren eta bertako auzotarren ikuspegi orokorra eman nahi izan dugu.

      Elgoibartarrek nola ospatzen zituzten jaiak, zerk kezkatzen zituen, zer zaletasun zuten, zer nolako garrantzia zuen erlijioak euren bizimoduan, zein zen euren ogibidea... Galdera hauek, eta beste batzuek ere, erantzuna izango dute hurrengo orrialdeetan. Azken finean, gure herriaren oroipen historikoaren zati bat berreskuratzen saiatu gara, eta horren guztiaren oinarri garai haiek bizi izan zituztenen testigantzak izan dira.

 

 

Nire familiari, Nire lagunei,

Elgoibartar guztiei.

 

Jabi Leon

 



elgoibarko udala