ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

VI. Euskara

 

      Aurreko mendearen hasieran, Elgoibarko biztanle gehienak euskaldunak ziren. Jendearen arteko harremanak euskaraz izaten ziren ia beti. Areago, elgoibartar askok eta askok hitz batzuk bakarrik esaten zituzten gaztelaniaz. Zer esanik ez; baserri auzoetan, biztanleen %100ek euskara baino ez zuen erabiltzen jendearekiko harremanetan, bai lagunartean, bai etxean, bai eskolan.

      Hori hala izan zen, Gerra Zibilaren etorrera arte. Francoren garaipenaren ondorioz, elgoibartarrek gaztelania erabili behar izan zuten arlo askotan. Beti ere, isunen mehatxupean, jakina. Gerrateak iraun zuen bitartean, kalean gora eta behera ibiltzen ziren militarrak eta Guardia Zibilak izan ziren elgoibartarrak beraiena ez zen hizkuntza bat erabiltzera behartu zituztenak.

 

Gerra aurretik danak egitxen zaben euskeraz Elgoibarren. Nahiz eta liburuak erderaz egon, dana euskeraz. Gerra aurretik kastellano bakarren bat zauan eta haren seme-alabak ensegida ikasten zaben euskeraz. Kalian ikasten zeben segitxuan Guarda Zibilen umiak eta danak, urte bat edo bi pasata, segitxuan. Gerra ostian, proibitxu egin zeben. «Habla en español» esaten zeben. Gerria eta gero, euskeria egitxerik ez zauan. Guk, hala ere, euskeraz egitxen gendun erderaz ez genkigun eta.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Poliki-poliki, gaztelania entzuten hasi zen herriko kaleetan. Hala ere, elgoibartarrek ez zioten, inola ere, euren hizkuntza hitz egiteari utzi.

 

Guk euskeraz hitz egitten gendun oin egitten degun bezela. Euskera batuan ez. Guk eziñ egiñ erderaz. Gero, gerria aillegau zanian, «tonto» esaten zeben euskeraz egittiagattik. Eskolan erderaz egitxen zeben, baiña ni eskolara jun ez nitzanez, ezin erderia ikasi.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Eskoletan, derrigorrez, gaztelaniaz hitz egin behar izatearen, eta estatuko hainbat herritatik, Elgoibarko industria hasiberriaren beharrak asetzera zetorren eskulanaren ondorioz, joan zen mendearen erdi aldera, gaztelania hedatuz joan zen herritarren artean.

 

Nik 16 urterekin erderaz ere ez nekixan. Eta Altzolako eskolan euskeraz ere egitten gendun. Hori bai, liburuak erderaz. Doktriñia, berriz, euskeraz ikasi gendun. Dorotea, gure maestriak, euskeraz egitxen zaban beti. Elgoibarren, kalian, ere dana euskeraz egitten zan. Gero konstruziua hasi zanian, galleguak eta etorri ziranian, hasi zan erderia entzuten. Ni 16 urterekin hasi nitzan San Pedroko fabrikan lanian, eta ez nakixan batere erderaz. Eta neri erderaz gehixen erakutsi zidana nire enkargaua izan zan, Santiago Oria. Gerra garaixan hemen euskeria guztiz prohibittuta zauan. Euskal izenak ipintzia ere prohibittuta zauan. Baiña guk beti euskeraz egitten gendun etxian.

Markos Arregi Iriondo

 

      Ez zegoen askatasunik norberak, eguneroko harremanetan, nahi zuen hizkuntza erabiltzeko, eta hura oso nabarmena zen herrian bertan. Elgoibartar asko eta asko zapalduta sentitzen ziren euskaraz hitz egiten zutelako. Ohikoena zen «habla en cristiano» esan, eta gaztelaniaz hitz egitera behartzea. Batzuek ondorio txarragoak ekarri zizkieten irainak jasan zituzten.

 

Guk etxian dana euskeraz egitten gendun, baiña Eibarrera juan nitzanian erderaz ere, etxeko señoritia kastillania zan, Madridekua eta harekin, ba, erderaz egin bihar. Erderaz ez nekixan gehixegi, baiña alkarrekin entenditzeko behintzat bai, beti. Nik sekula ez dot euskeria galdu nahi izan. Txikittatik ikasittako gauzak zenbat eta gehixago, eta nahixago. Koadrillan ere euskeraz egitten gendun, baiña batzutan erderaz ere bai. Francoren garaixan galleguak «habla en cristiano» eta holakuak esaten ziguen euskeraz egittiagattik, baiña guk euskeraz egitten gendun. Holakuak esaterakuan nik kontestau egitten naban.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

«Amor y odio» lanaren antzezpena, Udaletxeko
Areto Nagusian, 1918ko San Anton egunean.
Ezkerretik eskuinera: Miguel Andonegi, Manuela Zabala,
Leoncio Gabilondo, Felisa Arrien, Modesto Arriola,
Victoria Gurrutxaga eta Angel Osoro «Mutriku».

      Gerratik hasi zen euskararen aldekoen eta aurkakoen arteko banaketa nabaritzen. Horrela bada, baziren herritar batzuk, diktadura urteak igaro ahala, desagertzeko arriskuan zegoen euskararen alde izan zuten jarreragatik, gure aiton-amonek gogoan dituztenak: Angel «Mutriku», Felix Etxeberria «Parapan», Francisco Juaristi, Maite Vallejo edo Lourdes Alberdi, esaterako.

 

Elgoibarren baziran pertsona batzuk euskeraren alde lan egiten zabenak. Angel «Mutriku» zan bat. Haura hill egin zeben. San Lorentzoko frontoian teatruak eta egitten zittuan gaztiekin. Hara juten giñan holakuak egitten zittuenian. Beste aldian, euskeraren kontra zaudenak ere baziran kalian. Orduan, baziran falangistak, karlistas esaten gendun, eta horreri beti errespetuakin ibiltzen giñan, erderaz bazakixen, eta pixka bat gehixago ziralakuan, eta gaiñera geroko politikan sartzen ziranak....

Joxe Gurrutxaga Lizarralde

 

Herrixan ere bazaguan euskeraren alde egitxen zabanik: Vallejonekuak, Félix Etxeberria «Parapan» ere... Baiña nahiz eta euskaldunak izan, gehixenak ixilikan egoten giñan bildurra zagualako.

Mª Josefa Unzueta Iriondo

 

      Hala ere, elgoibartarrek euskaldun izaten jarraitu zuten, eta euskararen garrak bizirik iraun zuen frankismoaren amaierara arte. Trantsizioarekin batera, euskarak, berriro ere, indarra hartu zuen. Eta ordutik hona, poliki-poliki, euskararen erabilera normalizatzen ari da elgoibartarren artean. Dena dela, oraindik ere lan handia dago egiteko, ahozko euskararen erabilerak, gure herrian, duela 80 edo 90 urtetako maila berreskura dezan.

      Beste hizkuntza batzuei dagokienean, oso elgoibartar gutxik izan zuen hizkuntzak ikasteko interesa. Gure aiton-amonen artetik oso gutxik dakite ingelesez edo frantsesez hitz egiten. Gainera, gehienek halabeharrez ikasi behar izan zuten. Hau da, gerra hasi zenean, herria utzi eta beste herrialde batzuetara, gehienetan Frantziara, emigratu behar izan baitzuten bizitzen jarraitu ahal izateko. Horrela bada, frantsesa izan zen gure herriko poliglotek ikasi zuten lehenengo hizkuntza. Pilar ikastetxea ireki zutenean, saiatu ziren ikasleen artean beste hizkuntza batzuekiko zaletasuna pizten; ikastetxe hori izan baitzen herrian hizkuntzak, hain zuzen ere frantsesa, irakasten hasi zen lehenengoa.

 

Pilar ikastetxian frantses pixka bat erakutsi ziguen. Nik ez neban hitz egitten gauza haundirik ikasi, baiña irakurtzen bai, nahikua ikasi neban. Uste dot, sasoi hartan, Pilar ikastetxian bakarrik irakasten zittuela beste hizkuntza batzuk.

José Gurrutxaga Ondartza

 

OSORO, ANGEL

      «Angel Mutriku» gaitzizenaz ezagutzen zuten. Gerra sortu zenean, preso hartu eta Hernanin hil zuten. Igeltsero fina eta euskaltzale sutsua. Euskal kultura eta folklorearekin zerikusia zuten guztien bultzatzailea. Aurreskularia, antzerkilaria, baserri auzoetako erromerien antolatzailea. Euskal kantak ere irakasten zituen garai hartan Errosario kalean zegoen Batzokian. Garai hartako «Argia» aldizkarian herriko bost edo sei kolaboratzailek idazten zuten, eta guztien bultzatzaile izan zen Angel Osoro.

 



elgoibarko udala