ELGOIBARTARREN ESANETAN


HONI BURUZ

Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren. [informazio gehiago]


Gure herriaren memoria historikoa berreskuratzeko oharrak

Egilea: Jabi Leon



AURKIBIDEA

 

X. Jana eta edana

 

 

Jatorduak

 

      Duela 80ren bat urte, elgoibartarrek lau jatordu egiten zituzten egunean: gosaria, bazkaria, merienda eta afaria. Gosaria goizeko 7ak eta 8ak bitartean izaten zen; bazkaria, eguerdiko 12 eta erdiak aldera; merienda, arratsaldeko 6etan; eta afaria, 9ak eta 10ak bitartean. Baina gure herriko familia guztiek ez zituzten jatordu horiek guztiak zehatz-mehatz egiten. Elgoibartar askok jatordu haietariko bat, afaria, alde batera utzi eta «apari merienda» delakoa egiten zuten. Hau da, meriendaren eta afariaren ordezko jatordu bat, iluntzeko 7ak eta 8ak bitartean egiten zena.

      Gehienetan, gure aiton-amonek sukaldean egiten zituzten jatordu haiek guztiak. Jangela, berriz, oso gutxitan erabiltzen zuten: jaietan edo senideen zein lagunen bisita izaten zutenean, esaterako.

 

Gure herriko koadrilek edozein aukera
aprobetxatzen zuten mahaiaren inguruan biltzeko.

Goizian ez genduan danok batera gosaltzen, baiña bazkarittan eta afarittan danok sukaldian alkartzen giñan. Gero, merixendia eta holakuak lanian bertan zagozen tokira eruaten ziran.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Norbait hiltzen zenean, oso ohikoa zen senideentzako eta lagunentzako bazkari bat antolatzea. Baina «ospakizun» berezi haietan gertatzen ziren gehiegikerien ondorioz, bazkari haiek egiteari utzi zioten.

 

Pertsona bat hiltzen zanian, enterrau eta gero, honrak egitten ziran. Eta zaguan kostunbria bazkarixa emateko etortzen ziran senide guztixeri. Gero ohittura hori kendu egin zaben. Eta ondo egin zaben, gaiñera. Mozkortu egitten zan jendia. Lotsagarrixa izaten zan. Nere amama hil zanian, esate batera, honretako bazkarixan 40 bat lagun alkartu ziran.

Markos Arregi Iriondo

 

      XX. mendearen hasieran, Elgoibarko familiek, nagusiki, esnea hartzen zuten gosaltzeko. Esnearekin batera, ordea, ogia, gailetak edo baserrian bertan egindako taloak jaten zituzten. Jatordu haien guztien artetik, garrantzitsuena eguerdikoa izaten zen, bazkaria, alegia. Bazkaria desberdina izaten zen asteguna ala jaieguna izan. Izan ere, elgoibartarrek jaiegun gutxi izaten zituzten, eta asteko atsedenaldia ondo merezia izaten zuten. Jaiegunetan, bada, bazkaria izaten gauzarik estimatuenetakoa.

 

Altzolako bainuetxeko langileak, jangelan,
bankete bat egin aurretik. 1933 urtea.

      Babak izaten ziren erdi mailako familia baten elikagairik ohikoenak. Gorriak, zuriak, beltzak... berdin zen zein eratakoak ziren. Kontua da, jatorduetan, ia Elgoibarko familia guztiek babak jaten zituztela. Arrautzak, urdaiazpikoa, eta nola ez, ortuariak ere sasoi hartako elikagai oinarrizkoak ziren.

 

Bazkaltzeko basarriko jenerua hartzen genduan; gehixen bat, babak eta porruak... ardixaren tripak ere egosi egitxen genduzen, odolostiak egitten diran moduan. Oso goxuak izaten ziran. Txarrixa ere hiltzen gendun basarrixan txorixuak eta holakuak egitteko. Ogixa gure amamak egitten zaban basarrixan. Eta nik ere egin izan dot ogixa Eibarren kriada egon nitzanian, oso goxua, gaiñera. Esne pixka bat botatzen nion nik ogixari, batidu ondo eta gustua gailletiana hartzen zaban. Makarroiak ere hartzen genduzen. Dendetan bazaguazen, baina etxian nik egitten nittun, tallarines esaten genduan. Harek egitteko ura, ardo zurixa, arrautzak eta mantekillia erabiltzen naban nik.

Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea

 

      Igande eta jaiegunetako bazkaria, aldiz, desberdina izaten zen. Herriko familiak garbantzu lapikoko bat jateko elkartzen ziren mahaiaren bueltan. Oro har, urdai zati eder batzuk, saiheskia eta txorizoa ere jaten zituzten garbantzuekin batera.

      Bukatzeko, fruta, intxaurrak, gazta edo menbriloa jaten zuten. Hala ere, batzuetan, etxekoandreak tarta edo pastelen bat egiten zuen etxekoen gozamenerako. Meriendaren helburua zen, afalordua iritsi arte, sabela zertxobait betetzea. Normalean, txokolatea eta ogi zati bat jaten zuten. Eguneko azken jatordua afaria izaten zen. Sasoi hartan, zopa, tortilla edo arraina izaten zuten afaltzeko.

      Edonola ere, baserriko eta ortuko produktuak ezinbesteko elikagaiak ziren gure herriko familien artean.

 

Jeneralian basarrixan jasotakuakin eta egindakuakin jaten gendun: artua, esnia, taluak, baba gorrixa, ogixa... dana etxian eginda hartutakua. Baba gorrixak bai zirala onak!.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Ogia zen beste oinarrizko elikagai bat. Baserri askotan egiten zuten eurentzako ogia. Dena dela, baserritar batzuek behar baino ogi gehiago egiten zuten, auzokoen artean saltzeko. Beste batzuek, ostera, etxekoentzako lain egiten zuten.

 

Ogixa ere etxian egitten gendun, baiña egixa da hemen behian Arozena panaderixia zaguala eta ogixa egitten bertakuak erakutsi ziguen. Nere amak ogi ona egitten zaban, famia zaukan eta. Nere amak egitten zaban ogixa «de categoría»!.

Markos Arregi Iriondo

 

      Elgoibartarren, eta batez ere baserritarren, arteko ohitura bat txerria hiltzearena zen. San Martin egunaren bueltan hiltzen zen txerria.

 

 

Edariak eta tabernak

 

      Edari alkoholdunen kontsumoa ez da gauza berria elgoibartarrentzat. Duela mende batzuk, herritarren artean zabaldu egin zen tankera honetako edarien kontsumoa. Edari haiek, sagardoa edo txakolina esaterako, etxean edo baserrian egiten zituzten askotan.

      Gure aiton-amonek adierazi diguten legez, duela hamarkada batzuk baserri askotan bazeuden sagarrondoak. Horretaz gain, gutxi batzuetan mahatsondoak ere izaten ziren. Sagarrondo eta mahatsondoetatik edari preziatu haiek egiteko lehengaia ateratzen zuten. Kontuan izan dezagun, garai hartan, ardo garrafoi bat erosi nahi zuenak herriko tabernaren batera joan behar izaten zuela. Eta hori ez zegoen denen esku. Horrela bada, etxeko sagardoa eta txakolina janariarekin batera hartzeko edaririk ohikoenak bihurtu ziren.

 

Jaixetan ardaua edaten gendun. Baiña, normalian, etxian sagardaua edaten gendun bazkaltzeko, guk basarrixan egindakua.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Urteak joan urteak etorri, elgoibartarrak, mahaiaren inguruan elkartzen zirenean, geroz eta ardo gehiago edaten hasi ziren. Ardoak, batez ere, gizonen artean izan zuen zabalkunderik handiena, eta ondorioz, ardoa edatea ohitura bihurtu zen gure nagusien artean. Emakumeek, aldiz, ohiturari gogorrago eutsi, eta eguneroko edari bezala sagardoarekin jarraitu zuten.

 

Edateko beti hartu dot sagardaua, ardaua sekula etxata gustau eta. Sagardaua guk basarrixan egindakua zan. Haura bai edarra zala!.

Juliana Zubizarreta Gurrutxaga

 

      Bazkalostean, gure auzokoek kafea edo kamamila hartzen zuten. Gizonezkoek, kafearekin edo kamamilarekin batera, herriko upategietan edo janari-dendetan erositako likoreren bat hartzen zuten. Sasoi hartan, gaur egun baino aukera gutxiago zegoen, eta gure nagusiek pattarra edo koñaka edaten zuten. Aitzitik, emakumeek, koparen bat hartzekotan, anisa edan ohi zuten. Hala ere, gutxi batzuk ziren edateko ohitura zeukaten emakumeak.

      Ondoko lerroetan, alde batera utziko dugu etxeetan eta senitartean zein alkohol mota hartzen zen, eta tabernetan kokatuko dugu gure ikuspuntua. Tabernak elgoibartarren bizimoduaren parte bihurtu ziren, XIX. mendean, gure herriko kaleetan hedatu zirenetik.

      Gauzak horrela, eta huts egiteko beldurrik gabe, esan dezakegu, joan den mendearen hasieran, herriko tabernak bertakoen gogokoak zirela. Hala ere, bazen berezitasun bat: taberna haietara sartzen zirenak, ia beti, gizonezkoak izaten ziren. Haatik, emakumeak ia ez ziren tabernetara joaten, euren bikotekideek lagunduta ez bazen. Sasoi haietan ez zegoen ondo ikusita emakume bat taberna batera sartzea (batik bat bakarrik baldin bazegoen), eta are gutxiago, emakumeak txikitoren batzuk hartzea. Eta hura guztiek, bai gizonezkoek, bai emakumezkoek, normaltzat hartzen zuten.

 

Mariano Elustondo eta Maria Arregi, Gorbea tabernan,
Bixente Maiztegiren eta Antonia Elustondoren ezkontzan.
1957 urtea.

Neska-mutillak alkarrekin ibiltzen giñan San Lorentzo auzuan, baiña epoka haretan neskak ez ziran tabernara sartzen. Nere andria ere ez da sekula sartu. Ezkondutakuan bai, baiña bestela ez. Neska bat sartzen zanian, erreparua ere bai.

Mariano Elustondo Aizpiri

 

      Herriko industriaren pizkundearekin batera, hau da, 30eko hamarkadatik aurrera, herriko tabernetan egiten zen txikiteoa gure auzotarren arteko ohiturarik zabalduenetakoa bihurtu zen. «Txikiteroak», batez ere, igande eta jai egunetan irteten ziren. Hala ere, nahiko ohikoa zen koadrila elgoibartarrak, lanegunetan ere, tabernaz taberna ibiltzea.

      Lana amaitu ondoren, adin guztietako elgoibartarrak euren lagunekin batzen ziren herriko tabernetan. Eta porroi bat bukatu eta hurrengoa hasi bitartean, berriketan eta kantuan jarduten zuten. Hori bai, alaitasuna eta umore ona nagusi izaten ziren herriko tabernetan.

 

1941 urtian, ezkondu eta gero, etorri nitzan Elgoibarrera, eta Errosarixo kaleko girua oso politta zan. Bazagozen gizonezkuen kuadrilla batzuk, xalau-xalauak ziran. Lanetik urten, eta txikiteora juaten ziran. Tabernetatikan kantuan urtetzen zeben. Gaur egungo anbientia diferentia da. Ni, arratsaldetan, oso gustora egoten nitzan etxeko balkoian, gizonezkuak kantuan entzuten.

Teresa Aginaga Madariaga

 

      Sasoi batean tabernak erruz ugaritu ziren gure herriko kaleetan. Ondorioz, koadrila bakoitzak kuartel nagusi propioa izaten zuen, denbora gehien igarotzen zuten tabernan. Taberna hura izaten zen lagun taldearen topaleku. Dena dela, txikiteoaren ezaugarrietariko bat tabernaz taberna ibiltzea izaten zen. Taberna haietan, ia derrigorrez, ardoa edan behar izaten zuten.

 

14 bat taberna egongo ziran Elgoibarren nere gazte denporan. Konde zan klasikua. Gorbea gerra ostekua. Barrutia ere zaguan, Cristina... Herriko tabernetan giro ona egoten zan. Elgoibarko kuadrillan 25 bat lagun alkartuko giñan orduan. Juntatzen giñan tabernetan, eta lau txikito edan orduko, baten bat hasten zan kantatzen. Eta gero animatzen giñan bestiok eta... orfeoia. Lehengoko txikiteuak horixe zakan. Oingo jendia mozkortu egitten da, «con el botellón y eso». Orduan hori ez zaguan, porroittikan edo bestetikan eta... toki baten jarri ta hantxe jarraittu. Jeneralian hola. Txikiteua, taberna batetik bestera egitten zan, baiña juntauta. Gure zera zan... Kondenekua. Hara juaten giñan. Ardaua edaten gendun orduan. Ez zaguan dirurik gehixagorako eta. Txikitua orduan txakur haundi bat edo izaten zan. Tamaiña desberdiña ateratzen zeben, kamareruan borondatiaren arabera.

Ramon Maiztegi Iriarte

 

      Gehienetan, koadrila bakoitzak ondo zehaztuta zeukan txikiteoan egingo zuen ibilbidea. Horrela bada, beti taberna berean ematen zitzaion hasiera txikiteoari. Taberna batetik bestera joan behar zutenean, koadrilako lagun guztiek bazekiten nora joan. Txikiteoak beti izaten zuen errutina bat, eta baita horrela izateko arrazoia ere: baten bat txikiteora berandu joan arren, jakingo zuen zein bide hartu behar zuen koadrilarekin bat egiteko.

 

Gure kuadrillako lagunak ere alkartzen giñan, bueltatxo bat egitteko txikiteuan. Kondeneko tabernan hasi, eta Gorostizanera juaten giñan. Gero, San Frantzisko kalian behera, Maalaraiño juaten giñan. Goguan daukat, gure kuadrilliari, illuntzixan, txikiteau ostian, kantuan jardutia gustatzen zitzakola. Jaixan Melitonera juaten giñan, kantuan egittera. Astian ez genduan urtetzen. Jeneralian, domeka eguardixan egitten genduan txikiteua. Txikituak edaten genduzen: ardaua, beti.

José Gurrutxaga Ondartza

 

      Baina txikiteoak ez zuen herritarrak elkarrekin ibiltzeko eta eguneroko lana apur batez ahazteko bakarrik balio. Horretaz gain, zutabe nagusia izan zen, sortu berri zen industrian edo eraikuntzan lan egitera, estatuko toki askotatik zetorren jendea integra zedin. Kanpotik etorritako gehienak ondo azkar hasi ziren txikiteoan, eta txikiteo hura eguneroko ohitura bihurtu zen.

 

Elgoibarrera etorri nitzanian 28 taberna zagozen, eta ni 28 horretan ibiltzen nitzan txikiteuan. Danak oso ondo konpontzen giñan alkarrekin, bertakuak eta kanpotik etorri giñanak. Oso ondo integrau nitzan herrixan. Hemen ere kinielia jokatzen naban Kondeneko tabernan. Orduan, 10 zentimo kostatzen zan kinielia. Pagau, eta buzoi baten sartzen zeben.

José Manuel Acosta Calvo

 

Domeketan, txikiteora juaten giñanian, beti bide berdina egitten genduan. Jai Alaixan hasten giñan, gero Errosarixo kalian behera juaten giñan, Gorostizanera, Leonardonera... Gero, Leon tabernia ere bazaguan. Handik, Urkiolanera. Ondoren, Majestadenera edo Txarridunanera. Elgoibarko gazte-kuadrilla danak ezagutzen genduan alkar; oso ondo konpontzen giñan danak. Basarrittarrak ez ziran domeketan eta jai egunetan txikiteora etortzen. Auzuan geratzen ziran. Gu beti toki berian ibiltzen giñan.

Eugenio Diego Aranburu

 



elgoibarko udala