Elgoibarko Udalak 2001. urtean martxan jarritako proiektua herriko memoria historikoa berreskuratzeko, eta grabazioen bidez, herriko berbetia jasotzeko. Jabi Leon kazetariak adineko 21 elgoibartar elkarrizketatu zituen, euren gaztetako oroipenak jasotzeko: orduko bizimodua, antzinako jai eta ohiturak, eskola, kirola eta abar. 2004. urtean “Elgoibartarren esanetan” liburua eta CDa ere kaleratu ziren. [informazio gehiago]
Egilea: Jabi Leon
Liburu honen sarreran agerian utzi dugunez, lan honen helbururik nagusiena izan da, XX. mendearen lehenengo erdi aldean, Elgoibar eta bertako herritarren bizimodua zer nolakoak ziren, oro har, azaltzea. Ez dugu, bada, xehetasun xumeetan galdu nahi izan. Aitzitik, gai zehatz baten inguruko ikuspegi orokorra eman nahi izan dugu. Argi dago atal batzuek, kapitulu honek esaterako, liburu oso bat beharko luketela. Hori, ordea, ez litzateke arestian adierazitako helburuekin bat etorriko.
Herritarren kultura maila da gizarte modernoek lortu duten garapenaren adierazlerik nagusiena. Bai erakunde publikoek, bai erakunde pribatuek, gero eta bitarteko gehiago jartzen dituzte Kultura izenaz ezagutzen dugun horren baitan dauden esparruak sustatzeko.
Baina hori ez da beti hala izan. Joan den mendearen lehenengo hamarkadetan, irakurtzea, idaztea, zinemara edo antzerkira joatea, musika kontzertuak entzutea nahiz margotzea, ez ziren ez ohikoak, ez garrantzitsuak gure aiton-amonen bizimoduan. Gainera, sasoi hartan, erakundeek tankera horretako ekitaldiak antolatzeko ematen zuten laguntza ez zen gaur egun ematen dutenaren adinakoa izaten.
Gure herriko kaleetan izaten ziren musika ekitaldiek
estimazio handia izaten zuten elgoibartarren artean.
Arestian adierazi dugun legez, egunean zehar zeregin ugari izaten zuten, eta ia ez zitzaien astirik gelditzen gauza haietaz gozatzeko. Halaber, kasurik gehienetan behinik behin, izaten zituzten aisialdi une eskasetan baino ez zuten izaten kulturak ematen duen plazerraz gozatzeko aukera. Horretaz gain, garai haietan gaur egun baino askoz kultur jarduera gutxiago antolatzen ziren, eta jende guztiak ez zuen pelikularen bat, kontzerturen bat edo antzezlanen bat noizean behin ikusteko, hiriburuetara edo inguruko herri garrantzitsuetara joateko aukerarik. Egoera ekonomikoak ere zerikusia zuen kultur ikuskizunetara joaterako orduan. Gogoan izan behar dugu, urte haietako familiak oso handiak zirela. Etxeko dirua ondo kontatuta zegoenez, ez zen ohikoa «norberaren kapritxoak» egiteko dirua soberan izatea.
Hala ere, elgoibartarrak, ahal zuten guztietan, herrian antolatutako ikuskizunetara joaten ziren. Irakurketa , eta igande arratsaldero, Udal Musika Bandak eskaintzen zuen musika saioa eta dantzaldia izaten ziren gure herritarren kultur ekintzarik garrantzitsuenak. Horiek izan ezik, herriko jaietan eta egun seinalatuetan bakarrik izaten zuten kulturaz gozatzeko aukera.
Irakurtzeko ohitura duela zortzi hamarkada edo hasi zen elgoibartarren artean hedatzen. Eskolara joateko ohitura ere sasoi hartan hasi zen gure nagusien artean zabaltzen, nahiz eta eskolara oso denbora gutxirako joaten ziren. Eskolaratzeak bultzada handia eman zion gure herrian irakurzaletasunari.
Irakurtzeko jakiñ egin bihar da, eta nik soldadutzia amaittu eta gero ikasi naban pixka bat. Periodikua irakurtzen hasi nitzan orduan.
Joxe Odria Osoro
Jendeak asti gutxi zuen, eta horrek ez zion irakurzaletasunaren zabalkundeari bidea erraztu.
Irakurri? Gaztetan astirik ez zaguan irakurtzeko, eta gero ez dot izan afiziorik. Lehen ez zan periodikorik basarrixetan. San Lorentzo auzuan hiru etxetara-edo etorriko zan. Argia jaiero hartzen genduan, Gerria allegau zan arte. Euskeraz egitten zan. San Lorentzora etortzen zan Angel Arriola, hil zan, eta berari erosten giñon.
Joxe Gurrutxaga Lizarralde
Urteak joan urteak etorri, gero eta ohikoagoa bilakatu zen elgoibartarren artean egunkariak irakurtzea. Herritar guztiek egunero ale bat erosteko aukerarik izan ez arren, ahal zuten guztiek begiratu on bat botatzen zioten, baldin eta egunkariren bat eskuratzen bazuten. Askotan ez zeukan garrantzirik zein egunkari irakurri behar zen, ezta egunkari hori zein ideologiatakoa zen ere. Halaber, berdin zen zein egunetan argitaratu zen ere. Kontu horiek guztiak txikikeriak ziren.
Periodikua ahal zanian irakurtzen naban. «La Voz de Guipúzcoa», «La Gaceta del Norte», «El Liberal»... horrek zagozela akordatzen naiz
Pedro Joxe Artetxe Egia
Garrantzitsuena zen gure herritik kanpo zer gertatzen ari zen jakitea. Eta jakina, gure herriko etxerik gehienetan, XX. mendearen erdira arte, irratia entzuteko aparailurik eduki ez zutenez, prentsa idatzia zen informazioa lortzeko bide bakarra.
Beti gustau jata asko irakurtzia, eta oiñ ere periodikua egunero irakurtzen dot. Harrapatzen genduan guztixa irakurtzen genduan, zatorrena. Periodikua «La Gaceta del Norte», «El Liberal»..., baiña gurera ez zan allegatzen periodikua.
Sotera Zubiaurre Garitaonaindia
Edonola ere, sasoi hartan zegoen egunkari kopuruak ez zuen zerikusirik gaur egun dagoen aukerarekin. Gure aiton-amonek gogoan dituzte haietako batzuk: hala nola, «El Diario Vasco», «La Noticia», «El Correo Español», «El Liberal», «Excelsior», «La Gaceta del Norte», «La Voz de España» edo «La Voz de Guipúzcoa». Hala ere, bakoitzak bazituen bere zaletasunak.
Ez nakan irakurtzeko astirik. Noizian behiñ txistiak eta holakuak irakurtzen nittuan periodikuan ikusten nittuanian. Orduan «La Voz de España» irakurtzen genduan etxian.
Felisa Bergaretxe Ardanza
Ildo horretatik, esan genezake, gaur egun gertatzen den bezala, garai haietan kiroletako informazioak ere bazituela zaletuak.
Nik deportiaren inguruan asko irakurri dot beti, «As», «Marca» eta holakuak. «Marca» Gerra denporan atara, eta bixak allegatzen ziran Elgoibarrera. Ni akordatzen naiz illia moztera juten nitzanian, Julian Zakariasek esaten zidala: ¡ahí va Ramon!, lagatzen zidan periodikua, hantxe irakurri, pagau azkenian, eta hurrengo astian pasatzen nitzan. Esaten zidan «periodiku honek basurara bota bihar dittut, eta...» nik hartzen nittuan, eta etxera eruaten nittuan. Hala ba... doble repaso.
Ramon Maiztegi Iriarte
Irakurri, bastante irakurtzen naban, periodikua ixa egunero, deportia edo pelota-partidua, bizikletia ere gehixen... holakuak irakurtzen nittuan. «La Voz de Guipuzcoa» irakurtzen naban, kalian edo etxian. Aittak gitxittan erosten zaban periodikua. Tabernan beti egoten zan periodikua, eta egunekua okupauta baldin bazauan, aurreko egunekua igual hartu bihar irakurtzeko. Rebistarik ez naban irakurtzen.
Juan Lariz Garate
Egunkariak ere ez ziren gaur egun bezala banatzen. Banatzailea ezaguna izaten zen, eta batzuetan, banatzailea bera izaten zen herriko albisteak egiten zituena.
Periodikuak saltzen zittuela akordatzen naiz. Paco, Jacinto Salaberria sakristauaren semia, ibiltzen zan. Eta gero izan zan korresponsala ere bai. Periodikuak plazan saltzen zittuan, baiña besuetan hartu eta etxez etxe partitzen ere ibiltzen zan.
Markos Arregi Iriondo
Zalantzarik gabe, Paco Salaberria eta Markos Gorostiza izan ziren, gure herrian, kazetari lanak egin zituzten lehenengo elgoibartarrak.
«La Voz de Guipúzcoa»n herriko kartia egoten zan. Marcos Gorostizak idazten zaban, eta berak «Cosmar» siñatzen zittuan albistiak. Futboleko gauzak Paco Salaberriak idazten zittuan, famosua zan. Donostian zaiñ egoten ziran, ia zer ipintzen zaban Paco Salaberriak. Elgoibarren partiduen gaiñian berak idazten zaban. Baiña sekula ez zan juten partidora. Bialtzen zittuan lagunak eta lehengusuak, eta hala egitten zaban.
Unzueta Iriondo ahizpak
Urteak igaro ahala, egunkariak etxez etxe banatu beharrean, merkataritza-establezimenduetan eta herriko tabernetan saltzen hasi ziren, horrela, gaur egun ezagutzen dugun egoerara hurbilduz.
Periodikuak saltzen zittuen, Aranburuk saltzen zaban, gaur egun Osoro eta Iriondo Kirolak daguan inguruan zaguan tabernan partitzen zittuan.
Mariano Elustondo Aizpiri
Aldizkariak ere irakurtzen ziren, baina egunkariak baino askoz gutxiago; oso gutxi eta garestiak baitziren salmenta tokietan aurki zitezkeenak. Horiek horrela, gure aiton-amona gehienek ez dituzte ia gogoratu ere egiten irakurri zituzten estreinako aldizkariak. Aldizkari haietan «denetik» hitz egiten zuten «pixka bat»; eta aldizkari haiek, noizean behin, irakurtzeko aukera izan zutenek gogoan dute zer nolakoa zen aldizkari haien itxura.
«Blanco y negro» rebistia zaguan. Guk ez genduan erosten, baiña goixan medikua bizi zan, eta harek erosten zaban. Eta lagatzen zigun irakurtzeko. Rebista dotoria zan «Blanco y negro», papel dotoriarekin. Don Antonio medikuarekin etxekuak modukuak giñan, aittaren lehengusua zan eta.
Unzueta Iriondo ahizpak
Bukatzeko, liburuen eta eleberrien irakurketari buruzko gaia aipatuko dugu. Benetan literaturzaleak zirenek baino ez zituzten liburu eta eleberri horiek irakurtzen; izan ere, egun guztia lan eta lan igaro ondoren lur jota geratzen zirenez, oso gutxi ziren irakurtzeko gaitasuna izaten zutenak. Era berean, sasoi hartan indarrean zegoen pentsamoldearen aurka borroka egin behar izaten zuten, alferrikakotzat jotzen baitzuten horretan jardutea.
Gazte denporan nobelaren batzuk irakurtzen genduzen. Etxian esaten zaben denporia galtzia zala. Baiña Don Antoniok ekartzen zidazen nobelak, oso polittak.
Unzueta Iriondo ahizpak
Irakurleek ere bazituzten euren zaletasunak: batzuek nahiago zituzten liburu didaktikoak; beste batzuek, ordea, entretenimendurako liburuak.
ARRILLAGA, ANTONIO (1886 - 1961)
Mediku eta zirujau ospetsua. 1886ko urtarrilaren 17an jaio zen Arnoate baserrian. Ospitalea jarri zuen san Inazio kalean. Gizon ospetsua, traumatologia arloan ospe handia izan zuen. Horretaz gain Elgoibarko, eta orokorrean, Euskal Herriko historialari eta ikerlari izan zen. Herriko alkate izan zen 1918-20 eta 1924-30 urteen bitartean. Oso kristaua, gizon ona eta lagun hobea, ezagutu dutenek diotenez. Mendizalea eta kirolzalea oso, pilotan ere jokatzen zuen.
Liburuetan erregien kontuak irakurtzen nittuan nik. Sasoi batian mundu guztixak ezagutzen zittuan erregiak.
Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea
Eta jakina, liburuak erostea luxua zenez, irakurri ahal izateko liburutegietara joan behar izaten zuten. Herriko ikastetxe bakoitzean zeuden liburutegiak alde batera utzita, gaur egun Udaltzaingoa dagoen Udal lokaletan egon zen gure herriko lehenengo liburutegia.
Lehen bazaguan liburutegixa Elgoibarren, Udaletxian. Oiñ Udaltzaingua daguan tokixan. Eta handik hartzen nittuan nik liburuak. Betiko liburuak zauden han: «Enciclopedia Espasa», ez dakitt zenbat tomo zauden, 60 edo; eta gero, beste liburu batzuk. Nobelak ere bai. Gu juten giñanian ez zan egoten iñor liburuen arduradun, zabaltzen ziguen atia eta... liburua hartu eta irakurri. Liburuak bertan irakurtzeko aukeria zaguan. Nik han ez dot ikusi iñoiz jendia liburuak etxera eruaten, irakurtzeko. Oingo liburutegi berrixan bai. Liburutegira gu juten giñan askotan, batez ere, eguraldi txarra zaguanian. Historixia eta herrixetako historixak irakurtzen nittuan nik. Gauza bat edo beste bat ikusten ere egoten giñan, «obras de arte» eta holakuak. Baten batek zeozer ikusten baldin bazaban, bestieri erakusten ziuen.
Ramon Maiztegi Iriarte
Udal liburutegiaz gain, elgoibartarrek bazuten San Bartolome parrokiako liburutegira joateko aukera. Bertan liburu ugari zegoen, baina gehienak erlijio gaiei buruzkoak ziren.
Elizan ere bazan biblioteka bat. Elizako liburuak izango ziran danak, baiña bazaguan biblioteka bat han.
Unzueta Iriondo ahizpak
PEDRO MIGEL URRUZUNO (1844 - 1923)
Mendaroko erretore lehenengo, eta bertako Agustinetako kapilau, ondoren. Euskal artikulugile eta olerkari bikaina. Euskal aldizkari askotan argitaratu zituzten haren idatziak, batez ere, haren istorioak edo «Ipuiak». Euskara herrikoi eta errazean idatzita daude. Esamolde ugari erabiltzen ditu, euskaldunen hizkera, arin, bizi eta adierazkorra aberasteko. Aita Villasanteren, esanetan, Urruzunoren «Ipuiak» izeneko obra «euskal literatura herrikoiaren eredu izan beharko litzateke». 1915 urtean, Urruzunoren «Meza Santua zen dan» izeneko liburua, Martin Cochem alemaniarraren idazlan baten itzulpena, argitaratu zen Durangon. Urruzunoren beste lan bat, aita Baudranec-en erlijio lan baten itzulpena alegia, seigarren aldiz argitaratu zen Tolosan, 1921 urtean.
Aspaldidanik, musika eta dantza izan dira elgoibartarren artean sustrairik sakonenak izan dituzten kultura jarduerak. Jaiei eskainitako kapituluan agerian geratu denez, jarduera horiek garrantzia eta estimazio handia zuten gure aiton-amonen artean. Guztiek aprobetxatzen zituzten aukera haiek, sasoi hartan, propio jarritako eskenatokietan musika entzuteko edo dantzarako gaitasuna erakusteko.
Inazio Bereziartuak zuzendutako orkestra.
Irudian honako hauek ere agertzen dira: Juanita Zubizarreta,
Azpiazu, Epelde, Etxaniz anaiak, Cordero, Salaberria eta beste bat.
Musikia asko gustatzen zitzatan. Jaiero juten giñan musikia entzutera plazara. Zinetik zazpirak inguruan ertetzen genduan, eta berehalaxe hasten zan musikia. Elgoibarko Musika Bandiak jotzen zaban, gabeko bederatzirak arte. Giro politta egoten zan jaiero. Dantzan egitten naban, baiña ezkondu ezkero ez asko.
Maria Epelde Arriola
Baina jarduera haiek, hainbat zaleturentzat, aisialdia igarotzeko edo hartzaile gisa egoteko modu bat baino zerbait gehiago ziren. Musika entzuteko zaletasun handiena zutenek musika jotzen ere ikasi nahi zuten, eta horretarako, herriko «maisuek» ematen zituzten eskoletara joaten ziren.
Musikia ikasi naban Inazio Bereziartuarekin, urtebete baiño gehixago. Baiña belarririk pittin-pittin ez nakan, eta gero laga egin naban. Bereziartua desesperau egitten zan. Hiru lagun giñan, Luzia Alkorta, Arcadia Gabilondo eta ni. Ez gendukan belarririk ez batak ez bestiak. Batak gaizki eta bestiak gaizkixago. Eta azkenian laga egin genduan gurekin ezin zabalako. Bere etxian ematen zittuan klasiak, Santa Ana kalian. 10 edo 11 bat urte eukiko nittuan nik orduan. Klase partikularrak ziran. Nola klasera jun bihar giñan bazkalorduan izaten ziran klasiak, ordu bata eta erdixetan. Bost miñutuan juten giñan, leziua eman eta hurrengo egunerako... estudixau beste leziua.
Mª Josefa Unzueta Iriondo
Beste batzuetan, familiarengandik zetorren tradizioa izaten zen musika ikasteko arrazoi nagusia.
Mutrikun jaixo nitzan, eta txikittatik egunero juten nitzan solfeua ikastera. Ahotsa edukatzen ere ikasten genduan. Nere etxian bazaguan pianua, gure amak pianua jotzen zaban eta gure aittak bandan. Gure anai bat abadia zan, eta oso ondo jotzen zaban organua. Gero kubano egin zan, eta han pianoko eskolak eman zittuan.
Nikasi Andonegi Sustaeta
Joxe Odria, Foruen plazan egin zen dantza solteko
txapelketan parte hartu zuten beste batzuekin batera.
1946 urteko San Bartolome jaiak.
Eta, nola ez, baziren gogoko musika-tresna jotzen beraien kabuz ikasi zutenak ere.
Nik betidanik izan dot zaletasuna panderua jotzeko. Eta irratixa entzunda asko ikasi naban. Ez nitzan jun sekula panderua jotzen ikastera. Nere kasa ikasi naban. Ama ona nakan, umiak zaintzen zidazen batzuetan, eta ni erromerixetara juten nitzan gizonarekin. Nik panderua jotzen naban, eta gizonak dantza egin.
Juliana Zubizarreta Gurrutxaga
Musika alde batera utzita, aipatu beharrekoa da, gure herrian, dantza herrikoiek duten garrantzia. Nolanahi ere, Elgoibarko jaietan betidanik izan dute lekua tankera guztietako dantzek.
Dantzan ikasi naban. Premixotan eta ibiltzen nitzan dantzan ni Maite Vallejo eta herriko beste lagunekin. Elgoibarko Udaletxeko plazan ere egitten zan, eta dozena bat pareja ateratzen giñan dantzan egittera.
Joxe Odria Osoro
Horiek horrela, pentsa genezake ia gure aiton-amona guztiek, gehienetan, herriko pilotalekuetan jarritako dantzalekuetan egingo zituztela dantzako lehenengo urratsak. Dantza kontuan ere bakoitzak bere zaletasunak zituen: batzuek nahiago zuten «solteko dantza», beste batzuek, ordea, «lotutakoa».
Dantzan gitxi ikasi naban, pixka bat erromerixetan. Lehen musika soltia entzuten zan, trikitixa eta holakuak. Hori zan nik gogoko nauana.
Juan Lariz Garate
Elgoibarren jarri zuten lehenengo zinema parrokiako «Zine Zaharra» izan zen. Errosario kalean kokatuta zegoen, gaur egun, Kutxako bulegoak dauden eraikinean. Zine hura martxan jarri izana izugarrizko gertakaria izan zen sasoi haietako elgoibartarrentzat. Ireki eta denbora gutxira, igandeetan aisialdia igarotzeko zegoen aukera nagusia bihurtu zen. Horretaz gain, zinera arratsaldean (16:30 aldean hasten zen) nahiz gauean (21:30 aldean hasten zen) joan zitekeen; horrela gure nagusiek, pelikularen bat ikusteko aukera izaten zuten, dantzara huts egin gabe. Udal Musika Bandak eskaintzen zituen, igandero, dantzaldi haiek.
Elgoibarrera etorri nitzanian, zine bakarra zaguan, Errosarixo kalekua. Oso zine korrientia zan, ez zaguan tapizautako silloirik, ezta antzekorik ere. Jarlekua bajau, jarri eta nahikua zan. Lagunekin juten nitzan zinera, domeka eta jai egunetan. Gurasuak prest eukitzen zaben afarixa; bestela, arreba edo baten bat kejau egitten zan, ez zabalako lekurikan topatzen. Zinia zan danontzat zaguanik onena. Ez zaguan besterikan.
Eugenio Diego Aranburu
Umea, gaztea, heldua... berdin zen zein adinetakoa izan. Igandeetan, guztiek egiten zituzten zinemara joateko planak. Gaur egun gertatzen den gisa, gazteenak arratsaldeko saiora joaten ziren, eta helduak, gauekora.
Ume denporan Errosarixo kaleko zine parrokiala zaguan. Zinera jaiero juten giñan. Bi txakur haundi izaten zan sarreria, eta guri hiru txakur haundi ematen ziguen pagia: bi zinerako, eta beste bat gastatzeko. Kakahuetiak eta karameluak erosten gastatzen genduan. Juergia egoten zan zinian, mutillak aurrian eta gu atzian egoten giñan, eta oso ondo pasatzen genduan kuadrillan.
Unzueta Iriondo ahizpak
Dena dela, zinemara joatea ez zegoen herritar guztien esku. Zinemara joatea ez zen oso garestia (duela 75 urte, sarrerek 20 edo 30 zentimo inguru balio zuten), hala eta guztiz ere, familia askoren egoera ekonomikoa ez zegoen gauza askotarako.
1940 urtian Errosarixo kaleko zinia zaguan, Antonio Usabiagak eruaten zaban orduan. Baiña ni ez naiz sekula egon Errosarixo kaleko zine haretan. Orduan ez zan oiñ bezela. Odeoia egin zabenian, batzuetan juten giñan zinera. Baiña lehelengo-lehelengotikan ez.
Juliana Irizar Goiburu
Joan den mendearen lehenengo hamarkadetan zineman ikus zitezkeen filmek ez zuten zerikusirik gaur egun ikus daitezkeen superprodukzioekin. «Estreinaldiak», batzuetan, urteetako atzerapenarekin iristen ziren. Baina berdin zen; garrantzitsuena sasoi hartarako modernoa zen ikuskizuna ikustea baitzen; nahiz eta lehendabiziko filmak zuri beltzekoak ziren, eta gainera, mutuak edo ahotsik gabekoak.
Gogoratzen naiz Gerra Zibilla hasi zanian ze pelikula botatzen zittuen. Amerikanuen propagandakuak ziran. Baiña teknikuaguak eta hobeto egindakuak ziran, eta hori gustatzen zitzakun guri. Hala ere, botatzen ziguen dana ikusten genduan.
Eugenio Diego Aranburu
Eta zinemara joatea gure herritarrentzat berebiziko garrantzia zuen gertaera zenez, haiek inolako eragozpenik gabe gogoratzen dituzte sasoi haietan garrantzitsuak izan ziren pelikulen izenburuak.
Elgoibarrera etorri nitzanian Errosarixo kaleko zine zaharrera juten nitzan ni gehixenetan. Gogoratzen naiz «Nobleza baturra» izeneko pelikulia ikusi nabala. Bilbon ikusi naban lehenago, eta gustau egin zitzatanez, Elgoibarren ikusi naban berriro. Hiru bidar ikusi naban pelikula hori. «Carmen la de Triana» ere ikusi naban, eta asko gustau zitzatan.
Felisa Bergaretxe Ardanza
Egia esan, parrokiako zinema zaharrak ezin izan zion Francoren erregimenak inposatutako zentsurari ihes egin. Horrela, elgoibartarrek, eroapen handirik gabe, filmei egindako mozketak jasan behar izaten zituzten. Hala ere, ez zuten atzera egin, eta beraien desadostasuna adierazten hasi ziren gero eta onartezinagoa zen neurri haren aurrean.
Nere denporan zine zaharra parrokuak euki zaban, Don Ceferinok. Jendiak protestau egitten zaban laztana allegatzen zanian, pelikulia mozten zabalako. Eta protestak hasi ziranian laga egin bihar izan zion. Neri gustatzen zitzatan jutia, baña orduan pagia txakur handi bat izaten zan, eta ziniak hiru txakur haundi edo kostatzen zabanez, ba... ez nitzan asko juten. Akordatzen naiz «La mano misteriosa» edo «Las dos niñas de Paris» bezelako pelikulak ikusi nittuala.
Sotera Zubiaurre Garitaonaindia
Bestalde, esan daiteke, Errosario kaleko zinema zaharra hainbatetan erakusketa gela bezala erabili izan zela, baita era askotako hitzaldiak emateko ere.
Guk ez gendukan zinera juateko dirurikan, baiña artisten kuadruak eta holakuak ikustera juaten giñan Errosarixo kaleko zinera. Hantxe izaten ziran eta. Baiña barrura ez giñan juaten.
Teodosia Iriondo Garate
Izan ere, haietako gertakizun bat, pasadizo bat bailitzan, betiko gelditu zen gure aitonamonen gogoan.
Amerikanuen presidentia, Kennedy, hil zabenian, Errosarixo kaleko zinian gengozen, perretxikuen inguruko konferentzixa batian.
Nikasi Andonegi Sustaeta
Eta bestela izan ezin zitekeenez, aurkitu ahal izango dugu, 80 urtetik gorakoa izanda ere, zinemara behin ere joan ez den elgoibartarren bat.
Zinera sekula ez nitzan jun, eta nere lagunak ere ez. Kaleko neskia zaukabenak juten ziran baiña gu, basarritxarrok, ez.
Mariano Elustondo Aizpiri
Joan den mendearen bigarren erdialdean, Odeón zinema ireki zuten. Hura jauzi kualitatibo garrantzitsua izan zen gure herrira iristen ziren ikuskizunen kalitateari zegokionean. Antzerkia eta zartzuela gisako jeneroak gure herriko karteldegian agertzen hasi ziren maiztasun jakin batekin. Elgoibartarrek pozarren hartu zituzten jenero berri horiek. Gainera, une hartako egoera ekonomikoa ona zen, bertako industria gorantz zihoan eta. Horrek eragin handia izan zuen, gure herritarrak konpainia profesionalek eskainitako kultura ikuskizunetara joan zitezen.
Joan den mendearen hasieratik hona,
gure herrian izan dira antzerki talde afizionatuak.
Odeoira zartzuelak, antzerkixak... etortzen ziran. Ondo zaguan Odeoia. Antzerkira ere juten giñan, batez ere, musikia zaguanian. Kantante batzuk ere etortzen ziran.
José Gurrutxaga Ondartza
Pelikulekin gertatzen zen bezalaxe, gure aiton-amonek ondo gogoan dute zeintzuk izan ziren gure herriko eskenatokietan arrakasta handiena izan zuten ikuskizunak.
Odeoira juten ziran antzerki-konpañiak ikustera juten giñan. Antzerki obra haretatik goguan daukadaz «Las chicas del tren» eta «La tabernera del puerto». Gizona eta bixok normalian Odeón zinera juten giñan, han antzerkixak jartzen zittuelako. Antzerkixa berdin etortzen zan eguastenian edo domekan.
Teresa Aginaga Madariaga
Harrigarria da, guk elkarrizketatutako guztiek, aho batez, Elgoibarren eskaini zen ikuskizunik hoberena «Las chicas del tren» izan zela esatea. Antzezlan hau hainbat astetan (50eko hamarkada) egon zen Odeón zineman programatuta, eta nekez aurkituko genuke antzezlan hura ikusi ez zuen elgoibartarrik.
«Las Chicas del Tren» ere egon nitzan ikusten. Oiñ hori ez da ezer, baiña orduan ba... 1950eko hamarkadan izan zan hori, Odeón zinia inaugurau zanian edo. Nahiko egun izan zan karteleran, eta danetan toperaiño beteta. Umieri ez ziuen sartzen lagako, baiña herriko nagusi guztixak hantxe izango giñan. Espektakulua! Ba artista onak ziran, emakume edarrak....
Ramon Maiztegi Iriarte
Baina gure herrian, Odeón zinema zabaldu baino hainbat hamarkada lehenago ere, bazen antzerkiarekiko zaletasuna.
Merkatu plazan ere egitten ziran antzezlanak, batez ere udan. Eta plaza txikira komediantiak etortzen ziran. Paillazuak ziran eta oso espektakulo politta egitten zeben. Ikustera juten giñan, bakoitza bere sillatxua hartuta.
José Gurrutxaga Ondartza
Errosario kaleko zinema zaharra, azoka plaza, Aita Agirreren plaza edo Batzokia bera izan ziren hainbat antzezlanen antzeztoki.
Asko gustau izan jata beti teatrua, eta ahal nabanian juten nitzan. «El Caserío» eta «Txelu kartzelan dago» izeneko teatruak gogoratzen dittut. Errosarixo kaleko zine zaharrian ikusi nittuan.
Ventura Agirregomezkorta Ibarluzea
German Uriguen, «Etxegiña», danbolin-jole bat
eta lau pilotari Sigmako frontoian.
Kasurik gehienetan, herriko antzerki zaleak izaten ziren antzezlanak egiten zituztenak: Lagun Onak orfeoiaren inguruan biltzen zirenak esaterako.
Elgoibarren teatroko grupo onak ere egon dira. Jose Juaristi, Francisco Juaristi, Miren Vallejo, Manolo Rementeria... inguruan onenetakuak zirala uste dot, ondo preparauta. Taldiaren izena zan... Orfeón Lagun Onak de Elgoibar. Amistad taberniaren gañian zaukaben lokala. Santolaya zaharra ere ibiltzen zan hor, Lagun Onak-en.
Ramon Maiztegi Iriarte
Eta ezin kapitulu honi amaiera eman Ongarri eta Elgoibarko Izarra elkarteak, bereziki, aipatu gabe. Sortu zirenetik, lanean ari izan dira euskal kultura elgoibartarrei ezagutarazten.
GERMAN URIGUEN «ETXEGIÑA» (1898 - 1986)
Bertsolari entzutetsua izan zen. Ermuan jaio zen 1898 urtean, eta 1924an Elgoibarrera etorri zen bizi izatera. Hasieran Gabilondoneko enpresan egin zuen lan , eta ondoren, Sigman. Familiaren, eta batez ere, bere osaba Juan Kruz Uriguenen eraginez, 14 urterekin sortu zitzaion bertsolaritzarekiko zaletasuna. «Etxegiñaren» osaba ere bertsolaria izan zen. Hiru urte beranduago, Santa Agedako koruetan parte hartzen hasi zen. Izan ere, «Etxegiña» izan zen ohitura honi jarraipena eman zion taldearen sortzailea. Bere sorkuntzarik garrantzitsuena «Salbea» izan zen. Bertso horiek 17 urterekin kantatu zituen lehenengo aldiz, Ermuan. 1.986ko apirilaren 14an hil zen.