ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

0.2. ELGOIBARKO EUSKARAREN KOKAPENA

 

Dialektologiari buruzko literaturan, antzinatik aipatu izan da gure herria. Azaldu berri dugun kokapen geografiko bereziagatik izango da, seguruenik. Kokapen geografikoaz gain, ordea, bestelako kokapen mota da funtsezkoagoa, kokapen dialektologikoa. Bi hizkeraren, bi dialektoren artean kokatuta dago gure herria. Liburu honetan jaso ditut garrantzitsuenak iruditu zaizkidan ezaugarriak, arloz arlo. Geroago erabakiko dugu euskalki batetik zer duen eta bestetik zer duen, euskalki batetik bestetik baino gehiago duen, eta abar. Argi dagoena da bietatik, Mendebalekotik (bizkaiera deitu izan denetik) eta Erdialdekotik (gipuzkera deitu izan denetik) dituela ezaugarriak. Inguruko herrietan, ordea, argiago daude gauzak; argiago dago zein euskalkitakoak diren: Eibar eta Soraluze argiago dago Mendebalekoak direla; bai Etxebarri eta Markina ere. Iparraldetik eta ekialdetik, bestalde, argiago dago Deba eta Azkoitia Erdialdeko euskalkikoak direla. Elgoibar dago horien guztien tartean, eta egoera ez hain argian, beharbada Mendarorekin batera.

Kokapen dialektologiko «ilun» hori izan dute hizpide antzinatik hasi eta gaur egunera arteko euskal hizkuntzalari eta dialektologoek.

Lehendabiziko aipamena XVIII. mendekoa dugu, Manuel Larramendirena; hala dio bere Corografía de Guipúzcoa lanean (1754):

«(...) En Elgoibar y más en Eibar empieza el dialecto de Vizcaya en mucha parte eman eutsan, egin euen, buruagaz, etc. Y corre por Plasencia, más o menos por Vergara, Mondragón, Arechabaleta, Escoriaza, Salinas, Oñate y todas aquellas aldeas. En la marina de Motrico hasta Fuenterrabía apenas hay distinción del dialecto común de Guipúzcoa.»

Badirudi gurea ez duela bete-betean bizkaieraren esparruko hizkeratzat hartzen. Ez eta gipuzkeraren esparrukotzat ere, bere Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín hiztegian dioenaren arabera (1745):

«Los lugares rayanos de Bizcaya usan mas del dialecto de Bizcaya: los interiores, empezando desde Elgoibar, ó desde Azcoitia por el lado septentrional, y desde Cegama, y Segura por el lado de Navarra hasta Irun, y Fuenterrabia, usan el dialecto de Guipuzcoa».

Beraz, tarteko hizkeratzat jotzen duela dirudi Elgoibarkoa.

Luis Luciano Bonaparte printzeak egin zuen Elgoibarko hizkeraren hurrengo aipamena. Larramendik baino sistematikoago aztertu zituen Euskal Herriko hizkerak Bonapartek, nahiz esan beharra dagoen ia aditza bakarrik hartu zuela bereizketa-irizpidetzat. Bere Carte des sept provinces basques-en (1863), Gipuzkoako euskaran sartu zituen Itziar, Deba, Mutriku eta Mendaro. Bizkaiko euskaran, berriz, Deba bailarako gainerako hizkerak (Elgoibar barne).

Hala ere, kokapen horrek ez zuen sendotasun handiegirik Bonaparteren laguntzaile Uriarterentzat, hala baitzioen hari eginiko gutun batean:

«En Elgóibar sucede que la parte de la población, que se halla situada hacia Azcoitia, participa algo más del guipuzcoano, pero aún debe agregarse a Vizcaya, aunque esto no acomoda a los guipuzcoanos.»

Deserosotasun hori, dirudienez, herritarrena ere bazen. Ondorengo pasarte batean azaltzen du:

«Sucede en todas estas poblaciones2 que miran con desdén el bascuence de Vizcaya y son muy apasionados al dialecto de Beterri: los sermones y pláticas se predican en ese dialecto de Beterri, y muchísimas personas hacen estudio de este dialecto, por cuyo motivo hacen una mezcla; pero todavía no han podido guipuzcoanizar al vulgo.»

Resurrección Mª de Azkue datorkigu, kronologiari jarraituz, ondoren. Bere hiztegi handian, Diccionario vasco-español-francés-en (1905-1906), Elgoibarko beste auzoetatik bereizten zuen Altzola: gipuzkeraren barruan kokatu zuen Altzola, baina bizkaieraren barruan Elgoibar.

Urte batzuk geroago, ordea, Morfología vasca gramatikan (1923-25), biak sartu zituen gipuzkeraren barruan, bai Altzola eta bai Elgoibar.

Bähr hizkuntzalariak ere aipatu zituen gure herria eta inguruak. Euskalkien arteko beste mugaleku batzuetan (Debaerdikoan eta Debagoienan) baino hizkuntza-jauzi txikiagoa zegoela dio Debabarrenean, Elgoibar inguruan. Hala dio bere Flexiones verbales de uso actual en Legazpia lanean (1925):

«Presenta extraordinario interés esta 'encrucijada lingüística', constituida por los pueblos de Elgóibar, Motrico y Deva, en la zona limítrofe septentrional de los dos dialectos colindantes más distintos entre sí, el vizcaino y el guipuzcoano, en la que por la mayor facilidad de comunicación, la interacción entre las hablas locales de ambos dialectos es superior a la existente entre las de los pueblos situados más al sur, en la región más montañosa del interior (Bergara-Antzuola/Zumarraga-Urretxu muga, eta Legazpi/Oñati muga).»

Pedro de Yrizar harrigarriak ere bazituen bere zalantzak. Ikus, bestela, Contribución a la dialectología vasca liburuan (1981) dioena:

«En el dialecto vizcaino hay sus diferencias y no pocas. Se extiende a parte de la provincia de Guipúzcoa ya que por esta parte empieza en Elgóibar y más en Eibar continuando por Vergara, Mondragón, Arechavaleta, Escoriaza, Salinas, Oñate.»

Kontuak kontu, azkenean Altzola eta Elgoibar, biak sartu zituen Gipuzkoako euskararen barruan.

«(...) La distribución de variedades corresponde a la clasificación del Príncipe Bonaparte. Sin embargo, Elgóibar ha sido incluido por nosotros en el dialecto guipuzcoano, aun reconociendo la fuerte influencia vizcaina que se aprecia en su habla.»

Koldo Mitxelenak urte berean (1981) aipatu zuen Elgoibar inguruko hizkerak eta haiek ikertzeak euskal dialektologian zuen garrantzia3:

«Pero esa frontera, que coincide en trechos con el frente de guerra tal como quedó estabilizado en octubre de 1936, jamás ha sido explorada, que yo sepa, en detalle, punto por punto. (...) Así, en relación con la 'distancia' entre Brinkola y Oñate, ¿cuál es la que separa a Eibar de Elgoibar o a Ondarroa de Motrico? Antes de levantar teorías, sería necesario dedicar algún tiempo al humilde, trabajoso pero indispensable menester de observar los hechos. Habría también que ver, puesto que las consideraciones que se hacen son cuantitativas, si no hay manera de cuantificar las observaciones.»

Ez dakit Mitxelenaren eginkizun horrek behar zuen bezainbeste ordu eskaini dizkiodan, baina ahalegintxoa egin dugu. Gogo handiagoz, gainera, Mitxelenaren hitz horiek ezagutuz geroztik.

Azkenean, garai berriagoetara etorriz, Koldo Zuazo dialektologoarengana iristen gara. Bonaparteren euskalki-banaketa berritu, eguneratu egin du Zuazok (Euskalkiak, gaur, 1998): besteak beste, Deba eta Itziar Gipuzkoako euskalkian sartu ditu, baina Elgoibar, Mendaro eta Mutriku gipuzkeraren (erdialdeko euskalkiaren) eta bizkaieraren (mendebalekoaren) tarteko hizkeratzat hartu ditu, zubi hizkeratzat, ez bateko eta ez besteko hizkeratzat: trantsizio-hizkerak dira tarteko deitutako hauek. Elgoibarkoak du, haren esanetan, hiru herri horien artean bizkaieraren ikuturik handiena. Hala dio:

«(...) eta tarteko hizkera horiei esker, urratsez urrats, ia oharkabean egiten da azpieuskalki batetik besterako bidea. (...) Administrazioz Gipuzkoa izateak hizkuntzaz ere Gipuzkoara hurreratzea ekarri du, eta (Deba bailarako) iparraldeko alderdian agertzen da gardenen gertutasuna. Elgoibar, Mendaro eta Mutriku ezin dira, gaur egun, ez mendebaleko euskalkian (bizkaieran) ez erdialdekoan (gipuzkeran) erabat sartu: tarteko hizkerak dira bete-betean.»

Bähr-ek aipatutakoa ekarri digute gogora Zuazoren hitz hauek: euskalki batetik besterako bidea urratsez urrats egiten da gurean, eta ez Antzuola/Zumarraga-Urretxu eta Oñati/Legazpi mugetan gertatzen den bezain kolpetik.

Elgoibarko euskararen kokapenarekikoak amaitzeko, herritarren iritzi batzuk jaso ditut4, haiek ere, adituak izan ez arren, lagungarriak izango zaizkigulakoan.

Hona hemen berri-emaile baten iritzia:

—Eta auzuetan, berdin egitten dozue euskeraz?

—Bueno, auzo artian, Elgoibarren, konparazio baterako, auzo artian danak igual egitten dogu. Bestela, diperente egitten dabe, bai, diperente oso. Oso diperente Azkoittira ere. Elgoibartik Azkoittira sartu zaitte, Madarixara juan zaitte, eta diperente egitten dok han. Azkaraten bertan pasatze(n) zaranian, diperente egitten dozu berba ya.

—Guk igual egitten dogu, baiña eurak diperente egitten dabe. Oiñ, entendiu ondo egitten gera alkarrekiñ, e! Ezta? Baiña euskera batuagua, hor zihar; euskera ... edarragua.

—Auzuen artian bada alderik?

—Ez, ez, ez. Hamen Elgoibarren dana igual egitten dogu. Hamen ere, pasatzen zera Urkaregiñ, Gipuzkua-Bizkaia mugan...

—Bai.

—Hor ere kanbixau egitten da, kanbixau egitten da; hain da gauza rarua...

—Bai, bai.

—Eta Debara ere bai. Debara ere juten zera, eta diperente egitten dabe han ere. Eta Azkoitti aldera ere bai. Mondragoi aldera juten baldin bazera, han ere bai. Han ere diperente. Oiñ, herri bakoitzian entendiu alkarrekin igual egitten dogu, e! Hori dago ipinitta, itxitura bat bueltan ipintzia bezela, berba iguala egittia.

(Dionisio Txurruka)

Beste hiztun batek ere halatsu dio:

—(…) Eta gero, hemen auzuen artian ere diferente eitxen dozue zuek? San Migelekuak, Urruzunokuak…

—Ez, ez, ez. Hemen dana igual samar eitten dok.

—Bai? Eztago alderik?

—Hemen, Arratez hemendikan, San Migelen, eta hemen Mendaron da, ez. Mendaron pixkat zertzen dittuk: badek eta badok. Guk esaten dogun bezela: Bai holako badek! Edo, halatan dek! Eta holako gauzak Mendaron, baiña bestela, berdintsu. Debatik harutz gehixago, diferenzia gehixago jaukak.

—Eta eztozu pentsatzen auzuen artian alderik daguanik?

—Ez. San Migelen izen, hemen izen, hemen San Lorentzon izen, hemen goi etxetan izen, berdiñ, igual eitte(n) juagu danok.

—Eztakitx, igual eragiñen bat Azkoitxi aldekua edo…

—Bai, hemen Azkaratekuak eta Kortaberri ta, badakik nun dauazen?

—Bi.

—Horrek Azkoittikua asko nahaste(n) juek. Guk bai, bihi juat nik esan biharrian, ber ditt nik, eta holako gauzak. Hor Azkarate, hemen Otxortia, Kortaberri, Azkaraten ere bai, pixkat nahasten juek. Horrek gehixao juten dittuk Azkoittira gu baiño, eta azkoittiarrekin kontakto gehixao jaukek horrek. Entenitzen dok? Ertetzen dien auzuak dittuk, eta hau Azkaraten hemengua dok, eta hau Azkoittikua dok, baiña bixak hona datoz alkarrekin lanera. Auzuak egote(n) dittuk alkarri laguntzeko, eztakik? Lanetan da, zeretan. Eta nahastu eitte(n) dittuk pixkat. Baiña gitxi, gitxi.

—San Migel aldian berdiña pasauko jakue igual.

—Baitta, baitta. Horrek, horko ta, honek ere…, Belaustegi ta, horrek (Markiña) Etxeberri aldeko hizketia nahaste(n) juek pixkat. Baiña San Migeletik honuzkuak eta, ez.

(Joxe Gurrutxaga)

Berri-emaile gehientsuenen iritziak era honetakoak dira, eta horretan utziko nuke kontua. Hori bai, aipatu nahi nuke berri-emaileek batez ere hizkera-muga horiek aipatzen dituztela euskalkien arteko desberdintasunak aipatzen zaizkienean, Etxeberri eta Markinarekikoa eta Azkoitiarekikoa, alegia; gutxiagotan aipatzen dute Eibarrekin edo Soraluzerekin legokeen muga (Eibarkoa bizkaierakoagoa dela esaten dute, hori bai), eta ia aipatu ere ez dute egiten Mendarorekikoa. Zerbaiten seinale, nonbait.

 



elgoibarko udala