ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

7. HIZTEGIA

 

Atal honetan Elgoibarren erabiltzen diren hitz batzuk jaso ditut; ez dut jaso nahi izan, ordea, elgoibartarrok erabiltzen dugun edo erabil genezakeen hiztegi oso bat; besteak beste, ezinezkoa delako. Hori baino probetxugarriago ikusi dut bereizgarriak diren hitzak batzea. Bereizgarriak, zentzu batean baino gehiagotan:

— Bereizgarriak, erabilera estandarraren aldean, Euskal Herrian hedatuak dauden hitzen aldean.

— Bereizgarriak, era berean, alboko herrietan erabiltzen diren hitzen aldean; bizkaiera/gipuzkera euskalki-banaketaren kontuan (ez dezagun ahaztu Elgoibar parez pare harrapatzen duela banaketa-lerroak) esanguratsuak diren hitzak eta hitz batzuen erabilerak ere jaso ditut, hala Elgoibarko hiztunek kasu bakoitzean zein aldetara jo duten ikusiko baitugu.

— Bestalde, hemen agertzen diren hitz batzuen erabilera jakin batzuk, balio jakin batzuk, zabalduak daude Euskal Herri osoan zehar: erabilera orokor horiek ez ditut jaso; batez ere, hain ezagunak ez diren erabilerak jaso ditut, bai zaharkitzen ari zaizkigulako, bai, bigarren mailako erabilerak izanik, ahaztuxeak ditugulako.

Hiztegi honetan hitz batzuk jaso izanaren arrazoia ez da, beraz, Elgoibarkoa (eta inguruetakoa) bakarrik izatearen berezitasuna, baizik eta, orokor samarrak izan arren, gaur egungo euskaran (batez ere gazteen jardunean) ahaztuxeak dauden hitzak edo hitzen erabilerak izatea. Nolabait gure tradiziokoak ditugun erabilerak berreskuratze aldera sartu ditut, sartu ere, Elgoibar inguruetakoak bereziki ez izan arren.

Hau irakurtzen duenak ez du, bestalde, arlokako hiztegi exhaustibo bat aurkituko (ez dut egin, adibidez, baserriko edo tailerren munduko terminoen hiztegi bat: hori eginkizun gelditzen da). Esan bezala, nolabait bereizgarri samarrak diren eta Elgoibarren gehientsuen erabiltzen diren berbak eta erabilerak jaso dira. Arloka ez egiteak esan nahi du hitz asko faltan aurkituko dituela zenbaitek. Hori hiztegitxo honen ondorengo pausuetako bat izan liteke, esan bezala. Oraingo honekin, lehen urrats bat besterik ez dut eman nahi (ahal?) izan.

Hiztegiaren formari eta antolamenduari dagokienez, izenen eta adjektiboen kasuan, sarrera bakoitzean hitzaren forma mugagabea eta mugatua ipini ditut, batean zein bestean nola erabili behar diren argitzeko. Adberbioen kasuan, dauden-daudenean utzi ditut, hauek inoiz ez dutelako forma aldatzen. Aditzen kasuan, berriz, partizipioaren forma jarri dut, eta, sarreraren barruan, zer eratako aditzak diren esplizitatu dut: DA, ZAIO, DU edo DIO aditza (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko jokamoldeari jarraituz).

Hiztegiko hitzen erabileren adibideak ere eman nahi izan ditut, gehienetan behintzat, zein testuingurutan eta nola erabiltzen diren erakusteko.

Bestalde, sarrera bakoitzaren esanahia eman ondoren (euskara batuan, ahal dela, eta, batzuetan, gaztelaniaz), zenbait sarreratan azalpenen bat edo beste sartu nahi izan dut, batez ere hitzaren erabilera argitzeko, erabilera horren deskribapen gramatikala egin nahian-edo (hitz elkartuetan erabiltzen den, bestelako hitz jakin batekin erabili ohi den, zer eratako aditza eskatzen duen, aditza baldin bada zer eratako erregimena duen, eta abar).

Hiztegiko sarreren artean, nabarmena egingo zaio bati baino gehiagori erdarakaden ugaritasuna. Erabiltzen diren neurrian (eta dezente erabiltzen dira gurean, egia esan behar bada: ahozko jardunean bereziki, eta batzuk aspaldi samarretik), sartu egin behar direla uste dut. Adineko hiztunek gehien erabiltzen dituztenak behintzat, bai; batez ere legokiokeen euskal jatorriko forma baino gehiago erabiltzen direnak. Argi gera bedi, nolanahi ere, horrek ez duela esan nahi Elgoibarko euskararen erabilera jasorako proposatzen edo hobesten ditudanik.

Azkenik, esan behar da zenbait hitz ez direla agertuko hemen, beste lekuren batean aipatu direlako berariaz: Elgoibarko forma izatearen bereizgarritasuna, kasu horretan, fonetikako aldaeretan datza, adibidez, eta ez hiztegiko sarrera lexiko berezi bat izatean.

Hiztegian erabili ditudan laburduren berri lan honen hasieran aurkituko du irakurleak.

 

 

A

 

ABADE, abadia: Apaiza ere erabiltzen da (eta kuria, nahiz askoz gutxiago), baina abadia gehiagotan. Abaria aldaeran ere bai. Bai, nik, hona etortzen giñuazen, eta abaderen bat egongo zuan. Orduko abaderik eztaok oiñ, aspaldixan.

ABANTAU: DA aditza. Abiatu. Illunduta abantau giñan hortikan, Aulestitikan Bilbora, Gernikatikan pasauaz. / Kotxian baldin banijua, tak! Abantau orduko emango diot nik radixuari.

ABANTZAU, abantzaua: Aurreratua. Eibar beti izan tzan «socialista» eta «republicano»; hamenguen aldian abantzauak oso!

ABAR, abarra: ... eta abarra!: Jolin! Oiñ, takua eta abarra ipintze(n) dabe pelotarixak. / Bajagok hamen txarrikerixia eta abarra!

ABARKETA, abarketia: Alpargata. Orduan, egualdi ona bazan, ni abarketa zurixekiñ erromerixara.

ABER: Ea (ia)-ren baliokidea, zehargalderetan erabiltzen dena. Zera eskatu zion, jornal gehitxuo aber eman leikien, estu zabillela ta. / Aber monagillo nahi naban bertan izatia galdeu zidan.

ABIXADA, abixadia: 1. Velocidad. Hori dok abixadia eruan debena karreristak! 2. Impulso.

ABONAU: DU aditza. Goraipatu, famatu. Hamen beti Retegi abonau da, ezta? Baiña «por parejas» Gallastegi askoz hobia zan.

ABURRIMENDU, aburrimendua: Aburrimendu itzala, pelikula haura!

ADAR, adarra: Adarra jo: Tomar el pelo. Ez (eg)idak adarrik jo!; Illia hartu bezalakoak oso berriak dira, eta ez dira gomendatzekoak. Adarra jotzeko makiñia (asmau): Adarra jotzeko makiñia asmau dok, ala?

A(D)ITTU: DU aditza. Ulertu. Entender. Entendi(d)u gehiago erabiltzen da. Gaur horixe dakazue zuek. Nik gauza asko eztot a(d)itzen. Zeuek ere diferente eitxen dozuelako. / Hónek eibartarrak, asko, Zarauzkuakiñ a(d)itxu ezinda.

A(D)ITZEN EMAN: DIO aditza. Jakinarazi, aditzera eman.

AFA(R)I, afa(r)ixa: Afari-legia egin: afariaren ohiturarekin kunplitu. Batzuetan, afari arina egin. Afari pasaria egiñ: Afaldu. Afari arin samarra egin.

AFA(R)I-ME(R)IXENDA, afa(r)i-me(r)ixendia: Merienda-cena. Gaur soziedadian eingo juagu afari-merixendia, fubola ikusiez.

AFAN, afana: Zerbait egiteko zaletasuna. Hori da afana dabizuna!

AFANOSO, afanosua: Afanoso. Grinatsua. Afanoso hutsa dok hori.

AFIZIO, afiziua: Zaletasuna. Eskolan baiño afizio gehixo, han, pelotan.

AGUAZILL, aguazilla: Ez (eg)ik aparkau kotxia espaloi gañian, aguazilla etorriko jak eta.

AGURE, aguria: Gizon zaharra. Anciano. Agura ere entzuten da. Agurezar.

A(G)URO: Adb. Azkar, bizkor. Fubola ere gustatze(n) (j)ata. Baiña ni aspertu eitten naiz, a(g)uro.

A(HA)LA: Aurretik aditz partizipioa duela. Eurixa bota a(ha)la ari du. / Dirua, irabazi a(ha)la gastatzen jok Andresek.

A(HA)LEGINDU: DA aditza. Saiatu. Saiatu hitza ez da erabiltzen.

A(HA)LEGIÑA(K) EIÑ: DU aditza. Alegindu ere bai. —Ondo pasau, e? —Eingo dittudaz a(ha)legiñak.

AHIZTA, ahiztia: Hermana. Ahizpa ere bai, nahiz gutxiago. Bi ahizta zian horrek. / Ahiztak zaukan be(de)ratzi ume. Eta hárek zaintzera jun nitzan.

AHIZTU: ZAIO aditza. Ahaztu. Olvidarse. Ahiztu! Euskeria ahiztu, azkenian!. Eskoletan laga ez, eta gero, kalera jun eta tto, tto, tto! Dana erderaz. / Nerekin ahiztuta zaudete, ala?

AHOPIAN: Ahopian berba egin: Isilka berba egin.

AIDE!: Interj. Eta pixkat illuntzen hasten zanian, maixua tilin-tilin, tilintilin kanpaia jotzen. Eta aide danak etxera!

AIDIAN: Adb. Oso azkar. San Isidro egunian, aidian jute(n) giñan erromerixara. Oso erraz. Aidian irabazi dixat pelota partidua.

AIÑA: Konparazio perpausak egiteko: Gizonak aiña irabazte(n) jonat. / Gabon háretan aiña turroi sekula eztogu jan! / Neuk pasau doten aiña eztiot iñori opa.

AITTA BESUETAKO, aitta besuetakua: Padrino.

AITTAGIÑARREBA, aittagiñarrebia: Suegro.

AITTATU: DU aditza. Aipatu. Mencionar. Pelotia aittatu didazunez, ikusi dozu partidu ederren bat azken aldixan?

AITTATZAKO, aittatzakua: Padrastro.

AITTAZULO, aittazulua: Beti aitarekin egon nahi duen umea.

AITTIAREN!: Interjekzioa. Aittiaren eta semiaren!: Aittiaren da semiaren! Holakorik ikusi be nenguan gaur arte. Aittaren batian: azkar, berehala. Aittaren batian amaittuko dogu lan hau.

AITTITTA, aittitta: Abuelo. Hau karnezerua Patxi bado(k) pa? Horretxen aittitta zuan.

AIXKIRAU: DA aditza. Adiskidetu.

AIZERI, aizerixa: Azeria.

AJE, ajia: Resaca. Ikus BIXA(RA)MONA. Bart gustora ibilli nitzuan, baiña gaur demaseko ajia jaukat!

AKA(BA)U: DU aditza. Hil. Hantxe bertan akauko najuan, jenderik egon ezpalitz.

AKABERA, akaberia: Fin, conclusión. Amaiera gehiagotan erabiltzen da.

AKABO BA!: Zerbaiten ziurtasuna egiaztatzeko esklamazioa. —Aurten ere etorriko zerate herriko jaixetara, ezta? —Akabo ba!

AKASO: Beharbada. Akaso etorriko dok berri ona.

AKORDAU: DA eta ZAIO aditza. Recordar. Izena horrena etxatak akordatzen. / Ez zeben billatzen iñor itxuria, eta nerekin akordau ziran.

AKORDU, akordua: Recuerdo. Eta Elgoibarren, nere akorduan, hiru ero itxo zian bakarrikan errekan.

AL: Bai-ez erako galderetan erabiltzen den partikula. Etorri al da Inazio?

ALAJA, alajia: Pluralean normalean. Bitxiak. Joyas. Alaja edarra don hori, ba!

ALAJAUNGOIKUA!: Interjekzioa. Aldaerak: ALAJAINKIA, ALAZA(I)NKIA. ¡Por Dios!

ALBO, albua: Lado. Beste batzutan, trikitixan ez giñuazen abillak, eta pasodoblia ero bazan, bai... Horrek beste horrek, albotik begira e(g)oten giñuazen.

ALDAPA, aldapia: Cuesta, pendiente. ALDAPADIA-rekin alternantzian (edo Aldaparia).

ALDATZ, aldatza: Cuesta, pendiente. Ehun da berrogeta hamar bat metro ero egongo ziran, oindiokan zera zauan, oindiokan aldatz goria.

ALDE EGIÑ: DU aditza. Ospa eiñ ere bai, lagunartean. Holaxe, ba, hárek etorri baiño lehenago alde ein bihar.

ALDE, aldia: 1. Desberdintasuna. Aldia egon (nondik nora / zertatik zertara): Konparazioak egiteko, gauza batetik bestera desberdintasun handia dagoela adierazteko. Alde edarra egon. Alde edarra hau izan edo bestia izan! Bai, diperente eitten dogu. Eske aldia dago Elgoibartik Azkoittira. 2. Konparazio perpausetan sarritan: -ren aldian eta -ko aldian: Baiña haren aldian honek gehixo balio deu, e! / Basarriko lana lehen zuan gogorra oingo aldian.

ALDEKO, aldekua: Ondoko baserrikoa. Aldeko ...: Aldeko Joxek esan zaban kontu hori.

ALDERA: -tze aldera: Helburuzko perpausak osatzeko menderagailua. Ez gendun ezer erosi bihar, baiña denporia pasatze aldera juan gara Netto-ra gaur arratsaldian.

ALDI, aldixa: Temporada, fase, momento. Hitz elkartuetan eta eratorrietan sarritan: aditza + aldixa. Nik kalian eitte nittuan egonaldixak junda. / Oiñ, bigarren junaldixan, ba, gu Burgosen egon giñan. / Lehen-lehen, bai, eta gero laga-aldixa, eta gero, berritz.

ALDIAN (HARTU / ERUAN / IBILLI): DU aditza. Llevar a cuestas. Hor datoz ijittuak, umiak aldian hartuta.

ALDIZ: Adb. x aldiz: x veces. Bidar ere bai, sarriago gainera. Eta egunero juaten giñuazen Plazentziara, bi-hiru aldiz bai.

ALDREBES, aldrebesa: Adj. Baldarra. Torpe. Etxuat ikusi aspaldixan pertsona aldrebesagorik!; Adberbio moduan ere bai: Gabonetan, en jeneral, juten gaittuk gu hor zihar. Udan ez gaittuk juten. Gu aldrebes ibiltze(n) gaittuk. Gu, astuen klasera, aldrebes.

ALE, alia: Grano, pedazo. Erabilera enfatikoetan: A ze sagar aliak ekarri dittuan Berdungo andriak! Aliak: emakumeen titiei ere bai, lagunartean: Horrek dakaz aliak, horrek!

ALKAHUETE, alkahuetia: Pertsona faltsoa. Kontakatilua.

ALKAR: Elkar. Asko maitxe debe alkar, e! Ene, mutillak beti preguntia: noiz dator? / Edadetua gehixena izaten da. Alkar ikusi eta alkar ezagutu, eta edarki pasatzen degu; Alkar hartu: Danok alkar hartuta egin bihar juagu aurrera. Bestela eziñ izango juagu.

ALLEGAU: DA aditza. Iritsi, heldu. Ehun da berrogeta hamar bat metro ero egongo ziran, ondiokan aldatz goria zauan, gora alle(g)au gabe, eta kañonazo bat kamiño erdixan sartu zan.

ALPER, alperra: Vago, -a. Gizon hori baiño alperragorik eztok inguruetan topauko! Alper zorrixa: Hori dok, hori, alper zorrixa: etxok egun guztixan kolpe zorririk jotzen!

ALPERRIK: Adb. En vano. Alperrik habill Joxekin! Eztok sekula zintzotuko ta! Alperrik galdu: DA aditza. Normalean ezezkakoetan. Lasai laga (eg)izu semia, eztok alperrik galduko ta!; Ezezkako perpausetan ere sarritan, baiezko esanahia duela: Ez alperrik! —Esan diot aurrerantzian holako latarik ez emateko. —Ez alperrik!

ALPERRONTZI, alperrontzixa: Alperra, nagia.

ALTU, altua: Alto / -a. Neurriak adierazteko arruntagoa da alturan x metro izan, neurtu aditza baino; Presiak daukaz ehun da hogeta hiru metro alturan.

ALTZO, altzua: Regazo. Altzuan hartu umetxua, eta siaska kantuak kantatzen hasi jakon.

AMA BESUETAKO, ama besuetakua: Madrina.

AMABIRJIÑA GAROTA(R)AKO: Pilarreko amabirjina. Pilarika eguna, «doce de octubre» eztok, ba, izaten? Hillan hamabixan da. Eta haren zaiñ egoten zittuan basarrittarrak mendirako lagunak izateko, garotarako. Tallarretan jai, eta han zabizenen zai egoten zittuan. Eta gero, asmau jauen horréri, Amabirjiña Pilarrekua esan biharrian, «Amabirjiña Garotarako»; hala esaten jakuan horri.

AMAGIÑARREBA, amagiñarrebia: Suegra.

AMAIERA, amaieria: Akaberia eta bukaeria baino erabiliagoa. Bukaera.

AMAITTU: DA eta DU aditza. Terminar.

AMAMA IPIÑI: Erraz ipini. Amama ipiñi diot pelotia tantua eitteko.

AMAMA: Abuela.

AMARAUN, amarauna: Telaraña. Maasmak eitxen debena. Horrek eitxe juek, ba, telia. Erderaz da hori ere, tela. —Bai. Horregaitxikan. Batzuek esaten diue amarauna.

AMATAU: DU aditza: Apagar. Emendau ere bai. Amatau (eg)izu hori argixori, nahikua argi badago eta.

AMAZULO, amazulua: Haur amakoia. Enmadrado. Apegado a la madre. Amazulua da, benetan, gure umia!

AMENAZO, amenazua: Amenaza.

AMESETA, amesetia: Sueño. Amesetan egiñ: Asko eitte(n) jok amesetan gure umiak aspaldixan.

AMISTADE, amistadia: Adiskidantza. Amistad. Baiña kalera juten gara asko. Kalera jun ezkero…, amistadia eitten da. / Gizon sinpatikua dok (…) Kriston amista(d)ia jaukagu harekiñ.

AMORRAU ERAIÑ: DIO aditza. Amorrarazi. Aditzaren partizipioa eta eragin erabiltzen da aditzaren forma faktitiboak osatzeko.

AMORRAU, amorraua: Oso zalea. Amorraua izan: Bai, bai, juan bertara, eta arraiña, peskan. Eta amorrauak giñan gu, hau Kondia difuntua? Haura ta. / Hitz elkartuen bigarren osagaia sarritan: Mendizale amorraua dok Miren.

AMORRAU: Adj. DA aditza. Enrabietarse. Azkenerako, amorrauta juan nitzuan etxera. Gosiak amorratzen egon: Gosiak amorratzen najauan, eta eskura nakan lelengo gauzia jan naban.

AMORRO, amorrua: Rabia. Amorro edarra hartu dau Terek loterixia tokau jatala enterau danian.

ANABASA, anabasia: Nahastea. Caos, lío. Hango anabasia!

ANDRA, andria: Mujer, esposa.

ANDRAGAI, andragaixa: Novia. Nobixia ere bai.

ANDRA-GIZON, andra-gizonak: Senar-emazteak. Oiñ, gu egoten geran sasoian, «tercera edad» egoten dok asko. Andra zaharra, andra-gizonak, zaharrak gehixenak.

ANDRAZKO, andrazkua: Emakumea. Horrek, andrazkuen azokia nola izaten dan... / Oin kaletarrak, ba, gisonezko dana han egoten da.

ANIMA, animia: Zentzu figuratuan, pertsona. Animarik ere etxauan plazan domeka arratsalde haretan.

ANTI(G)UAL, anti(g)uala: Chapado/-a a la antigua. Anti(g)ualeko: Antiguo. Anti(g)ualeko andria dok hori.

ANTXI(N)TXIKA: Adb. Korrika. Eta antxitxika juten giñan zortzi txerdietako mezetara.

ANTZ EMAN: DIO aditza. Adivinar. Ia aber iñok antzik ematen diozuen hori montatzeko ze ein bihar izan zan hemen?

ANTZ, antza: 1. Usain txarra (hitz elkartuetan askotan): Haura zuan kaka-antza, haura!; 2. Traza: Eztakak, ba, hire aittan antzik.

ANTZEMAN: ZAIO aditza. Notarse. Lau zulo, baiña oin desapareziuta daure bestiak, behia jota edo… Ya nun dauren etxako antzematen.

ANTZERA: Parecido. Berdintsu.

ANTZERAKO, antzerakua: Berdintsua. Antzerako parezido: Esamoldea. Ni alperra nok, baiña heu ere ... antzerako parezido!

ANTZIAN: Postpos. Como, a la manera de. Izenen eta adjektiboen ondoren erabiltzen da. Txoro antzian ibilli da arratsalde guztixan.

APAIZ, apaiza: Abade ere bai; gehiagotan, gainera. Neuk ere idea pixkat baneukan, eta onen-onena apaiza ero holakotxia izanda, izango zala egokixena, habitxaziua baldin bazeukan emateko.

APAPA (JUAN / ERTEN): Haur. Pasiora joan.

APATX EGIÑ: DU aditza. Haur. Eseri.

APELLIDO, apellidua: Apellido. Etxezurikuak zi(r)an, esaten ziuenak Etxezurikuak, Lizundia apellidua.

APENAS: Apenas. Españolak zi(r)an. Zaragozakua bata; bestia, eztakitt nungua zan. Españolak. Eta apenas eitten zaben frantsesez.

APOPILLO, apopillua: Pupilo. Apopilluak ere izaten genduzen! Bazkaitxan, apopilluak.

APOSTU, apostua: POSTURA, posturia ere bai, biak. Apuesta.

APROBA, aprobia: Prueba. Bueno, ez zaitxezte estutu, hola ta hola aprobia eingo dogu ta.

APROPOS: Berariaz, nahita. Egoki. Bai, han Errezildikan honutz. Euzkitza txaleta, holaxe apropos einda, terrenua itxitta.

APUR, apurra: Lo poco. Eta eskolan ere zeozer ikixi genduan. Ikixi genduan apurra, ahiztu.

ARDAU, ardaua: Vino. Ardaua kendu jak medikuak.

ARDI GALDUA BEZELA IBILLI: Beti bakarrik, lagun-koadrilarik gabe, dabilenari esaten zaio. Ikus Uztarri bakarreko laguna izan.

ARDI-ZAIÑ(IAN): Adb. Ardiak zaintzen. Ardi-zaiñian mendixan ibilli nitzan gaztetan.

ARDURA IZAN: DIO aditza. Importar. Neri eztitt ardura.

ARDURA, arduria: Cuidado, preocupación, responsabilidad. Maalan, eleizako fatxadan, pelotan asko ein gendun guk. Ez zan autorik ibiltzen eta... Arratsalde guztian igual automobill bat ero, ez zauan horren ardurarikan. / Eta ezin eiñ izaten dogu lanikan. Ba, pixkat denporia pasatze aldera, zeozeren arduria eduki.

ARDURAGABE, arduragabia: Despreocupado, irresponsable. Arduragabia dok, benetan, Mikel. Etxok gauza bat ganoraz egitten.

ARGI IBILLI!: DA aditza: Kontuz ibili. Argi ibilli hari, hartzia nahi ezpadok!

ARGIXA BOTA: DU aditza. Encender la luz.

ARKAKOSO, arkakosua: Pulga.

ARKUME/-A, arkumia: Cordero. Bildotsa ere bai.

ARLOTE, arlotia: Desgarbado, torpón; ganora gutxikoa, narrasa.

ARMOZU, armozua: Gosaria.

ARMUZAU: DU aditza. Desayunar. Gosaldu ere bai. Eta hotelian trankill jan, goizian lo ein nahi dogun arte, jaiki, armuzau, gero pasiara bat eiñ, …

ARRANDE(G)I, arrande(g)ixa: Pescadería. Eta gero beste arreba, han aurrerago peskaderixia, badago, ba, arrandegixa?...

ARRAPATAKA: Adb. Presaka. Apresuradamente. Hantxe e(g)uzkixa, zauan arte, eta gero, illunabarrian, illuntzixan, lan asko eitteko, eta arrapataka hauraxe eiñ ezinda.

ARRASTO, arrastua: Huella, traza. Arrastorik ere etxauat hartzen lagun berrri horri!

ARREGLAU: DU aditza. Arreglarse. Eta, gaiñera, jatekua ere diperentia geratzen da pixkat, eta etxian hobeto arreglatzen naiz.

ARREGLAUTA EGON: Estar bueno para... Arreglauta hago hi egunian zortzi ordu lan egitteko!

ARREN: Kontzesio perpausetako menderagailua, aditz partizipioak lagundua (-TU ARREN). Monjak frantsesak izan arren, euron kantuak eta euren gauzak eta entzutia gustatze(n) (j)atan... / Han gaiñetik jo arren bonbiak, etxuek apurtuko haura, lodiera haundixa jaukak eta.

ARRO, arrua: Chulo / -a.

ARROSKUA, arroskua: Chulo / -a.

ARTABURU, artaburua: Mozoloa, ergela. Tonto, necio. Eta nungua nitzan eztitt, ba, preguntau, artaburu honek! / Artaburua baiño buru haundixagua euki.

ARTAZI, artazixak: Tijeras. Guraizak ere bai; gazteen artean gehiago erabilia, azken hau. Eta guk hemen esaten dogun moduan, artazixak edo guraizak.

ARTIAN: Adb. Todavía, aún. Iraganeko kontakizunetarako. Gero badakik, gu ibilli giñanian ez artian, baiña gerra onduan eskoletan egon tzuan diziplina bat, euskeraz hitz eittiakiñ… / —Eta, begiz jota bateonbat eukiko zendun, ala? —Ez, orduan gaztia nitzan artian. Artietan forma ere bai, batzuetan, pluralean: —Eta zeu kotxia manejatzen? —Ez, eztakitt nakixan, eztakitt artietan karneta eukiko naban.

ARTIAN: Neure artian: Para si. Ni(k) pai hori esan, eta esan najuan gero neure artian: «Mekauen! Bi bider esan dixat, baiña gehixao eztixat esango».

ASIKE: Lok. Erdal lokailu ondoriozkoa. Gar bat emate(n) zaban handikan Gernika guztiak! Eta handitxik pasau bihar genduan. Asike, sea lo ke sea, Gernika.

ASKO: Adb. Mucho, muy. Guk geuk ezin dogu eiñ ezer asko, hainbeste urtekiñ. Izenondoen ondoren ere bai: Dotore asko juan ziran erromerixara. / Politt askua dok ume hori!

ASPALDI: Adberbioa. Hace tiempo. Aspaldi amaittu zuan gerria, baiña oindik azaltzen dok lurpian sartutako jendia. Aspaldixan: Aspaldixan etxua(g)u alkar ikusi, eta afaritxo bat ein bihar juagu. Aspaldiko: Aspaldiko! Bizi al gera?

ASTAKERTEN, astakertena: Tonto / -a, necio / -a.

ASTEARTE, asteartia: Martes. Adinekoek, Martitzen gehiagotan. Gazteek, ia astearte bakarrik ezagutzen dute.

ASTEGUN, asteguna: Lan-egunak. Astegun buruzuri: Aste erdia aste bukaerarekin kontrajartzeko. Hik dakak baloria, hik: Gabiñera hua afaltzera astegun buruzurixan!

ASTELEN, astelena: Lunes. Astelen buruzurixa eta ardo espezialak edaten? Majo bizi zerate, gero!

ASTIAN-ASTIAN: Astero. Berdin, hillian-hillian, urtian-urtian, eta abar.

ASTIRO: Despacio. Ikus SOSI(G)UZ eta POLIKI.

ASTO, astua: Burro. Asto zurixa allegau: Logurea etorri, haurren hizkeran. Zer? Aho zabalka? Allegau al da asto zurixa, umia? / Ikus Txomin(txo) etorri sarreran.

ASTOPOTRO, astopotrua: Bruto, bestia. Astapotrua ere bai.

ASUNTO, asuntua: Gaia, kontua. Hitz elkartuetan sarritan (x + asuntua). Eta ni, ba, ibili nahi, ba, danera, danera ibili nok ni, danera: eletrizidade asuntuan, hemen herrixan kabliak ipintzen Iberduero moduan.

ATA(R)I, ata(r)ixa: Ataria. Entrada, portal. Eta danak sasoeratu diranian, neska eta mutill, ba, danak kotxia. Pentsa’ik ata(r)i aldian zelako tokixa biherko dan.

ATAJU, atajua: Atajo. Bidetxur ere bai, nahiz gazteen artean galtzear dagoen.

ATAKA, atakia: Ate edo sarrera txikia. Oiñ, biharbada eukiko deu atakia sartzeko, zera, igual larra eukiko deu.

ATARRAMENTU, atarramentua: Destino. Normalean negatiboki ulertuta. Gurasuak hil jakoz, eta ze atarramentu etarako jok gazte horrek oiñ?

ATENTZIO, atentziua: Atención. Atentziua eman: Llamar la atención. Atentziua deittu (??) baino jatorragoa da. Bai, neri atentziua ematen ditx horrek detalliorrek.

ATSO, atsua: Anciana. Atxua ere entzuten da. Atsozar (pei.) ere bai

ATXUR, atxurra: Lgart. Atxurra arrapau: mozkortu. Atxurtu ere bai.

ATXUTXIAMAIKA: Elgoibarko neska-mutilek elizaren arkupeetan egiten zuten jolas baten izena.

ATZAPAR, atzaparra: Dedo. Pelotan eittia gustatze(n) (j)ata, baiña atzaparrak haundittuta askotan. Atzamar ere bai. Adineko hiztunek bereizten dituzte atzapar eta biatz hitzak (eskukoak eta hankakoak, hurrenez hurren).

ATZAZKAL, atzazkala: Uña.

ATZE, atzia: Atziak: ipurdiari esan izan zaio, lagunarteko hizkera arruntean. Horrek dakaz atze polittak!

ATZEKOZ AURRERA (IPIÑI, JANTZI...): Aldrebes. Atzekoz aurrera jantzi dozu jertsia.

ATZERA: Adb. Berriz. Berriz eta berritz ere bai. Galduta egon dok, baiña atzera hasitta dagok. / Atzera berriz, biak batera, ere bai.

ATZO GOIZEKUA EZ IZAN: Adinean nahiko aurreratua izan. Ezezko forman erabiltzen da. Eztok, ez, atzo goizekua, gure Patxi.

AUKERA, aukeria: Aukeran: —Eguraldi ona, eztok? —Bai, ona! Bero, aukeran! / Politta dok alkondara hori, baiña karua, aukeran.

AURKI: Adb. Laster. Aurki, berriz, diru berri hori etorriko jaku, eta horrekin moldau biharko gera.

AURRERAPENA EMAN: DIO aditza. Aurrera egiteko bidea. Normalean ezezkoan. «Beste guztiak erromerixan, eta hi lanian beti, soiñujollia beti lanian», esate zaban. Gure aitxak ez zigun ematen aurrerapenik sekula (soiñua jotzen ikasteko).

AUSKALO: A saber. Auskalo ze(r)tara etorri jakun Inazita!

AUTO, autua: Coche. —Zeuk zabizun autua? —Neuk nabillen autua, bai.

AUTOMOBILL, automobilla: Coche. Ibili zan arrankau nahixan automobilla, baiña nik kendu nion pieza bat iñok erabilli ez zeixan, pieza bat, ... haura gabe ezin tzeinkien juan garai haretako automobillak eta.

AZAL, azala: Azal lodixa euki: «Tener mucho morro».

AZERTAU: DU aditza. Asmatu. Acertar. Bai, horrek gauza asko esate jok eta (…) azertau eitte jok horrek ere.

AZTORAU: DA aditza. Bere onetik atera, urduri jarri.

 

 

B

 

BA: lok. Esaldi adierazgarrietan askotan erabiltzen den lokailua. —Entenditzen al dozu telebisioko euskeria? —Entendiuko eztot, ba! / —Ibiltzen da ferixara ta, San Bartolomietan? —Horixe, ibilliko ezta, ba?

BADAEZPADA: Por si acaso. Badaezpada, bokadillua janda etorri naiz, eztot uste afarixa egongo danik eta.

BADAEZPADAKO, badaezpadakua: No de fiar, sospechoso. Badaezpadako jende asko dago politikan.

BAI ZURI ERE!: Adibidez, egun onak opa digunari erantzuteko erabiltzen da. —Egun on! —Bai zuri ere! Edo, bestela, ondorengo hau: Baitta zuri ere! Edota Igualmente!

BAIETZIAN EGON: Creer que sí. —Aurten etxok Barriolak irabaziko pelota txapelketia. —Ba, ni baietzian naja(g)ok, ba!

BAIÑA: 1. Juntagailua. Etxakat dirurik, baiña juango nok nora-nora oporretan; 2. Kontzesioa adierazteko menderagailua, aditzaren ondoren joan ohi dena (ARREN, NAHIZ ETA eta horrelakoen baliokidea): Eta kinto mordua dittuk e(g)on giñanak, oin bajauta gauaz baiña.

BAIZIK ETA: Lokailua. Azalpenen hasierako posizioan.

BAJA(T)U: 1. DA aditza. Goñi III, bai. Oiñ, bajauta hori ere oiñ asko. 2. DA aditza. Bajar. Ba, kalera bajatzen giñuazen gu Barixaku Santu egunian.

BAKANDU: DA aditza. Hacerse escaso. Oin bakandu dittuk asko, e! Pentsa’ik, oin larogei urte eukitzeko, bittarte horretan zenbatek heguak ipiñiko zittuan.

BAKAZIO, bakaziuak: Oporrak. Ni lanian hasi nitzan bueno, ze esango (d)izut, bakazio batzuetan, hor basarri baten, tiua hangua san da. Barkazio aldaera ere bai.

BAKILLAU, bakillaua: Bacalao. Patatia zuritzera, eta bakillaua txikitzera ta, jute(n) giñuazen.

BALDIN: Baldintza perpausetan erabiltzen den lokailua. Herri aldera begira jarri naban autua, deskuiduan estuasun bat sortzen baldin bazan, prest eukitzeko alde eitxeko.

BALEIKE: BALITTEKE ere bai: —Harek dake diferentia neretzat entonaziua. Beste... —Baleike, bai.

BALLARA, ballaria: Valle. San Pedro ballararik polittena dala esaten dabe. Gehiago erabiltzen da balle.

BALLE, ballia: Valle. Madarixa aldetik eta Urruzuno balletik, Salontzo balletik eta, oiñez danak hamen goizaldian daka, daka, daka.

BALORE, baloria: 1. Ausardia. Valor, audacia. Sei urte ein zitxun harek Manchester eta Liverpool-en, sei urte. Baloria! / Balorerik badakak, etorri hari hona! 2. Valor, precio.

BARIXAKO, barixakua: Ostirala. Barixakua dok asteko egunik onena neretzat.

BARREN, barrena: Zerbaiten beheko aldea. Hitz elkartuen bigarren osagaia askotan. Juaristiko soro barrena? Hiru hill zittuen hamen beheko zelai barrenian.

BARREN: Aurkaritzako lokailua; Debabarrenean bakarrik erabiltzen da, eta harridurazko testuinguruetan batez ere. Jaiki hari ohetik, zortzirak dira eta: —Bakaziotan nago, barren! / Jolin, umiak eztake, barren, iñun jolasian eitxeko lekurikan!

BARRURA SARTU: Euf. Kartzelara sartu. Kristonak egin jittuk, eta barrura sartu juek ixa-ixa.

BASA, basia: Lokatza. LOKATZA, lokatzia ere erabiltzen da. Bidiak, berriz, oin bezela egongo balira, ondo. Hor basia galanta, besterikan ez…

BASTANTE: Bastante!: Nahiko, nahiko ondo. Interjekzio modura. Bastante egin: Nahikoa egin. Bai, bai. Astia bastante ein dau. Eta eskerrak horri. Oiñ ein daban eurixa ere, ba mesederakua da patatiantzako ta. Bastante: graduatzailea: Bastante ondo ibiltzen gaittuk Naparrua aldian.

BAT IZAN: Berdina, gauza bera izan. —Eta Elgoibarren bertan barruan, auzuen artian diferente eitxen dozue? —Keba! Ez, ez, ez! Hau dana bat dok.

BATA BESTIA: Elizpian jartze(n) zitxuan lau ero bost abade, batak bestia kritikatzen, bata bestiari kulpia botatzen.

BATE(R)ONBAT: Norbait. Alguien. Aldaera ugari ditu: Bateronbat, bateonbat, batenbat... Eta hola batenbat ezezaguna ero bazauan, bateonbat beti gelditxuko zan harek alde eiñ arte, ni zaintzen.

BATEK JAKIN: Batek daki! Auskalo. Batek jakik noiz etorriko dan elurra aurten.

BATU: DU aditza. Juntar. Bildu ez da erabiltzen. Orduan gaztaiñia asko batzen zuan. / Hogetamar milloe ta, esate(n) ditxue. Nundik batu, nundik batu bihar dira horrek?

BAZTAR, baztarra: Rincón. Baztar guztixetan (= leku guztixetan). Danak ganauak libre egote(n) (d)ia baztarretan. Danian dabixaz oiñ. Baztarrak nahastu (endredau).

BE(D)ARRONDO, bedarrondua: Bedarra ondu, bai. Bedarrondua esate jakok. Belarrondua ere bai.

BE(G)ITTANDU: ZAIO aditza. Iruditu. Parecer. Ia nun ziran, harek; itxuria, enterau zan, handik ero, hamendikan ero, luze beittantzen zitzakon da: «Zetan baiña hainbeste denporan?».

BE(G)ITTANZIO, be(g)ittanziua: Irudipena.

BE: Gabe. Etorri zanian ezkondu be nenguan artian. Gero ein tzi(d)an kartia.

BEGIOKER, begiokerra: Begi okerrak dituenari esan ohi zaio.

BEGIRASUN, begirasuna: Begirada, begiratzeko era. Kontuz horrekin, begirasun zorrotza egin dizu ta! Begittunia ere bai.

BEGITTAN HARTU (BATEN BAT): Norbaiti gogo txarra izan.

BEHE, behia: Suelo. Beia jo; beia jota (egon): Hor basarrixa oin behia jota dago. Beortzai Goixa? / Jo jok azkenian behia! Ik. JO sarrera.

BEHINGUAGATIK: Adb. Por una vez. Behinguagatik barkatu egingo jauat, baiña gehixago ez daixala holakorik eiñ, e!

BEHINTZAT: Emendiozko lokailua. Jatekua nahi, eta ezin entendiu! (...). Baiña entendiu, eta jan jonen behintzat! / Eta asko ibilli bihar deu, itxuria, e! Merikuak hala esan tzian neri, behintzat.

BEHIÑ EDO BEHIÑ: Adb. Noizean behin. Debara behiñ ero behiñ jun izan naiz kañaberiakin. Baita noiz edo noiz ere.

BEHIÑEPEIÑ: Behintzat, bederen. Emendiozko lokailua. —Ez, en jeneral, goiz partetik behiñepeiñ, Euskadi Irrati hori entzutze(n) degu, bai. / Eta, dio Anjelek, karteria ona badaukazu behiñepeiñ, ezin zera galdu.

BEITTU: DU aditza. Mirar. Gaur egun gazteek erabiltzen duten forma baino egokiagoa da, zerbait seinalatuz honako hau esaten dutenean: Ikusi! Hori baino hobe, Beittu!

BEKOKIXA: Kopeta. Bekokixan hartu dau kolpia umiak.

BELA(XE): Adb. Berehala. Handik Urkaregi belaxe dago. Belakuan ere bai, ezezkoan eta era adierazgarrian. Eztok belakuan etorri!

BELARRIMOTX, belarrimotxa: Kanpotik etorritakoei, euskaraz ez zekitenei, esaten zitzaien, mespretxuz. Hazurbeltz eta maketo ere bai.

BELTZA IZAN!: Interjekzioetan. Beltza dok, ba! Oinguan ere dana gaizki erten jakuk!

BENGAIZO, bengaizua: Mendekua. Bengaizoz: Mendekuz. Bengaizoz ein zauan haura dana.

BENTANA, bentania: Ventana. Leixua ere bai. Eta bentania holako pixkat zabalik baldin badaukak, dana entzuten dok.

BERAKATZ, berakatza: Ajo. Berakatza baiño fiñagua izan: Oso pertsona finengatik esan ohi da.

BERBA, berbia: Hitz ere erabiltzen da, baina berba gehiago. Berba suelto asko. / Hamen Elgoibarko, bertan jaixotakua baldin bada, Elgoibarko berbia eingo dau, baiña asko dago kanpoko jentia ere Elgoibarren ezkonduta, sartuta.

BERBA EGIÑ: DU aditza. Hitz egin ere bai. Jendiakin berba eittia gustatze(n) (j)ata. Hitz egiñ ere erabiltzen da.

BERDE, berdia: Adj. Obsceno, verde.

BERDEKERIXA, berdekerixia: Lizunkeria.

BERDURA PLAZA, berdura plazia: Merkatu plaza. Plaza de mercado. Eta hor, lehen oillua oso karua zan, nik basarrittikan ekartze nittuan oilluak, asko, edarrak, hona berdura-plazara. Geuk etxian ez genduan jaten, jate(n) genduan San Pedruetan da, Gabonetan da, baiña, bestela, saldu ein bihar zan diru pixkat hartzeko.

BERE, beria: Bere batian (ibilli, juan...): Formal ibili. Bere batian ibilli, e!. Beria egiñ: Salirse con la suya. Atzenian, ibilli-ibilli ein, eta beria ein Juan Joxek. Beriak eta bost (esan): Sekulakoak esan. Beriakin erten: Salirse con la suya.

BERO, berua: Calor. Beruana kendu: Gehiegi ez exageratzeko esan nahi du. —Gaur bota jittuagu berrogei bat uso! —Bai, zera! Beruana kendu (eg)ixok!

BEROTU, berotua: Berotua eman: Dar una paliza.

BERRI IZAN (NUNBAITTEKO / ZEOZEREN / BATEN BATEN): Nungo berri izan: Eta banakixan nik Donostiako berri pixkat ordurako, eta ... / Zuk badakizu hamengo berri eta bakarrik lagako zaittut. / Banakixan nik haren berri.

BERRI(T)Z: 1. Adlg.: Otra vez. Berriz egingo juagu kale bueltia. 2. Aurkaritza lokailua: Por otro lado, en cambio. Gero, berriz, soldau zazpi urte inguru, esate jok berak in dittuala gerratian.

BERRIKETA, berriketia: Charla, cotorreo. Zentzu peioratiboa du zenbaitetan. Zenbat kontu esate(n) ete juek! Horrek berriketia! Berriketan jardun.

BESTE: Berdintasunezko konparazio perpausak osatzeko partikula: —Gogorra dala pentsatzen dozue? —Bai. Bueno, oiñ ezta lehen beste, e! -tzeko beste, -tzako beste (zuentzako beste).

BETE: DA aditza. Nekatu. En kanbio, Gallastegi, manimano ta, bete eitxe(n) zan, petxutik, gizon haundixa ta.

BETOZKO, betozkua: Ceño. Betozkua jarri, betozkuakin ibili. Fruncir el ceño. Betozko illuna jarri.

BEZELA: Moduan-ekin alternantzian, konparazioak bideratzeko. Eta kalietan zihar fusil bana hartuta, orden publikokuak bali(r)a bezela ibilli zian.

BIALDU: DU aditza. Mandar. Ostikua jo, eta txakurra bezela bialtzen juen basarrittarra.

BIDAR: Amar bat bidar izan naiz uda ontan Donostian. Aldiz ere bai. (...) matraillekoren bat igual. Hola ematen juen en jeneral. Eta berriz ondo garbittuta juten ezpazan, bi bider bialdutakuak ere bai.

BI(D)ETXUR, bidetxurra: Bidezidor. Atajua ere bai, nahiz gutxiago.

BIEN!: Adb. Ondo. Jaixan tokatzen zanian da, bien! Baiña astegunian da hola ezin izeten zan juan noiznahi, lana igual eitxeko etxian da.

BIENKE: Beinke, binke aldaeretan ere bai. Gaur egun, ez da ia erabiltzen. Jakina, erregular eta halakoen baliokidea dirudi, eta bestek esandako zerbaiti onespena emateko edo hura ontzat emateko erabiltzen da normalean.

BIHA(R)KO!: Biharko! Bihako! Biheko! Zer erremedio! Esklamazioetan, interjekzioetan erabiltzen da asko; aditz partizipioaren laguntzarekin edo bakarrik. Gustatzen jatzu basarrixa? Biheko! Nora jungo nok, ba? / Zelako lokatzia! Orduan hor, abarkakin da, botiñekin da, juten giñuazen, neska laguntzera-ta juteko. Biheko! Biharko + aditza! (biharko egin!): —Bixar lan pixka bat egittia tokatzen jaku. —Biharko eiñ, nagusixa hasarrauko ezpada.

BIHAR, biharra: LAN, lana ere bai. Umiak badaukez bost edo, baiña hazitxa. Baiña danak enpleauta daukaz, biharrian. / Bueno, lanik gogorrena neretzako izaten zan, kalian biharrian ibiltze(n) nitzanian, udakua. / Eta han eitte(n) genduan, hiru errelebotan biharra.

BIHAR, biharra: Necesidad. Zeren biharrian izan; Dana(n) biharrian egon: ondo ez egon. —Eta oindiokan hamentxe nahi bizi. —Eta osasunakin. —Osasuna... danan biharrian, e!

BIHARBADA: Igual ere bai. Oiñ, biharbada eukiko deu atakia, sartzeko; igual larra eukiko deu. / Ordurako, biharbada bai, ezautuko naban, baiña oin zeu ezagutzia moruan ero, ezta?

BIHARRIAN: -tu biharrian: -tzear. Galanki edan jok Patxik: jausi biharrian dabik, barren!

BIHATZ, bihatza: Dedo. Adineko hiztunentzat, hanketakoak. Ikus Atzapar sarrera.

BI-HIRU (LAU-BOST...): Bizpahiru, laupabost. Gerran, han bi-hiru urtian haura, eta gu hemen. / —Badaukak lorarik? —Eta nik: Bai, be(de)ratzi-hamar bai, lau-bost klaseko lorak: gorrixak, zurixak … eta edarrak.

BIKAIÑ, bikaiña: Ederra, handia. Ño! Bikaiña do(k) pa, ixko hori!

BILDDUR, bilddurra: Beldurra. Gaur egun, soinu busti gabea entzuten da gehiago: bildur. Bilddurrak akabatzen egon: Oso beldurtuta egon.

BILDOTS, bildotsa: Cordero. Arkumia ere bai.

BILLAU: 1. DU aditza. Aurkitu. Encontrar. TOPAU ere bai. Gaztelaniazko buscar / encontrar bereizkuntza ez da egiten Elgoibarko euskaran: Billau eta topau gaztelaniazko encontrar-en ordainak dira. Buscar-ena, berriz, (zeozeren / baten baten) billa ibilli. 2. DU aditza. Parecer, encontrar. Real Madrixa eta Bartzelona ta, bai, hamar-hamaika jugadoretikan be(de)ratzi kanpokuak, estranjerua dana ekarritxa. Hori nik eztot ondo billatzen.

BIRIKIXETAKO, birikixetakua: Tuberculosis. Birikixetako gaitzakin hil tzuan haura.

BISTAKO, bistakua: Bistakua izan: Bistakua zuan Pedrok irabaziko zabala.

BITTARTIAN (BIXEN BITTARTIAN): Aurkaritzako lokailua. —Bilbora ta, Donostiara ta, takian-potian juan biharra izaten zaban. Mutil fiña bera. —Eta zuk, bitxartian, erakutsi eitxen ziñon konduzitzen, automobilla ibiltzen? —Bai, lelenguetan ez, baiña poliki-poliki bai.

BITXO, bitxua: (= «Ganaua») Hi haiz bitxua, hi! Daneri adarra jotzen ibiltze(n) haiz.

BIXARAMON, bixaramona: 1. Hurrengo eguna. Hemen egote giñan, eta gero, bota ein bihar zebela esan zebenian, bixa(ra)monian guk erten ein genduan. / Gau guztia Santa Eskian ibilli. Etxetik etxera, eta, gero, bixa(ra)mon goizian, lanera zuzenian, lorik batere ein be. 2. Resaca. Ajia ere bai.

BIXAR: Mañana. Bixarko laga (eg)ik gaur egiñ ezin dokena!

BIXAR-ETZI: Tarde o temprano, en un futuro. Etorkizunean. Bixar-etzi erreza dauka: haura eman arrebari, eta hau hartu eurak, eta ya esta. Bixar (ed)o etzi ere bai. Danobat-en zabillen anaixa, eta: hi, hobe daukak hara etortzia, han tallarra ondo jiek, eta bixar ero etzi han benefiziuak eta, pixkat eman eitxe(n) juek, tanto portziento bat benefiziuan.

BIXOK: ... eta bixok (hirurok...): Miren eta bixok juan giñan hondartzara. Hori dioena ere sartzen da, noski, zenbaki horretan: Miren eta bixok; Miren, Pako eta hirurok...

BIZIKLETA, bizik(l)etia: Bicicleta. Epokia izan najuan bizikleta bat erosteko, bigarren eskuko bat.

BIZIPOZ, bizipoza: Ilusión, ánimo. Kotxe berrixa erostera najiek; horretxekin izengo juat bizipoz pixkat.

BIZITZA, bizitza: Baserrietan, familia bat baino gehiago bizi direnean, hala esaten zaio baserriaren parte bakoitzari. Basarri honetan ere, lehen hemen zian, itxuria, bi bizitza zian. / Hori etxe haundixa, hortikaldeko hori? Bi bizitza zian hor.

BIZIXO, bizixua. Hesteetako zizarea.

BLAI E(G)IÑ: Erabat busti.

BLASTATEKO, blastatekua: Matrailekoa, kolpea.

BLASTIUA: Jipoia.

BODA, bodia / EZTEI, ezteixak: Guk, bixok, eman giñon semiari etxia. Eta bodia pagau, eta erregalua danari eureri eman giñon. / Eta gero bueltan bazkarixa. Lehen hala izate(n) zan, zapatu-domekan. Gero jentiari zerian, bueltan. Ezteixak esaten zitzakon, ezteixak, bodia. Ondo, soiñua nehikua behintzat eta.

BOLADA, boladia: Epoca, racha. Azken bolada hontan politika asuntua belzten a(r)i dok.

BOLO-BOLO (IBILLI): Esames edo berriren bat denen ahotan ibili. Bolo-bolo jabik errixan kontu hori.

BORONDATE, borondatia: Borondatez: Por propia voluntad. Baiña adarixak euren borondatez eitxen dabe (alkar jo) ... idixa ez, idixa obligau eitxen debe.

BOTA A(HA)LA: Bota a(ha)la jardun (eurixa): Ez gaittuk ertengo, eurixa bota a(ha)la ari jok eta! Ikus Goixan-behian sarrera.

BOTA: DU aditza. Jaurti ere bai. Dana puntu-puntuan dauanian botatze(n) (d)izu txingor zaparrada bat, eta danak hondauta lagatze(n) (d)itxu.

BOTAKA EGIÑ: DU aditza. Devolver. Txahala egiñ: Lagunartekoa.

BOZ, boza: Voz. Acento. Eta boza txarra eman, gaiñera. Ez gure moduko, hau euskera boz hau.

BRISTADA, bristadia: Brillo. Eguzki-bristadia.

BURLOSO, burlosua: Burlón. Burlosua da ziherokua gure Iñigo: beti besteren kontura parrez jarduten deu.

BURRUNDARA, burrundaria: Motorrek eta autoek ateratzen duten zarata. Ruido continuado, rumor, zumbido. A ze burrundaria ateratzen daban Jonek motorrakin!

BURU, burua: Burutik jota egon: (ikus JO) Burutik jota dago hori: negu gorrixan sandaliekin! Burutik (ganbaratik) sano ez egon: No estar en sus cabales. Burua galdu: zoratu. Lengo lepotik burua (izan): Erraz aldatzen ez denari esaten zaio.

BURU-KANTSAZIO, buru-kantsaziua: Burua erabiltzeak ematen duen nekea. Maixuen lana buru-kantsazio haundikua dok, nahiz da opor luzietakua izan.

BURUMOTZ, burumotza: Adj. Rapado, pelado.

BURUTIK BEHERAKO, burutik beherakua: Meningitis. Burutik beherakuakin hil zuan haura.

 

 

D

 

DA!: Kolpe batek egindako zarataren onomatopeia. Atzaparrak hola ipiñi, eta regliakin da!, maixuak.

DAIXOLA: Dariola. Lexikalizatutako forma da: odola daixola juan da / zan. Babia / eldarra / dindirrixa ... daixola: Gernikako al tzan lekutikan pasau giñan, ez kamiño normaletikan, ze(rg)atik eze zaudezen sua darixola etxiak. / Etorri etxera eskolatik, bazkaldu, eta antxitxika frontoira: izerdixa daixola eskolara. Aitxa eta ama beti errietan.

DALAKO, dalakua: Dalako ori. Susodicho, en cuestión. —«Bollo de leche» ero esaten jakok, ba? —Bai. —Ba, dalako hori.

DAMUTU: ZAIO aditza. Arrepentirse. Hamen dakazue oiñ oportunidadia nahi badozue pixkat kotizatzeko, oin bota ein bihar da, baiña gero etxatzue damutuko, esan zigun jefe (de) pertsonalak.

DANA: Todo. Dana(n) biharrian egon. —Zer moduz Maria? —Bueno! Dana biharrian haura ere!

DANA DALA: Aurkaritza lokailua. Dena dela.

DANA DALAKUA: Sea lo que sea. Badakazuz behixak edo dana dalakua, eta derrepente danak kendu bihar.

DANBATEKO, danbatekua: zerbait indartsu jotzerakoan ateratzen den zarataren onomatopeiari, danba-ri, dagokion izena.

DANGA!: Onomat. Kolpea. Okerra eitten zabanari, danga harek. Hortik, dangatekua.

DANIAN: Leku guztietan. Ez, danian gu ondo hartu gaittue oiñ artian.

DAR-DAR: Hotzak edo beldurrak eragindako ikararen onomatopeia. Gorputza dar-dar batian nakan.

DAUKANAK ETA EZTAUKANAK: Dena. Idixa obligau eitxen debe: han lotuta ipiñi, eta aida, daukanak eta eztaukanak etara.

DEBALDE: Adb. Dohainik.

DEBRAZETE (HELDUTA IBILLI): Besotik helduta. Garai batean herrian horrela ibiltzea erraza ez zenez, kanpora joan behar izaten zuten bikoteek debrazete (helduta) ibiltzera. Hi, debrazete jiezak Joxe eta Mari! Gaur egun ez da ia erabiltzen.

DEMANDA, demandia: Sesioa, eztabaida. Horrek demandan dabixaz oiñ ere.

DEMASA: Oso handia. Demasa dago gure semia, e! Ehun kilotik gora izengo dok. Demasekua ere bai. Demasekua(k) hartu, gertatu, esan ... (ikus egundokua / sekulakua / makalekua / kristona): Handiak hartu, gertatu, esan...

DENPORA, denporia: En tiempos de ... Hitz elkartuaren bigarren osagai gisa sarritan: Izena + denpora. Nik gerra denporan bi urte nakazen, ei nakazen. / Len, Burgosetik bastante biajia, ta… gazte-denpoan etsitta, ya ezkiñala etorriko gehixao pentsauta.

DENPORALE, denpo(r)alia: Largo tiempo. Mobilizau giñuazen beste denporale baterako. / Elgoibarren harek denporalia ein zaban. Denporalian: Ni eskolan denporalian ibili nitzan, baiña gero eskolatikan erten in bihar izan genduan.

DERREPENTE: Berehala. Berrogei bat milloi tokau ezkero, ba, neuk pentsauko (do)t, baiña derrepente gastauko neuke.

DERRI(G)OR: A la fuerza. —Ezagutu, ezagutuko (d)ot nik zure semia. —Derrior ezagutu bihar. / Orduan zintzua izan bi’zuan, derrior. Derri(g)orrian eta derri(g)orrez ere bai.

DESAFIXO, desafixua: Desafio.

DESAPAREZI(D)U: DA aditza. Desaparecer. Lau zulo, baiña oin dezapareziuta daure bestiak. Ya behia jota ero… Ya nun dauren etxako antzematen.

DESASTRE, desastria: Desastre. Eta holaxe ein genduan bueltia. Atzera, Gernikatikan zihar, zela ero hala, pasau, eta hango desastria!

DESIATU: DU aditza. Desear. Ba, esan diot hemen egoten ziñala ni ikusteko desiatzen.

DESKANTSU, deskantsua: Atseden. Descanso. Egunian zihar? Ze eingo dot, ba, ezetarako ez naiz ta; ezer ez oiñ, etzanda egoteko gogua besterik ezer ez: deskantsuan ondo, ohian.

DESKUIDO, deskuidua: Deskuiduan ... ba-: normalean baldintza perpaus batekin: Azkarate gaiñian, bueltia eman automobillari, eta hona herri aldera begira jarri, deskuiduan estuasun bat sortzen baldin bazan, prest eukitzeko alde eitxeko.

DESTINO, destinua: Destino.

DEZENTE: Zenb. zehaztugabea. Dexente ere bai. Jende dezente batu da plazan. / Dezenteko kolpia hartu jok. Saltsa gauza zalia nok, eta dezente jaten juat.

DIABRU, diabrua: Elemento. Ikus Etsai sarrera.

DIAR EGIÑ: DIO aditza. Deitu. Hots egiñ ere bai. Marinarako ere diar ein tzien.

DI-DA: Onomat. 1. Zerbait gogor jotzearen onomatopeia. Di-da, jo juan burutik behera. 2. Azkar, berehala. Oiñ ez, oin kotxia hartu, eta di-da juaten da jentia. Eta oin sikiera, kotxiakin juten zara, eta di-da ekarri medikua.

DIFERENTE, diferentia: Diferente. F/P alternantzia askotan gertatzen da hitz honetan. Kamionak eskuz kargatzen ziran danak, hartu, eta bun eta bun. Gaur eztago holakorikan. Gaur diperentia da.

DIFUNTO, difuntua: Difunto. Ikus ZANA sarrera ere: Pertsona izen baten ondoren normalean. Bai, bai, juan bertara, eta arraiña peskan. Eta amorrauak giñan gu, hau Kondia difuntua? Haura ta.

DINBI-(TA)-DANBA: Onomat. Kolpea. Kalamuan geratu zittuan, eta sei hillabetian hortxe dinbi ta danba, baztar guztiak garbitzen.

DINDIRRI, dindirrixa: Moquera, moquillo. Sudurretik dindirrixa daixola dabil.

DIRANAK ETA EZTIRANAK (ESAN): Egundokoak (galantak) esan.

DIRU, dirua: Dirua egiñ: Oiñ ere lanian Joxe, dirua egiñ eta egiñ!

DISGUSTO, disgustua: Laga (eg)ik nobixia. Oin, disgusto haundi ori ez (eg)ixok eman nobixiari, bestela…

DISKUTI(D)U: DU aditza. Eztabaidatu.

DISPARATE, disparatia: Gero, ba, berba batzuk, disparatiak esanez kontestau eta eitte(n) genduan.

DOMEKA, domekia: Domingo. Domeketan ixa periodiko danak eroste (d)ittut.

DOMUSANTU EGUNA: Dia de Todos los Santos. Santu Guztixen Eguna ere bai. Domusantu eguna, «Domini todos los santos»? Santu Guztixen egunian izate zuan gaztaiña erria jaten hasteko eguna.

DROGA, drogia: Disputa, jaleo. Mutill hori beti drogan dabik.

DROGOSO, drogosua: Istiluzalea.

DUDA, dudia: Elkarrizketetan, interjekzio modura, askotan erabiltzen da: Dudia? —Zintzuak izango ziñaten, ezta? —Honbre! Dudia?

DULTZEMENEO, dultzemeneua: Helduta egiten zen dantza. Azkarate gaiñian, Elgoibarko partetik dantza lotua eitte(n) zuan. «Dultze meneo» esaten jakuan Azkoitixan horri.

 

 

E

 

EBA(G)I: DU aditza. Cortar. Belar-ebaten a(r)i da Pedro.

EDADE MAIOR, edade maiorra: Mayoría de edad. Ez haiz oingotxia! Allegau jak, barren, semia edade maiorrera!

EDADE, edadia: Adina. Edad. Hik eztakak, barren, tabernan sartzeko edadia oindiokan!

EDADETU: DA aditza. Entrar en años.

EDAN TXARREKUA IZAN: Edandakoan gaizto jartzen denez esaten da. Hori edan txarrekua dok, eta argi!

EDAR, edarra: Edarra eiñ: Edarra ein juagu ointxe! Etxera jun nahi, eta giltzik ez!

E(D)ARKI: Bien. Edarki asko eitten jok horrek euskeraz.

EDOZENBAT: Ugari. Zah. Oso adinekoek bakarrik darabilte. Soiñujoliak len edozenbat ziran, soiñujole onak, e! Onak baiña!

EDUR, edurra: Nieve. Edurretan ibilliko gaittuk aste bukaeran Pirineuetan. L/D alternantzia gertatzen da kasu honetan: elur/edur.

EGIN: DA eta DU aditza. Maiorazko egin, buru egin, ... Eta, han tzauan, familixan, mutill bat, mutill nagusixena, etxeko maiorazko ein tzabana, Bizente izena zaban. / Entrebistaren bat buru eitxen zaban batekin ero hola, hori ere tokau zitzatan eitxia. / Eta kapitan eitxen zabanak esan tzian: ... Nora egin: (Bigoin basarrixa) len Altzolara eitten zaban. / Nungo egin: Injenierua bera, Lafitte. Itxuria, hori apelliduori frantsesa da, haren gurasuak bere epokan etorri zian Donostiara, eta hamengotxe einda.

EGIN: Egingo neuke (apostu) ... -(e)la. Apostaría... Egingo nuke datorren astian ezkontzen dala. Baita hau ere: Lepua egingo neuke.

EGOSKOR, egoskorra: Amore ematen ez duena. Terco. Temosua ere bai.

EGUARDI, eguardixa: Mediodía. Erreiñak ere etxekuak, lan asko (d)aka umiekin. Oin ikastolara eruan bihar dittu, eta goizian eruan, eguardixan berriz jun, eta gero, illuntzixan.

EGUARTE, eguartia: Goizaren erdi aldetik bazkaldu arteko denbora tartea.

EGUASTENA: Miércoles. Eguastenetan azokia izeten dok Eibarren.

EGUENA: Osteguna. Eguenetan azokia izeten dok Elgoibarren.

EGUNDO: Nunca, jamás. Eta hortantxe ibilli giñan gu. Bueno, ni enitzan juan egundo.

EGUNDOKO, egundokua: Handia, sekulakoa. Egundoko jipoia hartu jok. Ikus Demasekua / sekulakua / makalekua / kristona / Jesukristona (k)... hartu, gertatu, esan ...

EGUNIAN-EGUNIAN: Egunero. Berdin, astian-astian, hillian-hillian, eta abar.

EGUR, egurra: Egurra eman: Gero, ejerziziuak eta egoten zittuan. Orduan, egurra ematen juen. Ikus Egurtu sarrera.

EGURTU: Dar una paliza. Ikus Egur sarrera.

EGUZKI-GALDA, eguzki-galdia: Eguzkiak gogorren jotzen duen unea. Eguzki-galdatan juan giñan Karakatera.

EI: Omen (emen)-en baliokidea, Elgoibarren asko erabilia. Tanke txiki batzuek ei zian italianuenak. / Oiñ Eibarko residentzian ei dago. Ahoskeran, Ei I gertatzen da askotan. Lelengo biajia, behintzat, eiñ i zaban Kubara, azukretara.

EJERZIZIO, ejerziziua: Ariketa. Gero, ejerziziuak eta egoten zittuan.

EKIN: DA aditza. Hasi. Baiña pasieran gehixo kantsatze(n) giñan edozetan baiño, egonaldixa eiñ, eta jun. Ta laguna ekin zan gaixotzen, eta akabo. / Bueno, hor ekin dira kanpotik etortzen, soiñeko erropak, beste maleta zahar bat, eta erropak jartze zitxuen hamen kolejixo barrenian.

ELDAR, eldarra: Adurra, lerdea. Eldarra daixola dabil umia. Baita babia daixola ere.

ELEGANTE, elegantia: Elegante. Baiña pelotari elegantia izen dok hori, e! Elegantia pelotarixa. Orrek muñekiakiñ, gorputza geldi-geldi dakala, pelotia ondo ateratzen dau.

ELEMENTO, elementua: Elemento, granuja.

EMAN: Dirua eman. Horrek eman eitten jok, piñuak eman eitten jok.

EMAZTE, emaztia: Esposa. ANDRA, andria ere bai, gehiago gainera. Gero hementxe, ba, hemen ama eta ama-semiak eta nere andria, emaztia bizi ziran. Eta beste ahizpa ere bai.

EMENDAU: DU aditza. Apagar. Politikia ta, telebisiuan ikusten dotenian, emendau, eta alde eitxen dot.

EN KANBIO: Lok. Erdal lokailu aurkaritzakoa. Etxian umiak kalera, ba, egunian erropa klase bat eruan bihar dabe. En kanbio, basarrixan bazabiltza, ba, ez. / Lehen jentia goixan egoten zan, goiko plaza aldian dana. Oiñ, en kanbio, Maala aldian, gazte jentia.

ENBUSTERO, enbusterua: Adj. Embustero, zalamero. Gezurretan eta lausenguetan ibiltzen den pertsona.

ENDEMAS: Sobre todo, todavía más, en particular. Gaixorik daguana ondo erruki dot, endemas ohian da(g)uana.

ENDREDAU: DA, DU eta ZAIO aditza. 1. Enredar a alguien. Zetara etorri haiz hona, baztarrak endredatzera? 2. Despeinarse: illiak endredau jataz. 3. Burutik eginda: Baiña burua endredauta daban pertsona batekin, puf!... Ze espero dezu, ba?

ENE!: Interj. Ene! Goiko-Errotak eta Urbanek eta eztakit zeiñek eta, harrapau juek arraiña. Mekauen la letxe!

ENEMIGO, enemigua: Enemigo. ETSAI, etsaixa ere bai. Eta urruti ez zaukezen harek enemiguak.

ENOR, enorra: Verruga. Garitxua ere bai.

ENTENDI(D)U: DU eta ZAIO aditza. Ulertu. A(d)ittu ere bai, nahiz gutxiago. Gauza asko entendiu, baiña tartian taka-taka hitz batzuk, ez. / Neri baiño gehixago entenitzen jako, gaiñera, andriari pelotia. / Euskera batua, nik beti enteniu juat.

ENTIERRO, entierrua: Entierro, funeral. Entierruetako kotxe danak plazara sartze(n) (d)ittue, eta umiak jolaserako lekurik ez.

ENTRAMA, entramia: Apetitua. Sakia ere bai. Horrek edozer jango leuke. Kriston entramia daka.

ENTSEGIDA: Adb. Laster. Entsegira aldaera ere bai. Batzuek eitxen dabe hamendikan ezkondu kanpora, horra Azpeitxi, Azkoitxi edo Andoaiñ. Eta horrek ya, entzegira hartzen dabe hangua.

ENTZUERIA IZAN / EDUKI: DU Aditza. Entzutea, zerbait entzuna izatea. Gerria jatuan, ba, gerria zatorren, eta taillarrera sartu nitzan… Txitxarruan entzueria eukiko dozu? / Eta, gaiñera, orduan, kalian basarrixa zuan: Pepeiñ. Entzueria eukiko dok?

ENTZUT(Z)IA EDUKI: DU aditza. Entzutea, zerbait entzuna izatea. Romanolosen entzutia eukiko zendun, ezta?

EPOKA, epokia: 1. Garaia. Kalamuan frentia gelditxu zan, eta, alde batetik eta bestetikan, berba ta eitxen zebela egon tzan epoka bat. 2. Aukera. Epokia izan najuan bizikleta bat erosteko, bigarren eskuko bat.

ERAGIÑ: 1. DIO aditza. Eragin. Idixa ipintzen debe lotuta, atzian harri galanta, ezin badau ere zazta-zazta, eraiñ hantxe: idixana da oso gogorra. 2. Eginarazi. Aditz arazlea: Aditz partizipioa + eragin (=arazi): Akordau eraiñ. / Lagunen bat erun eragiñ.

ERABAGI: DU aditza. Decidir.

E(R)ATXI: DU aditza. Lurrera bota. Derribar: Hantxe bertan e(r)atxi juat.

ERNEGAU: DA eta DU aditza. Desesperarse, rabiar. Ernegatzen egon, ernegauta egon, ernegau eraiñ.

EROSI: DU aditza. Erosittako preziuan saldu: Erositxako preziuan saltzen dizut: Berak entzun duena esaten dizula esateko.

ERRALDE, erraldia: Pisu unitatea, 10 libra. Burla moduan esaten zaie pisu handia ez dutenei: Zenbat erralde izango dok, ba, haura!

ERREGULAR!: Elkarrizketetan, erantzuteko: horixe baietz-en baliokide edo. —Txakur haundixa pagau bihhar. —Dantza eitxeko? —Erregular!

ERREIÑ, erreiña: Nuera. Haura dau berorrek, haura, haren laguna da gure erreiña.

ERREKAU, errekaua(k): Recados. Gure etxeko errekauak beti gizonak eitte(n) (d)ittu.

ERREMINTTA, erreminttia: Herramienta. Basarrikua da haura; bixak igualtsuak orduan. Hamen erreminttia, ariñena ere, hamabost-hogei kilokua.

ERRENDI(D)U: DU aditza. Someter, dominar. Eziñ al dok umia errendiu, ala zer? / Hori Goñi hori eztok errenditzen erreza, gero, e! Errendi(d)uta egon: oso nekatuta egon.

ERRETILLA, erretillia: Teilatu-konponketa. Erretillia egin: teilatua konpondu.

ERRETIRO, erretirua: 1. Jubilazioa. 2. Menopausia: Emakumiori esnekixa hartzia komeni jaku, ona omen da erretirora aillegatzen geranerako.

ERRETOLIKA, erretolikia: Erretolikia euki: Lgart. Meter la chapa, rollo.

ERRETRATU, erretratua: Argazkia. Horretan banenguan, baiña erretratuak ere atara nitxuan umianak eta. Fotua ere bai, nahiz askoz gutxiagotan.

ERRETURA, erreturia: Sasiak eta belarrak erretzea.

ERREZ, erreza: Erretz-ekin alternantzian. Fácil. Erretze(r)a daude ohittuta horrek, eta zailtasunen bat dauanian, eztabe jakitten zer eiñ.

ERREZELO, errezelua: Susmoa, beldurra. Datorren urtian ezkonduko zeran errezelua dakat. / Errezelo txarra hartu najauan hari.

ERREZTU: DU aditza. Eta oiñ haura ere erreztuta dago asko, segadorak daudelako.

ERRIETA, errietia: Riña, bronca. Etorri etxera eskolatik, bazkaldu, eta antxitxika frontoira, izerdixa daixola eskolara. Aitxa eta ama beti errietan. Errietan egiñ: DIO aditza. Reñir.

ERRIXO, errixua: Erreka. Errekia gehiago erabiltzen da. Euri asko ein deu, eta errixua hazitta dator.

ERRUBERAN EGIÑ: Lgart. Masturbarse.

ERRUKI, errukixa: Compasión, lástima. Errukixa eman: Errukixa ematen ditt gizajo horrek.

ERTEN: DU aditza. Urten-ekin alternantzian. Oso goiz ertetzen deu etxetik.

ERUAN: DU aditza. Llevar. Ikus ERUN sarrera.

ERUAN: Iz. Pazientzia. Eruan haundiko pertsonia.

ERUN: DU aditza. Llevar. Eruan ere bai. Bigarren egunian erun zeben, eta gero ba, len esan dodana: kuadrilla haundixa hamen. / Eruan, eta han jaten genduan mahai haundi baten.

ERUTAILLE, eruataillia: Eraman handikoa. Horrek miña baleuka nere modukua! Ezta nik esatiarren, e!. Ni erutaille haundixa naiz miñakin, e! haundixa! Hau (andria) batere ezta miñakin eruatallia, e!

ESATE BATE(R)AKO: Por ejemplo. Ba, len nora-nora juten giñuazen, esate bateako, kalera, ero San Bartolomiak zialako, ero hau ero hori, boda bat dalako. Esate batera ere erabiltzen da. Baita konpa(r)azio batera(ko) ere.

ESEGI: DU aditza. Colgar. Eseki ere bai.

ESKA(T)U: DU aditza. Askatu. Korapillua eskatzen eman dogu ordu erdixa.

ESKAPADA, eskapadia: Escapada. Eskapadia ein juagu oiñ ere: errekara jausi ez geranian!

ESKAS, eskasa: Adj. Exkax ere bai. Eta han, beste batzuk balkoian. Eskasauak dittuk danak! Beti etorri eitte jat. Eta bixok, bi lagun, bakarra eskasa gelditze(n) (d)a. / Datorren astian egun exkaxak daukaguz.

ESKAS: Zifrekin eta unitateekin, ia-ia. 100 euro eskas balixo jok: 100 euro baino gutxixeago.

ESKASTU: DA aditza. Eskas bihurtu. Andria daka pixkat eskastuta, ezta? Bai: batian desgastia dala, bestian eztakit zer, eta bestian badakit zer.

ESKE: Lok. Erdal lokailu kausazkoa, Izan ere-ren baliokidea. —Aitxak ere ortua daka, eta hor ibiltzen da egualdixa gora behera. —Bai, eske hamen humedadia dago asko, e!

ESKILLARA, eskillaria: Escalera. Gu aparte, eskillara banatatik.

ESKRIBI(D)U: DU aditza. Idatzi. Eskolan, ba, ikasi. Leitzia ta, bata ta bestia, eta eskribitzia ta… Hola.

ESKUMA, eskumia: Eskuina. Eskubixa ere bai, nahiz gutxixeagotan.

ESKUTADA, eskutadia: Puñado, manojo.

ESKUTUR, eskuturra: Gorputz atala; muñeca.

ESNEDUN, esneduna: Lechero. Bajau hari portalera, bajatok eta esneduna!

ESNE-PARTITZE, esne-partitzia: Esne-banaketa.

ESOLA, esolia: Itxiturak egiteko erabiltzen den makila lodia.

ESPALDA, espaldia: Bizkarra gehiagotan.

ESPARTZO, espartzua: Estropajo.

ESPERO, esperua: Esperuan egon: Haurdun egon: Ba al dakizu Miren esperuan dauala?

ESPEZIAL: Oso ondo, primeran. Interjekzioetan asko erabiltzen den adberbioa: Benidorren hillabete bat eitten dogu. Eta han espezial!

ESTAZIO, estaziua: Tren geltokia. Estaziora bultuak eruatera ere bai; eta hola ibiltze zan; (...) da han janaldixa ero eitxe zeben, Butronguan, gero estaziora juan, eta lasai hartzeko trena, Durangora.

ESTIMAU: DIO aditza. Eskertu. Asko estimatzen dixat laguntzera etortzia.

ESTIMAZIO, estimaziua: Estimación, aprecio. Bai, baiña bedarrak eztaka estimaziorik. Hemen iñok eztau nahi bedarrikan.

ESTRAIÑEKOZ: Aurrenengo aldiz. 20 urtekiñ ikusi najuan itxasua estraiñekoz.

ESTRANJERIXA, estranjerixia: Euskal Telebistatik ere toki askotako berrixak jakite(n) ditxuzu. Egunero ematen debe Gaur Egun, eta kanpokua ta, estranjerixakua.

ESTRAPERLO, estraperlua: Contrabando, estraperlo.

ESTU HARTU: Norbaiti gogor egin. Ik. Gogor hartu.

ESTUASUN, estuasuna: Larrialdia. Aprieto, apuro.

ESTUTU: DA aditza. Apurarse, angustiarse. Bueno, hola eta hola eman eingo dogu eta ez zaitxezte estutu, eta hola ta hola aprobia eingo dogu ta.

ET, ET, ET: Ezezkoa. —Ja, ja, ja. Hurrenguan ardo botillia ekarriko dizut. —Et, et, et, et! Alperrago jarriko nok orduan da.

ETA: 1. Emendiozko juntagailua; 2. Kausazko perpausak egiteko menderagailu enklitiko oso erabilia: Bueno, ezteixogun amenazu gehixegi eman kouttauari, ehun urte jaukaz ixa ta. / Erromerixan. Ba, guk ez gendun (dantzan) asko eitten, ez genkixen da.

ETARA: DU aditza. Sacar.

ETE: Ote-ren aldaera. Etorri ete da Miren oporretatik?

ETORRI HAUNDIKUA IZAN: Bertsotan puntuari legez heltzen diona izaten da etorri handikoa. Hortik kanpo, izan daiteke txantxei azkar eta egoki erantzuten diena ere.

ETSAI, etsaixa: Enemigo. ENEMIGO, enemigua ere bai. Holako lagunekin etxuat nik etsairik bihar. Inpernuko etsaixa baiño txarraua izan: Oso gaiztoa izan. Baita Inpernuko diabrua baiño txarraua izan ere.

ETSI: DU aditza. Perder la esperanza. Biajia ta… Gazte denporan etsitta ya ezkiñala etorriko gehixago pentsauta. Hainbeste urtian! / Etsi-etsixan: resignadamente. Etsi-etsixan, egin daigun.

ETSIPEN, etsipena: Etsipena eman: Gaixoa sendaezintzat jo.

ETXANDO BIRUTAS!: Azkar, bizkor. Enfatikoa. Etxando birutas alde egin jok Mikelek!

ETXANDO LETXES!: Azkar, bizkor. Enfatikoa.

ETXANDO PUÑETAS!: Azkar, bizkor. Enfatikoa. Arrankau zanian, jota dana, jota etxando puñetas kalera atzera danak.

ETXE(R)AKO MODUKUA IZAN: Mutill hau etxerako modukua don! Edarra, jatorra eta langillia!

ETZIDAMU: Adb. Etzikoaren hurrengo eguna.

EUPADA, eupadia: Agurra. Eup-i, agurra adierazteko era onomatopeikoari, dagokion izena. Agurra. Ieup eta ieupadia ere bai.

EUTSI GOIXARI!: Norbaiti animoak emateko erabiltzen da.

EXKAX, exkaxa: 1. Txarra, kaskarra. ESKAS, eskasa ere bai. Datorren astian egun exkaxak daukaguz. / 2. Escasamente, apenas. Libra erdi exkax intxaur dago hamen.

EZ EZIK: Emendiozko perpausak egiteko partikula. Pako ez ezik, Karmen ere etorri dok.

EZ, eza: Carencia. X-rik eza: Nik eztot ikusi oindiok basarrixan mejorarik; biderik eza bai, eza(g)utu dot.

EZ: Baiezko balioa duten ezezko perpausak: Ez ibilli zintzo! / Ez etorri goiz etxera, gero, e! / Ez zan giro! Eta nungua nitzan eztitt ba, preguntau, artaburu honek! / —Zeoze ikasten zenduen bestela? —Baaai! Ikesiko ez genduan, ba!

EZAGUTU: DU aditza. Conocer, vivir. Nik sorginkerixarik ez najuan ezagutu iñoiz.

EZAGUERA, ezagueria: Conocimiento. Baiña sasoe baten, bueno, erromerixetan da… Bai, esan dozuna, ezagueria beti egoten da.

EZAGUN IZAN: DU aditza. Bistakoa izan, nabari izan. Kutxillo honek ezagun deu bizkotxua mozten ibillitakua dala.

EZE: 1. Perpaus osagarriei hasiera ematen dien lokailua: Esan zi(d)an eze ... -(e)la. Eta esaten jardun zeben eze, haura eitxeko ein biher izen zebela, ba, erdixa nehikua ziala, baiña berrogeta bi milloi arbola kendu zitxuela. 2. Zergatik eze egituran ere erabiltzen da, kausazko perpausak osatzeko. Ikus ZERGATIK EZE sarreran.

EZETZIAN EGON: Creer que no. Ikus BAIETZIAN EGON sarrera.

EZIZEN, ezizena: Mote. Erabiliagoa da gaitzizena. Etara egik kontua zenbateraiño zauden sartuta ezizenak.

EZKERO: 1. Baldintza perpausak egiteko menderagailua (Partizipioa + ezkero; Aditz-izena + ezkero): Ondo egon ezkero, soldautzia ondo pasatzen dok, tirorik ezian. Gerria dok txarra. / Permisorik izete ezkero halako lekutik etortzeko, ba, biher izaten zuan zortzi-hamar egun ero, gitxienez. 2. Denborazko perpausak egiteko menderagailua: (behin) ... -tu ezkero (askotan aditza elidituta): Behin sei-zazpi urtera ezkero, segia ta.

EZKONDU: DA aditza. Casarse. Nora ezkondu: Eta, en fin, familixa ona. Manolo, haura bigarrena. Haura Markiñara ezkondu zan.

EZKUTAU: DA aditza. Esconderse.

EZTA(G)O!: Elkarrizketetako interjekzio bat. Prontoe ganorazko bat ere ez. Ikastolan dago bat, baiña ... Hor enpresiak pelota motelak atera bihar ditxu, eta eztago! / —Oiñ ere berri txarrak etxe aldian. —Bai, ezta(g)o hemen...

EZTEI, ezteixa(k): Boda. BODA, bodia ere bai. Gero bueltan bazkarixa. Ezteixak esaten zitzakon, bodia. Ondo, soiñua nehikua behintzat eta.

EZTENKADA, eztenkadia: Esaldi mingarria, zirikada.

EZTI, eztixa: Eztia. Eztittan egon: Andra-gizon horrek, ezkondu berrittan, eztittan daude. (Elkarrekin) gozo-gozo daudela adierazteko.

EZTOK!: Ezta-ren parekoa. Elkarrizketetan-eta asko erabiltzen den interjekzioa: Beste bat kontauko dixat. Etxak inporta, eztok?

 

 

F

 

FABOREZ: Mesedez. Mesedez ere bai. Mesedez eta faborez!: enfatikoa.

FAMILIXIA EUKI: Haurra izan.

FIJO: Esaldi adierazgarrietan erabiltzen da, batez ere. —Irabaziko dau partidua? —Fijo! Pijo aldaeran ere bai.

FIRIN-FARAN IBILLI: Batera eta bestera ibiliz probetxuzko ezer onik egiten ez duenari esan ohi zaio. Ibili asko eta gutxi egin. Ezer eztok egin gaur, firin-faran ibilli haiz egun guztian. / —Banixe kalera. —Bai, ibilli oiñ ere firin-faran!

FOTO, fotua: Erretratua gehiagotan. —Bai, bai (...) Ni mehe-mehia, iher-iherra, berde-berdia nitzan ni! Hor daukat fotua, erakutsiko (d)izut gero.

FRANKO, frankua: Adj. Sincero, franco, generoso.

FRANKO: Zenb. Asko. Jenero franko hartu jok.

FULANO: Urlia. Fulano. Ba, Fulanok Albitxuritikan bota jok, bestiak han bota jok, bestiak eta… / Baiña oiñ, gure edade batera ezkero, esaten dot: «fulano hil da», nik etxian esaten dot hori baten baiño gehixotan. / —«Zein tzaurete azkenengo?», eta, —«holako, holako, fulano».

 

 

G

 

GAIÑ: -ren gaiñian: Gaia adierazten du (zertaz jardun, zertaz hitz egin...). Postposizioa: -ren gaiñian jardun, berba e(g)iñ... Aspergarrixa dok, benetan: beti fubolan gaiñian a(r)i dok.

GAIÑERA: Además. Emendiozko lokailua. Eta hemen España zuan, eta kitto ostian. Españian geratu giñan gero. Jolin! Grabia, gaiñera!

GAIÑETIK: Además. Emendiozko lokailua, Gainera-ren baliokidea.

GAITZ, gaitza: 1. Gaixotasuna; Behi horrek gaitza jakak. 2. Zaila. Gutxi erabilia. Gaitza dok hori egittia.

GAITZIZEN, gaitzizena: Mote, sobrenombre. Ezizena ere bai, nahiz gutxiago.

GAIXO TXARRA: Eufemismoa: minbizia. Gaixo txarrarekin hil da.

GAIXO, gaixua: Adj. Koitta(d)ua-ren kidea. Gaixuak makiña bat sufrittu bihar izen du bizitza hontan.

GAIZKI: Adb. Gaizki bi(har) dau: Bide onetik ez ibili.

GAIZTO, gaiztua: Zaila. Geiztua ere bai. Eta saltokakua gaiztuaua izaten zuan.

GALANKI: Asko, erruz. Tabernia geunkan orduan ere, eta lana galanki ein bihar.

GALANT, galanta: Handia. Bai, kalabazak ere bai. Iez ere mordo galanta egon zan kamiñotik bistan-bistan. Baita izenondoen graduatzaile moduan ere: Gure aitta granuja galanta zuan, mendisail horrek pasauta neskatara Elosura juteko.

GALDATU: DU aditza. Galdetu ere bai. Pre(g)untau gehiagotan. Ezer nahi badozu besterik, galdatu!

GALDERA, galderia: Pregunta. PRE(G)UNTA, pre(g)untia ere bai. Nik aitxari galderia: «Nun ibiltzen ziñaten?».

GALDUAN EMAN: Salerosketa batean, galtzen atera. Zenbat da kontua? Eta hainbeste. Bueno, etxuek galduan emango eurek ere.

GALTZARBE, galtzarbia: Sobaco, axila. Galtzarpe ere bai.

GANAU, ganaua: 1. Ganado. Ganaua larrian jabik onduen. 2. (= bitxua, elementua) Ganau ona (edarra) izan: Gana(d)u ona zan haura! Ganau edarra zan!

GANBARA, ganbaria: Lgart. Ironikoki, burua.

GANGARDA, gangardia: Lepoaren aurreko partea; nuez de la garganta. Intxaurra ere bai.

GANORA, ganoria: Fundamento. Etxakak ganora haundirik hire lagun horrek! Ganoraz: Arduragabia dok benetan Mikel. Etxok gauza bat ganoraz egitten.

GARAU, garaua: Handia, alea. Han jun giñuazen, eta haura komedore garaua! / Hori dok etxe garaua, hori!

GARIZUMIA BAIÑO LUZIAGUA IZAN: Oso luzea (altua) den pertsonari esan ohi zaio.

GARO, garua: Helecho. Oindiok bazkaldu eta garua batu gaiñera ein bihar dogu. Ikus AMABIRJIÑA GAROTARAKO sarrera.

GASTAU: DA aditza. Pasatu. Bukatu. Behiñ hogeta bost urte ezkero, zeoze egoten da beti, pentsamentua ero, nobixia ero, bestia ero. Baiña haura zoro-, gazte-denpora haura gastauta. Haura pasauta. / Bueno, oiñ erromerixak gastau ziran baiña. Gu zahartu ein gera, eta gero gastau ere ein dira.

GATZ, gatza: Gatz gutxiko pertsonia: soso. Horrek etxakak gatzik txistiak kontatzeko.

GATZATU, gatzatua: Mamia. Cuajada.

GAUILL, gauilla: Gaubeila. Hildako bat beilatzen ematen den gaua.

GAUR GOIZEKO KONTUA IZAN: Zerbait (albiste bat, kontu bat...) berria denean esan ohi da.

GAUZA IZAN: Gai izan. Ikus Kapaz izan.

GAZTA, gaztaia: Lgart. Ironikoki, burua.

GAZTAIÑA, gaztaiñia: Castaña.

GAZTETE(R)IXA, gaztete(r)ixia: Juventud. Urtien buruan, ba, gazteterixia nola datorren Ikastolatik eta, oiñ hobeto.

GELDITTU: DA aditza. Geratu ere bai. Eta, holaxe, ba, hamentxe Barrutianian gelditxu zan ostatuan.

GERATU: DA aditza. Etzaban amak nahi bera bakarrik geratzerikan, eta alaba etxian gelditzia nahi zaban, eta bertara ezkondu giñan, bai.

GERO: Cuidado que, mira que. Abisuak adierazteko interjekzioa: Argi ibilli, gero, e!

GIBEL, gibela: Gibel haundixak euki (gibelaundixa izan): Despreocupado.

GIRO EZ IZAN: Interj. Haber ambiente. Ezezko forman erabiltzen da. Ez da giro izango baztarretan!

GITXI GORABERA: Gutxi gorabehera.

GITXI: Gutxi. Gutxi ere entzuten da, baina nagusi da gitxi. Ibili naban nik haura automobilla, denpora gitxixan, baiña ibili naban. Ezta gitxiagorik ere!: Nik eztot pentsatzen zahartu naizenik. Ezta gitxiorik ere! Ni txabalito bat sentitzen nok.

GIZAJO, gizajua: Pobre hombre. Forma adierazgarria ere sarritan izaten du: gixajo, gixajua, gixagaixua. Eta gero, taxista bat topau genduan bidian, eta guardia zibillak, farolak eztakit zer zaukala ta, multia gizajuari.

GIZONEZKO, gizonezkua: Varón. Andrazkuen azokia izaten da. Oiñ, kaletarrak ba, gizonezko dana han egoten da. Eske gizonezko asko dago kalian, e!

GIZUR, gizurra: Gezur. Gezur ere entzuten da, baina gizur da nagusi. Gizurra galanta, oiñ esan dokena! Gizurrak hanka motzak daukaz: Gezurrarekin ezin dela urrutira iritsi adierazteko.

GIZUR-POLTSAS IZAN: Gezurti handia izan. Gizur-poltsas haiz.

GIZURTERO, gizurterua: Adj. Gezur asko kontatzen dituen pertsona. Gizurti ere bai.

GOGO, gogua: Goguan eduki: Recordar. Harek danak goguan jaukadaz nik.

GOGOR HARTU: Norbaiti gogor egin. Ik. Estu hartu.

GOGUAN HARTU / EUKI: Gogoratu; kontuan hartu.

GOI, goixa: Goixari eutsi: Animo! Eutsi goixari, motell! Pasauko jak eta ratxa txar hau!

GOIKO, goikua: Goiko hori: Jangoikoaren hitza ez aipatzearren erabiltzen den forma eufemistikoa: Hor goiko hori akordatuko dok.

GOIXAN-BEHIAN: Erruz. Eurixa goixan-beian ari du: euri asko ari izan. Nora zuaz, eurixa goixan-behian ari dau ta! Ikus Bota ahala sarrera.

GOIZ, goiza: Mañana. Oin Ikastolara eruan bihar dittu, eta goizian eruan, eguardixan berriz jun, eta gero, illuntzixan.

GOLFERIXA, golferixia: Golferia. Golferixan besterik etxakik gure aittak.

GORANTZI, gorantzixak: Recuerdos. Normalean pluralean. Eskumiñak hitza ez da erabiltzen.

GORRAIZE, gorraizia: Gorraizia eduki. 1. Estar sordo. 2. Ironikoki: hacerse el orejas.

GORRI, gorrixa: Gorrixak ikusi: Gorrixak ikusitta gaure gu gerra denporan. Gorri egon: estar sin blanca.

GOSALDU: Desayunar. Gehiagotan Armuzau.

GOSE, gosia: Gose. Gosiak amorratzen egon: oso goseti egon.

GOZATU, gozatua: Gozatua hartu: Gustora geratu. Guk hartu juagu gozatua mendi bueltia eginda!

GOZO, gozua: Gozua egon: estar enfadado. Zentzu ironikoan erabiltzen da: alegia, jenio txarreko dagoenari esaten zaio gozoa dagoela.

GRANDE, grandia: Ona, handia, ohiz kanpokoa. Era mugatuan beti: grandia. Lehen grandia zuan motorra eukitzia, gero, e!

GUARDASOL, guardasola: Paraguas. Gure herrixan guardasoli(k) pe etxagok neguan etxetik urtetzerikan. Guarsol ahoskeran ere bai.

GURA: Atzizkia. Gura izan aditza ez da erabiltzen Elgoibarren (nahi izan). Atzizki moduan, ordea, erabiltzen da: negargura, txixagura, logura ...

GURAIZA, guraizak: Tijeras. Gurizak ere bai. Baita ARTAZI, artazixak ere. Eta guk hemen esaten dogun moduan, artazixak edo guraizak, hau pinza ero esaten diue.

 

 

H

 

HAATIK: Porque sí. Por eso. —Zeatik ein dok hori? —Haatik! Era horretako galderei erantzuteko modu hau askoz tradizio sendoagokoa da, Zergaittik bai! askoz berriagoaren aldean. (...) eztakit zer dauan, baiña gauza ona ez behintzat. Horrek miñ aldixak! Puf! Eske haatik esaten dogu ba, zu.

HABITTAZIO, habittaziua: Habitación. Neuk ere pixkat idea neukan, eta onen-onena apaiza ero holakotxia izanda, izango zala egokixena, habitxaziua baldin bazeukan emateko, neure pentsamentua.

HAGIÑ, hagiña: Diente, muela. Hortz / hagiñ bereizketa hagiñ-en alde neutralizatuta geratzen da gehienetan: hagiñ erabiltzen da guztietarako: hagiñak garbittu, haginkadia, hagiñak erakutsi ... Hortz hitza aurrekoak adierazteko bakarrik erabiltzen da, baina ez askotan.

HA(G)INKA EGIÑ: DIO aditza. Morder. Basarri hortako txakurrak ha(g)inka ein dio Mikeli.

HA(G)INKADA, ha(g)inkadia: Mordisco. Laga’iak ematen ha(g)inkada bat, itxura ona jakak eta hire bokadillo horrek.

HAIN ZUZEN: Lok. Precisamente, justamente. Ezta hori, hain zuzen, nik esandako mutilla. / Hori da, hain zuzen, guk nahi genduana.

HAINBESTIAN!: Adb. Pasable, no mal del todo. Elkarrizketetan, galdera bati erantzuna emateko. —Zer moduz zabizte, ba? —Bueno, hainbestian!

HAINTZAT hartu: DU aditza. Tomar en consideración. Gaztiak ez gaittue zaharrak haintzat hartzen.

HAIZE, haizia: Veleidades, tentaciones. Ume moko hauek badabille haizia! / Buruan haizia daka horrek. / Ibilli haizekua izan naiz ni, e! / Bai, beti gabiz gu kanpora, kanporako haiziakin. Haizia euki ... zeozer egitteko: Eta Julianen partetik ointxe ere ez litzake etorriko, baiña nik usten dot guriak dakala haize haundixa hona etortzeko. Haizia eman: Ez zakagun afiziorik: aitxak sekula ez zigun eman haizerik ehizian ikasteko.

HAIZETU: DA aditza. Harrotu. Umia, zure lagunak hamen daudela ta, ez haizetu, gero, e!

HALA ERE: Lok. Aurkaritzako lokailua. Eta gu lenengo hasi giñanian, hamabi-hamahiru ordu eitxen ziran. Oiñ, en kanbio, hamar orduan hortxe-hortxe juten da autobusa. Baiña, hala ere, ordu mordua dago. Baita hau ere: Hala ta guztiz ere.

HALAKO BATEN: Adb. En una de esas. En eso. Eta halako baten etxera bialdu giñuazen noizpaitten.

HALAKO ETA HOLAKO: Fulano y mengano. —Ba, ju’ari halakona bai. / Pelota partiduak! Holako ordutan halako partidua dago, eta koño! Edarra partidua! Hori ikusi ein bihar dogu.

HALAKO, halakua: Izenondo peioratibo baten ondoren, interjekzioetan erabilia: Kaikua halakua!

HAMAIKA: Zenb. Asko, ugari. -txo atzizki txikigarriarekin ere sarritan: Hamaikatxo: Hamaikatxo holako ikusteko jaixotakuak gera!

HANGO...!: Interjekzioetan. Atzera, Gernikatikan zihar, zela ero hala, pasau, eta hango desastria! Horko ere bai, erabilera berean: Horko ...!

HANKA EGIÑ: DU aditza. Ihes egin. Bai, bixok; beste lagun bi laga, geure lagunak, eta etxera hanka ein genduan febreruan.

HANKA, hankia: Hanka jokua etara: Azkar ihes egin. Keixak harrapatzen ari zala, basarrittarra etorri dok; harek atara jok hanka jokua!; Hankak luzatu: Euf. Hil. Oin aprobetxau, hankak luzatu eta gero alperrik da-eta!

HANKAOKER, hankaokerra: Hankak okerrak dituena.

HANKA-HUTSIK: Adb. Descalzo. Oiñ-hutsik ere bai. Bedarretan hanka-hutsik ibiltzia gustatze (j)ata. / Nik aitxa Bizkaikua naban, eta amama ere bai. Eta ortozik harek; hanka-hutsik guk.

HANKAZABAL, hankazabala: Adj. Hankak oso zabal botatzen dituena.

HARA!: Interjekzioetan. Hara! Etorri dok, barren, gure Patxi! (Hara) hor ba! ere bai: —Galleguak ointxe hasi dira, jaixekin. Atzo ziran txapliuak botatzen. —Bai, bai. Ha(ra) hor ba!

HARAGI, haragixa: OKELA, okelia ere bai, gehiago gainera. Haragi xerraz ari baldin bagara, TAJADA, tajadia.

HA(R)AKO ... HAURA: Hango ... hura. Ha(r)ako etxe haura erosi juat.

HARIK ETA: Harik eta ... arte. Denborazko perpausak egiteko lokailua.

HARRAPAU: DU aditza. Lapurtu. Ikus Ostu.

HARRI, harrixa: Granizo. Ik. Txingorra sarrera.

HARROPUTZ, harroputza: Adj. Fanfarrón, arrogante.

HARTARA: Lokailua (=era horretara); —Hor, nere tonterixak jakinda berdin dala, e! —Baiña ondo daggo jakitzia. Ikasi eingo dogu hartara, ezta?

HARTU: DU aditza. Acoger. Ez, danian gu ondo hartu gaittue oiñ artian.

HARTU-EMAN, hartu-emanak: Harremanak. Pluralean normalean.

HARTZEKO, hartzekua: Pluralean normalean: Hartzekuak euki, hartzekuekiñ etorri: Arrazoirik gabe kexatu. Berak e(g)in neri faenia, eta gaiñera bera dator hartzekuekiñ!

HASARRATU: DA aditza. Enfadarse.

HASARRE EGIÑ: Errieta egin.

HAUNDI-ORKI, haundi-orkixak: Lo gordo, lo grande. Dana ez bada ere, haundi-orkixak ja(n) (eg)izuz behintzat.

HAUNDIXA IZAN: DA aditza: Interjekzio moduan: Aundixa do(k) pa!: Haundixa do(k) pa! Oiñ ere zeozer gaizki eiñ al dot?

HAURA: Hirugarren graduko erakuslea: hura. Haura da nere etxia; Ha(r)ako etxe haura erosi dot. Interjekzioetan ere asko erabiltzen da: Haura ...!: Haura zuan bronkia, haura! / Haura jan!

HAUTSAK KENDU (IÑORI): Astindu.

HEGAL, hegala: Lado, costado. esquina. Baiña sartzen dok, hor hegalian sartzen dok Azkoittikua.. Eta San Migelen Bizkaikua sartzen dok pixkat, bai.

HEGO, hegua: Heguak ipiñi: Euf. Hil. Oin bakandu dittuk asko, e! Pentsa’ik, oin larogei urte eukitzeko, bittarte horretan zenbatek heguak ipiñiko zittuan.

HELDU-LAN, heldu-lana: Baile agarrado. Ikus DULTZEMENEO sarrera. Azkoittixan, berriz, etzuan egoten libre dantza heldurikan, heldu-lana. Heldu-lana esaten jauen, eta gero ipiñi jauen «El dulce meneo» izena heldu-lanari.

HERAÑEGUN: Herenegun. Anteayer. Gero, San Lorentzora ere juten gaittuk batzuetan. Herañegun San Migelera, eta hurrengo San Pedro aldera igual da, holaxe. / Eta miñaldixak! Herañuan gau guztian ixa lorik enaban eiñ.

HESTE-SOBRE, heste-sobria: Apendice.

HIGUINDU: Nazkatu. Ointxe nago higuinduta zure tonto-usaiñekin.

HILL, hilla: Mes. Hillan azkenian jasotzen da soldatia.

HILLABETE, hillabetia: Mes. Iraupena adierazteko. Zazpi hillabetian egon nitzan kanpuan.

HILLIAN-HILLIAN: Hilero.

HITZ EGIÑ: Hablar. Hizketan egiñ, berbetan egiñ, berba egiñ ere bai, azken biak gehiago, adinekoen artean batez ere. Ezta alkarrekiñ hizketan ere, zerbitzen neuk mahaixa, eta orduantxe pixka bat hitz egin bihar... / Umiak gurekin berbetan, primeran. Eta pixkat estraiñau eitxe(n) zara geiñera, e!

HITZ, hitza: Hitzian da hortzian (hitzean eta hortzean): Etengabe. Hitzian da hortzian esate(n) jok harek maldiziua!

HOBE BIHARREZ: Baita On biharrez ere (ik. sarrera). Hobe biharrez esandakua da (berba) hori, gizajua. Penia emate(n) (d)igulako. / Hobe biharrez esan dixat hori, e! Ez (eg)ik gaizki hartu!

HOGETAKA: Zenb. Hogetaka lagun juan giñuazen mendi-bueltia eittera.

HOJALATERO, hojalaterua: Iturgina. Fontanero. Linternero, linternerua ere bai.

HONBRE!: Interjekzio moduan erabilia, aurretik esan dena baieztatzeko, eta baita norbait agurtzeko ere: —Hemen ere bilddurra pasauko zenduen? —Honbre! / Honbre! Aspaldiko!

HONEZKERO: Adb. Honezkero. Suposizioetan bakarrik erabiltzeko adberbioa, ondo ez dakigun zerbaiten gainean jarduteko. Honezkero allegauko zan, ba, abioia, Londresera! Gaizki dago zerbaiten berri zehatza dakigunean honezkero erabiltzea: Honezkero hasi gara bazkaltzen, eta etorri mahaira lehenbailehen.

HOR KONPON!: Interj. Allá cuidados, ahí te las compongas. Hik sartu nahi izen dok lantegi horretan, eta hor konpon! Hor konpon, Mari Anton!

HORI: Bigarren graduko erakuslea. Elgoibarren, mendebaldeko hizkeretan bezala, izenaren aurretik eta atzetik erabil daiteke: Hori etxiori.

HORIXE!: Interjekzio moduan asko erabilia. Jakina! Eske guk entzuten ditxugunak izaten dira makilliakin da jotzen zebela. —Baaai! Horixe! Atzaparrak hola ipiñi, eta regliakin, da!

HORRAITTIO(KAN): Aurkaritza lokailua. Horratik. Hor diru mordua aurrerauko (d)ozue, horrattiokan!

HORTARIKO, hortarikua: Horretarikoa. De esa clase. Bueno, len esnia ere eruan eitxen zan eta zaharra eta hortarikua ere, ba, asko baldin bazauan, ba, eruan eitxen zan. / Oin dala urte asko urria ero, zeoze hortarikua billatzen ibilli ziran.

HORTZETAKUA HARTU / EMAN: Hortzetan (ahoan) kolpea hartu edo eman.

HOTS, hotsa: Zarata. Hitz elkartuetan sarritan: X + hotsa. Haura zan hanka hotsa! / Aguazilla ikusi zabenian, haura zuan perra hotsa atara zabena! / Haura zan egur hotsa atara zabana!

HUR, hurra: Gertu. Hurrian, hurreko, ... Guk ibilli doguna, bertako euskeria, hurrekua. / Bueno, urruti ibilli giñan, baiña gero hurrekua jausi zan. / Eta guri Debara tokau jakun. —Bueno, behintzat. —Bai, bai hurrian, hurrian.

HURRIK ERE EZ: Ezta hurrik eman ere! ¡Ni de lejos! Lengo aldian erreza, ointxe eztaka lengo konturik basarrixak, oiñ eztaka, basarrixan eztago hurrik ere. / Baiña ostian ere bai lana. Hurrikan ez zaban itxuria hartzen! / Hala ere, galdu ein tzaban aurrian. Gero sakia hartu zaban pelota batekin, eta akabo. Ezin hurrik eman.

HUTS, hutsa: Ezer ez. Da atzea bialdu zittuen. Baiña kartzelan euki. Orduan hutsa bihar zuan, e! / Hutsa denporan amaittu juagu. Izenonodaren ondoren ere erabiltzen da, haren graduatzaile moduan: Tonto hutsa dok hori! On hutsa dok Patxi, eta eskatu egixok nahi dokena. / Ganorabeko hutsa da!

HUTSAREN HURRENGUA IZAN: Baliorik ez eduki. Gaur irabazi dogun dirua hutsa(re)n hurrengua dok.

 

 

I

 

IBETONDO, ibetondua: Margen, orilla del rio. Ibetonduan egoten giñuazen. Eta, hi! Lenengo prantsesa banderia egoten zuan handiko zubixan, eta hemendikaldian española egoten zuan.

IBILGONA, ibilgonia: Kalerako gona (zentzu figuratuan ere bai). Ibilgonia jantzi: Bai, bai, jantzi ibilgonia, eta segizu kanpora!

IBILI: 1. DA aditza. Andar. 2. DU aditza. Erabili, utilizar. Aurki, berriz diru berri hori etorriko jaku, eta horrekin izengo dogu lana, ee! —Bai, horrekin ere izengo da lapitza edo boligrafua ibilli biharra. / Nik esaten dot eze ... erozeiñek haura ezin tzekiela ibili, haura katxarro zaharra. / Guk ibilli doguna, bertako euskeria, hurrekua. Ibili hurrenguan ere! Ibilli-ibilli egin: Ibilli-ibilli egin, eta azkenian lortu jok.

IGARRI: DU aditza. Acertar, adivinar. Eta ezetz esate jok askok. Bai, igartze jauek ala? Bai asko igartze jauek egualdixari.

IGUAL: Beharbada. Akaso eta bihar-bada ere erabiltzen dira. Eta Manolo, hangotxia, eztakitt orduan ein tzaban nobixia ero ez, igual orduantxe eindakua zan nobixia.

IGUALMENTE!: On egin! edo horrelako esaldi bati erantzuteko erabili ohi da. —On egin! —Igualmente!

IKARAGARRI, ikaragarrixa: Ikaragarria. Enorme. Ike(r)agarrixa baiña zulua, e! Ikeragarri: adberbioa. Asko. Horrek umiorrek bi urte dakaz eta ikeragarri eitten dau hizketan.

IKUSMIRA, ikusmiria: Tema para ver, curiosear. Vista. Ikusmiran: curioseando. Mendi horretan dago ikusmiria!

IKUTU, ikutua: Ikutua eman zeozeri: Egunari bere ikutua eman bihar jako: zerbait berezia egin behar dela esateko.

ILLE, illia: Illietatik gora ibilli: Gainezka ibili. Illietatik gora nabil lanakin. Ez da jatorra illia hartu esamoldea, gaurko zenbait gaztek adarra jo-ren ordez sarritan erabiltzen dutena.

ILLOBA, illobia: Sobrino/-a; nieto/-a. —Bai. Aittitta einda nago ni. —Bai? —Joder, illobak eukiko (d)ittu ... urte t’erdira jungo da.

ILLUNTZE/-I, illuntzi(x)a: Atardecer, anochecer. Erreiñak ere etxekuak, ba, lan asko (d)aka umiekin. Oin ikastolara eruan bihar dittu, eta goizian eruan, eguardixan berriz jun, eta gero illuntzixan.

INGURU: Alrededor de. 1500 lagun inguru juntau zittuan.

INPERNU, inpernua: Infernua. Inpernuko diabrua baiño txarragua (gaiztuagua) izan: Oso gaiztoa izan. Baita Inpernuak ere etxok hartuko gizon hori!

INTENTZIO, intentziua: Intención. Jua(n) nitzan hor San Antoliñ aldera ero, peskan eitxeko intentziuakiñ ero.

IÑOIZ: Alguna vez que otra. Ni goizago juaten nitzan esniekin da ferixara. Iñoiz bai, oillaskua zanian da, handik-hemendik saltzera ta.

IÑUZENTE ERAIÑ: Norbaiti ziria sartu Inuzente egunean.

IPURDI, ipurdixa: Ipurdixari bueltia eman orduko: Bizkor. Ipurdixari bueltia eman orduko ahazten jakoz gauzak: gauzak berehala ahazten zaizkiola esateko. Ipurdixa berotu: Jo, jipoia eman. Ipurdixa eman: Bizkarra eman.

IPURTAUNDI, ipurtaindixa: Ipurdi handia duenari esan ohi zaio.

IPURTERRE, ipurterria: Adj. Pertsona zazpikia, jenio txarrekoa.

IPURTXONTXOR, ipurtxontxorra: El coxis. Ipurtxontxorrekua hartu.

IRITZI: DIO aditza. Parecer. Batzuk hor izeten ziran konplikaua zala esaten zebenak eta ulerteziña. Nik eztiot irizten hainbesteraiñokorik.

IRITZIRA (JARDUN): Gauza bat zehazki hala dela jakin gabe jardutea. Al tuntún, a ojo, a voleo. Ez (eg)ixok kasorik eiñ, iritzira dihardu eta.

IRRIST EGIÑ: Labaindu; labainkadaren onomatopeia. Hortik, irristadia.

ITTULAN EGIÑ: DU aditza. Itaurrean egin, idien aurrean lan egin.

ITXAIÑ: DIO aditza. Esperar. Itxoiñ ere bai. Baiña gero nola bigarrenian ni juan nitzan, emaztiak itxain ein zi(d)an.

ITXITURA, itxituria: Eremu edo barruti itxia. Cercado, recinto cercado.

ITXURA, itxuria: Adberbioa. Dirudienez. Al parecer. Itxuria: Eta errietia gogorra ein tzian aitxak, itxuria, enterau zan, handik ero hamendikan ero. Itxuria daukanez / itxuria dabanez / itxuria danez ere bai: Etorri zan, esan tzien zala injenierua bera, Lafitte. Itxuria, hori apelliduori frantsesa da, itxuria dabanez.

ITXURAZKO, itxurazkua: De buena apariencia. Eta, ikusi nindduen mutil batekiñ, eibartarra; ibiltzen zan nere ondoren, eta: «Itxurazkua zunan, itxurazkua zunan».

IXILIK: Adb. Ixilik egon zaitte! Berri txar bat entzun ondoren esan ohi da. —Ba al dakizu Maria hil dala? —Ixilik egon zaitte! Ezta izengo!

IXIL-POLTSA, ixil-poltsia: Diru beltza. Senarrari edo emazteari ezer esan gabe, ezkutuan edukitzen den diru-poltsa.

IXKO, ixkua: Hori dok ixkua, hori! Mutil handiengatik esan ohi da.

IXO: DU aditza. Eio. Moler. Hemen bajauan, baiña garixa ixotzekorik ez.

IXO: DU aditza. Subir. Horrek (etxien preziuak) ixo beti.

IXUTU: DU aditza. Piztu. Encender. Igual poxpolo bat ixutu, zigarrua ixutu bati, eta handikan larogei zigarro igual ixutu.

IZAN ERE: Kausazko lokailua: Pentsa’ik, oin larogei urte eukitzeko, bittarte horretan zenbatek heguak ipiñiko zittuan. Eta aurrera. Eta batzuk larogei urte ta (…). Lehen asko zuan, izen ere.

IZAN EZIK(AN): Excepto. Baiña orduan da, Elgoibarren basarrikua izan ezikan, kalekuak, ya normala zan igarixan eitxia. Normal, normal, normala.

IZARDI, izardixa: Sudor. Izardi eta pats; Izardixa daixola: Etorri etxera eskolatik, bazkaldu eta antxitxika frontoira, izardixa daixola eskolara. Aitxa eta ama beti errietan.

IZATEZ: Natural de, por naturaleza. Zestuakua zan izatez, baiña hor ze(r)ian bizi da, Markiñan.

IZEKO / IZEBA: Ikus TIO sarrera. Tio / -a.

IZUR HA(D)I!: Izorra hadi. Mintzakideari txarra desiratzeko esan ohi da.

 

 

J

 

JABOIA EMAN: DIO aditza. Hacer la pelota.

JAI EUKI / EGON: Zer eginik ez izan. Horrekin jai dagok, eta laga’ik bakian.

JAKIN: Asko jakin (ezezkoan): —Bixar urtiak, zorionak! —Bai, bixar. Eztakik asko! Berrogeta hamaika urte, ja, ja, ja!

JAKIÑA!: —Zu San Bartolomietan kalian bai, ezta? —Bai, jakiña! Ferixara ta.

JAKIÑIAN EGON: Baita Jakiñan gaiñian egon ere: Eta ordurako jakiñian egoten ziran.

JAN: 1. DU aditza. Comer. 2. DIO aditza. Irabazi; kiroletan batez ere. Parejetan Gallastegi onena. Hiru, berak hartu segundako lagun polit bat, hiru onenak ipini aurrian, eta hiruri jate(n) ziuen harek parejetan.

JANGOIKO, Jangoikua: Dios. Ba, Jangoikuari eskerrak, daukauzen edadietara allegau gara, eta oindiokan hamentxe nahi bizi.

JAN-TXAKURRA IZAN: Gauza askotarako balio ez duenari esan ohi zaio, alferra denari; jateko bai, baina lan egiteko hurbiltzen ez denari. Basarri haretan ere, jan-txakurra ugari: lau seme, eta danak kalian, festan.

JARDUN, jarduna: Iz. Jardunian jardun / ibilli: Berriketan aritu. Hamen gabixaz, jardunian. Jardunian jardun: hitz egiteagatik hitz egin.

JARDUN: DU aditza. Zerbait egiten edo esaten ari izan. Aditz sintetiko bezala ere asko erabiltzen da: badihardut zeozetan!

JARRI: DA aditza. 1. Ohitu, egokitu. Amoldarse. Eta Kataluña izan, edo Valentzia izan, diperente eitten dabe. Katalana diperente itxen dabe. Baiña denporia(kin), jarri eitxen zara. / Edozertara jarri. 2. Sentarse.

JASO: DA aditza. Nora jaso. Danobat-en zabillen anaixa, eta: «Hi, hobe daukak hara etortzia, han tallarra ondo jiek, eta bixar ero etzi han benefiziuak eta, zeoze eman eitxe(n) juek. Eta halaxe, hara jaso nitzan, Danobat-era jaso nitzan.

JAURTI: DU aditza. Lanzar, tirar. Bota ere bai. Eta landarak ihartzen diranian, danak jaurtiko jaittuat, eta kitto.

JAUSI: DA aditza. Caer.

JENDE, jendia: Hitz elkartuen bigarren osagaia askotan: izena + jendia. Elgoibar zihero kanbixauta dago. Lehen, jendia goixan egoten zan, goiko plaza aldian dana. Oiñ, en kanbio, Maala aldian, gazte jendia. Jentia ere bai, nahiz gutxiago.

JENDE HAUNDI, jende haundixa: Jende inportantea. Zubi berrixa inauguratzen juek, eta jende haundixa etorriko dok gaur herrira.

JENE(R)AL: Normalean. Por lo general. En jeneral: Gabonetan, en jeneral juten gaittuk gu hor zihar. / Nik beti Arrate eukitzen juat, en jeneal. Jeneralian: Gu o(k)tubrian juten gara jeneralian.

JENERO, jenerua: Género. Baiña, bestela, saldu ein bihar zan diru pixkat hartzeko, jenerua etxera eruateko, entenitzen dozu?

JESUKRISTON: ikus KRISTON sarrera. Interjekzioetan askotan. Jesukriston euri zaparraria bota jonan! Jesukristonak esan: Jun dok neskia, eta Jesukristonak esan.

JESUS!: Istorixak asko jaukadaz nik, Jesus, Maria ta Jose! / «Ezaizu hainbeste ipini». Norberak esan bihar askotan, mutill. Bestela… Jesus, Maria ta Jose, ze jateko! / Gora allegau gabe, eta honetan, kañonazo bat kamiño erdixan sartu zan. Josus!

JIRA, jiria: 1. Egoera, ardura. —Eta, zure bizimodua zein da? Zein da basarriko jiria? —Basarriko jiran gauza asko dago, gauza askori begiratu bihar jako. / Lehen umiari titixa ematera, iñora. Etxian lenengo hamabost egun-hillabetian, auzora titixa ematera. Horixe do(k) pa lehengo zaharren jiria. 2. Fundamento. Hori da jiria, hori, dabizuna! (=txatxaria)

JIRAU: DU aditza. Lortu. Nunbaittetik jirau bihar juat automobilla, oporretara juateko.

JO TA FUEGO: ¡Dale que te pego! Jo ta fuego a(r)i gaittuk oiñ ere lanian, lenbailen amaittu nahixan.

JO TA KEIA: Jo ta sua! ¡Dale que te pego!

JO TA SUA: ¡Dale que te pego!. Eta hor kriston erromerixia, frontoia bete-bete jente egote(n) zan han dantzan, jo ta sua.

JO: DU aditza. Beia jo: Desmoralizarse. Behia jota dabik aspaldixan Pako. Etxakok ezer ondo ertetzen.

JO: DU aditza: Txikito bat, botillia... jo: Echar, acabar. Eta Salontzon jo txikito bat eta ala, etxera! / Eta ordubixetarako txikito bat edo bi jo, eta bazkarittara.

JOLAS EGIÑ: DU aditza. Jugar. Berriagoa da jolastu. Jolasian egiñ.

JOÑO!: Ño ere bai. Joño! Martiñen semia. Haura laguna daukagu. / Brometan moduan esan nion: «Ño, ezta merkia».

JORNAL, jornala: Sueldo. Hillan bukaeran jasotzen juagu jornala jeneralian.

JORRA, jorria: Escardadura, deshierba. Bai, hola gustatze(n) jatana neri, jorria; errezena, jorria. Hitz elkartu baten bigarren osagai gisa ere bai: artajorria.

JORRAU: DU aditza. Escardar. Geuk pentsatzen dogunian denporia pasatzeko, ba, zeoze, patata pixkat jorratu, ero bestia.

JOTA EGON: 1. Zoratuta. Burutik / ganbaratik (fig.) jota egon: Ez e(g)ixok kaso egiñ horri, burutik jota jagok eta. Ikus Burutik jota. 2. Jota geldittu nok entzun doten berrixakin. Behia jota egon: Ama Mendarokua naban. Hor basarrixa oin behia jota dago.

JOTA: Interjekzio moduan asko erabilia: ez du esanahi jakinik. Kanpaiak haste(n) zianian, jota danak refujixora.

JUIZIO, juiziua: Juiziua galdu: Burua galdu.

JUNTAU: DA aditza. Juntarse. Jai eunetan? Ezer ez guk. Juntatzen gera hamentxe lau laguntxo zapatu arratsaldian, eta zerian, jokuan eiñ.

 

 

K

 

KABAL, kabala: Ori ez dok kabala: Burutik sano ez egon.

KABALLO, kaballua: Caballo. Zaldixa ere bai. Kaballo gaiñian ibiltze(n) nitzan, kaballo zuri baten gaiñian, eta edarki.

KAFITESNE, kafitesnia: Kafesnea. Gero, gabian jango zauan diperentia ero, baiña eguardixan behintzat, ezer ipintzen ez ibiltziarren, kafitesne katillukaria, eta ala! Eta lana egiñ! Zera, gizonak baiño gogorrago!

KAIXO!: Hola, ¿Qué tal? Kaixio ere bai.

KAJA, kajia: Kajatik ekarritako umia: Umezurztegitik ekarritako umea.

KAKA, kaka: Kaka burutik beera egin: Reirse a la cara. Ez gero laga kaka burutik behera eitxen! (= ez laga edozer egiten); Kaka zaharra! Haserrea adierazteko interjekzioa.

KAKANAHASTE, kakanahastia: Istilua. Follón, enredo.

KAKAÑERO, kakañerua: Haur. Miedica.

KAKATI, kakatixa: Haur. Beldurtia, miedica.

KALBOSO, kalbosua: Burusoila.

KALE EGIÑ: Huts egin.

KALE, kalia: Kale gorrixa: En la calle (zentzu figuratuan). Tallarra itxi, eta kale gorrixan geratu nok.

KALEUME, kaleumia: Kaletarrei esaten diete, zentzu peioratiboan, baserritarrek.

KAMIÑO, kamiñua: Carretera. Bai, kalabazak ere bai. Iez ere mordo galanta egon zan kamiñotik bistan-bistan.

KANBIXAU: DA aditza. Aldatu. Oiñ elitzake garirik batere helduko. Nola helduko litzake, ba? Ezta pentsau ere. Holaxe kanbixau da gauzia.

KANKAILLU, kankaillua: Pertsona handia eta baldarra.

KANPOLARROSA, kanpolarrosia: Kanpoan etxean baino atseginagoa denari esaten zaio (etxean otso, kalean uso). Hori kanpolarrosia dok, gero, e!

KANPOSANTU, kanposantua: Hilerria. Kanposantua etxe honek Altzolan dauka.

KANTIDA(D)IA: Zenb. Asko. Hamen egote(n) zan garixa, eta hartua ta hartzen zan... kantidadia!

KANTSAU: DA aditza. Cansarse. Baiña, hala ere, ordu mordua dago: hamar ordu. Bai, kantsau, azkenian.

KAPAZ IZAN: Gai izan. Ikus Gauza izan.

KAPAZIDADE, kapazidadia: Ahalmena, gaitasuna. Hori da kapazidadia dakana juergan ibiltzeko!

KARGA JASOTZE, karga jasotzia: Harri jasotzea. Ba, izete juagu, ba, pelotia, fubola ere bai batzuk. Beste batzuk karga jasotzia ere bai, aixkora jokua ero, eztakik?

KARGAU: DU aditza. Arrunk. Emakume bat haurdun geratu edo norbaitek utzi. Kargauta laga jok nobixia.

KARGU EGIÑ: DIO aditza. Zaindu. Olaxe ta. Orduan in bihar da lan asko, landariari ein bihar jako batetik ura, eta gero, kargu egiñ.

KARGU HARTU: DIO aditza. 1. Bere buruari: Bere burua zaindu. 2. Beste norbaiti: Erantzukizunak, kontuak eskatu. Eta nagusixari, zeiñek hartuko dio kargu gaizki agintzen dabanian?

KARNAZERO, karnazerua: Harakina. Karnizerua aldaera ere bai.

KARRETERA, karreteria: Errepidea. Txitxarruan taillarra. Osea, Azkoitxiko karreteran tren zubixan, oiñ Alkortak bota dau, ba? Han zauan. Bidia ere bai.

KARRIAU: DU aditza. Garraiatu. Cargar. Gari-karriuan ibiltzen giñuazen gaztetan.

KARTA, kartia: Kartia egin: Escribir (enviar) una carta. Eta gero pasau zan gerra hori, eta gero, ezkondu ta gero, ez zi(d)an, ba, kartia eiñ!

KARU, karua: Garestia. Alperrik ipiñiko dozu karua, harekin negozio txikixa eingo dozu. / Karua ikuste(n) dot nik fubola, oso karua, eta diru asko estranjerora, gaiñera.

KARUTU: DA aditza. Garestitu.

KASA: Nere (bere...) kasa (egin...): Nire kabuz. Baita nere kasetan ere.

KASIK: Ia. Arratekua? Ondo. Arratekua kasik hobeto (Euskadi Irratikua baiño).

KASKAR, kaskarra: Buruhezurra, kaskezurra, burua. Isildu hadi behingoz, kaskarreko miña jartzen di(d)ak eta.

KASO EGIÑ: DIO aditza. Saludar; hacer caso.

KATE, katia: Kate motzian lotu: Atar en corto. Kate motzian lotu jok andriak Patxi, eta erten ere etxok egitten.

KATIA(T)U: DA aditza. Engancharse (fig.). Tallarretik ertendakuan, zapatu-jaixa, ba, basarriko zeoze ein bihar baldin bada, beti katiauta. / Elgoibarrera Amaia ta zailla da etortzia, Donostian ero nahiko debe katiau nun-nun.

KATONA: Kristau-ikasbidea. Eskolan, ba, katona ikixten gendun gehixena.

KAZA, kazia: Ehiza. Nik ez. Honetxek illobak. Ointxe karneta atara daban horrek, horre(k) pai. Horrek bi txakur hortxe dakaz, kazakuak.

KAZO, kazua: Cazo. Kazuak zartaiñiari, ipurbeltz: Baita hau ere: Zozuak beliari, ipurbeltz.

KAZUELA, kazuelia: Cazuela. Harek ekarri jaittuan, karakolak kazuelakada demasa ekarri juan.

KE APROBETXE!: On egin eta On egin dizu(e)la bezala erabiltzen da.

KEBA!: Interjekzio modura erabilia: Ez horixe-ren kidekoa. —Neskiari lagundu, eta buelta atzera. —Oiñ holakorik eztau eitxen mutil batek! —Keba, keba! / —Oporretara kanpora juten zerate? —Keba!

KEE, keia: Humo. Keiana egiñ: Joan eta ez itzuli. Hi, Patxik oiñ ere keiana egin jok!

KEIXA, keixia: Gerezia. Keixa-arbolia: Cerezo. Sasoian keixak. Gauza bakoitza egiteko garai jakin bat dagoela adierazteko.

KEJA, kejia: Queja. Kejia sartu: Eta joe, danak aurreko etxekuetatik danak lo eiñ ezinda. Eta beti kejia sartzen jauen.

KERIZA, kerizia: Sombra.

KILO, kilua: x kilo izan: Norbaiten pisua adierazteko; pisatu aditza baino arruntagoa: Pixu haundixa zakan, ehun da hogei kilo zan, hil tzanian.

KINTO, kintua(k): Quintos. Urte berean jaiotako mutilak. Kinto bazkarixa dakagu domekan, Gabiñian. / Inazio eta ni kintuak gaittuk.

KINTZENA, kintzenia: Jatorriz hamabostean behineko soldata. Geroago, asterokoa izatera pasatu zen, kintzena izenarekin orduan ere. Azkenik, hilabete osokoa. Gaur egun galtzear dago, sueldua edo soldata dira erabiltzen direnak.

KIPULA, kipulia: Cebolla.

KIRIKIXO, kirikixua: Erizo. Trikua ere bai. A, trikua... En jeneral, guk, lehen aitxa zanak-eta kirikixua esate(n) ziuen, baiña bixak, kirikixua eta trikua. Nik bixetara.

KITTO!: ... eta kitto!: ¡... y punto! Eta a(r)i dittuk pixkat ihartzen, eta ihartzen diranian, danak jaurtiko jaittuat, eta kitto!

KLARO!: Horixe!-ren kidekoa. Interjekzio modura erabilia: —Guri tokau jaku ikastia, aukeria eukitzia. —Klaro, hori diperente da. Oingo gaztien bizimodua eta lehenguena diperentia da.

KLASE, klasia: Mota. Eztakitt ze jenero klase saltzen zaben.

KOIÑATA, koiñatia: Cuñada. Eta neukan kostunbria zapatuan, eguerdi artian, ordubixak arte zela eztan bazkaltzen, pixkatian behera, koiñatana. / Gaur eztakitt etorriko dan koiñata. Semiak, batak edo bestiak, altzatzen dabe gora.

KOIÑATU, koiñatua: Cuñado.

KOITTA(D)U, koitta(d)ua: Pobre. Emakumeei eta umeei gehienbat.

KOKO JANTZI: Mozorrotu. DA aditza. Aurten ere koko jantzi bihar gaittuk Karnabaletan.

KOKOTE, kokotia: Cogote. Kokota ere bai batzuetan. Kokoteraiño egon: nazkatuta egon.

KOLORE, koloria: Kolorerik ez egon: Alde handia egon (bataren eta bestearen artean). Gorrixak irabazi juan partidua: etxauan kolorerikan!

KOLPE EGIÑ: DIO aditza. Heldu. Agarrar. Oratu eta heldu ere bai. Eta oiñ holaxe bajatze naiz, porsiakaso, holaxe, kolpe eitxen, kolpe eitxen barandilliari. Bai eskillarako hautsok ointxe kentze(n) (d)itxut ondo.

KOMUNIO, komuniua: Comunión. Gero, elizara jun, eta komuniua hartzen zaban.

KONBESTAZIO, konbestaziua: Elkarrizketa. Konbersazio ere bai. Eta euren arteko konbestasiua ta, gure arteko konbestasiua ta. Han jarri mahaixan bueltan, ekarri txanpana mahaira, eta, bueltan edanez, danok hantxe egoten gaittuk.

KONBIDAUTZA, konbidautzia: Jaietan, Sanbartolomeetan, senitartekoei egiten zaie. Eta behian, han eitten dogu konbidautzia, eta holaxe eitte(n) (d)ittugu. Konbidautzia, behian.

KONFORMIDADE, konformidadia: Conformidad. Trankil bizi giñan, ederki: konformidadia zauan, zeatxik danok giñalako igualtsu, konformidadia geunkan. Konformidadian: en comparación. Konformidadian, hik nik baiño hobeto irabazten dok.

KONPARAZIO BATERAKO: Adibidez. (...) Ez, konparazio baterako, ni han jaixo, baiña hazi hemen.

KONPON, HOR!: ¡Allá cuidados! Hor konpon, Mari Anton!

KONTAKATILLU, kontakatillua: Adj. Correveidile, soplón. Zer entzun, hura kontatzen duena.

KONTESTAU: DU eta DIO aditza. Erantzun.

KONTRAKO EZTARRI, kontrako eztarrixa: Jaki bat eztarrian kateatzen denean esaten da kontrako eztarrira joan dela zerbait. Kontrako eztarrira juan jako ogixa, eta eztulka hasi da.

KONTRASOL, kontrasola: Laiotza. Neguan leku txarra da hori: kontrasola. Hor ezta eguzkirik sartzen, e! San Josiak arte, akabo!

KONTU: Kontu hartu: Pedir cuentas, llamar la atención. Baita kargu hartu ere. Kontu egiñ: Prestar atención. Kontuak etara: Gu ezkondu giñala? Etarako (d)izut kontua: jun dan astian semiak ein ditxu hogeta hamasei urte, eta ... Kontuan hartu: Tener en cuenta. -ren kontu: A mi cuenta, cargo. Nere kontu gaur edarixak. Kontuak kontu: Esanak esan. Kontuak etara: Sacar cuentas. Iñon kontura ... A cargo de ... Iñon kontura barre egin: reirse de alguien (baita iñoren lepotik barre egiñ ere). Halaxe kontuak: kontakizunetan erabiltzen den esapide betegarria.

KONTUAN JAUSI: DA aditza. Caer en la cuenta. Ni enitzan jausi kontuan, baiña arrixkua zauan haundixa.

KOPLA, koplia: Koplarik ez: Cuentos (zentzu figuratuan). Ez hadi koplekin etorri! (¡No me vengas con cuentos!)

KORRIKA: Antxi(n)txika ere bai. Lasterka.

KORROSKADA, korroskadia: Barruko haizeek sortutako zarataren onomatopeia. Korrosk-i dagokion izena. Kriston korroskadia bota juan Coca-cola tragua edan eta gero.

KORTA, kortia: Ukuilua. Ikuillua ere erabiltzen da, nahiz gutxiago. —Eta zela bajatzen ziñan? —Astuakin beti. Antxitxika zortzi txerdietako mezetara. Astua kortan laga, Majestadeko kortan astua eta… / Goisian jaikitta ere, ba, basarrixan lenengo lana kortara jutia dok.

KOSTIA KOSTA: Kosta ahala kosta. Kostia kosta, lan hau amaittu bihar juagu!

KOSTUNBRE, kostunbria: Ohitura. Beti konstunbria horixe, azkarrerakua.

KOXKORTU: DA aditza. Umeak hazi edo handitu.

KOZINA, kozinia: Sukaldea. Baitta almazenetikan kozinara, azukria, bakillaua ta.

KRIATERIXA, kriaterixia: Servidumbre. Eta gu egoten giñuan be(de)ratzi lagun inguru ero kriaterixia, harek jun arte.

KRISTAU, kristaua: Zentzu figuratuan, pertsona. (...) Baiña horrek bixok alkar dabizenian, eztago kristaurik entenitzekorik.

KRISTO, kristua: Gabian etorri, eta goizeko hamarrak eta erdietan gu mezetarako, eta hortxe, ipini honek diskuak ero kristuok kotxe bakoitzari, eta... bono, zoratzeko moduko zaratia. / Bitorixako karakol jatiak eta kristo guztiak eta hango gabeko kontuak eta: gauza asko ikusten dok hamen, telebisiuan.

KRISTO(RE)N: Handia, demasa. Jesukristo(re)n ere bai. Eta etxera jundakuan kriston haizia eta eurixa igual. / Kristona hartu, kristonak esan ... (ikus Jesukristona(k) / egundokua / demasekua / sekulakua / makalekua(k) ... hartu, gertatu, esan ...).

KUKO, kukua: Cuco. Kukuan markia tapau: Kukuaren marka ondu: kukuak aldi bakoitzeko kume bat hazten duenez, ume bakarra daukatenei esan ohi zaie horrelako zerbait: Pozik habill euki duan umiakin, baiña oindiok eztok kukuan markia tapau, e! Ume bat daukanak ere esan ohi du: Nik kukuana egin jonat. Kukuak jo (norbaiti): zorte ona eduki. Kukuak oker jo (norbaiti): zorte txarra eduki.

KUKURRUKU-EZTUL, kukurruku-eztula: Tosferina.

KUMA / -E, kumia: Atzizki gisa gehienetan, animalien umeak adierazteko: txakurkumia, txarrikumia, katakumak...

KUMA, kumia: Seaska. Haura zan umia trankilla: illuntzixan ipiñi kuman, eta, ematen zion andriak biberoikaria ero, eta zenbat bider lo!

KURIOSO: Adb. Poliki, astiro; ondo, politto. Kurioso egitten jok lana nere koiñatuak.

KURRIXKA, kurrixkia: Grito, chillido.

 

 

L

 

LAGA: DU aditza. Utzi. Dejar. Nik andriakiñ, hónek bakarrik lagata nora jun bihar juat? / Dana puntu-puntuan dauanian, botatze (d)izu txingor zaparrada bat, eta danak hondauta lagatze(n) (d)itxu.

LAGUN: Pertsona. Pertsona baino jatorragoa da; pluralean normalean. Bost laguneko famelixia, jornal bat, bi seme soldau, estu ibilliko zan. / Santa Eske egunian ertetze ziran tallarrian zortzi-hamar la(g)un.

LAGUNTASUN, laguntasuna: Laguntza. Ayuda. Zenbat taller jun da Elgoibartik kanpora? Hori ere penia izen da. Zeatik da hori? Fazilidaderik ez, laguntasunik ez, entenitzen dozu? / Piñuixekin gaur laguntasun haundixa jaukek basarrixan. / Bihar dabanari laguntasuna ematia haundixa da.

LAIÑ: Konparazio perpausak egiteko: -rako laiñ, -tzeko laiñ, -tzako laiñ. Eztakat negu honetarako laiñ egur. / Defenditzeko lain badakitt inglesez. / Kotxian badakat lekua zuentzako laiñ.

LAKA, lakia: Cobrar en especie. Haura (garixa) ixo eta atzera eramaterako, ba, han dirutan etxuen kobratzen, lakia esaten jakuan hari. Kendu eitten juen hainbeste pixu.

LAN, lana: Biharra ere erabiltzen da, baina ez lana erabiltzen den testuinguru guztietan, soldatapeko lanetarako bakarrik erabiltzen da biharra hitza. Goizetik etxeko lanak eiñ, eta arratsaldian, «a paseo». / Basarriko lana len zuan gogorra oingo aldian. -LANA: Hitz elkartu baten bigarren osagai moduan sarritan: Izena (aditza) + lana. Gaur makiñak eitten debe bedar-lana ere. / Heldu-lana esaten jauen, eta gero ipiñi jauen «El dulce meneo» izena heldu-lanari. / Ostian, sega-lana len gustatze jakun. Nahiko lan izan: Nahiko lan izengo dok haren atzaparretatik libratzen.

LANAK EMAN: Ez (eg)idak lanik eman! Len jakat nahikua dakatenakin eta!

LANDARA, landaria: Landarea. Planta. Gaur igual landarak ekarriko zittuan Lorek azokara.

LANTZIAN, LANTZIAN BEHIÑ: Bakoitzean; Noizean behin. Ba, pizarra bat egoten zan. Eta ematen ziguzen, ba, lantzian bateri, ba, matematikak ipiñi han eta aber zela ataratzen genduzen. / Osasunian, txarra daukatenik ezin leike esan, jateko gogo ona ta. Lantzian behiñ eukitze(n) (d)itxut neure kejatxuak, ezta, e!

LAR, larra: Sasia. Oiñ, biharbada eukiko (d)eu atakia sartzeko; igual larra eukiko (d)eu.

LARRE MOTZIAN OHITTU: Gutxirekin bizi izaten ohitu. Hori gaztetan larre motzian ohittuta dagok, eta langille fiña dok!

LARREGI: Gehiegi. Askoz ere gehiagotan erabiltzen da gehixegi.

LARRI: Larri ibilli: Seguramente que sí, casi seguro que sí. —Badator ekaitza! —Bai, larri ibilli!

LASTER: Adb. Pronto. Aurki ere bai.

LAZTAN, laztana: 1. Musua. Beso. Txakur txiki bat zaukan, Maria Perlita: «Maria Perlita, etorri hari hona», eta ipintzen zaban mantalian eta, «emaiak laztana», eta eman. «kotxino!», esaten giñon danak. 2. Maitea. Cariño, querido/-a. Etorri, laztana, nerekin, erregiña baiño hobeto eukiko zaittut eta.

LEGE, legia: Hitz elkartuen bigarren osagai; jatorduekin batez ere: Afari legia egin juagu soziedadian.

LEHENBAIÑOLEHEN: Adb. Lehenbailehen. «Ni hiltzen naizela ta, ez neri negar eiñ, e! Holaxe da ta. Gaiñera, gaixua edo zeoze etortzen danian, lenbaiñolen eruan deigula Jangoikuak.

LEIKENA IZAN: Es posible. Littekeena izan ere bai. Leikena da aurten oporretara Greziara juatia.

LEKUTAN EGON!: Urruti egon, espazioan eta denboran. Enfatikoa. Lekutan jagok agostua! Ahiztu juat ya! / Eske, pentsau, Melillaraiño jun ein bihar da, e! Lekutan dago haura!

LE(HE)NGUSU TXIKI, le(he)ngusu txikixa: Berdin lengusiñ-ekin ere. Primo/-a segundo/-a.

LEPAMOTZ, lepamotza: Cuellicorto / -a.

LEPAOKER, lepaokerra: Lepoa okerra duenari esan ohi zaio.

LEPO, lepua: Cuello. Lehengo lepotik burua (izan): Erraz aldatzen ez denari esaten zaio. Lepo(raiño) bete: Lepo bete zuan gure tabernia Urtezar egunian. Lepua egiñ: Apostu egin. Lepua eingo neuke baietz Realak irabazi. Lepoa hitza erabili gabe ere bai: Egingo neuke...

LETU: DU aditza. Irakurri. Eta gero, ba, letu, kopixau zeratikan, liburutikan. Maixuak esaten zigun, eta kopiau guk.

LIBERTADE, libertadia: Etzauan besterik, eta pozik. Libertadia harrapatzen bagendun juteko, ba, pozik.

LIBRE HARRAPAU: Libre harrapatzen bagendun (…) gero jolasian eitxeko hemen, gauza bat edarra geunkan: errekia.

LIKIÑ, likiña: Viscoso, viscosidad. Ze likiña dauan mahaixa! Bai ba, arrautzia apurtu jata eta!

LO GOSE, lo gosia: … Panaderuak beti lo gosian egon dira. Lo gosian beti, luan faltia beti; neu ere bai. Horregatik laga nion panaderixiari.

LOKATZA, lokatzia: Barro. BASA, basia ere bai.

LUTXAU: DU aditza. Borroka egin. Luchar. Trukian eiñ, eta, gaiñera, hogeta bost zentimo hórrekiñ, e! Eta zela lutxau! Ja, ja… Arratsalde guztia.

LUZE, luzia: Neurriak adierazteko arruntagoa da luzean x metro izan, neurtu aditza baino. Bai. Presiak daukaz ehun da hogeta hiru metro alturan. Eta luzian, harek eukiko deu luzian Elgoibarko estaziotikan horraiño bai, mendiraiño bai, luzian.

LUZEETSI: Luzea edo luzeegia iruditu zerbait (egonaldi bat, itxaronaldi bat...). Luzeetsita egon.

 

 

M

 

MAALATAR, maalatarra: Maala aldeko jendia (Elgoibarko auzo bat da Maala). Gazteterixia, dana han, zera, estankua badago ba? Ba, orduan geunkan luzia lekua. Eta bi mahai haundi-haundixak zauren, eta han egote(n) ziran mutil gaztiak, maalatarrak. / Eta beti maalatarrak eta plazatarrak beti burrukan, eta beti maalatarrak irabazi.

MADARI, madarixa: Pera. Maraixa aldaera ere bai.

MAILLA, maillia: Peldaño, escalón. Ointxe hainbestian: konforme nago ni. Oiñ, hori bai, operaziua naukan egun haretan,; jausi nitzan portalian... mailla bat, azkenengo zera, palta, eta eztot, ba, haura huts eiñ! Jun nitzan portalian baztarreraiño, eta bum!

MAILLATU: DA aditza. Abollarse, magullarse. Lurrera jausi, eta sagar guztiak maillatu jataz.

MAILLUKI, maillukixa: Fresa.

MAIORAZKO, maiorazkua: Maiorazgo. Baserrira ezkontzen den semea. Gu anai-arrebak han jaixo giñan, basarrixan. Eta gero, maiorazkua ezkondu zanian, gu kalera bajatu giñan, Kamiñerokora.

MAISTRA, maistria: Maestra. Euskeraz ezin eiñ, eta erderaz jakiñ ez: harek komerixak! Eta euskeraz entzuten bahixan maistriak, erun aurrera, eta belauniko.

MAIXU, maixua: Maestro. Arratsaldian, Madarixan hasiko zuan bostak inguruan. Eta pixkat illuntzen hasten zanian, maixua tilin-tilin, tilin-tilin kanpaia jotzen. Eta aide danak etxera!

MAJADERO, majaderua: Majadero. Medikua ere etzan da, majadero bat. Adarra jotze aldera esan tzidan laster hilko nitzala.

MAJO!: Ondo, ondotxo. Interjekzio moduan askotan: Majo bizi haiz, gero, e!

MAKAL, makala: Débil.

MAKALEKO, makalekua: Handia. Demasa. Makalekua hartu, gertau, esan ... (ikus egundokua / demasekua / sekulakua / kristona/-k).

MAKAR, makarra: Legaña.

MAKETO, maketua: Zentzu gaitzesgarrian esaten zitzaien Euskal Herrira kanpotik etorritakoei. Belarrimotxa ere bai.

MAKILLA SALDA, makilla saldia: Jipoia. Paliza. Makilla saldia eman: paliza, egurra eman. Makilla saldia eman jauen mutillari.

MAKIÑA BAT: Zenbatzaile adierazgarria. Asko. Majiña bat, majiñat ere ahoskatzen da. «Bar Puri», ointxe akordatze(n) jat, makiña bat soldau juten zana. / Ene! Makiña bat txorimalo-useiñ hartu jok makiñiak! -TXO atzizki txikigarriarekin ere bai: makiñatxo bat urte pasau dittuk!

MAKULU, makulua: Muleta.

MALDIZIO, maldiziua: Irain. Maldición, insulto. Geiztua edo, maldiziua ero. Han ikisitta, gizonezkuak, halaxe jan, eta halaxe ikisi harek.

MANEJAU: 1. DU aditza. Lapurtu. 2. DA aditza. Arreglarse. Konpondu eta moldau ere bai. 3. DU aditza. Conducir. Ez, manejau neikian ero, eztakitx artietan karneta eukiko naban.

MANTTO, manttua: Manco. Esku-manttua ere bai. Eskumanttua zuan bera, eta ezin zaban kotxia manejau.

MAÑAK EGIÑ: Negar egin; batez ere gezurretako negarra denean. Umeen hizkuntzan.

MAÑOSO, mañosua: (Umea) negar egiteko joera handia duena.

MARI-: Nesken izenondo gaitzesgarrien aurrizkia: Marimandona, Marimutill, Marimatraka, eta abar.

MARIMATRAKA, marimatrakia: sorgina, bihurria; revoltosa.

MARKIA IZAN: Hau dok markia, hau: ¡Esa es buena! ¡Mira que ...! Hau dok, hau, markia! Dirua euki eta gastatzeko astirik ez!

MARTI, martixa: Marzo. Oso adineko hiztunek ezagutzen dute. Bestela, martzua, martxua.

MARTINGALA, martingalia: Treta, artimaña, martingala. Ze martingala asmatzen a(r)i haiz oiñ ere soldautzatik libratzeko?

MARTITZEN, martitzena: Martes. Martitzenak astelenak baiño tristiaguak begittantzen jataz.

MARTXA (EIÑ): Alde egin. Baiña harek igual, gau baten etorri, apaldu, lo eiñ, eta hurrengo egunian, martxa.

MASKAL, maskala: Makala. Débil. Zahartu egin gera, eta maskalauak gaure, maskalauak!

MASUSTA, masustia: Mora, zarzamora.

MATRAILL, matrailla: Mejilla, moflete.

MATRAILLEKO, matraillekua: Belarrondoko. Eta, bestela, zapata zikiñekin pormauta iual da, garbitzera atzera kuartelera bialtze zixen. Eta igual takatekoren bat, gaiñera, matraillekoren bat igual.

MEKATXIS!: Mecachis. Mekatxis la mar! Umeekin eta erabiltzen da.

MEKAUEN!: Mekaben ere bai. Mekatxis baino maldizio gogorragoa. Mekauen la letxe! Mekauen zotz!

MELA-MELA EGIÑ: Busti. Ikus BLAI EGIÑ sarrera. Mela-mela einda allegatu nok etxera.

MENDIAN: Mendian hartu. Someter. Mendean hartu.

MENDISAIL, mendisailla: Gure aitta granuja galanta zuan, mendisail horrek pasauta neskatara Elosura juteko.

MESANOTXE, mesanotxia: Mesilla de noche.

META, metia: Meta. Bedarran meta ostian jarritxa e(g)on giñuazen. Bedar metia. Garo metia.

MIEZTU: DU aditza. Miazkatu, mihiarekin igurtzi.

MINGAIÑ, mingaiña: Mihia. Lengua.

MIZKIÑ, mizkiña: Gutxi eta ondo aukeratutakoa jaten duena. Melindroso, inapetente.

MODIFIKAZIO, modifikaziua: Aldaketa. Gutxi erabilia. Ni autobusian gustora joaten naiz, e! Bazterreri beitxu, eta aber modifikaziorik egon dan, edo bestia edo…

MODU, modua: Modu onian: A buen precio. Modu onian konsegidu zaban autua.

MODUAN: Konparazioak bideratzeko partikula. Bezela ere bai, nahiz moduan gehixeagotan erabili: Oiñ, gertatzen jat, eta nere moduan beste gehixori entzutzen diuet. / Holako lokatzia egoten zuan. Oiñ eztok ezer… zapatakiñ ibiltzeko moduan daude bidiak. Gutxieslea ere izan daiteke honen erabilera bat: kotxe moduko bat ekarri jok.

MONAGILLO, monagillua: Monaguillo.

MORDO, mordua: Asko. Eta oiñ hamar orduan hortxe-hortxe juten da autobusa. Baiña, hala ere, ordu mordua dago.

MORDOZKA, mordozkia: Asko samar. —Guk ere tabernako erropa danak horraxe eitxen genduzen. —Mordozka bat erropa izango ziran, ba. —Asko.

MOROKILL, morokilla: Artairinez eta esnez egiten zen jakia, papila modukoa.

MORROI / -E, morroia: Baserrietan batez ere. Criado, sirviente. Bata morroe eta bestia soldau jun ziran etxetik.

MOTELL, motella(k): Interj. Mutil, balio bokatiboa duena. Motellak! Hori dok ganoria, hori!

MOTXAILLA, motxaillia: Gitano.

MOTZ, motza: 1. Corto (Ant. Luze). 2. Corto, tímido. Oso motza dok ori neskiori. Etxok ezer entenitzen.

MOZOLO, mozolua: Lelo.

MUTILKOSKOR, mutilkoskorra: Eta hónek ere, ba, artian mutilkoskorrak ziran. / Bueno, mutill koskorretan, sartuta an. Juten giñan mina-zulora; linterniakin jun, eta hauraxe ikustera.

MUTILL, mutilla: Lgart. Mutilletan egin: Ligar con chicos.

MUTILLAK!: Interjekzio moduan asko erabilia. Mutillak! Zetan zabizie? / Mutillak! Esan eta esan, eta ezin azertau zuekiñ! Motellak! ere bai.

MUTILZAHARTU: DA aditza. Ezkondu? Nik hogeta hamar urte eta horrek hogeta lautik bostera ero hola. Ni mutilzahartuta.

MUTILZA(HA)R, mutilza(ha)rra: Soltero. Chico viejo. Mesprezuzko zentzua izan ohi dute bai mutilzahar-ek eta bai neskazahar-ek. Soltero / -a ere erabiltzen dira, erabilera neutroagoan.

MUTUR, muturra: Muturrez aurrera (jausi): Caer de bruces.

MUTXIKIÑ, mutxikiña: Sagarraren erdiko gunea, jan gabe uzten dena.

 

 

N

 

NABARMEN, nabarmena: 1. Iznd. Nabarmena dok hire maittasuna. 2. Nabarmen geratu: Adb. Quedar en evidencia. Nabarmen geratuko haiz gehixegi edaten badok.

NAHASTE-BORRASTE, naaste-borrastia: Nahaspila. Elgoibarren jokatzen den triatloi-lehiaketa baten izena ere bada.

NAHI IZAN: Querer. Nahi izan: Elgoibarren ez da gura izan erabiltzen, eratorpen atzizki moduan ez bada (logura, negargura, ...).

NAHIGABE, nahigabia: Nahigabia eman: Doluminak eman.

NAHIKO LAN EDUKI / IZAN: Ez egik pauso bat gehixo eman, zeatik eze beheraiño etorritxa dauaz tankiak italianuak eta. Libratzen bahaiz, nahiko lan izango (d)ok.

NAHIKUA IZAN / EDUKI / ... (ZEOZEREKIN): Tener suficiente con. Nahikua jakak horrek beriakin, eta laga’ik pakian!

NAHIKUA: Zenb. Nahikoa. Nahikua gizur esan dok gaur, eta egon hari ixilik!

NAHITTANAHIEZ: Adb. Nahitaez, derrigorrez. A la fuerza. Derrior ere erabiltzen da. Bixarko amaittu bihar dot lan hau, nahittanahiez.

NAHIZ ... NAHIZ ...: Tanto ... como ... Banakaritza adierazteko korrelazioa.

NAHIZ DA (ETA): Kontzesioa adierazteko lokailua; aditzak partizipio forma izaten du. (...) Zeatik eze handitxik pasau bihar genduan, nahiz da ezkiñaren batetik edo bonbak botatzen jardun.

NARRAS, narrasa: Desgarbado.

NARRU, narrua: Larrua. Narrutik ordaindu: Oso garesti ordaindu. Narrutik ordainduko dok atrebentzixa hori! Narrua jo: Hacer el amor. Ikus Txortan egiñ sarrera.

NARRUTU: DU aditza. Larrutu. Fig. ‘poner verde a alguien’. Mikel narrutu bihar juagu oiñ, jun dok etxera eta.

NASAITTASUN, nasaittasuna: Lasaitasuna. Horrek ere nasaittasuna emate jok pixkat.

NATIBITTATE EGUNA: Abenduaren 25a, Natibitxate eguna, eta «Primero de mayo» bakarrik eitxen ziran jai. Natibittate ase ta bete; San Estebantxo, lehen bezela lantxo (/ lehen eratxo): Natibittate eguna, janariz eta edariz lepo betetzekoa, ondo bidean; hurrengo eguna, ordea, San Esteban eguna, normaltasunera (eta lanera) itzultzekoa zen.

NATURAL, naturala: Naturala ez izan (norbait): Hori eztok pertsona naturala, eta hobe bakian lagatzia! Osua, ziherokua ere bai.

NAZKAGARRI, nazkagarrixa: Adj. Nazka edo higuina ematen duen gauza edo pertsona. Nazkante ere bai.

NAZKANTE, nazkantia: Adj. Nazka ematen duen pertsona. Pertsona arbuiagarria. Asqueroso, repelente.

NEKA-NEKA E(G)IÑ: Oso nekatuta. Neka-neka e(g)inda allegau zuan etxera, egun guztia autuan pasau eta gero.

NEKEZ, nekeza: Adj. Zaila. Nekeza izan dok hik bialdutako lana.

NEKEZ: Adb. Kostata. Con dificultad, dificilmente. Nekez topauko dozue hori bezelako neskarik.

NEKOSO, nekosua: Neketsua. —Pentsa’ik zenbat lan! —Bai, asko. —Eta horregatik zuan nekosua. / Soiñujolia beti bera lanian: lan nekosua da soiñua, e!

NESKA, neskia: Neska txikixak (prostitutak): Neska txikixetara juatia gustatzen jako. Neskatan egin: ligar con chicas.

NESKAKOSKOR, neskakoskorra: Muchachita. Eta han neskakoskor eta mutillkoskor kuadrillia egoten zuan, eta harekin pelotan.

NESKAZAHAR, neskazaharra: Solterona. Ikus MUTILZAHAR sarrera.

NESKAZARTU: DA aditza. Hacerse solterona.

NEURTU: ikus ALTU, LUZE eta ZABAL sarrerak. Medir.

NEZESIDADE, nezesidadia: Beharra, beharrizana. Necesidad. Ze nezezidade dakazu beti eskian eta negarrez ibiltzeko?

NOBEDADE, nobedadia: Novedad, noticia. Nobedadia eman (egin): DIO (ZAIO) aditza. Zorabiatu.

NOBIXA, nobixia: Andregaia. Laga’ik nobixia. Beste bost bat urtian laga’ik. Berakin hasteko gero, e!

NOBIXO, nobixua: Senargaia. Sei hillebetian egon tzian hamen, eta nobixua topau ere bai.

NOBLE, noblia: Noble. Pertsona noblea.

NOIZ EDO NOIZ: Alguna vez que otra. Ikus BEHIÑ EDO BEHIÑ.

NOIZIAN BEHIÑ: Lantzian behiñ ere bai. Baita behiñ edo behiñ ere. Nik noizian behiñ ur pixkat botatzen jauat (landariari).

NOLA: Nola ... -(e)n: Kausazko perpausak osatzeko lokailua: Baiña gero, nola giñan gaztenak, etxera etortzeko azkenak. Zela-rekin ere bai. Ikus ZELA sarreran.

NORA-NORA: Nora edo nora, norabait. Mariñek esan tzigun, «honekiñ erten ein bi’ozue nora-nora.

 

 

Ñ

 

ÑAÑAN EGIÑ: Haur. Jan.

ÑO!: Interjekzio moduan erabilia, harridura adierazteko-edo: Ño! Eztok merkia! Joño ere bai.

 

 

O

 

OBATU: DIO aditza. Obatu egixok horri, kalera, baiña hillian behiñ, ferixara ihes egiñ aurretik. Oratu ere bai.

OHITTURA, ohitturia: Costumbre. Bueno, gehixotan ere jungo dittuk. Eta ohitturia, ba, kafia hartzia koadrillan.

OIN DALA ...: Orain dela, duela.

OINDIK OIÑ: Oraindik orain, orain dela gutxi.

OINGOZ: Por ahora. Ez du tradiziorik gaur egun entzuten den momentuz-ek.

OIÑ HURRENGO: Orain hurrengo. Azkenengo aldiz. Da oiñ hurrengo jai eguerdi baten bota najauen bronka bat!

OIÑ: 1. Adb. Ahora: Egon hari lasai, oiñ etorriko dok eta. 2. Aurkaritza lokailua. Ahora bien. Ba, haura ogixa nik estakitt ser san. Harekin akordatzen naiz. Oiñ, zeren gustua zakan, ez.

OIÑ-HUTSIK: Adb. Hanka-hutsik ere bai. Descalzo.

OJO!: Ojo euki! Ojo ibilli! Ojo! Abisu edota mehatxu moduan erabilia. Ojo gero, e! Ez hari kontuz ibili!

OKARAN, okarana: Ciruela.

OKASIO, okasiua: 1. Aukera. Eta jefe de pertsonalak esan tzigun, «hamen dakazue oiñ, nahi badozue okasiua, autonomo eitteko». 2. Bronca, jaleo. Hori beti okasio billa jabik: aspertu egitten dok bestela.

OKELA, okelia: Carne. HARAGI, haragixa ere bai (haragixa baiño gehiagotan okelia) Okeletarako bakarrik daukagu ganaua.

OKUPAU: DA aditza. Emplearse. Ba, gero, danak okupau giñan. Bata Sigman, eta bestia beste aldian.

ON BIHARREZ: Ik. Hobe biharrez. Con la mejor intención.

ON E(G)IÑ: Sentar bien. Daneri eztio on eitten. Neuri on eitten ditt. En kanbio, emastiari ainbeste estio itten. Jaten ari den jendeari esan ohi zaio: On egin! On egin dizuela! ¡Que aproveche!

ON, ona: Nere onetik atara: Sacar de mis casillas. Nere onetik ataratzen nok haura ikusten doten bakoitzian! Bere onetik erten: Bere onetik ertenda dago, eta ez egixozu kasorik egiñ. On billa, on billa, bonbilla!: Duena baino andregai edo senargai hobearen bila (edo, ez daukanaren kasuan, onenaren bila) aritu eta gero, ez hain onarekin edo inorekin geratzen ez denari esan ohi zaio. Zentzu bertsua du honako honek ere: Oiñezkorik nahi ez, eta zaldizkorik etorri ez.

ONDO ETORRI: Avenirse. Andra-gizonak igual ondo etortzen eztianak ero, pixkat gizona tosko samarra dana eta euren arteko kasuak daukazenak.

ONDO: Ongi. Ederto ez da erabiltzen. Ondo eta azkar, usuak hegan: Gauzak, ondo egitekotan, patxadaz egin behar direla adierazteko.

ONDOEZ, ondoeza: Mareo. Andria gero ondoeza emanda egon tzan. / Gero, hurrengo kartia zan ondoez bat eman tziola.

ONDOREN IBILLI (BATEN BATEN): Eta, ikusi nindduen mutil batekiñ, eibartarra, ibiltze(n) zan nere ondoren, eta (...)

ONDOREN, ondorena: 1. Ondorioa: Evaristo ere hil tzan gerotxuago, baiña kontsekuentziak etorri ziran danak. Don Antoniok esate zaban: «ikusiko dozue zelako ondorena ekarriko daban honek!». 2. Denbora. Gerra ondorena ere badakizu: lan askokua izen tzan. Ondorenian: Fubolan ondorenian musikia, eta gero zinia. Eta horixe zan gure zer guztia.

ONDU: DA aditza. Bedarra, siketzia. Bedarra ondu esate(n) jakok hemen.

ONEN, onena: (Bere, nire...) onenak emanda egon: Estar para el arrastre; sasoi onena pasatuta egon.

ONERAKO, onerakua: Vs. TXARRERAKO, txarrerakua. Ikus TXAR sarrera.

ONETIK ERTEN (ETARA): Pazientzia galdu eragin. Nere onetik erten eragin ditt.

ONIAN: A buenas. Aitta onian, ona dok, baiña txarrian ... ez hadi ingurau harengana.

OPORTUNIDADE, oportunidadia: Aukera, okasioa. Gutxi erabilia. Eta jefe de pertsonalak esan tzi(g)un, jubilatzeko hamar bat urte falta genduzela, «hamen dakazue oiñ oportunidadia, nahi badozue pixkat kotizatzeko».

ORATU: Ikus OBATU sarrera. Heldu.

ORDUAN: Ondorio lokailua, beraz eta hortaz-en kidekoa.: —Aitxa Markiña Etxeberrikua. Gero, Mendaron-da morroe ibili zan lanian. Gero hamentxe denpora askuan. Gero, Ameriketan ere izen tzan. —Asko ibillitxakua, orduan? —Bai, asko.

ORIAU: Aireztatu. Erropia oriau.

ORTU, ortua: Baratzea. Eta harek zakan han hola animalixa mordo bat, beste pare bat behi, eurentzat esnia, ortua, berduria eurentzako izeteko ...

OSABA, osabia: Tío. Gaur egun tio gehiago erabiltzen da adineko hiztunen artean; gauza bera izeko eta tia-rekin.

OSATU: DU aditza. Completar, conseguir. Datorren astian etorriko nok ikustera, eta berriz ere, eta hirurogei duro osatu nittuanian, jun eta hartu najuan bizikletia.

OSEA (KE): Lok. Erdal lokailua. Txitxarruan entzueria eukiko dozu? Txitxarruan tallarra. Osea, Azkoitxiko karreteran tren zubixan, oiñ Alkortak bota dau ba? Han zauan.

OSO, osua: Osua ez izan: Pertsona normala ez izan.

OSPA (EGIÑ): Lgart. Alde egin. Bigarren osagaia galduta ere erabiltzen da. Gero, bazkaldu, eta laurak aldian berriz ere, taka, ospa, beste paraje batera.

OSTANTZIAN: Hautakaritzako lokailua, bestela-ren kidekoa. Ez da oso erabilia. Ostian, askoz gehiago.

OSTE, ostia: -ostian: 1. Denbora: Denborari dagokiola, ondoko edo geroko aldia; ondoren: Partiduan ostian ...; meza ostian, afalostian ... Eta telebisiua, berriz, eguardixan eukitzen juat pixkat, eta gabian, apalostian. / Musian eitxen gendun len. Baiña oiñ… Oiñ eztago, oiñ lagun gitxi gaude. Lehen meza ostian da igual, juntau ezkero jendia. 2. Lekua: espazioari dagokiola, atzeko aldea; atzean. Emakumiak asko dauaz, gizonezkuak ere eongo dittuk, etorri Salontzora plazatikan etorri, eta gero, elizian ostetikan, bueltia eiñ, eta behera jute(n) (d)iranak.

OSTIAN: Hautakaritzako lokailua, bestela-ren kidekoa. Horrek ere eiñ ein bihar dira. Zeiñek eingo jaittuk hamen, ostian? / Eta gero, gonbirauak, eta preparau ein bi’ozu, egun guztian lana. Ostian, ondo.

OSTIANGO, ostiangua: Bestelakoa, gainerakoa(k). Natibitxate ta, bai, Trinidadiak bakarrik. Ostiango danetan, beti lana eitxen zan. / Eskola Armeixarako beti lelengo etaratze zeben. Onak ondo prestatze(n) zitxuen. Ostiangueri, ba, kasorik ere ez.

OSTIKO, ostikua: Patada. Orduan kaletarrak basarrittarra, ostikua jo, eta txakurra bezela bialtzen juen.

OSTRO, ostrua: Hoja.

OSTU: DU aditza. Lapurretan egin.

OSTU: DU aditza. Lapurtu. Harrapau eta lapurtu ere bai.

OTSAILL, otsailla: Febrero. Gaur egun ez da erabiltzen; zaharrek bakarrik oroitzen dute.

OTXOKUARTO!: Interjekzioetan. Qué ... ni qué puñetas! —Ama, eman dirua. —Ze diru eta ze otxokuarto! Guazen etxera!

OTZAN, otzana: Manso. Ganauari esan ohi zaio normalean. Otxana ere bai.

 

 

P

 

PA EMAN: Haur. Musu eman.

PAGAU: DU eta DIO aditza. Ordaindu. Eta batek urtiak kunplitzen ditxunian, afaldu eitxen dogu. Afaixa bakoitzak beria pagau, eta kafiak, urtiak betetze(n) (d)itxunak.

PAGOTXA: Trébol encarnado. Ori dok pagotxa! Fig. Chollo. Hori dok pagotxa, hori!

PANPARRERIXA, panparrerixia: Harrokeria.

PAPAR, paparra: Pecho.

PAPELADA, papeladia: Simulación, comedia. Papeladia egin: Papeladia egitten dago, danen aurrian hobeto gelditzeko. / Etxuat horretan siñisten, baiña, papeladia ein biharra jakat.

PARAJE, parajia: Paraje. San Pedrokua baiño paraje ederragorik topatzia eztok gero erretza, e!

PARE: Konparazioak egiteko postposizioa. Zoruan pare ibilli zan gure laguna.

PAREZER, parezerra: Iritzia. Ez gehiegi erabilia.

PARRASTADA, parrastadia: Onomat. Likidoek erortzean ateratzen duten zarataren onomatopeia. Ur parrastadia; txixa parrastadia bota jok.

PARTE, partia: Noticiero. Illuntzeko partia entzun bihar juat, eta ixildu, mesedez.

PARTE, partia: Parte onekua ez izan: ezezko perpausetan normalean. —Aspaldixan medikutan jabik hori: astian-astian juten dok medikuana. —Egixa dok. Eztok, ez, parte onekua horrek dakana. Parte txarrekua: Parte txarreko jendia dok hori: ez ingurau badaezpada hárengana.

PARTEZ: Post. Ordez. Ni zure partez jzango naiz. / Gorantzixak eman nere partetik.

PARTI(D)U: DU aditza. Repartir. Oin ogi partitzen ibiltzen dok, ba? Hauraxe!

PASADIZO, pasadizua: 1. Gertaera; pasadizo. Arratek gauza asko gogoratzen dau, pasaizuak eta erozer. 2. Paso. Pasa(d)izian: ondotik pasatzerakoan. Ba, hemen, pasa(d)izian, jende mordua ikusten dot.

PASADIA EMAN: DIO aditza. Egurra eman. Zentzu figuratuan ere bai; adibidez, kiroletan. Pasadia eman jaek pelotan!

PASAU: Un poco más de ... Pasatxo ere bai. Bost ordu pasau egin dittugu mendi-ibillaldixan. Ze ordu da? Seirak pasau.

PASIADA, pasiadia: Paseo. Pasiararekin alternantzian.

PASTORE, pastoria: Artzaixa ere bai. Eta gero, handikan jun nitzuan, Musillo pastoria? Entzueria eukiko (d)ok?

PATS: Izerdi patsetan: Izerditan blai.

PATTAL EGON: Ondoezik egon.

PATXARA, patxaria: Patxada. Tranquilidad. Patxadaz ein biharreko lana dok hau.

PATXAROSO, patxarosua: Patxada oneko pertsona, pertsona lasaia.

PELAJE, pelajia: Itxura txarrekoa. Itxura txarra. Ze pelajekin dabill zure alabia? / Hori dok pelajia dakana Mikelek aspaldi hontan!

PENDIZ, pendiza: Penditza ere bai. Aldapa handia.

PENTSAU: DU aditza. Pentsatu. Ezta pentsau ere! —Ama, gaur gabian Gaztetxeko jaialdira nua. —Ezta pentsau ere! Zu oindiok gaztegixa zara. Nundik pentsau: —Hogeta bi hillabete? —Bigarren junaldixan ere. Pentsau hortik zenbat denpora eingo genduan!

PEREZA, perezia: Pereza.

PERPEZIO, perpeziua: Perpezioz (metatesiarekin ere bai: prepezioz): Txukun, dotore. Sure moduko neska batek perpezioz ibilli bihar deu.

PERRA-HOTSA ETARA: Ihesika joan. Keixak harrapatzen ari zala basarrittarra etorri dok; harek atara jok perra hotsa!

PESKA, peskia: Pesca. Arrantzia ere bai. Gero, peskan da, ba, bai. Hartu peskia, eta beste batzuen zestuak errejistau, zaindu… PESKAN EGIÑ: DU aditza. Arrantzan eiñ ere bai. Juan nitzan hor, San Antoliñ aldera ero, peskan eitxeko intentziuakin, eta jende mordua han.

PETRAL, petrala: Adj. Pertsona gogaikarria, zitala. Insolente.

PEZETERO, pezeterua: Zikoitza, zekena. Xur ere bai.

PIKU: ... eta piku: Pico. 100 euro eta piku. Ikus PASAU sarrera.

PIKUTARA BIALDU: Mandar a alguien a freir espárragos.

PILLA, -O, pillia, -ua: Asko. Elgoibarren ere suertia izan dau Etxeberriak ere. Zelako diru pillia kobrau zaban.

PIÑU(D)I, piñu(d)ixa: Pinar. Piñuixekin gaur laguntasun haundixa jaukek basarrixan.

PIPER, piperra: Piperrik ez jakin: Ezer ez jakin. Piper egin: DU aditza. Eskolara ez joan. Hacer novillos.

PISATU: Pesar. Ikus KILO sarrera.

PITO, pitua: Lgart. Pitorik ez jakin / entendi(d)u / gustau / inporta...: Ezer ere ez jakin, ulertu... Gerora konturatu nitzuan etzakixela pitorikan ere!

PITXILIÑ, pitxiliña: Haur. Zakila.

PLAIA, plaia: Playa. Hondartza hitza berria da adineko hiztunentzat. Herrixa politta, Biarritz: dotoria. Egonda zaure? Plaia luzia, e!

PLANTA, plantia: Plantak egiñ: Simulación, comedia. Hitz elkartuetan sarritan: Negar plantak egin jittuk umiak! / Tonto plantak egin dittut, disimulatzeko.

PLANTAU: DU aditza. Prestatu. Preparar. Eta Caracasera juteko, plantau ere ein nitzan. / Afaixa plantauta dago, eta etorri mahaira!

PLASTATEKO, plastatekua: Onomat. Belarrondokoa. Blastateko ere bai. Ikus BELARRONDOKO eta MATRAILLEKO sarrerak.

PLAZA-GIZONA IZAN: Jende aurrerako balio dutenengatik esan ohi da, jendeaurrean hazi egiten direnengatik.

PLAZATAR, plazatarra: Plaza aldeko jendea. Eta maalatarrak eta plazatarrak beti burrukan, eta beti maalatarrak irabazi.

POLIKI: 1. Astiro, sosi(g)uz. 2. Ondo. —Bai, bai. Oso poliki dago frontoi berrixa. —Bai, arreglauta oiñ. Holako bat bihar zan San Migelen.

PONDERAU: DU aditza. Famatu. Abonau eta famau gehiagotan.

POPATIK HARTZERA (JUAN / BIALDU): Jun hari popatik hartzera! Trabia besterik eztok eitten da!

PORKE: Lok. Erdal lokailu kausazkoa, adinekoen artean gutxi erabilia. Esan diot majiña’t bidar honi: aldrebes etorri balira, batekin geratuko giñan, porke guri kostau zitzakun hori, txikixa, neskia...: hiru hobe zan mutilla modukua hori bat baiño.

PORRU, porrua: Puerro. Porrua sartu: Zirixa sartu-ren zentzu berarekin erabiltzen da, nahiz gutxiago.

PORSIAKASO: Badaezpada (ere). Badaezpada ere erabiltzen da.

PORTAU: DA aditza. Portarse (bien). Portau haiz, Xabier! Hire laguntzarik gabe ezin izengo najuan amaittu.

POSTURA, posturia: Apuesta. Apostua ere bai. Posturia eingo juagu ointxe bertan: ia Karakatera zein lehenago allegau.

POTRO, potruak: Lgart. Barrabilak. Pluralean erabiltzen da normalean. Potruetaraiño jarri dok Patxi hire erretolikiakin!

POTROSO, potrosua: Nagikeriarako joera handia duena. Gibel handiak dituena.

POTROHAUNDI, potrohaundixa: Lgart. Huevón. Gibel handia dutenengatik esan ohi da.

POTROJORRAN EGON: Lgart. Arrunk. Ezer ez egitea. Ori beti jagok potrojorran. Etxok kolpe zorririk jotzen egun guztian.

POTROZORRI, potrozorrixa: Lgart. Arrunk. Ziria sartzen duena. Zentzu figuratuan erabiltzen da batez ere. Hau dok pertsonia potrozorrixa!

POZ, poza: Alegria. Pozian: Pozik. «Hamen dittuk honek mutil zintzuak», eta eztakit zer, eta badakit zer. Inbusterixan umieri, eztakik? Eta gu pozian: ekartzen juan kafitesnia hara, «bollo de leche» ero esaten jakok, ba?

PRAKA, prakia: Pantalones. Prakak, galtzak baino gehiago erabiltzen da. Praketan sartu eziñik ibilli: estar ufano, orgulloso.

PREGUNTA, preguntia: Pregunta. GALDERA, galderia ere bai. Orduko abaderik eztagok oiñ, eta aspaldixan ere ez. Baiña abaderen batek hartuko juan dotriñia. Harek ere eitten jaittuan preguntak!

PREGUNTAU: DIO aditza. Preguntar. Eta etorri, eta ein bueltia, eta aber ixilik dauren preguntauko dizu.

PRINTZIPAL, printzipala: Inportante(en)a. —Bueno, burua ondo daban bitxartian. —Jakiña, ba, hauraxe printzipalena! / Horixe da printzipala: pakia ta lan pixkat.

PRIXA, prixia: Prisa. Beti prixaka ibiltzia dok gaur eguneko jiria. Ikus ARRAPATAKA sarrera.

PUF!: Baita buf ere. Aspergurak edota nekeak eragindako interjekzioa.

PUJA, pujia: Disputa. Pujan hasi: Santanderreko bat eta Bartzelonako bat hasi zittuan pujan.

PUPU, pupua: Haur. Mina.

PURRUSTADA, purrustadia: Haserre antzean egindako errietaren onomatopeia.

PUTASEME, putasemia: Hijo de puta.

PUTETXE, putetxia: Casa de prostitución. Sarrittan juten dok hori putetxera, Ermua aldera.

PUTETXEKO MADRIA!: Interj. Arrunk. Ezadostasuna adierazteko esapide zakarra. —Oporretan hago, eta teillatua konpontzen lagundu bihar didak. —Bai, putetxeko madria!

PUTSAK ETARA: Onomat. Neke handia hartu lanen bat egiten.

 

 

R

 

REUNI(X)O, reuni(x)ua: Bilera. Gero, harutzatxuago dakazu asadora, eta gero goixan reunioen bat ein bihar baldin bada, beste pabelloe bat.

RI-RA: Onomat. Azkar. Di-da ere bai. Ri-ra ein juagu dana, hasi eta amaittu egun batian.

 

 

S

 

SA(G)ARDAUA: Sagardoa.

SAILL, sailla: Askotan hitz elkartu baten bigarren osagai moduan. Gure aitta granuja galanta zuan, mendi-sail horrek pasauta neskatara Elosura juteko. / Honek dittuk gure lur-saillak.

SAILLIAN: Adb. Bereizketarik gabe. Uno tras otro, en tropel. Asko. Hasarratu zuan, hasi zuan joka, eta saillian e(r)atxi jaittuan danak.

SAKE, sakia: Apetito. Fig. Sake ona euki: Eztok harritzekua 130 kilo pixatzia! Daukan sakiakin!

SALTAKA: Antxi(n)txika eta korrika ere bai. Haura amaitzen zuan, eta gero aber ze eitten genduan? Kurutzetan beranduago hasten zuan, zortziretan ero igual. Eta haura amaittu, eta Kurutzetara etortzen giñuazen, saltaka.

SALTSA, saltsa: Saltsan ibilli: Estar metido en todos los fregados. Saltsa gustixetan sartuta ibiltzen dok gure semia! Saltserua, saltseria.

SALTZEKO (EGON): Salgai. Bizikletia erosi nahi nion Gelatxorrotako ugazabari. Eta galdetu nion zenbat diru bihar zaban, saltzeko zauan da.

SALTZEKO EZ EUKI (EGON): Norbait estimazio onean eduki. Gure alabak asko maitte jok anai txikixa. Etxakak, ez, saltzeko!

SAMAR: Bastante. Xamar ere erabiltzen da. Gaiñera, hor garo denporia batera samar izete(n) zittuan. / Hemen dana igual samar eitten dok (euskeraz).

SAMARTU: Aditza + samartu. Eta Manolo ezkondu ein tzan, gerria amaittu samartu zanian. / Zapatak apurtu samartuta zaukazen.

SAN (D)ROKE EGUNA: Abuztuaren 16a. San Roke auzoan jaiak egiten dira egun horretan eta ondorengoetan.

SAN ANTOLIN EGUNA: Irailaren 2a. San Antolin auzoan jaiak egiten dira egun horren inguruan.

SAN BIZENTE EGUNA: Urtarrilaren 22a. San Bizente hotza, negua(re)n bihotza. Meza ematen da egun horretan San Rokeko baselizan.

SAN ISIDRO EGUNA: Maiatzaren 15a. Azkoitiko Madariaga auzoan jaiak egiten ziren egun horretan.

SAN JUAN EGUNA: Ekainaren 24a. Altzolako jaiak egiten dira egun horren inguruan.

SAN LORENTZO EGUNA: Abuztuaren 10a. Sallobente auzoan jaiak egiten dira egun horren inguruan.

SAN MIGEL EGUNA: Irailaren 29a. San Migel auzoan jaiak egiten dira egun horren inguruan.

SAN PEDRO EGUNA: Ekainaren 29a. San Pedro auzoan jaiak egiten dira egun horren inguruan.

SANIAU: Sendatu. —Goñi saniau be egongo da oindio, ezta? —Bai, miñ hartuta dabill. / Haretxekin, saniauta geratu zan umia, gaur arte.

SANIDADE, sanidadia: Gehiegizko patxada. Hik dakak, hik, sanidadia, Patxi! Ordu bixetan Bilbon egon biha(r) dok, eta ordu bat t’erdixak dittuk eta Elgoibarren hago!

SANO, sanua: 1. Sano; saludable. 2. Sano, sencillo. Eske, lengo bizimodua zan, bueno, sanua, e! 3. Persona sana, abierta, sencilla, franca, ingenua. —Eske oin baiño pertsonak usten dot sanuauak giñala, e! —Bai, sanuak. Zenbat eta pobriago, eta pertsonia sanuagua da, nik usten dot. 4. Sano egon (burutik): Ser cabal. Nolatan ein dok astakerixa hori? Burutik sano al hago?

SANOPOTRO, sanopotrua: Lgart. Majadero.

SANTU, santua: Santu ez egon: Ondoezik egon. Santua ez izan: Fidatzeko moduko pertsona ez izan. Errepikatuta ere bai: ez dok santu-santua.

SARRI: Maiz. Hona, Elgoibarrera sarri etortzen dok Mendaroko andra hori, azokara ta. / Koiñaua da afizio haundikua, honen anaixa basarrikua, eta ni harekiñ Azkoitxira ta sarri jun izan naiz idi probak ikustera.

SARRITTAN: 1. Maiz. Ikus SARRI sarrera. 2. Batzuetan: Sarrittan hobe izeten dok etxian geratzia kalera ertetzia baiño.

SARTUERA, sartueria: Entrada. Eta gero, ba, Francon sartueran, «habla por España»! Eta hemen España zuan, eta kitto ostian.

SARTU-ERTEN, sartu-ertena: Bisita laburra. Sartu-ertena bakarrik eingo juat hire etxian, etxakat astirik eta.

SASI-: Aurrizkia. Sasiletrau: Jakintsu ustekoa. Sabiondillo; Sasimediku: curandero.

SASOERATU: Adinean sasoi batera iritsi. Aitta oiñ hil dan horren semiak be(de)ratzi ume jaukaz. Eta danak sasoeratu diranian, neska ta mutill, ba, danak kotxia.

SASOI/-E, sasoia: 1. Garaia, sasoia. Sasoian kerixak: Gauza bakoitzak bere sasoia, garaia duela esateko erabiltzen da. —Zeiñek bota juan bertso berde hori? —Mendaroko gazte batek. —Sasoian kerixak! 2. Osasun ona, indarra. Hori dok, hori, sasoia! Nik hire sasoia baneu... Sasoian egon, sasoiko egon.

SASOIKO, sasoikua: 1. Adinekoa. Kaleko gizonak, hi, gizon sasoekuak, e! —Hi, basarrittarrak geizki bizi diela. Beittu’ik horra, hi, puruakin danak! 2. Garaikoa. Sasoian bakoitzian sasoeko berdurak jan bihar dia.

SEGIDUAN: En seguida. SEGITTUAN eta BELAXE ere bai. Baita entzegida ere. Hori Freiren industria hori ere hortarako dedikau zeben segiduan. / Ni enixela, bera etortzeko segiduan. Eta halaxe etorri zan.

SEGURANTZIA EUKI: Seguridad, certeza. Asko igertze jauek. Bai. Eta nik badaukat segurantzia.

SEKO: (Dormir / caer dormido) profundamente. Seko geldittu dok lotan.

SEKULA: Inoiz. Oiñ, sekula baiño hobeto bizi gera, ointxe, bixok bakarrik, kapritxo guztiak eiñ... / Sekula halakorik! Harridurako esklamazioa. Sekula santan: Sekularen forma indartua, enfatikoa. Inoiz ez. Sekula santan enok etxe horretara sartuko!

SEKULAKO, sekulakua: Sekulakuak hartu, gertatu, esan...: Handia(k), demasa(k) hartu, gertatu, esan ... Ikus egundokua / demasekua / makalekua / kristona (-k)... sarrerak.

SEME, semia: Hijo. Nungo semia izan: Freire hori etorri zan Vigotikan, Vigoko semia zan, Galiziakua.

SENDAU: DA aditza. Saniau aditza gehiagotan.

SEÑA, señia: Dirección. Pluralean, normalean: señak. Eman Joxen señak, kartia bialtzeko.

SIKATU: DA aditza. Leortu. Secarse. Leortu ere bai.

SIKI(E)RA: Al menos. Norbera jun bihar medikuan eske. Eta oiñ, sikiera, kotxiakin juten zara, eta di-da ekarri! / Hotza, ziherokua! Ballegoitxi-tta, Bigoin-da baiño hotzagua. Han, sikiera, eguzkixak jotzen deu.

SIMAUR, simaurra: Estiercol. Simorra ere bai.

SITS, sitsa: Pipia. Sitsak janda dago mahai hori.

SO(R)O, so(r)ua: Campo de cultivo.

SOIÑUJOLE, soiñujolia: Acordeonista. Hau zan gure erromerixako soiñujolia.

SOKAMUTUR, sokamuturra: Herriko jaietako jolasa; zezenari lepoan soka lotzen zaio, eta kalerik kale ibilarazten dute.

SOLDAUTZA, soldautzia: Servicio militar.

SOMAU: DU aditza. Somatu. Sentir. Eta Urkaregittikan aurrera, Markiñara sartzen zaudezenian ere, tak, somauko (d)ozu diferente. Diferente zera…hizkeria.

SOSI(G)UZ: Poliki. POLIKI eta ASTIRO ere bai.

SOZIEDADE, soziedadia: Kirol-, kultura- nahiz gastronomia-elkartea. Elgoibarren, adineko jendeak ez darabil elkarte hitza; beti soziedadia. Hi, gero juntauko gaittuk, soziedadian daukagu afarixa ta.

SU KANPAI, su kanpaiak: Sua izaten denean jotzen diren kanpaiak.

SUERTA(T)U: DA aditza. Egokitu. Eta ni komandantiakiñ, eta suertau giñan momento txar batian.

SUTAN JARRI: DA aditza. Oso haserre jarri.

SUTU (ARGIXA): Encender. Argixa bota ere bai.

SUTU: DA aditza. Piztu. Asko berotu (zentzu figuratuan). Sututa ibilli. Fig. Norbait oso berotuta, haserretuta ibili. Etxakok ezer ondo ataratzen, eta sututa dabik Pedro..

SUZKO ERRUBERA, suzko erruberak: Fuegos artificiales, cohetes.

 

 

T

 

TAJADA, tajadia: Xerra. Filete. Tajaria ere bai. Lau tajada erosi dittut gaur afaltzeko.

TAKATEKO, takatekua: Onomat. ‘kolpea’. Taka onomatopeiari dagokion izena. Eta bestela bialtzen zixen zapata zikiñekin formauta igual, eta garbitzera, atzera kuartelera bialtze(n) zixen. Eta igual takatekoren bat, gaiñera, matraillekoren bat igual. Takadia. Hausten ez den segida bat. Takada batian egin dittu hamabost tanto Olaizolak.

TAKIAN (-POTIAN): Noiznahi. Bilbora ta, Donostiara ta, takian-potian juan biharra izaten zaban. Mutill fiña bera. Takian-takian ere bai: Takian-takian, kolpe eitxen jauan keixa ontzixari.

TAMAIÑA, tamaiñia: Tamaiñan: Neurri egokian. Lana, tamaiñan eittia gustatzen jata neri.

-TAR: malatar, plazatar, kaletar, San Pedro balletar: San Pedro balletarrak etortze(n) ziran kuadrilla bat! Ene! Harek ziran onak!

TARDA(T)U: Tardar. Denporia tardatzen zan asko basarrittik kalera bajatzen.

TAS-TAS EGIÑ: Haur. Jo.

TEMA, temia: Eztabaida. Terquedad. Teman ibilli: istilutan, eztabaidan ibili.

TEMOSO, temosua: Tematia. Terco. Temosua da, ba, benetan, gure semia! Berak nahi dabana eiñ arte etxok deskantsatzen.

TERRIBLE, terriblia: Izugarria. Interjekzioetan asko erabiltzen da. Terriblia dok gure Jabier, e! —Bai, bai, alper hutsa dok!

TIO/-A, tiua/tia: Gaur egun gehiago erabiltzen dira hauek osaba eta izeko baino.

TOKAU: DA eta ZAIO aditza. Egokitu. Ixa Elgoibarko torrian alturara ixo zan errekako ura. Demasa! Eta horrek danak ikustia tokau jaku, gerran.

TOMA!: Interjekzioa. Horrek anaixok gaztetan etxaudezak larre motzian ohittuta, eta toma eitten jauek lanari!

TONTE(R)IXA, tonte(r)ixia: Tonteria. Txorousaiñ eta tontousaiñ ere bai, gehiagotan gainera. Ze kontauko (d)ot, ba, nik? Tonterixaren batzuk.

TONTO/-A, tontua/tontia: Tonto / -a.

TONTOLAPIKO, tontolapikua: Tonto / -a, necio / -a.

TONTOLISTO, tontolistua: Espabilado, aprovechón que se hace pasar por tonto o despistado. Etxok, es, rondarik pagauko: tontolisto ederra dok hori.

TONTOUSAIÑ, tontousaiña: Tontería. Ikus USAIÑ sarrera.

TOPAU: DU aditza. Aurkitu. Encontrar. Baita BILLAU ere. Caracasen, jentia dana dirututa, baiña lelengo jun tzianak ez zeben topau, harek ez zeben ezer ere topau. / Hor eztot topatzen alderik.

TOPOLINO, topolinua: Botila txikiko garagardoari esaten zitzaion lehen. Gaur egun, ez.

TOTAL: Graduatzailea. Erabat, zeharo. Bai, Bilbon sartu giñanian guk, lanian sartu giñan tallar baten: «Universidad de Deusto», Salesianos. Eta oiñ ganbixauta dago, total.

TOTX-TOTX: Ganaduari (behorrei, adibidez) deitzeko erabiltzen den onomatopeia.

TRABES, trabesa: Apostua. Pelotan-eta egiten den apostua.

TRAZA, trazia: Antza. Eztakak hire aittaren trazarik batere.

TRIKU, trikua: Erizo. Ikus Kirikixo sarrera.

TRIPA TRUKE: Lanen bat janaren truke egin.

TRIPAK JATEN EGON: Norbait asko sufritzen egon. Urduri egon, gai bat burutik kendu gabe darabilela.

TRISTURA, tristuria: Barruko tristuria: Tripetako tristura.

TRUKAU: DU aditza. Bihurritu. Orkatillia trukau jok fubolian.

TRUKE (ZEOZEREN): -ren truke. Ez da egokia gauza bat beste batengatik aldatu esamoldea. Gauza bat beste gauza baten truke eman egokia da.

TTAK: Onomat. Ur apurtxo bat botatze jauat bakar-bakarrikan (landariari). Hola egin, eta ttak!

TTIRRI-TTARRA: Onomat. Larogeta hamar urtekin, hor dabil gure Inazio, ttirri-ttarra.

TUTIK ERE EZ (JAKIN, ENTENDIDU): Ezer ere ez jakin. Horrek tutik ere etxakik euskeraz, bizi guztia hemen eiñ arren. / Umiak euskeraz entenditzen dabe, eta aittak eta amak tutik ere ez.

TXABALITO, txabalitua: Mutil koskorrak. Nik estot pentsatzen zahartu naizenik. Ezta gitxiorik ere! Ni txabalito bat sentitzen nok.

TXAHAL EGITTE, txahal egittia: Txahala jaiotzea. Gure aitta zanari nago entzunda ni, ba, hamen orduan bazirala soldauak gabian, eta txahal eittia kortan.

TXAHAL, txahala: 1. Ternero. 2. Txahala egiñ: Lgart. Vomitar. Gehixegi eran najuan bart, eta atzenian txahala egin najuan etxeko portalian.

TXAKUR, txakurra: Txakurrak ere ezautu: Denek ezagutu. Haura Elgoibarren ezagutzen eztaban txakurrik eztago. Txakurra ta katua bezela ibilli: (Bi lagun) ondo ez konpondu, beti liskarretan ibili. Txakurrak hanka-hutsik han ere: Gauza txarrak edo okerrak leku guztietan gertatzen direla adierazteko erabiltzen da. Txakurranak esan: Sekulakoak esan. Txakurrari ere ez opa (zerbait): Gauza oso desatsegin bat inori opa ez diogula adierazteko.

TXAKUR-EZTUL, txakur-eztula: Tosferina. Kukurruku-eztula ere bai.

TXAKURRAUNDI, txakurraundixa: 10 zentimoko antzinako txanpona. Ba, litro esnia lau txakurraundixan ezin saldu.

TXANDAPASA EIÑ: Txandan norbaitek beste norbaiti aurrea hartu; norbere txanda galdu. Medikuana juan bihar nauan, baiña txandapasa ein juat; hurrenguan juango nok.

TXANKALUZE, txankaluzia: Hanka luzeak dituena.

TXANKAME, txankameia: Hanka meheak dituena.

TXAPLI(G)O, txapli(g)ua: Cohete. Hasi dittuk txapliuak botatzen, eta hasiko zittuan galleguen festak Urasandin.

TXAR, txarra: Malo. Txarrera hartu: Gaizki hartu. Txarrian: A malas. Onian ona nok, baiña txarrian... Txarrerakua euki: Tener malas intenciones.

TXARRI, txarrixa: Irain moduan asko erabilia. Hala ere, lagunartean, ez beti, nahitaez, zentzu iraingarrian: Hi, txarri hori! Etorri hari hona! Txarri egin: Zikindu. Holako lokatzia. Sartu hanka bat, eta jota erropak eta dana txarri eiñ, eta bua! / Txarri eginda gelditzen dok San Frantzisko kalia zapatu gabetan.

TXARRIDUN, txarriduna: Txerrien tratantea.

TXARRIKERIXA, txarrikerixia: Porquería. Ein biharra bai kazan. Basurdia ta txarrikerixia badago baztarretan!

TXARTEL, txartela: Txartela egin: Euf. Multa egin, ipini. Kalian kotxia nun lagarik eztago. Errekauetara junda ere, segitxuan daukazu aguazilla txartela eitxen.

TXATXAR, txatxarra: Txiki-txikia. Esmirriado. Neska txatxar bat zuan etxera etorri zana.

TXATXARA, txatxaria: Despreocupación. Hori dok txatxaria, hori!

TXEPEL, txepela: Pertsona makala. Sinplea. Pertsona txepela dok hori, etxakak ez nerbixorik, ez ezer!

TXIKITEO, txikiteua: Txikitoak edanez, tabernarik taberna ibiltzea.

TXIKITO, txikitua: Baso laurden ardo. Txikitua jo: txikitua edan. Txikito bat jo biha(r) juagu hamen, Txarridunanian.

TXILIBITO, txilibitua: Haur. Zakila.

TXILIXO, txilixua: Garrasia.

TXIMA, tximia: Pluralean sarritan. Ilea. Zentzu peioratiboan, normalean. Askotan zentzu gutxiesgarrian. Horrek dittuk tximak, horrek! / Mutill tximaluze bat etorri dok ate joka, eta etxauat atia iriki.

TXINGOR ZAPARRADA, txingor zaparradia: Granizada. Dana puntu-puntuan dauanian botatze’izu txingor zaparrada bat eta danak hondauta lagatze(n) (d)ittu.

TXINGOR, txingorra: Granizo. Ik. HARRI sarrera.

TXINPARTA, txinparta: Txinpartak etaratzen ibilli: Estar echando humo. Txinpartak etaratzen jabik Miren, eta ez hari beragana hurreratu.

TXINTXILIZKA: Adb. Zintzilik.

TXIPRIZTIÑ, txipriztiña: Salpicadura.

TXIRIPA, txiripia: Kasualitatea. Txiripaz irabazi zaban partidua.

TXITA, txitia: Txitiak beste jan: Oso gutxi jan.

TXITXIA: Haur. Okela.

TXOFER, txoferra: Txofer jakin: Saber conducir. Txofer banakixan, karneta banaukan garai hartarako.

TXOKANTE, txokantia: Harritzekoa, harrigarria. Chocante, raro. Txokatzekua ere bai. Txokatzekua dok, ba, Miren zinera ez etortzia.

TXOKAU: ZAIO aditza. Harritu. Esate jako, baiña ezteu nahi erten ere. Txokatzen jatak hori hola izetia!

TXOLIÑ, txoliña: Pertsona berritsu eta kaskarina. Batez ere emakumeei zuzentzeko erabiltzen da.

TXOMIN(TXO) ETORRI: Haur. Logurea etorri. Baita asto zurixa etorri ere.

TXORI, txorixa: Txoria. Txorixak aka(ba)tzeko mo(d)uko berua egiñ: Izugarrizko beroa egin. Txorixa baiño ariñagua izan: Oso ariña izan. Txorixak baiño buru gitxiago eduki: Buruarinengatik esan ohi da.

TXORIBURU, txoriburua: pertsona kaskarina.

TXORIMALO, txorimalua: 1. Espantapájaros. 2. Fig. Tonto / -a, necio / -a. Ene! Makiña bat txorimalo-useiñ hartu jok grabadoriak!

TXORO, txorua: Chiflado, insensato, imprudente. Bai, hor ibiltzen da txakurra, txoruan moduan. Iñok eztio ezer eitxen, baiña zaunketan jartzen da iñor etortzen danerako.

TXOROPITO, txoropitua: Pertsona kaskarina, buruarina.

TXORO-USAIÑ, txoro-usaiña: Tonteria.

TXORROSTADA, txorrostadia: Ur edo edari apurtxo bat edalontzi batean botatzen denean ateratzen den zarataren onomatopeiari, txorrost-i dagokion izena. Hi, bota’ixok kafiari patxar txorrostada bat.

TXORTA, txortia: Sorta. Eta porruak zakazen eztakit zenbat, hola txorta baten.

TXORTA, txortia: Txortan egin: Lgart. Larrutan egin, larrua jo.

TXOST: Zerbait nonbait sartzean ateratzen den zarataren onomatopeia; adibidez, kanika bat zuloan, edo pelota ezker-pareta eta lurra elkartzen diren lerroan. Txost egiñez amaittu juan pelota partidua.

TXOTXOLO, txotxolua: Alocado. Necio, pedante. Txotxolua dok hori galanta!

TXURRUT, txurruta: Edanaren onomatopeia. Baita txurrust ere. Zaukazen apurrak txurrustian gastatzen jaittuan, eta akabo.

-TZEKE: (Ga)be-ren kidekoa. Gehiagotan erabiltzen dira (ga)be eta -tzeko: amaittu be dago, amaitzeko dago. -tzeke, gaur egun, oso adinekoek bakarrik darabilte. Amaitzeke dago etxia.

-TZIA EGIÑ: Acabar de... Ointxe bertan etortzia egin juat.

 

 

U

 

UDA, udia: Verano. Udaria ere bai.

UDAGUEN, udaguena: Udazkena. Udazkena erabiltzen da gaur egun gehiago. Lehenago, garixa ta ereitte zan sasoi haretan, julio aldia izaten zan. Gaur, en kanbio, hori eztago, eta udaguen aldian egoten da lanik gehixen kasikan.

UEZABA, uezaba: Ugazaba.

UGALDU: DA aditza. Ugaritu. Hori dana kotxiak ekarri jok. Kotxia ugaldu danian, baztar guztiak kotxez lepo.

UGARI, ugarixa: Zenb. Asko. U(g)eri ere bai. Abundante.

UGARIXO, ugarixua: Igela.

UHAR, uharra: Herdoila. Uherra ere bai.

UHARTU: Oxidarse. Uhertu ere bai.

UJAL, ujala: Pluralean normalean: Ujalak. Uholdeak.

UME, umia: Umia enkargau: Haurdun geratu. Ba al dakizu Mirenek enkargau dabala?

URDINDU (ILLIA): ZAIO aditza. Ilea zuritu.

UROILLO, uroillua: Uretako oiloa. Polla de agua.

URRIN: Adb. Urruti. Oso adinekoek erabilia.

URRUTI: Adb. Urrun. Urrutiko intxaurrak hamalau, gertura juandakuan lau: Alegia, kanpokoa ez daukagula beti besterik gabe miresten ibili beharrik.

URTEN: DU aditza. Salir. Erten ere bai (gehiagotan, gainera).

USAIÑ, usaiña: Hitz elkartuen bukaeran sarritan, X-usaiñ: tontousaiñ, txorousaiñ, txorimalousaiñ: tontería. Useiñ aldaeran ere bai, ez gutxitan.

USARIXO, usarixua: Ohitura. Ohittura ere bai, eta kostunbria (gutxiago).

USAU: DU aditza. Ezagutu; erabili. —Basarriko bizimodua gustatze(n) jatzue zueri? —Bueno, gustau bai. Beti hauxe usau dogu ta, badakizu. / —Ardixa ere esate(n) diue batzuk, ardixa. Nik eztot usau nik hori. Arkakosua, bai.

USTE, ustia: Uste(rik) gitxienian: Eta uste gitxien danian tonterixak ere eitte(n) dittuk, e!

UZTARRI, uztarrixa: Uztarria. Uztarri bakarreko laguna izan: bakarrik, lagunik gabe, ibiltzen diren pertsonez esan ohi da. Ikus Ardi galdua bezela ibilli.

 

 

X

 

XEHETU: DU aditza. Hacer pedazos. Aguazilla etorri ezpalitz, hantxe bertan xehetuko juen haura mutilla.

XIRRIZTU, xirriztua: Atea erabat itxirik ez dagoenean uzten den bitartea.

XIXKO EGIÑ: Apurtu. Txankako zubiko azidenteko kotxia xixko eginda geratu zuan.

XURRUT: Txurrut-en aldaera.

 

 

Y

 

YA LO KREO!: Erdal interjekzioa, aurretik esan dena ontzat hartzeko. —Astelen goizeko seiretan ertenda dago, hamendikan. Zu, hori gogorra da, e? —Ya lo kreo dala gogorra!

 

 

Z

 

ZABAL, zabala: Neurriak adierazteko arruntagoa da zabalian x metro izan, neurtu aditza baino. Eta luzian hartzen deu, ehun da larogeta… eztakitx hamahiru ala hamabi kilometro. Eta zabalian berrogeta bi. Osea, itxasua da, konpletamente itxasua.

ZAHAR: Aditz partizipioa aurretik duela, ezezko forman, zerbait berriki egin dela adierazteko: Jan zaharra, etorri zaharra... Jan zaharra ez nok, eta ez’idak eman ezer merixendatzeko. / —Hartu’izu tarta pusketa bat. —Ez, ez, ez gera bazkaldu zaharrak eta (Aspaldi bazkalduak ez izan). Zaarrak berri: Erantzun moduan erabiltzen da batez ere: —Zer berri? —Zaharrak berri. Nobedaderik gertatu ez dela adierazteko. Bukaeran honako hau gehituta ere bai: Zaharrak berri, gaztien amorragarri.

ZAHARTE(R)IXA, zaharte(r)ixia: Zahar jendea. Hamengua ezta geldittuko: hamengo zaharterixia juten danerako, gaztia dator berritz.

ZAILDU: DA aditza. Ahalegindu, landu. Pertsona zaildua dok hori. Sendotu, gogortu.

ZAILL, zailla: Dificil.

ZAINDU: DU aditza. Cuidar. Ardixak zaintzera jun zan Ameriketara.

ZALE, zalia: Aficionado. —Oiñ ere neskatan Inazio! —Bai, zalia dok txarri hori! Atzizki modura ere bai, aditz partizipioaren ondoren: Eztok, ez, hori gauza berrixak probau zalia. Atzizki arrunt moduan ere bai: ardozalia, gonazalia, ... Saltsa gauza zalia nok, eta dezente jan.

ZANA: Difunto / -a. Pertsona-izen edo senide-izen baten ondoren: X + zana. Andra zanak ekarrittakua dok. / Tolosatikan be(de)ratzi kilometro daure. Pernando zana hangotxia zan. / Han, nik aitta zanari entzuten nion lau zulo ziela. Mugagabean ere bai: Gure aitta zan batek eta, asko lana. Asko. Difunto hitza ere erabiltzen da, nahiz gutxiago.

ZANKAPE, zankapia: Belaunaren atzeko aldea.

ZAPATU, zapatua: Sábado. Zapatuetan eztok giro izaten Maala aldian!

ZAPLA: Kolpe bat edo matraileko bat ematean ateratzen den zarataren onomatopeia. Handik eratorri dira zapladia eta zaplatekua.

ZART: Zerbait hautsi, pitzatu edo eteten denean ateratzen duen zarata.

ZARTADA, zartadia: Zart edo zarta onomatopeietatik datorren izena. 1. Paretak zartadia daka (zartauta dago). 2. Zartadia euki (buruan): Fig. Norbait burutik sano ez dagoela adierazteko ere erabiltzen da. Horrek jakak zartadia, horrek, buruan!

ZARTAU: DA aditza. Zartatu, pitzatu. Ezpaiñak beti zartatzen jakoz mendixan, haize hotzakin.

ZATI, zatixa: 1. Graduatzailea: Zatixa ...-agua: Dexente ...-agoa. Baita (nahiz gutxiago) soziatiboan ere: Zatixakin. Zatixa haundixagua da gure etxia. / Gaur alpertu ere bai zati bat, baiña kapazidadia bai. / Zatixakin jende gehixago etorri ziran iez. 2. Pedazo, trozo. Goixa zauan behera etorritta zati haundi bat, jausitta.

ZAZKAR, zazkarra: Bruto / -a, bestia, animal.

ZAZPIKI, zazpikixa: Pertsona ipurterreei esan ohi zaie.

ZAZTA-ZAZTA: Onomat. ‘zaztada baten onomatopeia’. Idixa ipintze(n) debe lotuta, atzian harri galanta, eta ezin badau ere zazta-zazta, eraiñ hantxe, akuluakin.

ZE(R)A: Ahozko hizkuntzako komodina, edozein kategoriatako edozer gauza ordezka dezakeena. Hona hemen adibide gehiegizko, bortxatu bat: Zereko zera zeratu juat zerian. Badira beren jarduna horrelako komodinez josita erabiltzen dutenak. Beste kontu bat da haiei behar bezala ulertzea. Ondarruara juteko zerarik ez, eta beti etxian. / Rejimentua zera zan, «sexta región veterinaria».

ZE(R)TAN: Zergatik. Por qué. Zertan ez zerate nere etxera etorri? / Eztakat zuri zertan esplikaziorik eman. Ez da egokia honako egitura erredundante hau: *Eztakat zuri zetan esplikaziorik eman biharrik.

ZE(RG)ATIK EZE: Kausazko perpausei hasiera ematen dien lokailua. Etzan komeni han gelditzerikan, ze(rg)atik eze berriz ere beste disparo bat ero, neu hantxe nauala igual alleauko zan.

ZE: Perpaus kausazko edo azalpenezkoetan erabiltzen den lokailua. Bastante denporara izengo zan, ze normalizauta zauan gauzia.

ZEIÑ BAIÑO ZEIÑ: Hor a(r)i zittuazen, zeiñ baiño zeiñ gehixago zan pelotan. / Horrek bixak zeiñ baiño zeiñ aldrebesauak dittuk.

ZEKEN, zekena: Xurra eta zimurra ere bai.

ZELA: Zela ... -(e)n: Kausazko perpausak osatzeko lokailua: Baiña hau zela dan landara haundixa, honek lur gehixo eskatze(n) jok. Ikus NOLA sarrera.

ZELAKO: Ondoren izenondo bat edo adberbio bat duela ere erabiltzen da. Zelako ondo ibilli geran! / Zelako politta dan zure kotxe berrixa!

ZELEBRE, zelebria: Pertsona zelebria: Barregarria. Chocante. Hamen, ba, nik hau zelebria ikusten dot, ez izetia bat, idioma euskeria, danian diperente izetia.

ZENBAITT: Zenb. Algunos. Zenbaittek uste dau dana libre daguala.

ZENTZUN, zentzuna: Conocimiento.

ZER DALA TA: Zergatik. A santo de qué. Zer dala ta zaude nerekin hasarre?

ZERRA(T)U: DU aditza. Itxi. Zelai hori zerrauta daukagu, bestela ganauak sartzen dira eta. / Gero, baguaz, Bianiako holako lehengo palaziuak ere badauaz. Zerrauta dauaz asko, baiña batzuk bai ikusteko moduan.

ZERRAU, zerraua: Cerrado. Probintzia-mugatik harutz eta mugatik honutz, ze alde dauan? Han dana bizkaittarra eitte(n) juek zerrau, zerrau eitte(n) juek.

ZERUAN MOZTU (ILLIA): Cortar el pelo al cero. Baiña askotan soldauan kastigua illia zeruan moztia izaten zan.

ZIHARRETARA: Adb. De lado.

ZIHERO: Zeharo, erabat. Bi bizitza ziran hor. Hau zauan zaharra. Eta ointxe dala hiru-lau urte berritxu ein naban dana zihero.

ZIHEROKO, ziherokua: Ziherokua ez izan: Pertsona erabat normala ez izan.

ZILBOR, zilborra: 1. Ombligo. 2. Fig. Sabela, tripa. Horrek daka zilborra, horrek!

ZILL, zilla: Ombligo.

ZIRI, zirixa: Zirixa sartu. DIO aditza. Ikus ADARRA JO sarrera. Patxi beti jabik daneri zirixa sartu nahixan.

ZIRT-(EDO)-ZART: Etsi-etsian erabaki. Zirt edo zart egin bihar juagu, eta behingoz erabaki.

ZITTAL, zittala: Adj. Jenio txarreko pertsona.

ZIZTRIÑ, ziztriña: Esmirriado.

ZOR ZAHARRA, ZOR TXARRA: Aspalditik daukagun zorra gauza ona ez dela adierazteko esamoldea.

ZORAMEN, zoramena: De locura. Zoramena izan da guarko goiza: ez naue pakian laga miñutu batian ere.

ZORIONEKO, zorionekua: Dichoso. Zorioneko «Gran Hermano» hori! Zer daka, ba, hainbeste jendek ikusteko?

ZORRIXA BAIÑO ALPERRAGUA IZAN: Oso alferra denagatik esan ohi da.

ZOTZA BAIÑO IHARRAGUA IZAN: Oso argala denagatik esan ohi da.

ZOZO, zozua: Mirlo. Zozuak beliari, ipurbetz. Ikus Kazuak zartaiñiari, ipurbeltz.

ZURI, zurixa: Pertsona alferra, nagia. Zurixa dok gure Amaia, gero! Baita esku zurikua izan eta esku fiñekua izan ere.

ZURRUT, zurruta: Edanaren onomatopeia, Txurrut-en aldaera busti gabea, palatalizatu gabea.

ZURRUTERO, zurruterua: Zurrutean eta mozkorkerian sarri ibiltzen denari esan ohi zaio.

ZUZTAR, zuztarra: Sustraia.

 



elgoibarko udala