ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5.1. ATSOTITZAK, ESAERAK eta LOKUZIOAK

 

A ze paria, karakola eta baria: Bi pertsona oso antzekoak direla adierazteko esaten da. «Tal para cual».

Abenduko eguna, argittu orduko illuna: Abenduko egunen laburtasuna.

Adarra jo: Tomar el pelo. Adarra jotzeko makiñia asmatu. Hori adierazteko, ez da jatorra *Illia hartu esapidea.

Afana ibilli: Andar afanoso. Hori da afana dabizuna!

Ahopian berba egiñ: Isilka berba egin.

Ahua bete hagiñekin geratu: Norbait zerbaitegatik harrituta edo txundituta geratzen denean esaten da. Aho zabalik ere bai.

Ahuntzak, beti mendira: Bakoitzak gustoko duen gauzetara jotzen duela adierazteko. Hori ere badok ba, e! Ahuntzak beti mendira egitten jok.

Ahuntzan gaberdiko eztula ez izan: Garrantzi gutxiko gauza ez izan.

Aide hamendik!: Norbait kanpora (edo beste leku batera) bidaltzeko.

Aidian irabazi (partidua): Partidua oso erraz irabazi denean esan ohi da. Aidian irabazi jauat pelota-partidua anaixari.

Aittaren batian: Azkar, berehala. Aittaren batian amaittuko dogu lan hau.

Akerran adarrak baiño okerragua izan: Pertsona okerrengatik, gaiztoengatik esan ohi da. Ikus Are-makillia baiño okerragua izan.

Aldapa gabeko laurik egon ez: Gauza guztiek dutela zerbait txarra adierazteko; ez dagoela ezer perfektua. Ikus Arantzarik gabeko larrosarik egon ez.

Alperrik galdu: Echarse a perder. Ezezkoan normalean. Ez arduratu Mikelengaittik, eztok alperrik galduko eta.

Amama ipiñi: Oso erraz. Dana amama ipiñi dizue gaurko partiduan.

Aman semerik egon ez (zeozer egingo dabanik): Etxagok aman seme(r)ik neri musian irabaziko di(d)anik! Irabaziko dion inor ez dagoela adierazteko.

Amorraua izan: Zerbaiten oso zalea izan. Bai, bai, juan bertara eta arraiña, peskan. Eta amorrauak giñan gu, hau Kondia difuntua? Haura ta...

Arantzarik gabeko arrosarik ez egon: Ikus Aldapa(rik) gabeko laurik ez egon.

Ardi galdua bezela ibilli: Beti bakarrik, lagun-koadrilarik gabe, dabilenari esaten zaio. Ikus Uztarri bakarreko laguna izan.

Are-makillia baiño okerragua izan: Sororako areak duen makila okerra da. Ikus Akerran adarrak baiño okerragua izan.

Argi ibilli: Kontuz ibili. Argi ibilli, gero, e! Horrekin eztago-ta bromarik.

Arrastua artu: Antzeman; nondik nora doan asmatu. Arrastorik ere etxauat hartzen hire problemiari! Baita Ezeren aztarrenik ez izan.

Arrastuan sartu: Bide onean sartu. Andres beti izan dok oker samarra: ezin izan juagu iñoiz arrastuan sartu.

Arrokerixa haundirik be ibilli: Zer moduz zabiz? Arrokerixa haundiri(k) pe, motell! Beti badaukat miñen bat.

Artaburua baiño buru haundixagua euki: Buruhandia denagatik esan ohi da.

Asko jakin ez: ¡No lo sabes bien! Ez dakik asko! —Bixar urtiak. Zorionak! —Bai, bixar. Eztakik asko! Berrogeta hamaika urte. Ja, ja, ja.

Astarrak umia egitterako (zeozer egiñ): Bai, astarrak umia eitterako amaittuko juek etxe berri hori. Gauza bat asko luzatuko dela edo gertatuko ez dela adierazteko. Ikus Txitiak txixa egitterako.

Astegun buruzuri: Aste erdia aste bukaerarekin kontrajartzeko. Hik dakak baloria, hik: Gabiñera hua afaltzera astegun buruzurixan!

Asto zurixa allegau: Logurea iritsi. Allau al da asto zurixa, umia? Ikus Txomin(txo) etorri.

Asto-lanak egiñ: Lan gogorrenak eta eskergaiztokoenak egin.

Astua atzeruzka baiño torpiagua (aldrebesagua) izan: Pertsona oso aldrebes edo torpeen gainean esan ohi da.

Astua baiño temosuagua (terkuagua) izan: Egoskorra denagatik esan ohi da.

Astuak aza artian baiño gehixago gozau: Norbaitek zerbaitekin asko gozatzen duenean adierazteko.

Astuak baiño lan gehixago egiñ: Lan asko (edota astuna) egiten dutenengatik esan ohi da.

Aterik a(d)iña ( / beste) maratilla euki: Gauza guztientzat erantzuna edo irtenbidea daukanari esaten zaio.

Atxurra harrapau: Mozkortu.

Atzekoz aurrera (ipiñi, jantzi...): Alderantziz. Atzekoz aurrera jantzi dozu jertsia.

Atzera eta aurrera (ibilli): Batera eta bestera ibili. Eta hortxe ibilli giñuazen, atzera ta aurrera.

Atzetik hartzera bialdu: Norbait antzarrak perratzera bidali. Kakatara bialdu ere bai. Ikus, halaber, Pikutara bialdu eta Popatik hartzera bialdu.

Atzian geratzekua ez izan: Ser lanzado.

Atzo goizekua ez izan: Adinean nahiko aurreratua izan.

Aurrerapena eman: Normalean ezezkoan: no animar a hacer algo. «Beste guztixak erromerixan, eta hi lanian beti, soiñujollia beti lanian», esate(n) zaban. Gure aitxa zan, guri ez zigun ematen aurrerapenik sekula (soiñua jotzen ikasteko).

Azal lodixa euki: Ser un caradura.

Baietzian egon: Baietz uste izan. —Realak eztu aurten ligia irabaziko. —Ni baietzian nago, ba! ikus Ezetzian egon.

Bakoitzak beria, Jangoikua(re)n legia: Bakoitzak bereari kaso egin behar diola adierazteko, besteren gauzetan sartu gabe.

Banego, banitz, banu ... horrek anai asko dittuk: Behin zerbait pasatu eta gero, hipotesiak egiten ibiltzea alferrik dela adierazteko erabiltzen da.

Baria baiño motelagua izan (... motelago ibilli): Oso motela izan, oso motel ibili.

Bastante egiñ: Nahikoa egin. Bai, bai. Astia bastante ein dau, astia. Eta eskerrak horri. Oiñ ein daban eurixa ere, ba mesederakua da patatiantzako ta.

Bat izan: Gauza bera izan. —Eta Elgoibarren bertan barruan, auzuen artian diferente eitxen dozue? —Keba. Ez, ez, ez. Hau dana bat da. Hau bat da.

Batek jakin: Auskalo! Batek jakik! Batek jakik noiz etorriko dan elurra aurten!

Baztarrak nahasten ibilli: Endredatzen ibili. Oiñ ere etorri aiz baztarrak nahastera?

Begittan hartu: Amorrua hartu.

Begixak gustu: Bakoitzak bere gustua duela esateko.

Behia jo; behia jota (egon): Erori; hauts egin. Baita, zabalkuntzaz, desmoralizatu ere. Hor basarrixa oiñ behia jota dago. / Jo jok behia gure Patxik!

Beltza izan: Handia izan. Beltza dok, ba! Oinguan ere dana gaizki erten jakuk!

Beltzak ikusi: Pasarlas moradas, pasar apuros. Kintzena horrekin, beltzak ikusiko dittuk hill osua pasatzeko.

Berakatza baiño fiñagua izan: Oso pertsona finengatik esan ohi da.

Bere batian ibilli (jun...): Bere batian ibilli hari, e! Formal ibiltzeko esan nahi denean erabili ohi da.

Beria egiñ: Salirse con la suya. Atzenian, ibilli-ibilli ein, eta beria ein juan Joxek.

Beriak beranak izan, eta bestianak erdibana euki: Berea partekatu ez, baina besteena partekatu nahi izaten dutenei esaten zaie.

Beriak eta bost esan: Handiak esan.

Beriakin erten: Berearekin atera.

Berotua eman: Jipoia eman.

Bertan Bilbo!: Espero ez den norbait aurkitzean edota ahotan daukagun pertsona agertzen denean esaten da.

Beruana kendu: Gehiegi ez exageratzeko esan nahi denerako. Gaur bota jittuagu berrogei bat uso! —Bai, zera! Beruana kendu (eg)ixok!

Bete ezindako zakua euki: Asebetetzen zaila denari esan ohi zaio, bai janariaren aldetik, bai konformidadearen aldetik.

Bete-bete eginda egon: Mozkortuta egon.

Beti prisaka, eta beti allegau ezinda: Beti korrika eta presaka dabiltzanei esaten zaie.

Bilddur edarra, obispuak abadiari!: Gehiago agintzen duenak gutxiago agintzen duenari beldurrik ez diola adierazteko, ironikoki. —Berandu najabik, eta oiñ ere andriak errieta edarra preparauko jak! —Bai, zera! Bildur edarra obispuak abadiari! (etxe horretan, nonbait, senarrak agintzen du emazteak baino gehiago).

Bilddurrak akabatzen egon: Oso beldurtuta egon.

Blai egiñ: Guztiz busti.

Bota ahala jardun (eurixa): Euria gelditu gabe, ugari ari duenean esan ohi da. Eurixa bota ahala ari dok! Baita hau ere: Goixan-behian jardun (eurixa).

Burua eztabillenak, hankak ibilli bihar: Bi aukera horiek ditugula adierazteko.

Burua galdu: Zoratu. Juiziua galdu ere bai.

Burua lehengo lepotik euki: Ez aldatu, orain arte bezala jarraitu.

Burutik jota egon: Zoratuta egon. Burutik jota dago hori: negu gorrixan sandaliekin!

Burutik sano ez egon: Burua bere batean ez eduki. Ikus Ganbaratik sano ez egon.

Daguanian bon-bon, ez daguanian egon: Dagoenean aprobetxatu behar dela adierazteko erabiltzen da.

Daukanak eta ez daukanak (esan, etara, ...): Denetarik (atera, esan...). Baiña euren borondatez eitxen debe; idixa ez, idixa obligau eitxen debe, han lotuta ipiñi eta aida, daukanak eta eztaukanak etara, baiña bestia borondatekua da.

Deittu'idak txakurra, baiña ema'idak ogixa: Alegia, berdin zait zer gauza gaizto esaten duzun nigatik (zerbait txarra egin dut-eta), baina nirearekin irten naiz ni.

Diranak eta ez diranak esan: Sekulakoak esan.

Edan txarrekua izan: Edandakoan gaizto jartzen denez esaten da. Hori edan txarrekua dok, eta argi!

Edarra egiñ: Hacerla buena. Edarra ein juagu ointxe! Etxera jun nahi, eta giltzik ez!

Edozeiñ ez izan: Berezia dela uste izan, besteak baino gehiago dela pentsatu. Bizikletia zaukan gizona, orduan, ez ge(r)o pentsau edozeiñ zanikan, e!

Egingo nuke ...: Apostu egingo nuke ... Ikus Lepua egiñ.

Egixa biribilla izan: Benetako egia.

Egon hadi lo, eta jango dok mehe: Gauzak egiten azkar ez dabilenak gaizki behar duela adierazteko.

Egundokua (hartu, gertatu, esan...): Baita demasekua / makalekua / sekulakua / kristona / jesukristona hartu ere. Handia hartu (gertatu, esan...).

Egurra eman: Meter caña. Egurra ematen juen. Guri etzigun hainbeste efe(k)to eitten, baiña neskeri ta, kriston bilddurra sartzen jauen.

Eguzkixa nora, zapixak hara: Komeni denaren arabera jokatu.

Elur urte, gari urte: Elurra egiten duen urtean garia ugari izaten dela adierazteko.

Ematen ez dabanak, hartzen lanik ez: Alegia, bakoitzak ematen duenaren neurrian hartzen dituela mesedeak eta opariak. Ikus Hartzeko, ereiñ egin bihar da.

Erosittako preziuan saldu: Berak entzun duena esaten dizula adierazteko. Erosittako preziuan saltzen dizut.

Erretolikia euki: Meter la chapa, el rollo.

Eskasa geratu: Quedar pobre, poca cosa. Beti etorri eitte(n) jat. Eta bixok juten gara, bi lagun, bakarra eskasa gelditzen da.

Eskerrak ... eskumiari: Hitz-jokoa, norbait eskerrak ematen hasten denean erabiltzeko, berdin ahoskatzen dira-eta bi hitzak (esker eta ezker). —Eskerrak ... —Bai, ezkerrak [eskerrak] eskumiari!

Esku batekin hartu, eta bestiakin eman: Asko irabazi, baina asko gastatzen duenari esaten zaio: esku batekin asko hartzen du, baina beste eskutik asko joaten zaio.

Eskumia eta ezkerra nun daguan jakiñ ez: Tontoei esan ohi zaie.

Esperuan egon: Haurdun egon. Ba al dakizu Miren esperuan dauala?

Etorri haundikua izan: Bertsotan puntuari legez heltzen diona izaten da etorri handikoa. Hortik kanpo, izan daiteke txantxei azkar eta egoki erantzuten diena ere.

Etxerako modukua izan (baten bat): Etxera eramateko modukoa izan, egokia gauza guztietarako. Neska hau etxe(r)ako modukua dok! Edarra, jatorra ta langillia!

Etxia, beti eskian: Etxeko gastuak inoiz amaitzen ez direla adierazteko.

Eutsi goixari!: Animoak emateko erabiltzen da.

Ez daguan lekuan, ez dago: «No pidas peras al olmo» esaeraren zentzua du.

Ez dakik asko!: Ikus Asko jakin ez.

Ez izan eta bai uste, «mierda para usté(d)»!: Itxurakerietan ibiltzen denari esan izan zaio.

Ezeren aztarrenik ez izan: Ikus Arrastua hartu.

Ezeren okerrik ez bada...: Zerbait eragotziko duenik gertatzen ez bada. Han izango gaittuk, ezeren okerrik ezpada.

Ezetzian egon: Ezetz uste izan. —Eduardo etorriko dok gurekin oporretara. —Ni ezetzian nago, ba!

Ezkur urte, elur urte: Ezkur ugari den urtean elurra egin ohi duela adierazteko.

Eztittan egon: Andra-gizon horrek, ezkondu berrittan, eztittan daude. (Elkarrekin) gozo-gozo daudela adierazteko.

Eztula eta dirua ezin dira ezkutau: Nahi izanda ere, ezkutatu ezinekoak dira bi horiek: beti geratzen dira agerian, lehenago edo geroago.

Firin-faran ibilli: Batera eta bestera ibiliz probetxuzko ezer onik egiten ez duenari esan ohi zaio. Ibili asko, eta gutxi egin. Ezer eztok egiñ gaur, firin-faran ibilli haiz egun guztian. / —Banixe kalera. —Bai, ibilli oiñ ere firin-faran!

Francon denporakua izan: Aspaldikoak diren gauzez esan ohi da. Ez egik kontu hori aittatu, Francon denporakua dok eta. Ikus Jesusen denporakua izan.

Gabetik goizera: Azkar, bat-batean. Gero, eztakit zer enfermedade harrapau ziuen, eta jota gabetik goizera, jota.

Gabonetan kerixak!: Zerbait ondo estimatuta dagoenean esan ohi da, adieraziz ezinezkoa ere egingo lukeela batek, egindako mesedearen ordainetan.

Galduan eman: Negozioren batean, galtzen irten. Zenbat da kontua? Eta hainbeste. Bueno, etxuek galduan emango eurak ere, e!

Ganau ona (edarra) izan: Ser buena pieza. Gana(d)u ona zan haura! / Ganau edarra zan! / Ganau edarra dagok gure umia!

Ganbaratik sano ez egon: Ikus Burutik sano ez egon.

Garizumia baiño luziagua izan: Oso luzea (altua) den pertsonari esan ohi zaio.

Gatz gutxiko pertsonia: Soso / -a. Horrek etxakak gatzik txistiak kontatzeko.

Gaur goizeko kontua izan: Zerbait (albiste bat, kontu bat...) berria denean esan ohi da.

Gaztiak, eskarmentu gutxi: Gazteari esperientzia falta zaiola adierazteko.

Gero izango dittuk kontuak: Oiñ, lanik ein be, gustora bizi haiz, eta hola ohittu haiz, baiña gero izango dittuk kontuak!

Gero izango dira komeriak horren antzekoa.

Gibel haundixak euki: Pertsona lasaiegia izan. Baita Gibelaundixa izan ere.

Gibelaundixa izan: Ikus Gibel haundixak euki.

Giro ez izan: Gauzak gaizki, oker edo gogor datozenean erabiltzen da batez ere. Hori jartzen bada alkate, eztok giro izango baztarretan!

Gizur-poltsas izan: Gezurti handia izan. Gizur-poltsas haiz.

Gizurrak hanka motzak daukaz: Gezurrarekin urrutira iritsi ezin daitekeela adierazteko. Gezurtia bizkor harrapatzen dela adierazteko.

Goixan zerua eta behian lurra dauala geratu: Dena galdu duen bati buruz esan ohi da, ezer gabe geratu den bati buruz.

Goixan-behian jardun (eurixa): Euria gogotik jardun. Ikus Bota ahala jardun.

Goixari eutsi: Animoak emateko. Eutsi goixari, motell! Pasauko jak eta ratxa txar hau!

Gorraizia euki: 1. Estar sordo. 2. Ironikoki: ez entzunarena egin.

Gorri egon: Dirurik gabe egon.

Gorrixak ikusi: Verlas canutas. Gorrixak ikusitta gaure gu gerra-denporan.

Gosia berdindu: Asetuta geratu. Hamaiketakuakin, berdindu juagu gosia!

Gosiak amorratzen egon: Oso gosetuta egon. Ikus Gosiak hil biharrian egon.

Gosiak hil biharrian egon: Oso gosetuta egon. Ikus Gosiak amorratzen egon.

Gosiantzako ogi sikurik ez egon: Gose denak edozer jango lukeela adierazteko erabiltzen da. Gosiantzako etxa(g)ok ogi sikurik.

Gozua egon: Ironikoki esaten da oso haserre dagoenarengatik. Gozua jauan, ba! Gozua jarri dok gure aitta!

Gu baiño hobeto daguana, eztago gaizki!: Oso ondo daudenek esan ohi dute.

Hainbestian geratu: Hainbestian geratu danian konforme egon leikek, etxok eta dana galdu!

Haizia buruan, eta ibilli munduan: Arinkerietan, fundamenturik gabe, erantzukizunik gabe, batera eta bestera dabilenari esan ohi zaio.

Haizia eman: Animar a hacer algo. Guk iñok ere ez, hartu ere ez afiziua ta aitxak sekula ezta eman ere zertzeko, haizerik eman ere ez (soiñua jotzen ikasteko).

Haizia euki ... zeozer egitteko: Zerbait egiteko asmotan egon. Eta Julianen partetik ointxe ere, elitzake etorriko, baiña nik usten dot guriak dakala haize haundixa ona etortzeko.

Hamaika holako ikusteko jaixuak gara!: Gauza benetan arraroak, harrigarriak ikusten direnean erabiltzen da.

Hanka jokua atara: Korrika batean ihesika joan. Keixak harrapatzen a(r)i zala basarrittarra etorri dok; harek atara jok hanka jokua!

Hankak luzatu: Euf. Hil. Oin aprobetxau, hankak luzatu eta gero alperrik da-ta. Baita hauek ere: Heguak ipiñi eta Arnasia gastau.

Hankamotz geratu: Zerbait osatu gabe, amaitu gabe geratzea.

Hari batekuak izan: Oso antzekoak izan. Mikel eta Patxi hari batekuak dittuk bixak.

Hartzeko, ereiñ egin bihar da: Ezer ez bada ematen, hartzea ere zaila dela adierazteko. Ikus Ematen ez dauanak, hartzen lanik ez!

Hartzekuekin etorri: Kulpa danak berak, eta, gaiñera, bera etorri jata hartzekuekin!

Hasarratzen danak bi lan daukaz: hasarratzia eta adixkiratzia: Haserretzen denari esan ohi zaio, haren haserrea gehiegi inporta ez zaigula adierazteko.

Hautsak kendu (norbaiti): Norbait astindu.

Heguak ipiñi: Euf. Hil. Oiñ bakandu dittuk asko, e! Pentsa'ik, oiñ larogei urte eukitzeko, bittarte horretan zenbatek heguak ipiñiko zittuan.

Hill arte bizi: —Bizi haiz? —Bai, hill arte behintzat bai!

Hillik motzena eta luziena, febrerua: Laburrena bada ere, luzeena egiten delako, neguko eguraldi gogorragatik.

Hitzian eta hitzian: Ikus Hitzian eta hortzian.

Hitzian eta hortzian: Hitzean eta hortzean. Hitzian da hortzian esate(n) jok harek maldiziua! Está maldiciendo continuamente. Hitzian eta hitzian ere bai: etengabe. Lazkao Txikik hitzian da hitzian jaukan txiste-kolpia.

Hobe biharrez / On biharrez: Con buena intención, de buena fe. Hobe biharrez esandakua da hori, gizajua. Penia ematen digulako. / Hobe biharrez esan dixat hori, e! Ez (eg)idak gaizki hartu!

Hor konpon!: ¡Allá cuidados! Hor konpon, Mari Anton!

Hurrik eman ere ez: Ezta gutxiago ere. Hala ere, galdu ein tzaban aurrian. Gero sakia hartu zaban pelota batekin, eta akabo. Ezin hurrik eman.

Hutsaren hurrengua izan: Gutxi balio. Gaur irabazi dogun dirua hutsan hurrengua dok.

Ikutua eman: Egunari bere ikutua eman bihar jako. Zerbait berezia egin behar dela esateko.

Illietatik gora ibilli: Lan askorekin dabilela esateko. Illietatik gora nabil lanakin!

Iñoren begixan zakarrak haundixaguak ikusten dira: Norbere akatsak ikusi ez, eta besterenak ikusten dituenari esaten zaio.

Inpernuko diabrua baiño txarragua (gaiztuagua) izan: Oso gaiztoa izan. Baita Inpernuak ere etxok hartuko!

Ipurdixa berotu: Jo, jipoia eman.

Ipurdixa eman: Bizkarra eman.

Ipurdixa galdu: Edozer egiteko gai izan, zerbait lortzeagatik.

Ipurdixa garbittu: Lausenguetan ibili.

Ipurdixari buelta eman orduko ...: Berehala. Ipurdixari bueltia eman orduko ahazten jataz gauzak. Gauzak berehala ahazten zaizkiola esateko.

Iritzira jardun: Gauza bat zehazki hala dela jakin gabe jardutea. Ez (eg)ixok kasorik eiñ, iritzira dihardu eta.

Itxuen herrixan, tuertua nagusi: Zerbaitetan maila onik ez dagoenean, nagusi izaten erraza dela adierazteko.

Ixkua izan: Mutil handiengatik (eta gizenengatik) esan ohi da batez ere. Hori dok ixkua, hori!

Izardi eta patz: Izerditan blai (egin, egon).

Izardixa da(r)ixola: Izerditan blai. Etorri etxera eskolatik, bazkaldu eta aintxitxika frontoira, izardixa daixola eskolara. Aitxa eta ama beti errietan, beti holaxe.

Jaboia eman: Hacer la pelota.

Jai euki (egon): Zer eginik ez izan. Horrekin jai dagok.

Jakiñian egon (jakiña(re)n gaiñian egon): A sabiendas. Ordurako jakiñian egoten ziran.

Jakitziak eztau ogirik eskatzen: «El saber no ocupa lugar» esaeraren zentzua du.

Jangoikuak dakixan lekukua izan: Urrutikoa denari esan ohi zaio. Beste era batzuetara ere bai: Jangoikuak jakingo jok nungua dan hori!

Jangoikua(re)n legia: Ikus Bakoitzak beria, Jangoikua(re)n legia. Bakoitzak bereari kaso egin behar diola adierazteko, besteren gauzetan sartu gabe.

Jan-txakurra izan: Gauza askotarako balio ez duenari esan ohi zaio, alferra denari; jateko bai, baina lan egiteko hurbiltzen ez denari. Basarri harétan ere, jan-txakurra ugari: lau seme, eta danak kalian, festan.

Jardunian ibilli: Berriketan aritu. Hamen gabixaz, jardunian.

Jesukristonak esan: Demasak esan. Jun dok neskia, eta Jesukristonak esan jittuk. Kristonak esan ere bai.

Jesusen denporakua izan: Aspaldikoa. Bai, neuk ere len euskera gehixago eitten najuan, garbixago, baiña oinguan mouan ez, e! Jesusen denporakua eitxen genduan. Ikus Francon denporakua izan.

Jo eta fuego: Ikus Jo eta sua. Jo ta fuego a(r)i gaittuk oiñ ere lanian, al dan azkarren amaitziarren.

Jo eta sua: ¡Dale que te pego! Ta hor kriston erromerixia, frontoia bete-bete jente egote(n) zan han, dantzan jo ta sua.

Jota egon: 1. Ikus Burutik jota. 2. Lur jota, hauts eginda: Jota geldittu nok entzun doten berrixakin.

Juiziua galdu: Ikus Burua galdu.

Kajatik ekarri: Ume bat umezurztegitik ekarria dela esateko. Kajatik ekarrittako umia dok hori.

Kaka burutik behera egiñ: Norbaiti nahi duena egiten utzi. Ez, gero, laga kaka burutik behera eitxen.

Kakatara bialdu: Ikus Atzetik hartzera bialdu. Norbait antzarrak perratzera bidali.

Kale egiñ: Huts egin.

Kale gorrixan geratu: Langabezian geratu, enfatikoa. Tallarra itxi juek, eta kale gorrixan geratu nok.

Kanpolarrosa, etxekardo. Kanpolarrosak direnei esan ohi zaie.

Kanpolarrosia izan: «Kanpuan uso, etxian otso» izatea (ikus esamolde hori). Hori kanpolarrosia dok, gero, e!

Kanpuan uso, etxian otso: Etxekoei ez hainbeste, baina kanpokoei ondo egin ezinik dabiltzanengatik esateko. Berdintsu hau: Kanpolarrosia izan.

Kargu hartu: 1. Bere buruari: Bere burua zaindu. Baita Kargu egiñ ere. 2. Beste norbaiti: Azalpenak eskatu.

Kate motzian lotu: Askatasun gutxi utzi norbaiti. Kate motzian lotu jok andriak Patxi.

Kazuak zartagiñiari, ipurbeltz: Berdintsuak diren bi lagunek elkarri esaten diote. Baita hau ere: Zozuak beliari, ipurbeltz.

Kedarria baino xurragua izan: Dirua gastatzea maite ez dutenei esateko.

Keia dabillen lekuan, sua gertu: «Cuando el rio suena, agua lleva» esamoldearen zentzu bera du.

Keiana egiñ: Joan eta ez itzuli. Hi, Patxik oiñ ere keiana eiñ jok!

Kitto: ... eta kitto!: Gauza bati amaiera behin betikoa emateko esaten da. Ari dittuk pixkat ihartzen, eta ihartzen diranian, danak jaurtiko jaittuat, eta kitto!

Kokoteraiño egon: Norbaitekin edo zerbaitekin nazkatuta, gogaituta egon.

Kolorerik ez egon: Diferentzia handia egon bi gauzaren edo bi lagunen artean. Etxagok kolorerikan! Etxagok kolorerikan: lengo Gallastegi tta, askoz hobiak zittuazen.

Koplarik ez: Koplekin ez etorri: Txorakeriekin eta aitzakiekin ez etortzeko adierazten du.

Kukuak jo (norbaiti): Zorte ona izan.

Kukuak oker jo (norbaiti): zorte txarra eduki.

Kukuan markia tapau: Kukuaren marka ondu: kukuak aldi bakoitzeko kume bat hazten duenez, ume bakarra daukatenei esan ohi zaie horrelako zerbait: Pozik habill euki duan umiakin, baiña oindiok eztok kukuan markia tapau, e! Ume bat daukanak ere honela esan ohi du: Nik, kukuana (egin juat).

Lanak eman: Normalean ezezkoan: Lanik ez eman! Bakean uzteko eskatzen denean esan ohi da. Ez (eg)idak lanik eman! Laga pakian! Len jakat nahikua dakatenakin eta!

Lan-trukez (afaldu, bazkaldu): Lana egitearen truke jan. Baita Tripa-truke ere.

Lapur bildurrik gabe egon (geratu): Norbaitek diru guztia gastatu duenean (jokoan edo juergan), etxera «lapur beldurrik gabe» doala esan ohi zaio, poltsikoak hustuak ditu eta.

Lapurrak lapurrari bildur: Lapurrak uste du besteak bera bezalakoak direla.

Larre motzian ohittu: Gutxirekin moldatzera ohituak direnengatik esaten da. Hori gaztetan larre motzian ohittuta dagok, eta langille fiña dok!

Larri ibilli: ¡Seguramente que si!, ¡Apostaría a que si! —Badator ekaitza. —Bai, larri ibilli!.

Lehengo lepotik burua euki: Ez aldatu, orain arte bezala jarraitu.

Leher eginda egon: Oso nekatuta egon.

Leku edarrian laga: Norbaitek beste norbait lotsagarri uzten duenean esaten da.

Lotsagarri, nabarmen laga ere bai.

Lekutan egon: Urruti egon. Eske pentsau, Melillaraiño jun in bihar da, e! Lekutan dago haura!

Lepo(raiño) bete: Lekuren bat gainezka egon. Lepo bete zuan gure tabernia Gabonzar egunian. Baita jaterakoan asko bete ere.

Lepua egiñ: Lepua eingo neuke baietz Realak irabazi. Lepoa hitza erabili gabe ere bai: Egingo neuke ... Libre harrapau: Libre egokitu. Libre harrapatzen bagendun (…) gero jolasian eitxeko hemen, gauza bat edarra gendukan: errekia.

Lotsagabientzat da mundua: Mundu honetan aurrera egiten dutenak lotsagabeak direla adierazteko.

Lumatu (ga)beko txorikumia izan: Zerbaitetarako gazteegiak direnengatik esan ohi da.

Makilla saldia eman: Egurtua eman. Makilla saldia eman dio aittak semiari.

Markia izan: ¡Mira que ...!, ¡Buena es esa! Markia hori dok, markia! Guk mendixan ihesi. Eta gero diar eiñ hamendikan, eta etorri etxera. Hau dok markia, hau!

Mela-mela egiñ: Blai egin, guztiz busti.

Mesedez eta faborez!: Mesedez-en aldaera enfatikoa.

Minia izan: Ser un chollo. Beitxu dok, zelako edarki? Joe, hau minia dok! Eta minia dok eta…

Modu onian (erosi, saldu): Merke eta egoera onean. Eta holakotxe kotxe bat konsegidu zaban honek Freirek, kotxe berrixa. Eta modu onian.

Mozolua bahitz, egunez kantauko heuke: Norbait aldrebesa dela adierazteko. Aldrebesa haiz benetan: mozolua bahitz, egunez kantauko heuke!

Mutilletan egiñ: Ligar con chicos.

Nabarmen geratu: Quedar en evidencia: Nabarmen geratu zan hankasartze horrekin.

Nagusi biren txakurra, gosiak hill: Berdin hau: Nagusi askoren astua, gosiak hill. Askoren artean zerbait edukitzeak atarramentu onik ez dakarrela adierazteko.

Nahaste-borraste: Nahaspila.

Nahikua lan euki: Zerbait egitea erraza ez denean esan ohi da.

Nahikua / nahiko lan! Zela ferixa haundixak diran horrek, eta zela karabanak dauren, zapaturako allegatzen nahikua lan daukat. Holaxe dira kontuak. Nahikua euki ere bai. Nahikua jakak horrek beriakin, eta laga'ik pakian!

Narrutik ordaindu: Garesti ordaindu. Narrutik ordaindu (pagau) biharko dok atrebentzixa hori!

Narrutu (baten bat): Poner verde a alguien. Mikel narrutu bihar juagu oiñ, jun dok etxera eta.

Natibittate, ase ta bete; San Estebantxo, lehen bezela lantxo (/ lehen eratxo): Abenduaren 25a da Natibittate eguna, janariz eta edariz lepo betetzekoa, ondo bidean; hurrengo eguna, ordea, San Esteban eguna, normaltasunera (eta lanera) itzultzekoa zen.

Neskatan egiñ: Ligar con chicas.

Nolako egurra, halako ezpala: Seme-alabak gurasoen antzekoak direnean esan ohi da.

Odolostiak ordaiñetan: Zerbait ematen digunari esaten zaio, hori estimatzeko, guk ere garaia iristen denean, gauza bera egingo dugula aginduz bezala.

Oiñezkorik nahi ez, eta zaldizkorik etorri ez: Ikus On billa, on billa, bonbilla! Ojo (euki)!: Kontuz ibili.

On billa, on billa, bonbilla!: Duena baino andregai edo senargai hobearen bila (edo, ez daukanaren kasuan, onenaren bila) aritu eta gero, ez hain onarekin edo inorekin geratzen ez denari esan ohi zaio. On billa, on billa, azkenian bonbilla. Zentzu bertsua du honako honek ere: Oiñezkorik nahi ez, eta zaldizkorik etorri ez.

On egiñ: Aprovechar. Sentar bien. Daneri eztio on eitten. Neuri on eitten ditt. En kanbio, emaztiari hainbeste eztio eitten.

Ondo egiñ (pertsona bati): Pertsona bat ondo tratatu.

Ondo egiñaren pagua, ate ostian palua!: Ondo egiten duenak ordain edo estimazio egokia jasotzen ez duenean erabiltzen da.

Ondo eta azkar, usuak hegan: Gauzak, ondo egitekotan, patxadaz egin behar direla adierazteko.

Ondo etorri: Ondo konpondu. Andra-gizonak igual ondo etortzen eztiranak ero, pixkat gizona tosko samarra dana ta euren arteko kasuak daukazenak.

Onenak emanda egon: Zerbaiten edo norbaiten garai onenak paseak direnean esaten da.

Onetik erten (etara): Norbera(re)n onetik erten. Sacar de quicio, de sus casillas. Nere onetik erten eragiñ ditt.

Osasuna, munduko ondasuna: Gauzarik preziatuena osasuna dela adierazteko.

Pagotxa izan: Ser un chollo. Hori dok pagotxa, hori!

Pattal egon: Ondoezik egon.

Perra hotsa atara: Korrika batean ihesi joan. Keixak harrapatzen a(r)i zala basarrittarra etorri dok; arek atara jok perra hotsa!

Pikutara bialdu: Mandar a freir espárragos. Ikus Atzetik hartzera bialdu.

Pipar egiñ: Eskola huts egin.

Piparrik ez jakin (entendidu): Ezer ez jakin.

Plantak egiñ: Zerbaiten itxurak egin.

Plaza-gizona izan: Jende aurrerako balio dutenengatik esan ohi da, jendeaurrean hazi egiten direnengatik.

Popatik hartzera bialdu: Mandar a freir espárragos. Jun hari popatik hartzera! Trabia besterik eztok eitten eta! Ikus Atzetik hartzera bialdu eta Pikutara bialdu.

Porrua sartu: Zirixa sartu-ren zentzu berarekin erabiltzen da, gutxiago beharbada.

Potrojorran egon: Lanik egin gabe, gora begira dagoenagatik esaten da, kukuari begira dagoenagatik.

Potrozorrixa izan: Ziria sartzen ibiltzen dena. Hau dok pertsonia potrozorrixa!

Pott egiñ: Nekatu.

Praillian dozenia, hamahiru: Fraileak beti eskean ibiltzen direlako esaten da.

Praketan sartu eziñik ibilli: Estar ufano, orgulloso.

Presia egittia alperrik dok, behiñ ura juan eta gero: Bere garaian egin behar ziren gauzak beranduegi egitea alferrik dela adierazteko.

Putsak etara: Neke handia hartu lanen bat egiten.

Sake ona euki: Oso jatuna izan. Sakia euki ere bai. Retegik daukala sakia? Bai, zera! Hori eztok ezer! Patxik bai daukala sakia!

Saltsan ibilli: Saltsa guztixetan sartuta ibiltzen dok gure semia! Eztok, ez, geldik egotekua! Saltsa guztixetako perrejilla dok hori.

Saltzeko ez euki: Estimazio onean eduki. Gure alabak eztauka anai txikixa saltzeko!

San Bizente hotza, neguaren bihotza: Urtarrilaren 22a da San Bizente eguna.

Santu ez egon: Ondo ez egon; ondoezik egon. Normalean, errepikatuta: ez nago santu-santu. Katoliko ez egon ere bai.

Santua ez izan: Fidatzeko pertsona ez izan. Errepikatuta ere bai askotan: eztok santu-santua.

Sasoian kerixak!: Gauza bakoitzak bere sasoia, garaia duela esateko erabiltzen da. —Zeiñek bota juan bertso berde hori? —Mendaroko gazte batek. —Sasoian keixak! (Angiozarko itsuak erantzun zuen horrela, larogei urteko gizon batek ezin zuela horrelako bertsoa bota adierazteko).

Soroko zokorra baiño sikuagua izan: Dirua gastatzea maite ez dutenei esateko.

Sututa ibilli: Bere onetik irtenda, oso berotuta. Sututa jabik Patxi: etxakok ezer ondo ataratzen.

Takian-potian: Sarritan, noiznahi. Estartaneko tallarra ere, berak militarizau zaban, eta gero, Bilbora ta, Donostiara ta, takian-potian juan biharra izaten zaban. Mutill fiña bera.

Telarik gabeko guardasolak baiño okela gitxixago euki: Oso argal daudenengatik esateko.

Tripak jaten egon: Asko sufritzen egon. Urduri egon, gai bat burutik kendu gabe darabilela.

Tutik ere ez (entendi(d)u): Ezer ez ulertu. Eurek euskeraz entenditzen dabe, eta aittak eta amak tutik ere ez.

Txahala egiñ: Oka egin. Gehixegi edan najuan bart, eta atzenian txahala ein najuan etxian.

Txahalan moduan jausi: Kolpetik erori.

Txakurra eta katua bezela ibilli: (Bi lagun) ondo ez konpondu, beti liskarretan ibili.

Txakurrak ere ezagutu (baten bat): Oso ezaguna izan. Eztago Elgoibarren haura ezagutzen eztaban txakurrik!

Txakurrak hanka-hutsik han ere: Gauza txarrak edo okerrak leku guztietan gertatzen direla adierazteko.

Txakurran bioliña (flautia, putza...): Zerbaiten erantzun bezala, Bai zera!-ren zentzuan. —Gaur hiri tokatzen jak fregaua egittia. —Txakurran bioliña!

Txakurranak esan: Sekulakoak esan.

Txakurrari ere ez opa: Inori opa ez diogun gauza desatsegin bat adierazteko.

Txarri egiñ: Zikindu. Holako lokatzia. Sartu hanka bat, eta jota erropak eta dana txarri eginda. Bua!

Txatxaria (izan, euki, ibilli...): Fundamento. Hori dok, hori, txatxaria!

Tximistia baiño azkarrago: Oso azkar.

Txinpartak ateratzen ibilli: Berotuta ibili. Txinpartak ateratzen jabik Miren, eta ez hari beragana urreratu.

Txitiak beste jan: Oso gutxi jan.

Txitiak txixa egitterako (zeozer gertatu): Ezinezkoa den zerbait egiterakoan esaten da. Txitiak txixa egitterako amaittuko juek obra hori. Baita Oilluak txixa egitterako ere.

Txomin(txo) etorri: Logurea etorri, haurren hizkeran. Ikus Asto zurixa allegau.

Txorixa baiño ariñagua izan: Oso ariña izan.

Txorixak akabatzeko moduko berua egiñ: Izugarrizko beroa egin.

Txorixak baiño buru gitxiago euki: Buruarinengatik esan ohi da.

Txortan egiñ: Larrutan egin, larrua jo.

Udaberriko loria, urria baiño hobia: Udaberriaren etorrera asko estimatzen dela adierazteko.

Ume batek baiño pena haundixagua hartu: Hamendikan bajatzia kostau egitten jata ta... baiña oiñ morala asko zertu jata, galdu ein jata, eta len aiña pena ez. Len hara jun bihar ero hona etorri bihar ero ta, ume batek baiño pena haundixagua hartzen naban nik. Ze pena!

Umia enkargau: Haurdun egon (geratu). Ba al dakizu Mirenek enkargau dabala?

Umiak, beti ume: Umeak leku guztietan direla ume adierazteko, gauza bertsuak egiten dituztela adierazteko.

Umiak, ume (Kontxintxinan / Inglaterran / Madriden... ere): Baita Umiak, beti ume ere.

Ura eta sua, belaunetik behera: Behin bi horiek belaunetik gora hasiz gero, arrisku handia dagoela adierazteko.

Urrezko andria baiño zer da hobe? Buztiñezko gizona: Gizonezkoak gehiago balio duela adierazteko esamolde zakarra.

Urria baiño fiñagua izan: Pertsona oso fina denagatik esan ohi da. Andra hori urria baiño fiñagua dok.

Urrutiko intxaurrak betiak, gertura juandakuan hutsak: Ikus Urrutiko intxaurrak hamalau, gertura juandakuan lau.

Urrutiko intxaurrak hamalau, gertura juandakuan lau: Alegia, kanpokoa ez daukagula beti arrazoirik gabe miresten ibili beharrik. Ikus Urrutiko intxaurrak betiak, gertura juandakuan hutsak.

Urte euritsu, urte garitsu. Euri ugari egindako urtea oparoa izaten dela adierazteko.

Uztarri bakarreko laguna izan: Bakarrik ibiltzen direnez esan ohi da. Ikus, zentzu berdintsuan, Ardi galdua bezela ibilli.

Uztarrixan juateko modukuak izan (bi lagun): Ikus Uztartzeko modukuak izan.

Uztartzeko modukuak izan (bi lagun): Antzekoak diren lagunengatik esan ohi da. Baita Uztarrixan juateko modukuak dira ere.

Zahar: Aditz partizipioa aurretik duela, eta ezezko forman, zerbait berriki egin dela adierazteko: Jan zaharra, etorri zaharra... Jan zaharra ez nok, eta ez egidak eman ezer merixendatzeko.

Zaharrak berri: Erantzun moduan erabiltzen da batez ere: —Zer berri? —Zaharrak berri. Nobedaderik gertatu ez dela adierazteko. Bukaeran honako hau gehituta ere bai: Zaharrak berri, gaztien amorragarri.

Zartadia euki (buruan): Burutik sano ez egon.

Zelako egurra, halako ezpala: Gurasoak nolakoak, halakoak izan ohi dira seme-alabak.

Zenbat erralde izan: Burla moduan esaten zaie pisu handia ez dutenei: Zenbat erralde izango do(k) pa, haura! / Badatok hamen gure «erraldes».

Zer ikusi, hauraxe ikasi: Ume hauek zer ikusi hauraxe ikasten dabe.

Zerua irabazitta euki: On hutsa, pazientzia handikoa edo oso langilea denagatik esan ohi da. Zerua irabazitta jakak horrek!

Ziherokua ez izan: Pertsona erabat normala ez izan.

Zirixa sartu: Adarra jo, engainatu. Patxi beti jabik daneri zirixa sartu nahixan. Ikus Porrua sartu.

Zopiak, kafiak eta andriak, beruak bihar dabe: Lagunartean erabiltzen den esamolde zakarra.

Zor zaharra, zor txarra: Aspalditik daukagun zorra gauza ona ez dela adierazteko.

Zorrixa baiño alperragua izan: Oso alferra denagatik esan ohi da.

Zotza baiño iharragua izan: Oso argala denagatik esan ohi da.

Zozuak beliari, ipurbeltz: Baita Kazuak zartaiñiari, ipurbeltz ere.

 



elgoibarko udala