ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

0.4. TRASKRIPZIO IRIZPIDEAK

 

Euskara batuan eman ditut nire azalpenak, begi-bistan dagoenez. Azalpen horietaz gain, ordea, badira bestelako esaldi eta testuak ere, hizkuntza bera deskribatzeko erabiltzen ditudanak, alegia. Berri-emaileen jardunetik atera ditudan hitzak, esaldiak eta pasarteak dira. Atal honetan, berri-emaileen jarduna trankribatzeko erabili ditudan irizpideak azalduko ditut.

Lehenik eta behin, jardun hori nola ahoskatzen den azaldu nahi izan dut, (nahiz eta neurri bateraino bakarrik izan).

Ahoskera hori islatzeko, euskara batuko alfabetoa erabili dut, ez diot-eta irakurleari neke handiegirik eman nahi izan (filologoa ez den irakurleari behinik behin).

Fonologiaren atalean azaltzen ditut Elgoibarko euskararen arau fonologiko orokorrenak. Ahoskeraz jabetzeko, horiek hartu behar dira aintzat, lehenik eta behin.

Behin horiek aintzat hartu eta gero, konbentzio batzuk erabili ditut, irakurlearentzat testuak ulertzen eta irakurtzen errazagoak izan daitezen.

Konbentzio horietako bat da transkripzioetan H-a erabiltzea, nahiz badakigun gurean ez dela ahoskatzen. Grafia hura gabe, ordea, irakurketa dezente zailduko litzatekeela iruditu zait.

H-arekin batera, S eta Z, bi grafiak erabili ditugu, alde batetik, eta TS eta TZ, bestetik. Jakina da kasu honetan ere gurean Z duten hitzak S balute bezala ahoskatzen direla (eta TS dutenak, TZ balute bezala); hala ere, bereizketa hori gorde egin dut, eta grafia guztiak erabiltzea erabaki dut, ulermenaren mesedetan hori ere.

Hitzak, ahal dela, osorik eta bananduta idatzi ditut: aditzean, bereizi egin ditut aditz nagusia eta laguntzailea (esan nion, etortzen zan), baina ezeztapenetarako EZ partikularen kasuan, aditzari lotuta ematea erabaki dut ezeztapenak bilakabide fonologikoren bat sortzen zuenean (etzaban ekarri, eztu entenditzen, ezkiñoke lagako lanari, etxako etorri...).

Soinuen palatalizazioak edo bustidurak markatu egin ditut:

il ill (zailla, makillia...)

in (baiña, zaiña, behiñ…)

it itt ( itx) (zaittut, dittut, ditxut…)

 

Fonologiaren atalean aipatzen da zenbaterainoko indarra eta automatikotasuna duten bilakabide jakin batzuek; horietako batzuk automatikoki gertatzen dira (ingurune fonetiko jakin batean, beti gertatzen direla esan nahi dut horrekin; adibidez, eguraldi eualdi). Halakoetan, ulermena errazteko betiere, ahoskatzen ez den kontsonantea idaztea erabaki dut askotan, nahiz jakin (eta aipatu) ez dela gehienetan ahoskatzen: zereko (zeeko), etxera (etxea), egon (eon), egin (ein, in), ere (ee), amistadia (amistaia), eta abar (esan behar da, nolanahi ere, kasu guztietan ez duela indar berbera kontsonantea erortzeko arauak).

Beste bilakabide batzuk ez dira hain automatikoak: ez dute jokamolde hain erabatekorik, eta forma bat baino gehiago dute alternantzian. Halakoetan, hiztun bakoitzak erabiltzen zuen ahoskera gorde nahi izan dut: ditxut/dittut, milloi/milloe, izan/izen, gaiñera/geiñera, diferente/diperente, berriz/berritz, gehixo/gehixao, afaldu/apaldu, a(ha)l zabana/a(ha)l tzabana, eta abar.

Hitzak elkartzerakoan kontsonante bat galdu denean, parentesi artean jarri dut kontsonante hori: Hik zer daki(k) pa!

Batzuetan, apostrofoa erabili dut soinuren bat galdu dela adierazteko: erosi bihar dot erosi bi'ot.

Azentua ere erabili dut esanahia bereizi nahi izan dudanean: gizónak (singularra) / gízonak (plurala).

Aditz nagusiak ohiturazko aspektua duenean (-tzen/-ten), azken kontsonante hori, nahiz eta jakin ia gehienetan galdu egiten dela ahoskatzean, gorde egin dut, parentesi artean bada ere, ulermenerako lagungarria izango zelakoan.

 



elgoibarko udala