Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]
Egilea: Jesus Mari Makazaga
Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:
egilea: Jesus Mari Makazaga
2.2.1. GENERO BEREIZKETA
Herri-hizkeran, genero gramatikala bereizi egiten da maileguzko hitzetan, batez ere mailegu bidez euskarara ekarritako adjektiboetan:
tontua / tontia
altua / altia
temosua / temosia ...
Izenetan ere gertatzen da bereizketa hori:
tio / tia
karnizerua / karnizeria
pelukerua / pelukeria
...
2.2.2. PLURAL HURBILA
Plural hurbila asko erabiltzen da Elgoibarko hiztunen ahotan. Hona adibide batzuk:
—Oin pasatzen dana da, lengo zaharrok eskola gitxi daukogula hori di-da egitteko, etaratzeko.
—Bestiak ere azkar, baiña horrek bixok alkar dabizenian, eztago kristaurik entenitzekorik.
—Honek barko haundixok hola jun bihar dira.
—Atia zabaldu zabanian ... bestiak ihesi. Aiba Dios! Danok ihesi.
—Ta gero geratu giñan, ba, andra-gizonak bixok, eta semiak.
2.2.3. FORMEN HIGADURA ETA SINKRETISMOA
Kasu-marken formak bilakabide fonologikoen eraginez higatu, desgastatu egiten dira, eta horrek dakar zenbait kasutan formen sinkretismoa ere; alegia, forma bakarra baina funtzio gramatikal bat baino gehiago duten kasuak suertatzea.
AMANA:
1. ← amarena
2. ← amagana
MENDIXAN
1. ← mendia(re)n
2. ← mendian
Sinkretismo horrek, jakinekoa da, anbiguotasuna dakarkio kasu-marken jokoari. Hala ere, anbiguotasunak saihesteko bideak badira, denok dakigun bezala: batetik, hitzaren ingurunea, testuingurua (zer aditz laguntzen duen, eta abar); bestetik, azentu bereizgarria. Bi lagungarri hauen bidez jakingo dugu kasu bakoitzean zer kasu-markaren aurrean gauden:
—Gizónak esan jok (singularra) / Gízonak esan juek (plurala)
—Honéna dok etxia (singularra) / Hónena dok etxia (plurala)
2.2.4. AZENTUA, ADIEREN BEREIZGARRI
Aipatu berri dudan bezala, zenbait kasutan azentua jarri dut bokal baten gainean, tauletan; horrekin adierazi nahi izan dut azentua bokal horretan dagoela; izan ere, esanahia bereizteko balio du azentuak formaz berdinak diren kasu batzuetan, esan bezala: horietan, forma bera dute, baina azentuazio desberdina8.
Kasu batzuetan, singularra izan edo plurala izan, azentua bi forma bereizteko gai da; goian ikusi ditugunez gain, hona beste adibide bat:
—Honégana etorri nok / Hónegana etorri nok (pl.)
Beste batzuetan, ez da azentua bereizgarri bakarra, baina bada bereizketa egiten laguntzeko modu bat: kokagune desberdinean doa kasu hauetan ere (singularra izan edo plurala izan):
—Lagúnari esan diot (sing.) / Láguneri esan diuet (plurala)
—Lagunántzat ekarri juat oparixa (sing.) / Lágunentzat ekarri juat (pl.)
2.2.5. -AN ESPLETIBOA ZENBAIT KASU-MARKATAN (ogirikan…)
Oso ohikoa da -AN bukaera eranstea kontsonantez amaitutako kasu-marka batzuei. Hautazkoa da gehigarri hau, erdialdeko (gipuzkeraren eremuko) hizkeretatik sartua, eta berez ez dio hitzari esanahi berririk eransten. Honako kasu hauetan jaso ditut, besteak beste:
—Partitiboan: ogirikan ekarri al dozu?
—Motibatiboan: zuregaittikan etorri naiz honaiño.
—Ablatiboan: etxetikan (mendittikan…)
—Aditz jokatugabeekin: etxaukat jokatzerikan (etortzerikan …)
—Aditz jokatuekin: eztot uste egin dabanikan.
Adibideak ugariak dira. Hona batzuk:
—Hor ibilli giñanian, kanpuan, bakarrikan…
—Etxauan orduan autobusikan.
—Hasi, Estellara jun giñuazen lenengo soldau. Eta gero, Zaragozatikan, Terueletikan, Castellondikan, Valentzia aldian zihar da.
—Hortik bai, hortik jaiero etortzen giñuazen, Irundikan.
—Mutillak-eta etxuen eukitzen ordurikan fijorikan. (Biak deklinatuak)
—Ez zan komeni han gelditzerikan, zeatik eze berriz ere beste disparo bat ero, neu hantxe nauala igual allegauko zan!
—Etxua(t) paiña nahi jakitzerikan, honek danak irakurtzerikan.
—Eta gure bizimodua hortik aurrera, ba, eskolia laga giñuanetikan, ...