ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

2.5. IZEN-SINTAGMAREN BESTE OSAGAI BATZUK

 

2.5.1. MUGATZAILEAK

 

ERAKUSLEA + IZENA + ERAKUSLEA: HAU GIZONAU ...

Mendebaldeko hizkeretan hain arrunta den egitura hau Elgoibarren ere oso ohikoa da adineko jendearen artean. Erakuslea izenaren aurretik eta ondoren erabiltzen da sarritan, erakuslearen gradua errespetatuz: alegia, bi erakusleak lehen gradukoak, bigarrenekoak edo hirugarrenekoak, baina ez nahasirik, normalean behintzat; adibidez, neutralizatutako -a hirugarren gradukoa beste gradukoekin ere erabiltzen da (adibidez: horrek ohiak, honek makiņak, eta abar).

Egitura hauen beste ezaugarri bat ere aipatu nahi nuke: aldaketa morfofonologikoak eragiten ditu hitzaren bukaeran. Alegia, ez dela erakusleekin gertatzen dena gertatzen (etxe hau, ogi zati hori, eta abar), non ez baitago aldaketarik. Aipatzen ari garen kasuan, artikuluarekin gertatzen diren aldaketa berak gertatzen dira:

-a + erakuslea i+ erakuslea (gona: hori goniori)

-e + erakuslea i + erakuslea (etxe: hau etxiau)

-i + erakuslea i + x + erakuslea (alderdi: hori alderdixori)

-o + erakuslea -u + erakuslea (mozolo: hori mozoluori)

Hona hemen egitura honen adibide batzuk:

—Gero, Frantziara juan tzan haura mutilla.

—Arek erun, eta haura neskia etortze(n) zuan beti.

—Beti ikusteko daukat haura ortua.

—Eta len lau ero bost ordu eitten zittuan lanak, oiņ hórrekin makiņiakin ordubetian eitten dok. Eta nekatu be eitten dok, hi!

—Eta nahi ba(d)ok, honek makiņiak ere, honek, paketiak eittekuak eta.

—Goizian jaikitzeko ere haura prixa haura ez.

—Gero, behian e(g)oten dira… Badakizu, horrek ohiak, bi alkarren gaiņian.

—Gero, horrek denporok pasauta, Maalako kapellauan monagillo izan nitzan.

—Bitorrenekua, orduan guk; oiņ Iriondonekua, eta oin traspasoren bat ero zeoze hola izan da: horixe taberniori!

—Bueno hau errekiau hola ta hola zatorren hortikan.

—Pixkat zainduta zauan haura mutilla, zeatik eze aittak puesto haundixa zaukan, ministrua zan da.

—Da, juan da, zeiņek daki, ba, nun falta daban haura piezia automobillak!

—Mutrikurako bidian, Debatikan, han badago ba Plásticos Reiner? Ba, hantxe inguruan zauan hori astilleruori.

—Harek bixak hil tziran, harek andra-gizonak.

—Eta, gaiņera, aurrera sartzen dixe hori beori ere, e!

—Bai, edarra ikusteko. Ikusi be nakan hori, hori alderdixori, txa edarra, ikusteko.

—Ikusten dok? Hori depositxuori? Hori daok husten oiņ.

 

2.5.2. ZENBATZAILEAK

Zenbatzailedun sintagmetan ere badira aipatzeko moduko kontuak gure hizkeran:

 

A. IZENA + BI

Mendebaldeko hizkeren ezaugarri hau ere nahiko arrunta da Elgoibarren, beti bezala, adineko hiztunaten: alegia, bi zenbatzailea izenaren ondoren erabiltzea. Erabiliagoa da izenaren aurretik, baina ez dira gutxi bestelako testigantzak.

—Juten ziran barreņo haundi birekiņ.

—Animalixak daukuguz, daukuguz zaldixak, bihor bi ...

—Han bazittuan bost neska ero, eta mutill bi.

—Bai, urte bi tta erdi in najittuan han ere.

—Bertan kaletikan erten gora, eta kilometro bi inguru daure.

—Bera, Pedro Unzeta, ferreterixia sortu zaban gizona, hantxe dendan egoten zan beste bere seme bi, eta beste denpendienteren bat ere bai...

—Eta ni ibilli, eta handik ordu bira ero hirura sartu ziran reketiak.

—Bixok, beste la(g)un bi laga, eta etxera hanka ein genduan febreruan.

—Harek urte bi pasau zittuan han.

—Karburadorak litro bi hartze(n) jaittuan, zera, gasoliņia.

—Ba, mutil koskorrak han, Iziar esaten giņon baten illoba bi, eta bikixak emate(n) juan zirala, baiņa ez zitxuan.

 

B. DEKLINABIDE MUGATUKO FORMAK DENBORA ADIERAZTEN DUTEN ZENBATZAILEDUN SINTAGMETAN

Euskaltzaindiaren 110. arauan esaten denarekin bat etorriz, zenbatzailedun sintagmetan mugatua erabiltzea da arruntena, Hego Euskal Herri ia osoan bezala, Elgoibarko erabileran ere; betiere, sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen den kasuetan.

—Biarritzen eon nitzan bi urtian.

—Hemen egon zian harek ere? Bai, ba. Be(de)ratzi hillabetian.

—Sartu, eta hiru bat orduan euki.

—Eta oiņ, azken aldixan, ba, urte askuan, guk jun daneko hogei urtian edo, makiņiakin jeizten genduazen.

—(...) beste lau orduan ere bai, pixkat edanda egon ezkero.

Euskaltzaindiaren arauan distantzia aipatzen ez bada ere, berdintsu erabiltzen da Elgoibarren halako kasuetan ere:

—Atia pixkat zikinduta dauka, baiņa harek, hor hirurogei bat metruan garbi-garbixa dauka harek barrua.

 

C. ZENBATZAILE ZEHAZTUGABEAK

 

ASKO

—Jente gaiztua asko juntatzen dok. Soldaua alperra jartzen dok.

 

EDOZENBAT

Oso hiztun zaharretan (eta oso bakan) aurkitu dugu: ia galdutzat eman daiteke gaur egun.

—Soņujoliak? Len erozenbat ziran; onak baiņa, e!

 

HAMAIKA

Hamaika holako ikusteko jaixuak gara.

 

MAKIŅA BAT

—Bar Puri, ointxe akordatze(n) jat, makiņa bat soldau juten zan.

 

GITXI

—Denpora gitxi in naban. Hiru hillabete bakarrik.

 

HAINBESTE

—Bai, gogorra. Eman egin biha(r) da hainbeste pelotazo, e!

 

MORDOXKIA

—Han (ume) mordoxkia sartzen zan, eskolan.

 

HUTSA

Hutsa denpora bihar izan gendun adarjotzen ari zala konturatzeko.

—Orduan, hutsa bihar zuan kartzelara juteko.

 

ZENBAITT

—Ez giņan gu, zenbaitt bezela, hola ibiltzen giņanak!

 

2.5.3. ADJEKTIBOAK

ADJEKTIBOEN (eta ADBERBIOEN) GRADUATZAILEAK

PIXKAT

ZATIXA

-TXO

SAMAR

ZIHERO

IKARAGARRI

ERABAT

SEKO

LARREGI

MORDUA

APUR

NAHIKUA

...

—Eta bentania hola pixkat zabalik baldin badaukak, dana entzuten dok.

Zatixa haundixaua dok hire etxia nerian aldian.

—Gaur, alpertu ere bai zati bat, baiņa kapazidadia bai, dana era batera.

—Dakitten apurra soltauta nago ni umiakiņ.

—Hamen dana igual samar egitten dok.

Zihero diperentia dok gaurko euskeria.

 



elgoibarko udala