ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5.9. ERDARAKADAK

 

Betidanik esan izan da gurean eta inguruko hizkeretan erdarakada asko erabiltzeko joera dugula. Egia da hori, neurri batean: ahozko jardunean behintzat, normala da zenbait zenbaitetan, euskarazko ordain garbia duten kasuetan ere, erdal forma erabiltzea. Edozein kasutan, jakina da normalean jardun zainduagoan (ahozkoan nahiz idatzizkoan) erabiliko ez genituzkeen hitzak erabiltzen direla sarritan erabilera lasaian eta lagunartekoan.

Dena dela, esan beharra dago erdal forma horietako batzuk badutela beren tradiziotxoa, egin dituztela gure euskaran beren sustraitxoak; eta nekez ausartuko nintzateke, ni behintzat, horiek kondenatzera, txartzat ematera: batez ere, eta iritziak iritzi, gure hizkeraren ezaugarrietako bat dela iruditzen zaidalako.

Beste batzuk, berriz, oso azken ordukoak dira, eta gazteen jardunekoak. Horiek beste maila batean jarriko nituzke, zeren eta erdarakada mota horretan arrisku handiagoa ikusten baitut; arriskua, hizkuntzaren beraren bihotzeraino, muineraino iristen delako gaitza: orain arteko erdarakadak (zaharragoak direnak, nolabait ulertzeko) hiztegiaren mailan geratzen ziren, hizkuntzaren «gorputzaren» azalean, nolabait esateko. Gaur egungo beste batzuk, ordea, gramatikaren maila sakonagoetara sartzen dira, hizkuntzaren egitura sintaktikoetara; eta hor bai ikusten dut arriskua eta kalko horien kontra gogorrago egin beharra.

Ondoren batu ditudanak adinekoen jardunekoak dira. Nire ustez, arrisku txikiagoa izan arren, azpiko gehienak baztertu beharrekoak dira; izatekotan, arduragabeko jardunean lukete, nire ustez, lekua.

Gramatika-gailuak izan daitezke erdarakada mota bat, hau da, menderagailuak edo lokailuak:

—Txitxarruan entzueria eukiko (d)ozu? Txitxarruan tallarra, Txitxarruana. Osea, Azkoittiko karreteran tren-zubixan, oiñ Alkortak bota dau ba?

—Len oiñez jun bihar mediku eske. Eta oiñ, sikiera, kotxiakin juten zara, eta di-da ekarri.

—Len jentia goixan egoten zan, goiko plaza aldian dana. Oiñ, en kanbio, Maala aldian, gazte jentia, dana.

—Aitxak ere ortua daka, eta hor ibiltzen da egualdixa gora-behera. —Bai, bai eske hamen humedadia dago asko, e!

—Baiña, ikusi genduzen... esan diot majiña bat bidar honi: aldrebes etorri balira, batekiñ geratuko giñan, porke guri kostau zitzakun hori, txikixa, neskia... mutillan moduko hiru hobe zan hori ba(t) paiño!

Zenbakiak aipatzerakoan ere (urtea eta adina batez ere), alfabetatu gabeko hiztunek sarritan jotzen dute erdal formetara:

—«Mil novecientos veinte. Osea, setenta y ocho años» einda naok, jun dan urtian otubrian.

—«Trenta y ochua» salbau ein tzan jun be, baiña guk jun bihar izan gendun.

—Ezkondu, ba, «el año cuarenta y ocho» ein giñan.

—Gure aitxa ziharduan lanian «de siete de la mañana a siete de la tarde».

—Eta handik aurrerakua, berrogeta sei urte total tallarrian, egin nitxuan. Mordo bat, e! «Cuarentaiseis años», tallarrian ein nitxuan.

Hiztegian ere gertatzen dira erdarakadak:

—Gero, eskolatikan, ba, dire(k)to jun giñan.

—Eta, efetibamente, haraxe juan tziran, eta ahal tzabanak ahal tzaban lekura juan bihar.

—Bai, Bilbon sartu giñanian, lanian sartu giñan tallar baten. «Universidad de Deusto», Salesianos. Eta oiñ ganbixauta dago, total.

—Jaixan-da tokatzen zanian, bien. Baiña astegunian da hola, ba ezin izeten zan juan noiznahi. Lana igual eitteko etxian da.

—Oporretara kanpora juten zerate? —Keba!

—Ni autobusian gustora juaten naiz, e! Baztarretara beitxu, eta aber modifikaziorik egon dan, ero bestia ero…

Batzuek eitten dabe hamendikan ezkondu kanpora. Hemengua kanpora ezkondu, horra Azpeitti, Azkoitti edo Andoaiñ. Eta horrek ya, entzegida hartzen dabe hangua.

—Geuri berbetan eurak baldin badihardue, ba soltatze(n) jakuz geuri ere, euren berba batzuk, euren tipora berba eittia. Baiña kontinuamente, ez.

—Jarri giñan de akuerdo harek esaten zabanera bixok.

 



elgoibarko udala