ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5.4. ELIPSIA

 

Elipsiarena da ahozko jardunaren beste ezaugarri garrantzitsuetako bat; komunikazio dinamikoagoa, biziagoa lortzen da, zalantzarik gabe, jakintzat ematen den informazioa isiltzen badugu. Zergatik isiltzen den? Aurretik esan dugun zerbait delako edo, testuinguruagatik, ezaguna zaigulako. Kontua da berreskuratzen errazak diren osagaiak erraz isildu ditzakegula. Aditzaren elipsia izaten da ohikoena: izan daiteke aditz osoa, edo baita aditz laguntzailea bakarrik ere (azken hau da ohikoena).

 

Hona hemen aditzaren elipsiaren adibide batzuk:

—Dirurik ez, eta zauanakin konformatu bihar...

Hogeta hamabostian ezkondu, eta hogeta hamaseixan gerria.

—Haura juten zan baldakariakiñ, eta ekarri.

—Armuzau guk kalian, eta jun.

—Eta burrukan dabillela, hauraxe galdu azkoittiar horri (hogei durokua).

Lana falta ez.

—Amak errezoia. (...) Jakiña, liburu asko bihar.

—Zintzuak izango ziñaten. —Honbre! Dudia?

—Gero jakin gendun zeiñek ein tzaban eta etzaban.

—Bueno, martxan dagok hau ala ez? —Bai, aspaldixan. —Adarrik ez!

—Da gero, txarren-txarrena zuan, zera, biderik ez basarrixetara.

—Zain egoten zan jendia, gu ate ondora noiz allegauko.

—Gu artian hona etorri ziranian etxian, etxian artian gu. Etxian artian gu, gero.

—Euren artian beti erderaz. Ahiztu! Euskeria ahiztu. Eskoletan laga ez, eta gero kalera jun, eta tto, tto, tto! Dana erderaz. Etxian ere erderaz.

—Euskeraz ezin eiñ, eta erderaz jakiñ ez: horrek zittuazen komerixak.

—Umiak laga gurasuekiñ, eta pixkat eurak deskantsau ein biha(r) zebela, eta etorri.

—Eta, esan dotena: aitxak bialdu zi(d)an Unzetanera baiña, nik entzunda naukan hori, «carrera de cintas» nola izate(n) zan, eta hantxe gelditzia pentsau nik, neuk ere parte hartzeko!

—Aulestiko plazia eta han ingurukuak, danak gudariz beteta zaudezen. Eta ziran Kalamuan gabaz laga trintxerak, eta euron posiziuak, eta hara etorri zianak eta handik ihesika eiñ bihar.

—Eta, holaxe ba, hamentxe, Barrutianian, geldittu zan ostatuan. Eta gero, ba, automobilla bihar zaban, eta automobillikan ez orduan!

—Zuek zakazuen baloria! —Baloria? —Nik ez neuke hori eingo… —Besterik, besterik ez-eta!

—Nik haura ezagutu, derrior ein bihar. Derrior ezagutu bihar haura.

—Ni etxian baldin banago, eziñ radixori(k) pe egon.

—Baiña neri akordau ez, azeleradora lagako zabanikan.

—Da presatikan zela ez zan jausten… ez laga presatikan jausten urari.

Laga ez harek neskak eruaten; bestela, bajiezak.

 

Kontakizun luzeak egiteko ere, erritmo biziagoa, arinagoa ematen dio elipsiak gure jardunari. Horren adibide bat dugu ondorengo hau.

—(...) eta Donostiara jun, amak eman sei pezetako pagia (jaiko pagia sei pezeta eman), eta harekin Donostiara jun bihar, eta nobixia Donostian... Nobixia Donostian, Donostiara jun trenian, eta korridia ikusi nobixiakin junda, eta atzera etorri trenian, eta Butronguan afaldu etxerakuan, eta errial birekin etxera. Sei pezetak zenbat balixo zeben orduan!

 

Kasu honetan, aditz laguntzailea errepikatzeak (erabiltzekotan, -TZEN erakoak erabili beharko lirateke hemen) nabarmen astunduko luke kontakizun hori.

—(...) eta Donostiara juaten nitzan, amak ematen zian sei pezetako pagia (jaiko pagia sei pezeta ematen zian), eta harekin Donostiara jun bihar izaten naban, eta nobixia Donostian naukan... Nobixia Donostian naukan, Donostiara juaten nitzan trenian, eta korridia ikusten naban nobixiakin junda, eta atzera etortzen nitzan trenian, eta Butronguan afaltzen naban etxerakuan eta errial birekin allegatzen nitzan etxera. Sei pezetak zenbat balixo zeben orduan!

 



elgoibarko udala