ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

9. OINARRIZKO HIZTEGIA

 

Ablatiboa: euskal deklinabideko kasua. NONDIK galderari erantzuten dio, eta -TIK kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Menditik.

Absolutiboa: deklinabideko kasua, NOR galderari erantzuten diona eta sintaxiaren aldetik subjektua edo objektua izan daitekeena. Ad. Alaba etorri da; Alaba ikusi dot; hiru alaba dittut.

Adberbioa: aditzaren, adjektiboaren edo beste adberbio baten esanahia osatzen duen hitza; ez da jokatzen eta, beraz, aldaezina da. Era honetako adberbioak ditugu, besteak beste: lekuzkoak, denborazkoak, moduzkoak, kantitate edo graduzkoak, baieztapenezkoak, gehikuntzazkoak, harridurazkoak...

Aditz-lokuzioa: bi hitz edo gehiagoz osatutako aditza, unitate bat osatzen duena. Ad. Kontuan hartu, haintzat hartu, lo egin...

Aditz-partizipioa: aditzaren forma ez jokatua, aditz adjektiboa. Bukaera hauek izan ditzake: -TU (apurtu, saldu), -I (erosi, etorri) eta gainerako bokalak (erre, bota, jaso...). Liburuan, -TU atzizkia jarrita ordezkatu nahi izan ditut aditz-partizipio guztiak, kasuan kasuko egitura sinpleago emateko (adibidez, -TU AHALA egitura).

Aditz neutroa: alokutiboa ez dena. Ad. Etorri da, nator, daukat (horien alokutiboko formak hauek dira: etorri dok/don, natok/naton, jaukat/jaukanat).

Aditz perifrastiko: bi hitzez (edo, batzuetan, gehiagoz) osatutako adizkia. Lehendabizikoa aditz nagusia da (etorri, salduko, esaten) eta bigarrena aditz laguntzailea (hurrenez hurren, da, dot, nion).

Aditz trinko: hitz bakar batez osaturik dagoen adizkia. Ad. Nator, dihardu, dagok, jaukat.

Adjektiboa: izenari eskuineko partean lagunduz, haren kualitate bat adierazten duen hitza.

Adlatiboa: deklinabideko kasua, NORA galderari erantzuten diona. -RA kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Kalera.

Afrikatua: Kontsonante mota honek bi ahoskatze-gune ditu, bata herskaria (t) eta eta bestea igurzkaria (s, z edo x). Elgoibarren <tz> eta <tx> ditugu kontsonante (txistukari) afrikatuak.

Ahoskabea: ahots-kordak dardaratu gabe ahoskatzen den soinua.

Ahoskera: hizketaldiko hitzak ahoskatzeko, gauzatzeko modua.

Ahostuna: ahots-kordak dardaratuz ahoskatzen den soinua.

Alokutiboa: aditz batzuetan, NOR, NORI eta NORK pertsona-markez gain, laugarren marka bat ezartzen da, mintzakideari dagokion marka bat, hain zuzen. Era horretako aditzak dira alokutibokoak. Elgoibarren, adineko jendearen jardunean daude bizirik batez ere. Ad. Etorri dok, ze jabik horrek?, esan jauat. Ez da zuzena adizki alokutiboak erabiltzea mendeko aditza dugunean: *Mikel etorri dokenian, *nekatuta jabikela esan dau, *esan jauaten arren, etxak kasorik egin.

Arrunkeria: bulgarismoa. Lagunartean eta era zabar samarrean eta arduragabean erabilitako hitza edo esamoldea.

Bokalen itxiera: artikulazio moduari dagokionez, aho-bidea itxiz, bokalak ixtea (<u> eta <i> dira bokal itxienak). Adibidez, Elgoibarren o bokala itxi egiten da a bokalaren aurrean: astoa > astua.

Bustidura: edo palatalizazioa. Soinu batek ahoskera bustia edo palatala (mihia aho-sabaian) hartzen duenean gertatzen da. Elgoibarren indar handia du bustidurak: eitten, baiña, ezpaiña, mutilla, ...

Datiboa: deklinabideko kasua, NORI galderari erantzuten diona. -I kasu-atzizkiaren bidez gauzatzen da.

Destinatiboa: euskal deklinabideko kasua, NORENTZAT/-TZAKO galderari erantzuten dio, eta Elgoibarren -ENTZAT/-ENTZAKO formen bidez gauzatzen da. Ad. Semiantzat, sémientzako.

Diptongoa: silaba berean ahoskatzen den bokal bikotea. Ad. Gaur, hainbestian, euzkixa.

Elipsia: perpauseko elementu bat edo gehiago isiltzea. Hori(ek) isildu arren, ondo ulertzen dugu perpausa, eta askotan, gainera, bizitasun handiagoa lortzen du gure jardunak.

Epentesia: hitz baten barnean soinu berri bat agertzea. Ad. <x>, zatixa hitzean.

Ergatiboa: deklinabideko kasua, NORK galderari erantzuten diona. Bere perpauseko subjektua da. Ad. Gízonak egin dabe etxia; zenbaitt gizónek egin deba etxia.

Erregimena: hitz jakin batek (aditz batek, normalean) eskatzen duen kasua. Ad. -rekin akordau, -tzeko agindu...

Erregistroa: hizketaldiaren ingurunearen arabera aldatzen den hizkera. Alegia, mintzalekuaren, mintzakidearen, mintzatzeko unearen arabera aldatzen den hizkera: formala, neutroa, lagunartekoa, arduragabekoa, eta abar.

Espletiboa: hitzaren edo esaldiaren esanahiari ezer berririk gehitzen ez dion hitz edo soinua. Ad. bakarrik(an), etorri zanik(an), ba ...

Eufemismoa: era zuzenean esanda gogorrak edo gordinak lirudiketen hitzak eta esamoldeak era zeharkakoagoan, bigunagoan eta itxurosoagoan esatea.

Figuratua: zentzu figuratuan erabiltzen da hitz bat, literalki duen esanahiaz bestelako adiera bat eman nahi diogunean.

Genitiboa: deklinabideko kasua, jabetza adierazten duena, eta -REN kasu-markaren bidez gauzatzen dena. Ad. Aman semia (amaren).

Graduatzailea: adjektibo edo adberbio baten graduak adierazteko erabiltzen diren partikulak edo atzizkiak. Ad. Oso txikixa, altuagua, zaharregixa, zatixa haundixagua, goiz samar.

Hurbiltze-adlatiboa: deklinabideko kasua, NORUTZ galderari erantzuten diona. -RUTZ kasu-markaren bidez gauzatzen da Elgoibarren. Ad. Harutz, honutz.

Inesiboa: deklinabideko kasua, NON galderari erantzuten diona. Aditzaren ekintza zein lekutan gertatu den adierazten du, eta -N kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Kalian.

Instrumentala: deklinabideko kasua, -Z kasu-markaren bidez gauzatzen dena. Ad. Oiñez, nekez.

Interjekzioa: Bat-bateko erreakzio bat edo sentimendu sakon bat (harridura, ezustea, desadostasuna, ondoeza eta abar) adierazteko erabiltzen diren hitzak.

Iragangaitza: Objekturik hartzen ez duen aditza (NOR eta NOR-NORI motako aditz gehienak). Ad. Ni juan naiz; Peru etorri jata bisita egitera.

Iragankorra: Osagarritzat objektua hartzen duen aditza (NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK motako aditz gehienak). Ad. Nik liburua erosi dot.

Izen-sintagma: izenaren inguruan unitate sintaktikoaa osatuz biltzen den hitz multzoa. Ad. Etxe haundixa; zenbait gizon; elizpeko harrizko banku hotzak.

Izenlaguna: (normalean) izenaren ezkerretara -KO eta -REN kasu-markak hartzen dituzten osagaiak. Ad. Elgoibarko basarrixak; aitta(re)n etxia.

Jasoa: erregistro-maila bat, egoera formaletan erabiltzen dena. Adibidez, hitzaldi bat ematen ari garenean.

Juntagailua: sintaxiaren aldetik maila berekoak dire bi perpaus juntatzeko erabiltzen diren gailuak. Adibidez, eta, edo, ala, nahiz...

Kasu-marka: deklinabideko kasua. Horietako batzuk gramatikalak dira (NOR, NORK eta NORI), eta aditzaren jokoan parte hartzen dute (Nik zerbait ekarri dut; Ni etxera noa; Niri musu bat eman dit).

Lagunartekoa: erregistro-maila bat, lagun koadrilan gaudenean (beraz, eremu informalean) erabiltzen den hizkera.

Leherkariak: kontsonante mota bat; haiek ahoskatzean, airearen pasabidea itxi eta bat-batean irekitzen da berriz. <p>, <t>, <k>, <b>, <d> eta <g> dira kontsonante leherkariak.

Leku-genitiboa: deklinabideko kasua, NONGO galderari erantzuten diona. -KO kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Mendiko.

Lokailua: testu mailan, esaldi bat edo parrafo bat aurrekoarekin (esanahiaren aldetik) lotzeko erabiltzen den gailua; testuak ehuntzeko balio du. Laugarren kapituluan esaten den bezala, emendiozkoak, aurkaritzakoak, hautakariak, ondoriozkoak eta kausazkoak ditugu. Ad. Hala ere, orduan, barren, berriz, behintzat, gainera, ostian...

Mendeko perpausa: sintaxiaren aldetik askea ez den perpausa, beste perpaus baten barruan txertatuta dagoena. Menderagailua du mendeko perpauseko aditzak.

Menderagailua: perpaus bat beste baten barruan txertatzen denean, biak lotzeko aditzari lotuta erabiltzen den gailua; aurrizkiak edo atzizkiak izaten dira: -eN, -eLA, -eLAKO, BA-, -eN ARREN ...

Monoptongazioa: diptongoa bokal bakarra bihurtzea. Ad. Bakoitza à bakutza; guraizak à gurizak.

Motibatiboa: deklinabideko kasua, ZERGATIK galderari erantzuten diona (kausa edo arrazoia adierazten du). -(EN)GAITTIK kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Zuregaittik.

Muga-adlatiboa: deklinabideko kasua, NORAINO galderari erantzuten diona. norainokoa adierazten duena. -RAIÑO kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Etxeraiño.

Neutralizazioa: aurkakotasun fonologiko bereizgarri bat desagertzea. Adibidez, <tz> eta <ts> kontsonanteen artean, lehenaren aldeko neutralizazioa gertatzen da Elgoibarren. Ad. Atzo (‘atso’) eta atzo (‘atzo’).

Onomatopeia: soinu edo zarataren baten imitazioz sortzen den hitza.

Palatalizazioa: ik. Bustidura.

Partitiboa: deklinabideko kasua, -IK kasu-markaren bidez gauzatzen dena. Ad. Dirurik, etxerik etxe.

Peioratiboa: era gaitzesgarrian esandako hitz edo adierazmoldea.

Perpausa nagusia: sintaktikoki beregaina, independentea den perpausa. Perpaus nagusiko aditzak ez du menderagailurik izaten, eta barnean mendeko perpausak izan ditzake.

Postposizioa: kasu-marken funtzioa betetzen dute postposizioek ere, baina hauek, haiek ez bezala, laguntzen duten izenetik bereiz idazten dira. Kasu-marka jakin bat eraman ohi dute, eta aurreko izenari kasu-marka jakin bat eskatzen diote. -en gaiñian, -en alde, -en bittartez, -tik aparte.

Sinkopa: hitz baten barruan fonema bat edo batzuk desagertzea. Ad. Bederatzi > beratzi; arratsalde > atzalde; pezeta > pesta.

Soziatiboa: deklinabideko kasua, NOREKIN galderari erantzuten diona. -KIN kasu-markaren bidez gauzatzen da. Ad. Andriakin, gízonekin.

Transkripzioa: hizkuntza mintzatuan esan dena idatzira ekartzea.

Txistukaria: ‘sibilante’. ahoskatzean txistuaren antzeko hotsa egiten duten kontsonanteak. Txistukariak euskaraz igurzkariak (idatziz <z>, <s> eta <x>) eta afrikariak (idatziz <tz>, <ts> eta <tx>) izan daitezke. Elgoibarren lau besterik ez ditugu ezagutzen: <s>, <x>, <tz> eta <tx>).

Zenbatzailea: izenak zenbatzeko erabiltzen diren hitzak. Izan daitezke zehaztuak (bi, hiru, mila) nahiz zehaztugabeak (zenbait, asko, ugari, makina bat...).

Ikur bereziak:
*: Gramatikala ez den egitura edo perpausa. Adibidez: Mikel erosi du liburua. Nahi juatenian erosiko juat liburua.
??: Gramatikatik kanpokoa ez izan arren ere, bitxi samarra eta hiztunarentzat oso naturala ez den egitura edo esaldi bat: ?? San Pedrora igoera

 

 

OHARRAK:

1. Parentesi arteko izenak gaur egun herritarrek darabiltenak dira, nahiz izen ofiziala ez izan.

2. Deba ibarreko herri «bizkaitarrei» buruz ari da.

3. «Lengua común y dialectos vascos», ASJU XV, 1981.

4. Iritzi gehiago ditu irakurleak eskura, interesatzen bazaizkio, seigarren kapituluan, irakurgaien atalean.

5. Norbaitek hizkuntza-ezagutza eta -erabilerari buruzko datu gehiago nahi baditu, sarean du eskuragarri Elgoibarko Udal Euskara batzordeak 2003an egindako Elgoibarko Diagnosia izeneko lana. Helbide honetan: http://tinyurl.com/yat2p5.

6. Yrizarren hitzak jasoz (Y, 1991), «En el núcleo urbano elgoibarrés no se hace distinción entre ts y tz, por un lado, ni entre s y z, por otro, según pudimos comprobar con nuestro informador D. Lázaro Unzueta. Sin embargo, tal distinción sí fue apreciada en algunos caserios, según atestigua una observación anotada en el cuaderno del 'Erizkizundi Irukoitza' (1920-1925) correspondiente a Elgóibar, en la que se hace constar que en el núcleo no se realiza tal distinción».

7. «En el momento actual (1983), se emplea exclusivamente, en el nucleo urbano, el sonido tx, incluso por personas mayores. (...) En cuanto a la pronunciación hacia 1920-1925, época en la que Bähr recogió las formas verbales en los pueblos guipuzcoanos, se deduce (...) que se empleaban ambas pronunciaciones, si bien tx se usaba más bien en el núcleo y entre los jóvenes».

8. Bereizgarria izan daitekeen kasuetan, markatu egin dut azentua; alegia, azentuaren kokalekuak esanahi-aldaketa dakarren kasuetan. Forma bera izan dezakete adiera biko hitzek, eta horietan azentua markatzea garrantzitsua da, nire ustez.

9. Sintaxi-erabileran, BE forma erabiltzen da (Ixildu be ibiltzen dok beti Inazio), baina -GABE da atzizki eratorlearen forma.

10. Atzizki-erabileran bakarrik; aditz gisa ez da erabiltzen GURA IZAN aditza Elgoibarren, NAHI IZAN baizik.

11. Mendebalderago (Eibartik hasita) baino gehiago erabiltzen da -KI atzizki hau; -TO (-DO) atzizkia baino gehiago.

12. Aditz-tauletako gelaxka bakoitzean, hiru aditz-forma agertzen dira. Lehendabizikoa (goikoa) adizkiaren forma neutroa da; bigarrena (erdikoa), gizonezkoari dagokion adizki alokutiboa; eta hirugarrena (behekoa), andrazkoari dagokion forma alokutiboa. Gelaxka batzuetan ezinezkoa da hiru formak agertzea, eta beste batzuetan, ezinezkoa ez izan arren, ez dira hiru formak agertuko erabiltzen ez direlako.

13. Berbetan egon naizen gizona ezta zure semia beziñ altua. (EAEL)

 



elgoibarko udala