Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]
Egilea: Jesus Mari Makazaga
Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:
egilea: Jesus Mari Makazaga
Elgoibarko hizkerak beti eman du zeresana. Manuel Larramendi jesuitak aztertu zuen lehenengoz Gipuzkoako euskara, XVIII. mendean, eta Bizkaikoekin batera jarri zituen Deba ibarreko hizkera gehienak, Debakoa eta Mutrikukoa ez besteak. Elgoibarkoa, ostera, ez zuen ez Gipuzkoa ez Bizkaikoekin batu, eta bien tartekotzat jo zuen.
Hurrengo mendean ekin zion Bonaparte printzeak euskara aztertzeari, eta berari zor diogu euskalkien lehenengo sailkapen zehatza, 1869an aurkeztua. Dena dela, Deba ibarreko hizkerak Bizkaiarekin edo Gipuzkoarekin ezartzeko orduan, gauza bakarrari begiratu zion: dot ala det esaten ote zen ikusi zuen. Hori dela eta, Bizkaiarekin batera ezarri zuen Elgoibar.
Egia osoa esan behar bada, Jose Antonio Uriarte fraide frantziskotarra izan zen Bonaparteren berriemailea Deba ibarrean, eta hark Elgoibar Bizkaian, baina Altzola Gipuzkoan sartzeko esan zion, eta horixe egin zuen Azkuek XX. mende hasieran. XX. mende amaieran, berriz, Pedro Irizarrek euskara giputzarekin lotu zuen Elgoibar guztia.
Elgoibarko hizkera bere osotasun guztian aztertu du Jesus Mari Makazagak liburu honetan, eta oraintxe jakingo dugu egia non dagoen: Gipuzkoako euskararekin ala Bizkaikoarekin batu behar den, ala bien tartekoa ote den.
Dena dela, ez da hori gehien ardura duena. Hizkuntzak erabiltzeko dira lehenengo eta behin eta, batez ere, zeregin hori egokiago betetzen laguntzera dator Makazagaren lana. Eta bazen horren beharra.
Joan den aspaldi luzean, euskaraz egin da gure arteko ahozko hartu-emana eta, etxean eta herrian ikasitakoarekin, ederki moldatu gara. Idazterakoan eta urruneko euskaldunekin elkartzerakoan, berriz, erdara baliatu dugu eta, erdaraz zekienak, hura erabiltzeko ere ez du izan arazorik.
Azken urteotan, ostera, gauzak nabarmen aldatu dira, eta erdaraz egin diren zenbait gauza euskaraz ere egin ditzakegula erabaki da. Eta horrexek ekarri ditu arazoak eta buruhausteak.
Bateko eta besteko euskaldunekin erraz eta eroso jarduteko, nork bere herriko hizkera erabiltzea ez zela irtenbidea ikusi da, eta hizkera zabalago bat egin eta ikasi beharra egon da. Eta horrela, euskara batua sartu da gu guztion herrietan eta etxeetan.
Euskararen aldeko ahalegina gorabehera, gainera, erdararen indarra ez da batere makaldu, eta hura ere etxeko egin zaigu. Oso etxeko, gainera, irratiari eta telebistari esker.
Aldakuntza horiek direla eta, erdara, euskara batua eta gure herriko hizkera nahastu egin dira gazte jendearen jardunean, eta nahaste hori ez da beti komeni bezain dotorea eta atsegina. Ondo dago, eta beharrezkoa da, erdara eta euskara batua jakitea eta erabiltzea, baina herri euskaldunetan bertako betikoa ere aintzakotzat hartu behar da, eta egoki erabiltzeko gai izan behar da. Eta horretan egin dugu huts azkenaldi honetan.
Duda gabe, Elgoibarren ere azaldu dira nahasketaren kalteak agerira eta, espero dezagun, gauzak bere onera ekartzen lagunduko duela Makazagaren liburuak. Bada, behintzat, bertan zer ikusia eta zer ikasia.
Elgoibartarrentzat ez ezik, gainera, beste jende multzo zabal batentzat ere lagungarri gerta daiteke eskura jarri zaigun liburua. Herri hazia da Elgoibar, 10.000 bizilagunetik gorakoa, eta bertako lantegi eta ikastetxeei esker, kanpoko hainbat lagun bereganatzen dituena. Inguruetako herri euskaldunetakoak dira asko: Mendaro, Deba, Azkoitia, Markina, Eibar, Soraluze… aldetik datozenak, baina erdaldunak ere sarri eta ugari etortzen dira.
Batez ere urrunetik datozen horiekin sortzen da arazoa. Asko dira kanpotar izaten jarraitu nahi dutenak, baina bertakotu nahi dutenak ere badira, eta bigarren multzo horretakoekin geuk nola jokatu ere bada arazoa. Eta garbi dago, benetan bertakotuko badira, Elgoibarko euskara erakustea edo, behintzat, hura ere aintzakotzat hartzea dela biderik ziurrena eta zuzenena.
Arazo horren harira, hain zuzen, tokiko batuen beharra ikusten eta aipatzen hasiak gara azkenaldi honetan.
1964an hasi zen egiten euskara batua, Franco jeneralaren diktadura garaian, euskara hizkuntza erdi klandestinoa zela. Oso esparru zehatzak jarri zitzaizkion euskara batuari: zazpi herrialdeetako euskaldunek batzuk besteekin ulertu ahal izatea eta sortzen ari ziren ikastoletako ikasliburuak egin ahal izatea.
Gaur egun, ostera, euskara batuaren esparruak zabaldu egin dira eta, geure herritik irten gabe, hainbat zereginetarako izaten dugu beharrezkoa. Eta hori ona da. Oso ona. Orain arte erdararenak izan diren zenbait arlo euskarak bereganatu dituela esan nahi du. Baina, aldi berean, euskara batua egokitu beharra dakar, herritar arruntarendako errazago eta gertukoago jarri beharra.
Madrilen, Bartzelonan, Parisen edo Londresen euskaraz ikasten diharduenari, eta Elgoibar bezalako herri euskaldun batean bertakotu nahi duenari, ezin diogu euskara batu berbera erakutsi. Herri euskaldunetan bertako hizkerak aintzakotzat hartu behar dira, haietara gerturatu eta haiekin osatu eta hornitu euskara batua.
Era berean, Elgoibarko Barren aldizkaria eta Euskal Herri osoko Berria egunkaria ez dago zertan euskara batu berberean idatzi. Elgoibarko Udaletxeak Elgoibarko bizilagunentzat ateratzen duen oharra eta Eusko Jaurlaritzak hiru herrialdeetako bizilagun guztientzat ateratzen duena ere ez dago zertan euskara batu berberean idatzi. Eta horiexek dira, azken batean, tokiko batuen esparru nagusiak: herri euskaldunetako administrazio erakundeak, eskola eta euskaltegiak, lantegiak, hedabideak... Horretarako ere, jakina, ezinbesteko heldulekua izango da Makazagaren saioa.
Egin da lehen urratsa: Elgoibarko euskara jasotzea, egituratzea eta plazaratzea. Hurrengo urratsa egin beharra dago orain: liburuan dagoena eguneroko jardunera ekartzea. Elgoibartar guztiena da, beraz, lanerako ordua, eta elgoibartarren auzoko garenona eta elgoibartarrekin hartu-emana dugunona ere bai, jakina.
Koldo Zuazo
Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea