ELGOIBARKO EUSKARA


HONI BURUZ

Lan hau Elgoibarko Izarraren ekimenez eta Elgoibarko Udalaren laguntzaz egindako proiektu baten ondorioa da. Jesus Mari Makazaga Eizagirre euskal filologo  elgoibartarra da egilea, berak aztertu baitu Elgoibarko Euskara. [informazio gehiago]

 


Berbak, egiturak eta irakurgaiak

Egilea: Jesus Mari Makazaga



AURKIBIDEA


“ELGOIBARKO EUSKARA” LIBURUA

eeliburua

Elgoibarko Euskarari buruzko liburuaren aurkezpena:

 


“ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA” DOKTORETZA-TESIA

egilea: Jesus Mari Makazaga

eeliburua

 

5. ESAMOLDEAK

 

Atal honetan bildu ditut eguneroko jarduneko elkarrizketetan erabiltzen diren esaerak, esamoldeak, harridurazko esaldiak, berba eta esaldi adierazgarriak eta abar; guztiak hizkuntzaren ahozko erabileraren bereizgarri, haren bizigarri: hizkuntza adierazgarria erabili nahi badugu, nahitaez landu beharrekoak, nire ustez. Komunikazio bizia posible egiten duten neurrian, berebiziko garrantzia dutela iruditzen zait atal honetako baliabideek XXI. mendeko elgoibartarrontzat, era honetako adierazmoldeen beharra duten gazteentzat, batez ere.

Izan ere, gure aiton-amonek transmititu diguten hizkuntzarekiko etenik egin nahi ez badugu, ahalegin berezia egin beharko genuke hizkuntza bizi erabiliz, komunikazio naturala eta beregaina gauzatuz; azken finean, erdararenak diren esamoldeetatik urrundu nahian, hemen aipatzen diren estrategiak ugalduz; zoritxarrez gure herrian, azken belaunaldietan, horietako asko eta asko galtzen ari zaizkigu.

Guztiok ezagutzen dut egoera. Garai batetik hona euskararen ezagutza kuantitatiboa igo egin da: gaur egungo ume ia guztiek ikasten dute euskaraz txikitatik, eta, askotan, unibertsitatea bukatu arteraino izan dezakete ikasketak euskaraz egiteko aukera. Hala ere, garbi dago egungo euskarak galdu egin duela kalitatean eta adierazgarritasunean: grazia, txispa eta erritmo gutxiko jarduna ari da nagusitzen, salbuespenak salbuespen. Kontakizunak egiterakoan, adibidez, alde nabarmena dago gure aiton-amonen (edo gurasoen) jardunetik gurera, nik uste.

Goraxeago esan dugu erdal esamoldeetatik urrundu egin behar genukeela; hain zuzen, erdarara jo izaten dute gazte euskaldunek euren arteko jardunean, behintzat zerbait adierazgarria esan nahi dutenean; erdarak baduelako, izan, esamoldeak natural erabiltzeko eta berriak sortzeko adinako osasuna; euskarak, ez, gure kasuan behintzat. Beraz, agian erdarak lagundu gaitzake zenbaitetan kontzeptualki, gauza bat, ideia berri bat nola adierazi den ikus dezagun, baina ez dugu ahaztu behar guk baditugula gureak diren esamoldeak eta egiturak, gure aiton-amonek eta gurasoek utzi diguten oinordekotza bat, guk bere neurrian estimatu eta erabili behar duguna. Hortik abiatu behar genuke, bada, eguneroko egoera guztietan erabil ditzagun, eta, berriak diren egoeretan, esamolde berriak egiteko oinarritzat har ditzagun.

Argi dago azken urteetako irakaskuntzak zerbaitetan huts egin duela: auzi honi dagokionez behintzat, nabarmena da ahozkotasuna ez dela garatu behar bezala. Hori garatzeak asko lagunduko luke, nire ustez, hizkuntza naturalago eta era adierazgarriagoan erabiltzen. Horretan ez dut zalantzarik.

Gatozen, bada, hizkuntzaren adierazgarritasuna non egon daitekeen ikustera.

 



elgoibarko udala